"Ikastolaren erakaskuntza hizkuntza euskara da. Ikastola euskal eskola da, bere berezitasun pedagogikoarekin ingurugiroari irekia. Ikastola euskararen berreskuratzerako proiektu orokorrean kokatua da. Euskararen ofizialtasuna Seaskaren helburuetariko bat da" (Seaskaren helburuak, 1995ko otsaila).
Euskara desagertzeko zorian da eta biharko gizartea osatuko duten belaunaldi berrien mailan, joera hau baieztatzen da. Ikastolak parte har dezake egoera honi aurre egiteko behar diren aterabide eraginkorretan.
1969an, guraso multzo ttiki batek Iparraldeko lehenbiziko ikastola irekitzen du, Arrangoitzen. Elkarte berriak euskarazko erakaskuntza (D eredua) bultzatu nahi du, metodo pedagogiko aitzindarien bidez.
Eginmolde honek jende guztia zur eta lur uzten du baina pixkanaka-pixkanaka pentsamoldeak aldatzen dira. Idekitze hau eta 10 urte geroago, ikastola gizartean errotua da eta guraso, erakasle eta laguntzaileei esker, Seaskak urtero ikastola berriak irekitzen ditu.
Lehen urratsak Ikastolen ezagutzarantz
Ikastolak emeki eta nekez garatu dira erakaskuntza murgiltze sistema berri honen onuraz (D eredua) gurasoak konbentzitu behar zirelako, erakasleen formakuntza bermatu behar zelako eta eredu honen garapenaren aurkako politikari aurre egin behar zelako.
Lehen
urteetan Seaskak diru karguak segurtatzen bazituen ere, denbora
joan ahala eta haur kopuruen emendatze etengabea dela medio gero
eta zailago bilakatzen da. Egoera honen aitzinean, Seaskak frantses
Hezkunde Ministeritza eta tokiko erakundeengana jotzen du diru
karguak haien gain har ditzaten.
Hezkunde Ministeritzarekin urte batzuk negoziatu ondoren, Seaskak 1994an adostasun hitzarmena izenpetzen du, ikastolari eskola pribatuko estatutua ematen diona. Protokolo honi esker ezagutza egituratua ematen zaio ikastolari eta "professeur des écoles" delako diploma gainditu dutenenen erakasleei hilabete saria Hezkunde Ministeritzak bere gain hartzen du. Bestalde, frantses eta matematikako ebaluaketak egiten dira bigarren mailan sartu aitzin. Izan ere, Hezkunde Ministeritzak Seaskari galdetzen diona zera da: 6.ean (D.B.H.) sartzeko, ikastoletan ibili diren ikasleek, frantses eskoletan ibili direnen maila izan behar dute frantses eta matematiketan.
Gaur egun, 2000 ikasle inguru eskolaratuak dira ama ikastolatik batxilergoraino Seaskak dituen 23 ikastoletan (3 kolegioak eta lizeoa barne).

SEASKAko PARTAIDEAK: HARREMANAK
Seaska elkartean bilduak diren ikastolek harreman estuak dituzte elkar laguntza
eta osagarritasun egituraketen bidez. Ikastolen elkarretaratze
honi esker, Seaska indartua eta sendotua da bere desmartxa guztietan,
ikastola bakoitza
partaide eta erantzule sentitzen baita Seaska elkartean.
Bere eredua indartzeko hizkuntz eta pedagogi mailetan eta euskararen
normalizazioaren dinamikan, Seaskak partaide sare sendo eta iraunkorra
atzeman eta eraiki du berarekin lan egiteko.
- Seaska Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko kide da. Euskal
Herriko ikastolen elkarteekin batera, Seaskak amankomuneko euskal
eskolaren proiektuan dihardu. Seaskari ezagutza juridiko berria
ematen dion europar estatutu juridiko ofiziala izan da iazko
berririk handiena. Ditugun amankomuneko helburu eta proiektuek
bultzatzen gaituzte alde batetik gure sistemaren egituraketa
eta antolaketa berria sustatzen eta bestetik gure eredua sendotzen
duten proiektuak garatzen (Hizkuntz Proiektua, Euskaraz Bizi
etab...).
- Seaska Iparraldean euskararen garapenaren alde diharduten
erakundeetan kide da. Honela, federazioak parte hartzen du:
Euskal Konfederazioan, Euskal Kultur Erakundean, Hizkuntza Kontseiluan.
Hausnarketa eta ekintza gune hauei esker, euskararen aldeko
euskal indar guztiak bilduak eta koordinatuak dira.
- Seaska ISLRF-eko kide da. Egituraketa hau Frantzian
murgiltze sistema erabiltzen duten beste federazioek osatzen
dute: Bretoin eskolak (DIWAN), Okzitandarrak (CALENDRETAS),
Katalanak (BRESSOLA) eta Alsaziarrak (ABCM).
Erakunde honek:
- Federazio hauek erakasle postuak idekitzea erabakitzen dutelarik,
administratiboki kudeatzen ditu. Seaskak erakasle postu bat
idekitzea erabakitzen duelarik, ISLRF abisatzen du. Ondorioz,
Seaskak izanen dituen bere erakasleentzat formakuntza eskaintzeko
gai da.
- Akademiako Ikuskaritzak (frantses hezkuntza administrazioa)
inposatzen dituen frantses eta matematikako ebaluaketen emaitzak
koordinatzen ditu. Lan horri esker frantses Estatuak murgiltze
sistemaren (D eredua) emaitza onen berri du gure ikasleen emaitzak
frantses eskolako elebakarrenenak (A eredua) baino hobeagoak
izan direlako betidanik.
Seaskako ibilmoldea
Seaska elkartean bilduak diren ikastolek harreman estuak dituzte elkar laguntza eta osagarritasun egituraketen bidez. Ikastolen elgarretaratze honi esker, Seaska indartua eta sendotua da bere desmartxa guztietan, ikastola bakoitza partaide eta erantzule sentitzen baita Seaska elkartean.
Gurasoen lana ere garrantzitsua da ikastolaren jarduera, ibilmoldea eta kudeaketan. Ikastolek ahal bezain guraso biltzen dituzte erakasleekin batera ikastolaren bizian parte har dezaten.
Horretarako, Seaskan bertan, konsultatzaile eta erabakitzaile taldeak badira:
- Ikastolen Kontseilua: Ikastolen Kontseilua Seaskako Biltzar
Nagusia da. Eztabaidatzeko eta norabideak hartzeko gunea da.
Ikastolen ordezkariek eta Seaskako Batzorde Eragileak osatzen
dute. Ohizko bilkuretan biltzen da urtean bi aldiz federazioko
norabide eta mugimenduak bozkatzeko: norabide txostenak, aurrekontuak,
txosten morala... Seaskako Batzorde Eragilearen (junta) kideak
izendatzen ditu
- Batzorde Eragilea: hautatutako 11 kidek (ikastolen ordezkariak
eta langileak) osatzen dute. Elkartea kudeatzen du, Ikastolen
Kontseiluan hartutako norabideak betetzeko medioak atzematen
ditu.
Bere eginbeharrak bideratzeko, Batzorde Eragileak profesionalengana jotzen du pedagogi, ekonomi, sozial eta harreman arloetan. Talde profesionala honen eginkizuna Seaskak eta ikastolek behar dituzten ekimenak koordinatzea, animatzea edota zuzentzea eta bultzatzea da.

