1. Iraganaren mezua
Historiaren bihurraldiek egundo ere ez diete euskaldunei eskaini
halako aitortze zabala, mota guztietako harreman juridikoetan euskara
benazko lanabesa izan dadin.
Zatika eta noizbehinka, hori bai, nabari dira hala-nolako egoerak,
euskararen nondik norakoak legearen ikuspegitik bideratu dituztenak.
Ahozkoak aspalditik zuen euskararen zaporea. Lekukoak, ugari; frogak,
edonon. Gogora bitez, bestela, harako ondazilegi, hil buruko, bide-zor,
langa, keleta
Testuen gainetiko lege-mintzoa, herri euskaldun
baten oihartzun bizia.
Idatziaren alorrean, begi-bistakoak, nafar erresumaren agindu eta
agiriak, euskararen mesederako emanak eta eginak. Bide beretik ere,
Frantziako Iraultzaren garaian (1789) ondutako testuen euskaratzea
eta Bizkaiko Batzar Nagusietan XIX. mendean garatu zen euskararen
ofizialtasuna. Bide beretik doaz, zer esanik ez, hogeigarren mendearen
hasieran (1917-1919) Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek bultzatu
zuten euskararen erabilera, erakunde horietatik herrietara zihoazen
mezuak elebidun molda zitezen. Goipuntua edo erpina, ezbairik gabe,
Eusko Jaurlaritzak jo zuen (1936-1937), euskararentzat erabateko
ofizialtasuna aldarrikatuz.
Ezaguna da orduko hark ez zituela euskal lurralde guztiak barnebildu,
ezta, nabari denez, hots luzekoan iraun ere. Gerra zitalak ezabatu
zituenak ezin berriro ere piztu, XX. gizaldiko azken urteok arte.
2. Ofizialtasunaren bide malkartsua: lege-testuen edukia
Hego Euskal Herriari dagokionez, 1978ko Konstituzioaz geroztik,
egoera erro-errotik aldatu da. Espainiako estatuko beste lurralde
batzuetan gertatu den bezala, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa
lurraldeetan ere, Konstituzioaren 3. artikuluak aitortu egin du
euskara hizkuntzaren ofizialtasuna:
- Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol
guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute.
- Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei
dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen estatutoei dagozkien
eran.
- Espainiako hizkuntza moeta ezberdinen aberastasuna kultur
ondare bat da eta hura babes eta begiragunegarri izango da.
Bi-bitara banatu dira, haren itzalean, euskararen lurraldeak:
bateko, Euskal Autonomia Erkidegoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako
lurraldeek osatua; besteko, Nafarroko Foru Komunitatea. Biotan onartu
da, modu bestelakoetan bada ere, euskararen izate ofizial hori.
Luze joango litzateke, zalantzarik ez, bi horien ezaugarri zehatzak
xehe-xehe ematea. Aipa daitezen, horren ordainez, gorabehera eta
oinarri nagusiak, etorkizunak zer ekar dezakeen hausnartu aitzin:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan, euskara ofiziala da, eta ofizialtasun
hori ezartzeko, lurraldea hartu da irizpidetzat; beste modu batera
esanda, euskara ofiziala da lurralde osoan, lurralde horretan
inolako mugarik jarri gabe. Hona, bada, Gernikako estatutuaren
garabidez, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea
(1982).
b) Nafarroan, euskara ofiziala da, baina lege-aginduz finkatutako
lurralde batean bakarrik. Gainerakoan, euskarak ez du izate ofizial
horri zor zaion bete-beteko ondoriorik ere. Horren araugile, Foru
Hobetzearen lorratzetik, Euskararen Foru-legea (1986)
Zernahi gisaz, bi legeon filosofia ez da bera, ezta hurrik eman
ere. Nafarroan, "erabilera" aipatzen da; hau da, "erabilera"
horri eutsi nahi zaiola. Euskal Autonomia Erkidegoko Legean, berriz,
irizpidea "normalizazioa" da, eta horren ondorioak Nafarroakoak
baino askoz ere hedatzailegoak dira.
Batak eta besteak arautzen dituzten arloak ere desberdinak dira.
Nafarroako Legeak honako eginkizun hauek arautzen ditu: erabilera
ofiziala, hezkuntza eta komunikabideak. Euskal Autonomia Erkidegokoak,
berriz, hurrengoak: erabilera orokorra, hezkuntza, komunikabideak,
erakunde-erabilera, sustatzea eta gainerakoak.
Bi filosofia desberdin ezarri dira legeotan, hizkuntza bat eta bera
izan arren. Filosofia horiek printzipio orokor batzuetara bil daitezke,
horrekin jakingarri izango baita euskararen arauketa zein parametrotatik
abiatuko den bizitza ofizialean. Hona printzipiook:
- Ofizialkidetasuna. Euskara hizkuntza ofiziala da beti gaztelaniarekin
batera, eta, beraz, bien arteko berdintasuna ezarri da.
- Lurraldetasuna. Autonomia-erkidego batean (Nafarroan), lurraldetasun
hori mugatua da, eta oso-osokoa da, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Legearen aginduz, euskara normalizazioaren
menpe jarri da, normalizazio hori arloz arloko eta denboran zehar
egitekoa dela. Nafarroako Legean, ostera, hizkuntzaren erabilera
arautzen da, euskararen errealitatea ukatzeke.
