Parisen sortu, Parisen hil; ez zen etxekoen herrian bizitu, baina
aberria bihotzean eduki. 1948.an euskaraz idazten hasirik ez du
beste mintzairetan inoiz literatura lanik eman. Bere bizitza, bere
nortasuna, jatorriaren (Zuberoa), ideien, eta eduki zuen eta duen
eraginarengatik ezohikoa, arraroa izan zen.
Jatorria. Aitamen Zuberoa, bere txikian herri horrek, jende bereizi
eta bitxien emailea izan da: XVII.mendean Allande Oihenart katoliko
historilaria, Jakes Belakoa protestante lege gizona eta humanista;
XVIII.mendean Joan Felipe Belako zalduna, frantses artileriaren
modernizatzailea, Pierre Topet Etxahun erromantiko gaizkina, Agosti
Xaho, erromantiko ameslaria. Azkenik Jon Mirande zuberotar gaitz
eta bereizi horien ohituratik heldu da.
Politika ideiengatik bakartia izan zen. Erregezaleek eta euskaldun
abertzale lokartuez etsiturik, asperturik jarri zen, urte haietan
hegoaldea fazismo ipurtxuri baten eta Iparraldea ipurtxuri demokraten
menpean zeudenean. Horrela Jon Mirande psikastenikoa, ziklotimikoa
nazi berriekin ibiltzen hasi zen, ezen gaztegia izan zen nazi zaharrekin
ibiltzeko. Norekin eta nola sartu zen haiekin ? Bretoin nazi batzuekin
harremanetan sartu zen eta osoki liluratua, ezen gizon horik kultura
handiko jendeak ziren. Jon Miranderen obra, bizpalau polemika artikulu
bazter utzita, ez da fazismoz kutsukoa. Euskal olerkietan eta narratiban,
gai berriak erabiliz, sekulako hauskura ekarri zuen: erotika, paganismoa,
bazterkinen (eskeko, mozkor, hiltzaile, homosexuala, prostituta
delakoen) « herri santu eta demokratikoan » eta «
euskaldun zintzoen artean » irudi debekatuak .
Lauaxeta eta Lizardi zerbaitetan saiatu arren modernitatean sartzea
Miranderei zor diogu eta Arestik esan zidan « Mirande irakurri
ez banu santa sekulan ez nuen euskaraz idatziko ». Garaiko
literatura kostunbrista zen, kristau dotrinaren parafrasia, maitetasuna
ere ez zen gaia eta Argiako humoristek idatzi bezala euskal liburu
laburrena izango zen gerrate aurreko euskarazko erotika idatzia.
Nik uste, portadaz, azalez eta margolari ausarten bizpalau irudiz
kanpo horrelako liburua egin daitekela.
Jon Mirande saiatu zen, Beaudelaire olerkariaren « Fleur
du Mal » gisako, euskarazko erotika olerki zenbaiten argitaratzen;
alabaina 1953.an hori aipatu zuenean klerikalak, gure aiatolah txikiak
ez zeuden lotan, berehala Lafitte, Chabagno eta Mocorroa orroaka
hasi ziren, gazteria ustelduko zuela, ez zela argitaratzera utzi
behar, Espainian debekatu behar zela, Vaticanoko Indexean sartzekoa
zela. Haren olerki ederrek, haren olerki berrien bildumak hogeita
hiru urte igurikatu zuen 1976.an, Orhoituz tituluarekin,
egilea hil ondoren argitaratzeko. Miranderen eta Pariseko Igela
aldizkarian argitaratu idazkiak berriz irakurtzean Napartheid eta
Ostielaren ondoan, monagilloak, beretterak ginela ematen du.Halaber
1949.an idatzi Haur besoetakoa, egilea hil baino bi urte
lehenago,1970.an baizik ez zen agertu; anartean Donostian eta Ameriketan,
euskaldunen zentsuragatik ez zen inor argitaratzen ausartu. Gabriel
Aresti gure adiskideak izan zuen horretarako bekokia.
|  |
Jon Mirande
Argazkia: Auñamendi |
Ulergarria da jadanik depresiboa zen Mirande, Iparraldeko ipurtxuriak
eta apez integrista batzuek egin zankartekoen ondotik euskal literaturaren
geroarekin etsitua izatea eta estimatzen zuten aita Nemesio Etxaniz
edo aita Salbatore Mitxelena ez ziren haren alde agertu ahal izan.
Haren filosofia pentsamendua Joxe Azurmendik ongi aztertu zuen,
erakutsiz Schopenhauer, Spengler eta Nietscheren irakurketez haren
ezezkortasuna, haren bortiztasuna berotu zela. Haren mundu ikusmoldea
argi da: amets egin zuen meritokraziaz, erran nahi baita gizarte
batean elite bat, aristokrazia bat sortu eta berritu daitekeela
ez diplomen arabera, ez diruaren indarrez, baina merezimenduz eta
benetan aditua izatez.
Bestalde kapitalismoari eta komunismoari aiherra zien, materialismoaren
eta zientismoaren frutu ustelak zirelako. Frankismoa aldiz beretzat
ipurtxurien fazismoa zen.
Euskaldun abertzaleen ezaxolaz haserre 1948.an borroka armatua
antolatu nahi izan zuen eta hortaz Gernika aldizkarian, idatzi
eta argitaratu 1953.a . Ez zuen horretarako ez eta adiskideen artean,
inor aurkitu. Era berean literatur jaso baten alde eta garaiko populismo
folklorezalearen aurka idatzi bazuen, ez zuen lehen garaietan arrakastarik
izan.
Materialismoari aiher ziola berriz diot eta hain zuzen ez zen ateua,
baina pagano izpiritualista. Arimagan, izpirituaz beste den zerbaitetan,
sinesten zuen. Bere erotikaren ulertzea hori lotua zen gorputzekin
batean arimak bat egin, elkarri lotu behar zuten, bestelan joko
hutsa zelako. Ikuspundu horrek ez du ezer ikusteko, orain ezkerreko
nafar argitaletxe batek eskaintzen duen eta modan dagoen, humore
gabeko pornografia gogorrarekin, animaltasunezko eta kirolezko erotomania
horrekin.
Finantzetako Ministerioan, Parisen lan egiten zuen. Eta depresibo
gisa bulego giro astoa nekez eroaten zuen. Ez zuen bere promoziorako
ahalegin handirik egin, nahiz zeukan hizkuntza ezaguera zabalagatik
kanpo finantzetan postu hobea eman zioten.
Euskararenganako amodio eta nazienganako lilura itsu horrez kanpo,
jatorrizko testuen irakurtzeko hizkuntzen ikastea pasioa zeukan.
Honelaxe Europako bospasei hizkuntza mintzatzen zituen eta beste
hamar bat irakurtzen. Irlandera zaharraren, aleman zaharraren, grekera
zaharraren aditu izatera iritxi zen eta munduko aditu askorekin
gutun harreman handiak zituen, Alemanian, Austrian, Gales herrian,
Ipar-Amerikan, Irlandan eta Italian, baina berak ukan zituen eskutitzak
galdu dira.
Ez da harritzeko Euskaltzaindian, orduko Euskaltsaindua, ez bazuten
iparraldekoek euskaltzain oso bezala sartzera utzi, baina zertan
ibili behar zuen, jende horien artean? Ez al da hobeki egon kanpoan
Jon Etxaide, Txillardegi eta hainbeste idazle hoberenekin.
Bixtan da politika eta erotismo gaiak gogoan Larousse Universel hamabost
aletan egin duen ipurtxuriak ez diola barkatu eta Mirande izena ez
da alfabetoaren lekuan agertzen, are gutxiago euskal literaturaren
historian. Hiztegi berean Mirande baino fazistago izan ziren Céline
eta Brasillach beren lekuan daude. Euskarazkoan Miranderen lekuan
kazetariak. Hitlerismoak eta stalinismoak horrelako bazterketak egin
zituzten. Hogeigarren mendeko bospasei handien artean izan den idazle
hori, mendekuz eta apalkeriaz baztertu da, nahiz bere obra osoa hiru
aldiz argitaratu den. Iparraldeko txuriek oraino ere gorroto dute
eta poztu ziren 1972.an Eguberrian bere buruaz beste egin zuenean.
Jon Miranderen eragina hogeigarren mendeko bigarren erdian
handia izan zen, hala nola Gabriel Arestik Bilbon deklaratu zidan
"Mirande ez bazuen irakurri ez zukeela santa sekulan euskaraz
idatziko". Jon Mirande hipokresiaren euskal oihala urratu baitzigun,
gure idazlearen ohoretan, Hegoaldean, hamaika omenaldi egin zaizkio,
eta bi Zuberoan; literatura sari bati haren izena eman zitzaion eta
jadanik haren bizitzaz eleberri bat eta antzerki bat idatzi dira.
Ez da, orain, olerki loretegirik egiten Miranderen poemarik gabe.
Bestalde depresibo askoren gisa bazuen humorearen zentzu bereizia,
ez beharbada hanbat herrikoia, nahiz Zuberoako txikitoetan eta ingelerazko
limerick delakoekin, "eder" izeneko koplak idatzi. Jadanik
politika eta literatura utzi zuen azken bi urteetan etxera zetorkigun
gurekin irribarre egitera eta ongi jatera, hori harentzat, andrekin
batean, pagantasunaren oinarrizko osagaiak zirelako. Duela hogeita
hamar urte hil zinen. Ez nuke esango goian bego, baina Euskal Herrian
gure artean egon bedi.
Txomin Peillen |