Zuzendari batek koordinaturik, 8 pertsonez osatua da. Kudeatzen eta animatzen ditu federazioari dagozkion eta talde pedagogikoari delegatuak diren zereginak. Xehetasunetan sartu gabe, hona hemen eginkizun guzti hauen ardatz nagusiak:
- Pedagogi arloan: Seaskak eredu pedagogikoa definitzen du,
erakaskuntzaren kontrola segurtatzen du, ikastolek bururatzen
dituzten esperientzia pedagogikoak koordinatzen eta ebaluatzen
ditu.
- Seaskak akademietako erakundeekin erakasle postuak negoziatzen
ditu ikastoletan banatu aitzin.
- Erakasleen eskaera eta behar guztiak kontutan hartuz, Seaskak
hastapeneko formakuntza eta formakuntza jarraikia antolatzen
ditu.
- Zailtasunak dituzten haurrei laguntza emateko, Seaskak langilego
aditua du. Bestaldetik, laguntza horri esker haur "ezberdinak"
(elbarrituak edo buruko zailtasunak dituzten haurrak) Seaska
integratu dute.
- Ekonomi arloan, ikastola bakoitzak bere aurrekontua kudeatzen
duen arren, Seaskak aholkularitza eta laguntza zerbitzuak proposatzen
dizkie ikastoletako diruzainei.
SEASKAko NORABIDE NAGUSIAK
Garapena
Ikastolen garapena da federazioaren ardatz nagusietariko bat (ikastola berrien ideki, eragile politiko eta administratiboak euskarazko erakaskuntza proposatzera bultzatu, langilegoa hautatu...)
Seaskak, azken urte hauetan, bere komunikazio kanpaina jende multzo zehatz bati (0 eta 3 urte arteko haurrak dituzten gurasoei) zuzendu du bereziki.
Estrategi honen bidez saiatzen gara:
- Seaska eta ikastolak errotzen Iparraldeko gizartean saihestezineko
eragile bilaka daitezen,
- Pertsonen ordezkapenak ebaluarazi euskararekiko, euskara gero
eta gehiago erabiltzeko gizartean.
- Ikastolan haurra emateko gogoa piztu, frantses eskola sistemak
betetzen ez dituen nahien erantzunak ekarriz: elebitasun goiztiarra,
euskal balore kulturalak, pedagogi ezberdina, eleaniztasuna...
Horretarako, urtero komunikazio kanpaina garrantzitsua antolatzen eta urtean zehar ikastolekin batera langilegoa hartzen dugu hautatu dugun multzoan hurbileko lana eramanez.

Ikastolen garapena
Haurren matrikulazio kanpainaz gain, federazioak eraikuntzen politika eramaten du ikastolentzat. Arlo honetan trabak badira, Falloux frantses legeak ez baitu baimentzen diru iturri publikoak eraikuntza pribatuetan. Hala ere, erakunde publikoekiko harremanak federazioko lehentasunetariko bat da.
Hizkuntza eta pedagogiko ereduaren sendotzea
Lehentasuna E.H.I.K.-an eramaten dugun lanari ematen diogu. Ikastola sendotu nahi dugu amankomuneko indarrak eta ahalak elkartzea posible dela erakusteko.
Pantxika Ibarboure
Seaska |