Emakumea Eibarko industriaren gorakadan
* Traducción al español del original en euskera
Maider Beistegi

Gerra osteko urteen ondoren, eta zailtasunak-zailtasun Eibarrek garai berrietara egokituz industria sakabanatu egin zuen. Hala, bizikletak, autoentzako piezak eta etxeko tresneria lantzen hasi zen. 1950ean industriaren gorakada ezagutu zuen. Gerraurrean armagintzan ziharduten enpresa gehienek beste produktu batzuk produzitzeari ekin zieten orduan. Alfa, Orbea Hermanos, Garate, Anitua y Cía, Beistegui Hermanos eta Olave, Solazabal y Cía bezelako enpresei esker bizikleta, ziklomotorrak, kotxeentzako piezak, eta etxeko tresnen industria ikaragarri hazi zen. Industriaren gorakadaren ondorioz, etorkin asko joan zen Eibarrera eta bost urtetan biztanlegoa bikoiztu egin zen. 1960. hamarkadan, ia 32.000 biztanle zituen eta ehuneko 55a atzerritarra zen. "Apupiloen figura" sortu zen orduan. Alde batetik ez zegoelako tokirik hainbeste jende hartzeko eta bestetik bertoko familiak laguntza ekonomikoa behar zuelako. Izan ere, gerra ondoren familia asko etxe barik gelditu zen eta etxebizitza berriak erosi behar ziren. Hala, diru kopuru baten truke etxeko gela bat alokatzen zieten eta sukaldea erabiltzeko baimena zuten.

1945 urtea. Langileak.
Iturria: Eibarko Udala.
Udal artxiboa. http://www.egoibarra.com

Garai hartan asko izan ziren makina-herramienta sektorean buru-belarri aritu ziren emakumeak. Emakumeak berebiziko garrantzia izan zuen Eibarko bizimoduan eta bertako ekonomian, 50. hamarkadatik geroztik izan zen biziberritze prozesuaren ondorioz hazi ziren enpresetan egiten zuten lanagatik. Oro har, gazte hasten ziren lanean, 14 urte ingururekin eskola utzita gehienak. Gerra piztu baino lehen, 1925eko otsailaren 4an erabaki zuen Alfa enpresa enblematikoak armagintza utzi eta josteko makinen industria bultzatzea, Estatuan josteko makinen lehenengo enpresa bilakatuz. Lehenengo tailerra Vista Alegre kalean zegoen. Ohikoa zen alabak ere aita-amen bidea jarraitzea eta gurasoek lan egindako enpresetan aritzea. Errotazioa ere ohikoa zen eta emakumeek enpresa baten baino gehiagotan egiten zuten lan.

Gerraurrean Alfako gizon eta emakumeek ordutegi diferentea zeukaten. Emakumeak gizonak baino behar handiagoa zeukanez ordutegia moldatzea adostu zuten. Eibarko enpresetan oro har ordutegia honakoa zen: 8etatik-12etara eta 13,30etik-5,30era. Alfako emakumeen ordutegia, berriz, honakoa zen: 8,15etatik-11,45era. Horrela goizean lanera joan aurretik oheak egiteko astia zeukaten, eta eguerdiko ordu laurden hori bazkaria prestatzeko aprobetxatzen zuten. Arratsaldean, ostera, 14,15etik-17,15ak arte egiten zen lan. Eguerdian beranduago sartzen zen harrikoa egiteko eta arratsaldean, berriz, lehenago irten erosketak egiteko. Zazpi ordu lan egin arren, emakumeak zortzi orduak kobratzen zituen. Gerraostean gauzak aldatu eta ordutegi bera ezarri zieten guztiei. Astean kobratzen zen, lehenengo emakumeak eta gizonak ondoren.

Eibar. Alfa josteko makinen lantegia.

Alfistak

Estatuan zein Europa mailan ikaragarrizko ospea hartu zuten Alfako josteko makinek, Estatuko lehenengo kooperatiba industriala zen eta produkzioa boskoiztu egin zen hamarkada batean. Errege-erreginak sarri joaten ziren Eibarrera, industriaren gune garrantzitsua zelako. Garai hartan josteko makina batzuk sotck-ean zeuden eta erreginaren proposamenaren ondorioz Espainiako eskola bakoitzera Alfa josteko makinak eraman ziren. Bertako langile izateak izaera berezia ematen zuen eta jendea harro zegoen bertan lan egiteaz. Herrian "alfista" bezala ezagunak ziren, eta kooperatiban lan egiteak lan harremanen eta gizarte harremanen beste ikuspegi bat ematen zion bertako langileari.

Eibarren egindako lehen Alfa josteko makina.

Gerra ostean 1000 familia inguru bizi ziren Alfak ematen zuen etekinei esker. Alfak 70 herrialde baino gehiagotara esportatzen zituen josteko makinak. Enpresa herri txiki bat bezalakoa zen, eta bertako langileek gainontzeko enpresetakoak ez zituzten abantailak zituzten. Besteak beste, umeentzat eskolak, jantokia, ekonomatoa, aurrezki kutxa eta liburutegia zituen.

Alfa ikastetxea. Nesken atala. 1960. "Alfa josteko makinak. 50. urteurrena"
Iturria: Eibarko Udala. Udal artxiboa.
http://www.egoibarra.com

Beistegi Hermanos S.A. lantegian ere garrantzitsua izan zen oso emakumearen lana. Beistegui Hermanos enpresako emakumeak "puntzoietan akabatzailerik onenak" zirela esaten zen. Emakume dezente aritzen zen sopleteak egiten. Ezkondu eta gero emakume askok lana uzten zuen baina beste askok enpresan jarraitzen zuen. Igandetan ere lan egiten zen orduan.

Bertako langileak baldintza gogorretan aritzen ziren lanean, produktuak kutsakorrak ziren eta horietatik babesteko neurririk ez zegoen. Lan baldintzei dagokienez, kontuan izan behar da gizarte segurantza 1944an sortu zela. Beraz aurretiko gizon-emakumeek ez zuten kotizatu. Etxabe, Arizmendi y Cía, SL enpresan txirrinduen gurpileko karreteak eta pedalak zentratzen ere makina emakume aritzen zen. Mateo Careaga lantegian, ostera, pantografo lanetan emakume dezente ikus zitekeen. Aipatzekoa da Eibarren grabazioak indar handia hartu zuela sasoi batean, baina gero lantoki horiek birmoldatu eta bitxi-denda bihurtu zirela. Birmoldaketa horren lekuko izan zen eibartar asko. Grabatzaile jardun ondoren, bitxidendan hasten zen asko. Birmoldaketa garaian Solaun, Rubio y Ormaetxean (gerora Solac izango zena) emakumeak goi karguetan ere aritzen ziren. Emakume behargin askoren zeregina gogorra zen oso: nikel, estainu eta zilar bainua ematen zien kafetera, tostadore eta berogailuen erreflektoreei. Egoera txarretan egiten zuten lan, produktuak oso kutsakorrak ziren eta ez zegoen bentilaziorik, ez zegoen leihorik. Horregatik, likidoa gainetik isurtzen zitzaienean jantziak aldatu behar izaten zituzten, produktuak jantziak jaten zituelako. Azalean mantxak azaltzen zitzaizkienean lanpostuz aldatzen zituzten beste lan errazago eta erosoagoak egitera.

Eibarko Alfa lantegiko langileak.
Argazkia: http://www.alfahogar.com

Gerraosteko emakumeak lan mundurako ederki prestatuta zeudela iritzi diote garai hartako emakumeek. Kontabilitatea, mekanografia eta takigrafia ikasi eta segituan hasten ziren lanean. Hasiera batean emakumea tailerrean aritzen zen baina gero hurrengo belaunaldiarekin batera ofizinan emakume asko hasi zen.

Emakume eibartarrak pisu handia izan du industrian. Solac-en, esaterako, 200 emakume ari ziren, Beistegi Hermanos, Orbea eta Alfan ere andarazko askok jardun zuen.

1982-1983 urteetan petrolioaren krisialdiak gogor astindu zuen Eibar eta ondorioz beherakada pairatu zuen berriz ere. Aldaketa politikoak, enpresa batzuen babes galtzeak, teknologia berrien eskasia eta eguneratze ezak krisialdia piztu zuen.

Egun ostera, sektore askok eta askok dagoeneko ahantzi ditu urte latz horiek eta gora egin du; hala nola, makina-erramintak, automozioak, eraldaketa-industriek eta teknologia berriek. Iragana eta oraina batzen dituen herri horretan egon badira oraindik ere eskopetak eskuz egiten dituzten tailer txikiak, edota grabatugintzan diharduten behargin finak.



Maider Beistegi
Dokumentazioa: Eibarko Udala, garai hartan lan egin zuten emakume eibartarren testigantzak. Egoibarra Batzordea.

Euskonews & Media 194. zbk (2003 / 01 / 10-17)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza