1926an Bankan sortu zen Marie Jeanne Minaberri. Bankatik,
gaztea zela eta, gurasoak jarraitu eta Uztaritzera abiatu zen
bizitzera, gaur egun bertan daukalarik bere familia-etxea. Anitzek,
hain zuzen ere, emakume honen izena buruan izango dute, bere ipuinetan
oinarrituz Oskorri musika taldeak sortutako "Marie Jeanne Kanta
Zan" ikusgarriari esker. Ikuskizun hau emakume heldu honen fama
piztu zuelarik, Marie Jeannek berak aitortzen duenez, "ordura
arte nehor ez zen nire lanaz arduratzen". Alta, urte anitz darama
idazten edo haurrentzat lanak plazaratzen.
Olerkiarekin hasiz, haurrentzako antzerkiak ditu batez ere plazaratu
Marie Jeannek.
Frantses hizkuntza Iparralde honetan hedatzen ari zen garai horretan
nolaz hasi zen euskaraz idazten?, galdera pausatu geniolarik Marie
Jeannek berak ez du erantzunik ekarri. Hain zuzen ere, bere ulermen
eza adierazten du gaur eguneko idazleak ikusten dituelarik : "Batzuk
aitzen ditut esaten zein bihotzeko mina daukaten hau edo hura
idazterakoan". Baina, Marie Jeannentzat idatzia bihotzetik datorren
sentimendu bati zuzenki lotua dago. Honela, berekin topo egiten
dugularik heldu zaigun lehen sentimendua, umiltasun handiko pertsona
baten parean aurkitzen garela da. "Batzuk gainean dauden jendeentzat
idazten dute, ni jende xumearentzat lan egin nahi izan dut beti",
bere lanean bere gogo eta bihotz guztia emanez.
Marie Jeanne beraz, bakarrik bizi da gaur egun bere familiaren
etxaldean Uztaritzeko gainetan. Bere inguramenean dauden irudiak
eta bereziki bizitzan izandako gertakariak diote nolabait inspiratzen.
Haurrentzako idatzi dituen antzerki lanen artean: Mokhor
bat eta Mokhor bi
(1965), Begietakoa, Joanez Zirtzil,
Manexen Nahigabeak, Auzitegian, Marikilkitaren otoitza, Eri haundia
, Eñaut eta sagutxo eta beste aurkitzen dira.
Hauek guztiei esker 1982an Toribio Altzaga antzerki saria irabazi
zuen. Hauekin batera, hiru LP plazaratuak ditu, hau da Agur
Maria, Anjelus eta Kanta Zan. Idatzietatik kanpo, bagenuke
zer errateko gaur egun 76 urte dituen emakume honen bizitzari
buruz. Idazkari gisa Bankan hasiz geroz, kazetetan ibilia izana
da ere idazkari eta kazetari lan batzuk egiten. Hauei lotu behar
zaizkio irrati eta itzulpengintzan egindako lanak. Bere bizitzari
esker, garai horretako intelektual euskaltzale gehienak ezagutu
zituen, hau da, Michel Labéguerie, Jean Haritschelar, Lafitte...
- Bankan sortua
zara, eta ondotik Uztaritzera etorri zinen bizitzera...
Bankako herriko etxean ari nintzen lanean idazkari gisa. Gero
nire aita-amek etxe hau egin zuten Uztaritzen, eta horiek segituz
etorri nintzen herri honetara, geroztik hemen bizi naiz. Gero
bi urtez irakasle izana naiz Serge de Gonzaguen, zazpigarren mailan.
Handik goiti, irakaskuntza ez baitzen sobera nire gustukoa, Epher
apezari esker Basque Eclair egunkarian sartu nintzen, eta
bertan hamabost bat urte pasa ditut idazkari lana egiten. Ondotik
lehen egunkari honetatik Sud Ouestera pasa nintzen.
-
Bankatik abiatu eta, idazkaritzarekin batera zenbait idatzi egin
dituzu izan dadila poesia, ipuinetan, kantuan eta abar. Zure ibilbidea
aski berezia da. Zerk bultzatu zaitu hainbeste alorretan lan egitea?
Ez dakit arras, dakidan gauza bakarra da noiz hasi nintzen. Hogei
urtetan hil zen lagun bat eta heriotza honek piztu zizkidan sentimenduak
idatzian emateko gogoa izan nuen. Egia erran, garai horretan ez
nekien ez eta ere euskaraz idazteko aukera bazegoela, baina euskaraz
idazten hasi nintzen. Badakit sentimendu horretatik jin zitzaidala
lehen esaldia : "ama baten humea, hume bakar maitea, ene adixkidea",
hori zen hasiera. Ez nekien bazegoela ere neurriak olerkiak idazteko.
Haritschelhar-en tesia mekanikan jo nuelarik, banitun berrogei
urte jada garai horretan, ikusi nuen harriturik bazegoela euskal
literatura bat, bazirela arauak olerki bat idazterakoan.... Harritua
nintzen xehetasun guzti horiek ikusi ditudalarik. Nire idazteko
manera, esate baterako "ama baten humea" ez da euskal literaturaren
neurkada ez deus.
- Nola ikasi zenuen euskaraz idaztea? Ez dakit nola. Beti Euskal Herria izan dut gogoan, baina ez nekien literatura bazegoela euskaraz.
- Idazten hasten zinelarik
bazenuen helburu zuzen bat.
Ez. Heldu zen ez dakit zendako. Hala baina, gero pentsaketan hasi
izan naiz gai horri buruz anitzek galdetzen baitzidaten. Nire
irudiko gehienetan zerbait gogor gertatu zaidalarik hasi naizela
idazten. Baina ez besteekin zerbait partekatzeko, baizik eta ni
purgatzeko bereziki. Niretako ditut bereziki idatzi olerkiak.
Nire jarrera guztia amodioa izan da. Zendako egin ditut gauzak,
amodioz. Nire irudiko egin ditudan lan baliosenak Haize Garbiarekin
egin ditut. Baina nehork ez ditu segitu horiek. Zendako da niretzako
lan baliosena ? Haize Berriak agerkari bat egiten zuen eta horretan
agertzen zen nire ipuin bat eta berekin batera eskolarako ariketak.
Horrekin haurrek iragana, oraina eta horrelako gramatika lanak
ikasteko parada zeukaten. Hori gauza berri bat zen nire ustez
eskolendako. Zentzu honetan, noizbait sentitu nuen nire ibilbidean
euskararen irakaspenarentzat ez zegoela deus egina. Ikasleekin
aritu naiz horren ondotik lan egiten pedagogia alorrean. Eta orduan
hasi naiz agerrarazten gauzak, ez niretzat baina jendeei zerbitzu
egiteko. Eskoletako irakasleak lekukoak ekartzen ahal dituzte,
zeren beharrik bazituztela nik egin lan horiek, bestenaz ez zuten
materialik haurrentzat.

- Ibilbide berezi
bat izan duzu, poesia hasi eta, gero ipuin idatzian egon zira,
baita haurrentzat pedagogia lanak egin dituzu ere..
Basque Eclair-en hasi nintzelarik euskal giroan sartu nintzen,
eta horren inguruan ezagutu dut Epher Karronia euskaltzaina zena.
Horrekin batera Herria eta Gure Herria astekariak ezagutu ditut.
Baina nik ez dut sekulan goi mailako lanik egin. Horren adibide
bat da garai horretan Euskararen Egunaren karietan egiten nuen
lana. Euskararen Eguna egiten zen lehen, eta egun horretarako
eske egiten zen herri guztietan. Xingolak egiten ziren Biarritzen
eta ni hauek paketetan ematen nituen gero herrietara bidaltzeko.
Biltzen zen dirua euskararen alde erabiltzen zen. Euskaldunen
eguna ere ospatzen zen. Orduan, Labéguerie-rekin lanean
aritu nintzen eta oso ongi ezagutzen nuen. Gure Herria ezagutu
dut. Baina, egia erran, garai horretan oso ez jakina nintzen euskaran.
Gero aldatu naiz ikusi dudalarik deus ez zegoela eskoletan euskara
lantzeko. Garai horretan hasi nintzen agertzen, Xori Kantari
eta beste pedagogia lanak egiten.
- Alta Bankan euskaraz ari zinen zure gurasoekin. Ez erdi euskara erdi frantsesez. Lehen hizkuntza euskara genuen, baina ikasketak egiteko kanpora joaten ginenak beti frantsesez ari ginen gure artean. Nik ezagutu dudana ezagutu bazenu eta orain ikusten dudana harrituta nago. Euskarak garai horretan ez zuen deus balio. Nehor ez zen euskaraz okupatzen. Mintzatzen zuten horrela zelako, baina karrikan haurrek ez zuten mintzatzen edo jakiten.
-
Giro horretan, nola hartu zuten zure gurasoek zu euskaraz idaztea?
Ez nien deus erakusten familiari. Ez zekiten zer egiten nuen,
salbu Xori kantari agertu zelarik. Gero ikusi dute. Baina,
berant arte ez nien deus erran.
- Hala baina,
euskara hautatu duzu hizkuntza gisa zure idatziak egiteko
Ongi idazten nuen halta frantsesez ! Anitz ahalegintzen nintzen
euskaraz idazten nuelarik, eta berant arte ere sentimendu hori
ukan dut. Gaur egun, frantses eta euskarazko idatzi baten parean
nagoelarik frantsesa dut irakurriko lehenik, ez baitut euskararekin
aski usaia. Ez dut irakurtzen euskaraz, salbuespen batzuk salbu.
Ez dut sekulan jakin. Egin dudan guztia maitasunez edo gogoz edo
zortea izan dudalako egin ditut. Aitak izugarri euskara ona zuen.
Euskara onean ari ginen baina esate baterako euskaraz mintzatzen
baginen ere arrapostua frantsesez ematen genuen.
- Orain zure
lanak nolabait ezagupen bat lortu du, esate baterako Euskaltzaindiaren
saria eskuratu duzu...
Nire ospea Oskorritik heldu da. Nire gako guztia horretan dago.
Ordu arte nintzena nintzen eta ez naiz baitezpada aldatu, baina,
jendeen buruan irudi du zerbait aldatu dela.
- Nola bizi izan duzu Marie-Jeanne Kanta Zan Ikusgarria ikusi dudalarik izugarria atzeman dut. Egia erran horrelako ikusgarri batek ez nau ongi uzten. Gauza bera egun eta bihar. Bihar badu indar bat aitzinetik ez zuena, baina hori ez da egia. Ni Oskorri aitzin naiz gero izan naizen pertsona berdina.
- Bankako giroak ukan du zer egina zure lanean? Batere ez. Etxea egin genuelarik aitak ez zuen etorri nahi Uztaritzera, eta nik ere ez. Amak berriz nahi zuen. Egun batez erran zigun, zuek Bankan egon nahi baduzue ni banoa Uztaritzera eta beraz denak etorri ginen berarekin. Geroztik ez naiz sekulan Bankara itzuli. Ez nuen bihotzik hara joateko. Beharbada orain joango naiz. Familiarik ez genuen. Lau ahizpa ginen, bat galdua dugu eta euskara mintzatzen zuten denek. Baina eguneko euskara, ez dugu sekulan jakin ideia bat sakontzen euskaraz. Izugarri neke da guretako, eta ni askotan euskaraz idazten banuen ere, frantsesez pentsatzen nuen idazten nuena. Heldu zaidan lehen esaldia askotan euskaraz zen, eta horren bidez idatziaren erritmoa ematen zidan, baina, jarraitzerakoan euskara ez zen hain lasua. Nire idatzietan ikusten ahal da zer dudan euskaraz idatzia eta zer dudan frantsesez itzulia.

- Haritschelhar-en
tesia irakurri zenuen. Horrekin ikasi zenuen...