- Sistemaren beste aldean, gaztelania jakin beharra. Horrek,
nolabait, gaztelaniaren aldekotasuna erakusten du, gaztelaniaren
ezagupide eza alegatuezina baita.
Ipar Euskal Herrian, ordea, euskararen ofizialtasunak ez du ezaugarri
agerikorik erakutsi azken bi gizaldiotan. Aipagarriena, menturaz,
euskara eta bestelako eskualdeetako hizkuntzak irakaskuntzan sartzeko
legea ( 1951) eta berrikitan Frantziako Konstituzioan moldaturiko
aldaketa (1992), hain zuzen ere, idatzizko goiburu berria lau haizeetara
barreiatu duena: Errepublikaren hizkuntza frantsesa da . Horren
lagungarri, Frantsesaren Erabilerari buruzko Legea (1994), egun
ere indarrean dagoena.
3. Geroari buruz
Aho biko ezpataren irudian jarri da, testu honen hasieran, euskararen
lege-garapena. Aho bikoa, legeak berak ezin baitu bere bostean eta
besterik gabe, gizartearen egoera eraldatu edo desitxuratu. Bai,
ordea, helburu jakin batzuen alde jokatu, sustatu eta bultzatu.
Nolanahi ere, premiazkoa da, ezertan hasi baino lehenago, euskararen
eginkizuna zehatz-mehatz kokatzea, legegilearen ahaleginak jomuga
horren zerbitzuan jartzeko. Lautara laburtu dira eginkizunok:
a) Haste-hastetik, beraz, ofizialtasunaren esanahia hedatzea
da egitekorik beharrena. Egun ofizial diren gaztelania eta euskara
modu berean joan nahi badira, nahitaezkoa izango da izate ofizial
hori sakondu eta ondorio guztiotara zabaltzea, euskal lurraldean
jardunean ari den administrazio oro bi hizkuntzen lekuko izan
dadin. Hasiak dira horren aldeko saioak, eta hainbat kontzeptu
ere dantzan jarriak, kasurako, berezko hizkuntzarena euskararentzat.
b) Ofizialtasunak, dena den, beti ekarri izan du publikotasunaren
zantzua. Gero eta maizago dator, hala ere, harreman juridiko pribatuetan
hizkuntza-ofizialkidetasunaren eragina. Esparru ugari eta egunerokoak
dira, gaur egun, kontsumoarenak; eta, bistan denez, hizkuntzen
ikuspegitik ere aintzat hartu beharrekoak.
c) Ez dira, alabaina, horretan agortzen euskararen egin beharrekoak
legearen ikusmiratik. Aho-bikotasuna aipatu ondoren, ezinbestekoa
da, aurrekoaren aldetik, beste bati ere ekitea, hots, euskara
bera ofizialtasunaren protagonista izateari.
Esparruak aldarrikatzea bezain garrantzitsua zaio euskarari, oraingo
egoeran batez ere, esparru horien eramaile izatea, zin-zinezko
normalizazioaren bidetik. Corpus eta estatus esan ohi diete horiei.
Txanponaren bi aurpegiak edo, garai batean ohikoa zenez, leonkastilloa.
d) Bada, azken urteotan, euskararen lege-garapenari dagokion arlo
berezia. Nazioarteko lana hortxe dago eta, hurbileko eremuaz denaz
bezainbatean, aipuan jarri behar Europako Lurraldeetako edota
Gutxiengoen Hizkuntzen Karta (1988). Halakoetan barneratzea, ez
alferrik, Ipar Euskal Herriko herrialdeetan euskararen ofizialtasun-zantzuak
idorotzeko. Espainiak (1992) eta Frantziak (1999), salbuespen
nabariekin bada ere, berretsi egin dute testu hori, etorkizuneko
emaitzen argigarri izan dakikeguna.
Urteen hurrenkeran, bata itzal eta bestea dator. Euskararen ofizialtasun-esparruan,
batez beste, hogei urte dira joanak . Artean, gizarteak ere badaki
horiek ez direla urte asko, herri eta hizkuntza baten bilakaeran.
Gero eta nabariagoak dira, horratio, euskararen ofizialtasun osoa
eskatzen dutenak, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian.
Euskal Autonomia Erkidegoan eskuarteko tresna du euskararen geroak.
Izena du horrek Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, eta bertako
Euskararen Aholku Batzordeak ondu eta onetsi zuen 1998. urtean.
Hortxe dira, besteak beste, euskararen gerogarreneko nahiak eta
usteak, plangintza egoki batez zertzekoak.
Horien zerbitzuko, eta legegintzaren urrats berrien itxaropenean,
zuzenbideak badu oraingoz ere, eta hogeita batgarren mendea hasia
dela, zeregin esanekorik, euskararen lurraldeetan eta hizkuntzaren
eremuan. Izan ere, horixe da historiaren hasieratik bertatik egokitu
zaiona, alegia, gizabanakoen artean elkarbizitza egokia bermatzea.
Andres Urrutia,
Euskaltzaindikoa |