Maialen Lujanbio, bertsolaria
"Bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertzean"
* Traducción al español del original en euskera
Beñat Doxandabaratz

Hernaniko Tiloetan egin dugu hitzordua. Bazkalostean, alegia, herri- Errepublika honetako txikiteroak eta beste pelajeko fauna siestan dauden tenorean. Aurpegi freskoa dakar Maialenek, erlaxatua zeharo. Erretratua atera beharko diogula esanda, baina, lehenbailehen egiteko ohartzen digu, "inor begira ez dagoela naturalagoa aterako naiz". "Jendea etortzen hasiz gero... Ai ene! Ze lotsa" gehitzen du. Solasetan hasita, lotsatia dela esan arren, begietara so eginez mintzo zaigu Lujanbio, begirada jostalaria lagun, elkarrizketan gaindi zenbait aldiz altxatuko duena tabernetara sartzen ari diren bere lagunak, siestatik jaiki berri, "iepa" batez, alaiki agurtzeko.

- Zein da aldea Maialen pertsonaren eta Maialen bertsolariaren artean?
Aldea mozorroan dago. Bertsotan ari garela disfraza daukagu jantzita, nahiz eta egia izan gure izaeraren ezaugarriak ere ageri direla.

- Nahiz eta oholtzara igo, ez zarete aktoreak.
Ezta pentsatu ere! Ni ez, behintzat. Jendaurrean azaltze hutsarekin ematen du ausarta eta lotsagabea zarela. Baina ez da horrela. Ni, adibidez, izugarri lotsatuko nintzake antzerkia egin beharko banu.

- Lehen "beti atakera" ateratzen zinen horietakoa zintugun.
Bai, ez daukat argi, baina egia da, zortziko handiekin hasi berritan neska gaztetxook jarrera oldarkorra eta erantzulea hartzen genuela. Gero, ordea, urteen poderioz, kortse horren barruan itolarria sentitu eta aldatzen joan naiz.

- Baina irudi hori kentzea ez da samurra izango.
Ez, horixe! Bertsolariaren eta entzuleen artean halako estereotipoa eraikitzen baita. Baina tira, uste dut lortu dudala kortse hori kendu eta beste esparru batera hurbiltzea.

- Emakume bertsolariaren "pasaportea" lortutakoan, zein izan zen bertso munduko "dinosaurioek" egindako harrera?
Primerakoa izan da hasiera-hasieratik. Bertsolari helduek oso ondo hartzeaz aparte, zaindu ere egin gaituzte. Hori bai, gehiegi mimatu gabe. Eta guk, gure partetik akuilatu egin ditugu. Bertsozale tradizionalari berriz, bai kosta egin zaiola emakumeak bertsotan ikustera ohitzea, nolabaiteko errezeloa baitzuten.

- Aldiz, gaur egun, entzuleari bost axola zaio bertsolariak txapela, piercing-dun, belarritakodun edo patiladuna izatea.
Bai, zorionez, susmo inozo horiek atzean geratu dira. Maila oneko bertsolariak entzun nahi ditu jendeak, berdin zaio gure itxura edo adina.

- Ase dezagun jendearen jakin-mina, nola ateratzen du bizimodua bertsolari batek?
Ba, nire kasuan, bertso jaialdi eta saioetan aritzeagatik pixka bat kobratzeaz gain, lan puntualak, itzulpenak, eskatutako bertso-sortak eginez, baita dokumentazioa bilduz eta aztertuz ere.

- Hortaz, Arte Ederretan lizentziatua izatea aukera estetiko soila izan da
Baliteke. Ez neukan aspirazio profesionalik horretan, nahiz eta nire karteltxoak eta egin. Nire sormena nonbaitetik bideratzeko karrera aproposa iruditu zitzaidan.

- Bertsolarien artean badira majo desafinatzen dutenak. Hori bere jardunaren kalterako denez, ez al lukete kanta lezioren bat jaso beharko?
Ba, egia esan ez legoke lekuz kanpo, gure onerako izango litzake-eta. Azken finean, bertso bat txukun kantatua entzutea eraginkorragoa, salgarriagoa eta belarriaren gozagarri da. Norberak ikusi behar duen zerbait da. Dena den eta nik dakidala, batzuk ahalegina egiten ari dira. Bestetik, bada beste mito bat esaten duena bertsolariak ez duela kantatu behar, bertsoa bota baizik. Alegia, garrantzi handiagoa dutela testuak eta ateraldiak doinuak baino. Adibidez, badira bertsolariak oso kantore onak izan direnak, baina bertsolari bezala arrakastarik izan ez dutenak. Hortaz, balore handi bat da, baina erantsia.