Orduan jakin dut bazegoela literatura bat, arauak bazirela bertsoak egiteko. Mekanika ezagutu dut. Ordu arte ez nekien deus. Hasi nintzelarik idazten ez nekien zer zen zuzena eta zer zen makurra. Eta ez dut aurkitu nehor zuzendu nauenik. Galdegin dut Chanoine Lafitte, Lassance edo beste batzuei, baina ez zidaten erantzunik eman. Horregatik, nire kaierak igortzen nituen Pariseko Euskal Etxera. Han zeuden Leizaola, Aita Xabanio eta Iparrondo, eta handik ukan dut erantzun bakarra. Hutsak egiten nituelarik zuzendu dizkidate eta berriz igorri. Izugarri uros naiz Leizaolaren gutun bat baitut eta oroitzen naiz erraten zidala erritmo anitz banuela eta beretako garrantzitsuena zela. Nire idazteko moldean hori da garrantzitsuena: bihotza eta erritmoa.
- Erran genezake hala ere, garai horri begira beti aitzinamenduarekin ibili zarela. Nire irudiko beti bost edo hamar urteko aitzinatuegia nintzen. Entsaiatu naiz ikus-entzuna zabaltzen eta nehork ez nau segitu. Paris Match agertu zituen garai batez garaiko argazki ederrenak eta diapositibetan eta hauek euskaraz ematen hasi nintzen. Irakasle batek erabili zituen bere klasearentzako, eta hor ohartu ziren nola euskararekin zerbait egiten ahal zen. Hori izan zen lehen urrats bat baina nehork ez du ekimen hau jarraitu. Gero eskolekin gauza bera gertatu da. Haize Garbiarendako erosten nituen Nathan guztiak eta horietan ipuinak hartzen nituen eta euskaraz itzultzen, baina goizegi zen. Orduan uste nuen ikus-entzuna zela aterabidea. Denboraren buruan ohartu naiz ez zela garrantzitsuena, zeren audiobisuala pasatzen da, idatzia berriz gelditzen da eskoletan lan egiterakoan. Baina orain buru eta belarri daude ikus-entzunarekin.
Marie
Jeanne Minaberry, "Andereño",
"Atalki", ipuin kontalaria, kazetaria
eta euskaltzain ohorezkoa.
Bankan, Baigorrin, 1926ko irailaren 26an
jaioa. Bankan, herriko idazkari. Saint Louis
ikastetxean irakasle. Basque Eclair egunkariaren
idazkari. 28 urte zituela hasten da idazten.
Herria, Gure Herria, Almanaka, Pan- Pin agerkarietan
argitaratu ditu idazlan gehienak. Hainbat poesia
sarien irabazle izan da. Hasieran olerki batzuk
eman zituen argitara, baina, batez ere, haurrentzako
antzerki lanak idatzi ditu. Horietako batzuen
izenburuak dira: Mokhor bat eta mokhor bi
(1965), Begietakoa, Joanez Zirtzil, Manexen
nahigabeak, Auzitegian, Marilkitaren otoitza,
Eri haundia, Abereen eguberri eta Eñaut
eta sagutxo. 1983an, antzerki lan batzuk
bildu, eta argitara eman zituen Haur Antzerkia
bilduman. Irratirako ere lan egin du eta
hiru LP ere atera ditu. Euskal Herriaren Eguberri,
Agur María, Anjelus eta Kanta zan, Marijan(Cd-a).
"Haize garbia" taldearekin bat bi hiztegietan
eta gramatika batean egiten du lan. Euskarara
itzultzen du Ion Oñatibiaren Euskara
Irrati bidez eta baita Manuel Lekuonaren
Xuri eta Gorri eta Kikirriki.1982an Toribio
Altzaga saria irabazten du, Haur Antzerki
obrarekin eta 1993an Antzerkia Ikastetxean
idazten du. Euskaltzain ohorezko izendatu
zuten 1998ko apirilaren 24an. Ustaritzen Atalkiena
etxean bizi da.
|
|
|
Ainize Butron
Argazkiak: Egilearenak
-
Euskonews & Media 189.zbk (2002 / 11 / 22-29) |