- Zer gertatuko litzateke mikrofonorik izango ez bazenute?
Uf! Ba, kantakera askoz gehiago zaindu eta landu beharko genukeela. Ze erremedio!

- Kanpotik ikusita, badirudi zuek bertsolariak koadrila handia baino klana osatzen duzuela.
Nik uste dut badela horrela, baina ez pentsa familia itxura egiten propio gabiltzanik. Noski, badira harreman onak eta okerragoak, baina orokorrean oso giro ona eta elkar ulertze polita eta aberatsa daukagu, batez ere kontuan hartuta bertsolari belaunaldi ezberdinak gabiltzala elkarrekin. Gizartearekin konparatuta, gurean askoz harreman normalagoa daukagu belaunaldien artean, 18 urtetik 75erainoko eremu horretan.

- Gazteria eta zaharrak elkar ulertuz. Harritzekoa!
Alajaina! Izan ere, harreman hori kalean hankamotz dabil. Pena bat da zaharrekiko ze arreta falta dagoen, beren eskarmentuari inolako balorerik ematen ez zaiola. Eta gazteen hitzekin beste hainbeste gertatzen da; zenbat aldiz entzun behar dugu: "gazteen hitzak dira, pasako zaie txoro bolada". Horregatik, bertsolariak eredu gara belaunaldien arteko elkar ulertze horretan.

- Bertsozale elkartearen ekimenez, egungo bertsogintzaren gaiak jorratu dituzue berriki. Zein ondoriotara heldu zarete?
Ba, lehenik, badirela gai batzuk, ñabardurak ñabardura, sekula aldatzen ez direnak, bizitzaren funtsarekin zerikusia dutenak, hau da, maitasuna, sexua, laguntasuna, lana eta abar. Gero, badira gai anekdotikoak, lekuan lekukoak eta garaian garaikoak, ehiza dela edo sagardotegi denboraldia dela.

- Eta ez al dago gai "tabu"rik?
Mmmm, ez, ez zait burura etortzen. Hombre, gertatu izan zaigu toki batera joan eta hangoek esatea: "faborez, ez kantatu honi buruz". Hondarribiko alardearen aurreko egunetan, esaterako. Askotan, hala ere, autozentsura geuk jartzen diogu geure buruari. Adibidez, afaloste alai batean zenbateraino komeni den gaur egungo egoera politika aipatzea.

- Azken urteotan, 90ko hamarkada hasierako "boom"aren ondoren, bertso mundua kaletartu egin da, bai entzulego aldetik, bai gai aldetik ere. Esaterako, armairutik ateratzearen kontua noraino iritsi da zuengana?
(Barreak) Bertsolarion artean ez dut uste inork bere kondizio sexuala aldarrikatu duenik. Baina bestalde, duela gutxi arte gai tabua ez bazen ere, oso gutxitan ateratzen zen. Orain berriz, bertsotan oso maiz aipatzen dugun gaia da, azken finean, bertsolariok gizartean pil-pilean dauden gaien erakusle ere bagarelako.

- Bai gaian, bai bertso saioan, noraino heltzen da gai emailearen ardura eta non hasi bertsolariarena?
Kontu hori ere izan dugu aztergai. Ondorioa izan da bien arteko elkarlana estutu egin behar dela, bertsolariok eta gai jartzaileak taldelana osa dezagun. Alegia, elkar gehiago ezagutu eta sentsazioa eman dezagun bertso saio batera elkarrekin goazela eta ez aparte samar, orain bezala.

- Zeintzuk dira zuen kexuak?
Gai emaileek eskatzen dutena da ez daitezela bakarrik izan bertsolariei atea irekiko dieten "botones"-ak, baizik eta beren protagonismoa errekonozitu dadila eta bere sormen lana apreziatu.

- Eta haienak?
Bertsolarion eskaera zera izan da: gaiak esperpentikoak, korapilotsuak edo absurdoak ez daitezela izan, gertukoak eta pittin bat errealak baizik, hau da, guretzat ezaguna den mundu batez kantatzeko aukera eman diezaguten.

- Sarerik gabeko ekilibristak al zarete bertsolariak? Edo zuena "puenting" da gehiago?
Bueno, sarearena nahiko erlatiboa da, goitik edo behetik, begiratzen duzun tokiaren arabera. Nire iritziz, ez daukagu sare handirik, are gutxiago hamar segundotan eta 500 lagunen aurrean bertsoa bota behar horretan, momentu horietan nahiko biluzik gaude. Hori bai, egia da entzuleen babesa izanez gero, horrek saretxo bat ikustarazten digula.

- Baina badituzue errekurtsoak saltoa egin eta soka batez lotzeko.
Bai, baina bakarrik burua ez hausteko adinakoak, une horretako psikologia lagun beti ere. Dena den, bat-batean ari garela kontuan hartuta, beti daukazu irristatzeko arriskua.

- Inoiz gertatu al zaizu pot egin eta erabat "zuri" geratzea?
Bai. Behin baino gehiagotan pasa zait bertsoaren bukaera ahaztu eta isilik geratzea. Uf! Hori oso gogorra da, isiltasun segundu horiek bukaezinak dira, nahiz eta jendeak zu "gizakiago bezala" ikusi eta begiradaren bidez zu lagundu nahi izan.

- Bertsoa botatakoan, adrenalina sentitzen duzue etortzen.
Ba, bai. Pot egitear gaudela askatzen dugu adrenalina. Hori da, hain zuzen, gure motibazioa, gure dosia. Bestela ez luke esker onik izango. Horren ildoan, orain gutxi Txapelketa Nagusiko finaleko gure argazkiak ikusten egon nintzen eta benetan, pena ematen zidan nire burua eta besteena halako aurpegiekin lehian ikusteak. Hura sufrimendu, nekea eta tentsio aurpegia geneukana! Zer dela eta egon behar dugu egoera penagarri horretan zortzi orduz?

- Zertxobait "masokistak" bazarete, ba.
Pixka bat bai. Ertzean erortzear egon arren, presioa eramangarri zaigu eta azkenean gure ordaina jasotzen dugu, kinka latz horri buelta ematera garamatzana.

- Entzuleen esker ona ur bizigarria zaizue.
Bai, erabat. Konparazio batera, eremu ez euskaldunetan egiten ditugun emankizunetan gure bertso bakoitza hangoentzat opari txiki bat denean. Eta era berean, jendeak zure bertsoak sentitzen dituela edo barre egiten duela somatzeak indarra ematen digu.

- Txapelketetan ere, gehiago ahal du horrek lehiatzearen ajeek baino?
Hombre, nik uste baietz.Txapelketa Nagusia lau urtez behin izanik, gure Olinpiada baita. Baina egia da exijentzia maila izugarria dela. Azken finean, kirolariak bezala, gure ardura da sasoi puntua lortzea eta erroska pasatuta ez iristea

- Kirol entrenamendua balitz bezala.
Parean doaz, gurea beste korrikaldi mota bat da-eta. Azken txapelketan hori komentatu zen; alegia, komenigarria dela zure burua zaintzea, alegia, txapelketa egunean goiz jaiki eta saioa hamaiketan hasi baino lehen, ondo bazkaldu. Hala ere, iruditzen zait bizitza sano hori betetzen duen bakarretakoa Andoni Egaña dela (irri gaiztotxoa ateratzen zaio, esanez bezala: "zer botako ote dit Andonik irakurtzen duenean"). Besteok intuizioz jokatzen dugu gehiago, datorrena datorrela. Baina argi dagoena da bertsotan ondo aritzeko burua ondo eduki behar duzula; eta hor faktore askok dute eragin: osasuna, momentu pertsonala, bertsotarako grina eta abar.

- Hizkuntzarako grina daukazue, Erdi Aroko trobadoreen antzera.
Ez dakit hainbestera iristen garen. Bertsolaritza, dena dela, oso tresna baliagarria izan daiteke hizkuntzaren berreskurapenean eta gaztetxoak engantxa daitezen, are gehiago eremu ez euskaldunetan, alegia, Bizkaiko Ezkerraldean eta Araban, edo euskara atzera doan lekuetan, hau da, Iparraldean eta Nafarroan. Zergatik? Euskararen malgutasuna lagungarri eta bertsoa, transmititzen jakinez gero, jolas dibertigarria delako.

- Malgutasun hori aipatzen duzula, zure irudiz, erdarakadak ze neurriraino dira erabilgarriak bertsoetan?
Eztabaida hori beti izango dugu. Nire iritzirako, erdarakada, komunikazio tresna den heinean eta efektiboagoa baldin bada beste esamolde bat baino, zergatik ez erabili? Baina aldi berean, horrek gure gabezia adierazten du, alegia, erdarakada bat erabili behar izatea euskaraz esanda indarrik izango ez duelakoan.

- Hitz berriak asmatzea zilegi da, baina.
Ni euskal argotaren erabat aldekoa naiz. Gutxi jorratua dagoen eremua da, gainera. Zentzu horretan Asisko Urmeneta eta Kike Amonarriz lan polita egiten ari dira berezko argota sortze aldera, kaleko komunikazioaren erakusle. Gaztetxoei gustagarri zaienez, zubi bat izan daiteke euskaraz gozatzen hasteko.

- Berriki, Jon Sarasuak bertsoak erdaraz bota ditu. Erdararen soroetan landatzen hasiko al zarete bertsolariak?
Ez, esperimentu puntuala izan da, mexikar batzuk etorri zirelako. Baina ez dut uste plazan erdaraz hasiko garenik. Dena den, halako gauzak ariketa bezala politak dira, beste hizkuntza baten aberastasunean trebatzeko.

- Aberasgarri izateaz mintzo, hel diezaiogun bidaien oparotasunari. Maialen pertsona mamituagoa bueltatu al da "Pangea" proiektuko bidaia potolo horietatik?
Mamituago ez dakit, baina ikusi dut nire burua segurtasun testuinguru batetik kanpo nola sentitzen eta portatzen den, leku arrotz batean eta etxekoekin ez egonda. Eta horrek, dudarik gabe, zure burua hobeto ezagutzea ekartzen du.

- Emaiguzu begi ninian geratu zaizun irudi bat herrialde bakoitzaren inguruan. Estatu Batuak:
Hango naturak harritu ninduen, Yosemite Parkeak, esaterako. Eta gero San Francisco bezalako hiri batek, hain kosmopolita eta liberala. Era berean, bertako euskaldunen mundua partikularra eta berezia iruditu zitzaidan.

- Australia:
Koloreak, nik ordura arte ikusi gabe neuzkanak. Ez nuen uste lurra hain gorria eta zerua hain urdina izan zitezkeela. Lurraren dimentsioa eta handitasuna.

- Argentina:
Naturaren alardea, klima eta paraje erabat desberdinen kontrastea, Iguazutik hasita Patagoniako glaziarretaraino. Hango jendearen atsegintasuna.

- Errusia:
Bidaiatzeko zailtasuna eta errusiarren hoztasuna eta laguntzeko borondate falta. Seguruena, duten bizimodu gordin horrek ez die turista goxo hartzeko umorerik ematen. Udaberrian joanda gogorra iruditu bazitzaigun, pentsa nolakoa izango den negu gorrian.

- Jordania:
Kontrakoa: jendearen berotasuna eta eguraldi sargoritsua. Herrialde arabiar guztietan bezala, misterio asko, beren kultura eta sinesmenen inguruan; batez ere emakumeen mundua ezagutzeko grinaz geratu nintzen: nola biziko ote dira etxe barruan? Gure baloreetatik, behinik behin, ezin dugu beren errealitatea juzgatu.

- Jordanian, kasu, denboraren kontzepzio ezberdina somatu al duzu?
Bai, oso bestelakoa. Egiteko nagusia bizirik irautea denean, derrigorrezkoa da egunean bizitzea, momentuko erabakiak hartuz eta errekurtsoak erabiliz. Bereziki gogoan dut hiritik kanpora jendea nola bizi zen, basamortuan bere lanak eginez eta turistaren bat azaltzen bazen, inprobisatu eta gida lanari heltzen zioten. Bizi filosofia bezala oso ondo egon arren, hemen bizimodu karratua egiten dugu gehienok, hilabeteko agenda hitzordu eta eginbeharrekin beteta.

- Zer diozu oraingo bidaiatzeko modaz?
Bidaiatzea aberasgarria da eta egurasten zaitu. Baina aldi berean oso mitifikatua dago bidaiatzearen kontua. Orain badirudi mundu guztiak derrigor atera behar duela leku exotikoetara eta bidaiatu ez duena gizajo bat dela. Eta ez da horrela. Benetako gizajoak pose hutsez bidaiatzen dutenak dira.

Maialen Lujanbio

Gaur egun zeharo normala da emakume bertsolariak ikustea. Zubia zeharkatu zuen aurrenetakoa, baina, Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976) dugu. Baita fin ikasi ere, isilka-misilka arituz. Hainbeste, Bertsolari Txapelketa Nagusian bigarren geratu zela, Andoni Egaña irabazlearen atzetik. Adituen esanetan, puntan egon ez ezik, ez dago urruti Maialen gailen agertu eta txapela jantziko duen eguna, hain dira nabarmenak bere bertsotarako dohaiak, artearekin apaintzen dituenak. Izan ere, Arte Ederrak ikasi zituen, bere sormen borborra bideratu nahian.


Beñat Doxandabaratz
Argazkiak: egilearenak

Euskonews & Media 194. zbk (2003 / 01 / 10-17)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza