Lehenengo pausoak
Eusko Ikaskuntzaren EUSKOMEDIA Fundazioa otsailean hasi zen bere lehenengo pausoak ematen, erakunde honetako Batzorde Akademikoak 2000ko irailaren 22an eginiko bileran bere sorrerari onarpena eman ostean.
Eusko
Ikaskuntzako Mediatekak 1997az geroztik egin duen lana biltzen
eta etorkizunera bideratzen ari da EUSKOMEDIA.
Bere helburu nagusia, Eusko Ikaskuntzak zein hirugarrenek zientzia edo kulturari buruz prestaturiko azterlanak bitarteko telematikoen bidez zabaltzea da, euskal kultura eta gizartearekiko interesa duen orok eskura izan ditzan eduki hauek.
EUSKOMEDIAko zuzendaritza, Juan José Goiriena de Gandariasek, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, zuzenduriko Patronatu baten esku dago, eta bertako idazkaria Eusko Ikaskuntzako berbera da. Gainerako kideak Eusko Ikaskuntzak berak izendatu ditu.
Fundazio honen bidez, Eusko Ikaskuntzak bere zenbait egitasmoren hedadura eta konplexutasunari egokitzen zaion plataforma teknologiko bat sortu du. Egitasmo horien artean, Auñamendi Entziklopedia eguneratu eta sarean sartzeko lanak aipa ditzakegu, Eusko Jaurlaritza, BBK, Kutxa eta Vital kutxen laguntza jaso duena.
Zer kontsulta daiteke gaur egun Interneten
EUSKOMEDIA Fundazioaren espezializazioa, edukiak katalogatzea,
digitalizatzea eta Internet bidez hedatzea da. Arantza Cuestaren
zuzendaritzapean diharduen profesional talde honek urteak daramatza
esparru hauetan lan egiten, eta EUSKOMEDIA
On-Line Informazio Zerbitzuari euskal kulturari buruz egindako
kontsulta orori erantzuna emateko gai den Web azpiegitura sendo
bat prestatu izanak lan talde hau erabat kontsolidatu dela ematen
du aditzera.
Sistema
Informatikoak bilaketak egiteko erabiltzen duen programa berriak
fondoen edukia aztertzeko aukera ugari eskaintzen dizkio erabiltzaileari:
fondo jakin bat aztertzea, fondo batzuk batera aztertzea edota
fondo guztiak batera aztertzea (testua, irudia eta doinua). On-line
multimedia zerbitzu guztiz osatua da beraz Eusko Ikaskuntzak bere
kultur ekoizpenean interesatuta daudenen esku ipintzen duen hau.
Hori horrela, gaur egun Interneten euskal kulturari buruz dagoen datu baserik zabalena da gurea, eta doakoa gainera. Hona bere edukia:
Bernardo Estornés Lasa Fondoa (Auñamendi Entziklopedia).
Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco-ren lehen
berrogeita hamar liburukiei dagozkien bertsio digitala (30.000
orri jasotzen ditu) sarean da dagoeneko. Bere testu eta irudiak
eguneratzen ari gara.
Eusko Ikaskuntzaren argitalpen fondoa. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko
Aldizkaria (RIEV) 1907an lehenengoz argitaratu zenetik gaur arte
Eusko Ikaskuntzak kaleratu dituen bildumetan jasotako 4.000 artikulu
baino gehiagoren analitikak biltzen dira hemen. Arte Plastiko
eta Monumentalen Saileko Ondare Koadernoaren bilduma osatzen duten
259 artikuluak oso-osorik irakur daitezke.
Bibliografiak.
Informazio sistemak datu base bibliografiko zabal bat eskaintzen
du, Eusko Ikaskuntzaren bostehun argitalpen seriatutik gora biltzen
dituena. Guztira 7.054 erreferentzia ditu 1569 eta 2001 urteak
bitarteko 3.000 autore ingururi buruz, eta gaika dauka sailkatuta
(antropologia, etnografia eta etnologia, artea, historia eta abar).
Dokumentu fondoak. Manuel de Irujo Ollo (6.880 dokumentu),
Ángel de Apraiz (2.240) eta Manuel Lekuona (5.650), euskal
kulturaren munduko hiru gizon entzutetsu hauei buruzko Fondoak
guztiz erabilgarriak dira, beren esperientzia eta kezken bidez
gure herriaren historia ezagutu ahal izateko.
Multimedia galeria. Guztira ia 60.000 dira Eusko Ikaskuntzako Argazkien
Artxiboko Antzinako Fondoko eta Bernardo Estornés Lasaren
Fondoko argazki eta grafikoak. Multimedia galeriak, gainera, hainbat
gairi buruzko audio, irratsaio (190 bat ordu), bideo eta animazio
ere jasotzen ditu.
Euskonews & Media. Eusko Ikaskuntzak 1998az geroztik euskal zientzia
eta kulturari buruz argitaratzen duen astekari elektronikoa dugu
Euskonews & Media. Bertako artikulu, elkarrizketa, irratsaio,
Art-Aretoa (artearen areto birtuala), Euskal Artisautza eta gainerako
atal guztiak ikus daitezke.
Euskal kultura prentsan 1900-75. Atal honetan, 1900 eta 1975 urteen
artean Euskal Herriko, Nafarroako eta Akitaniako 19 aldizkaritan
sorkuntza eta jarduera kulturalari buruz jasotako 52.927 erreferentzia
biltzen dira.
Euskal Kantutegia. Euskal Kantutegiko 5.000 partitura daude digitalizatuta,
eta erabiltzaileak datu basean abesti hauetako bakoitzari buruz
jasota dauden argibideak ikusteko, partitura irakurtzeko nahiz
melodia entzuteko aukera dauka. 
Jaien egutegia. Euskal Herriko herri eta hirietako jaien
egutegia da, urte guztian zehar dauden ospakizun, azoka, errito
eta abarren berri ematen duena.
EUSKOMEDIA Fundazioak epe ertainera Interneten bere Bildumetako testu guztiak ipintzeko asmoa dauka. Ondare aldizkariarekin ekin diogu lan honi.
Beren garrantzia dela-eta, honakoak azpimarratuko genituzke:
- Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak (I-XIV)
- Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria (RIEV) (1907-1998)
- Euskal Herriko Erdi Aroko Iturri Dokumentalak (1-92)
- Eusko Ikaskuntzaren Lan Sailetako Koadernoak.
Azkenik, aipatu beharra dago EUSKOMEDIA Fundazioa, orain arte azalduriko ekimenez gain gain, Eusko Ikaskuntzaren Web Instituzionala mantendu eta eguneratzeaz ere arduratzen dela.
SARETEKeko kide
Eusko Ikaskuntzaren EUSKOMEDIA Fundazioa, SARETEK teknologia eta berrikuntzen euskal sareko kidea da, Erdi Mailako Berrikuntza Erakunde moduan.
Horri esker, Informazioaren Gizartean Euskadi Planeko hainbat egitasmotan parte hartzeko aukera izango du, eta baita beste hainbat instantzia batzuetan ere, Europar Batasunekoetan adibidez.
Amaitzeko, Eusko Ikaskuntzak ekimen garrantzitsu honen bidez mundu osoari ateak zabaldu izanagatik zorionak ematea baino ez zaigu gelditzen, formato digitalaren bidez bere edukietan barneratzeko aukera luzatzeagatik. Kontuan izan behar dugu erakunde hau izan zela Interneten presente egoten Euskal Herriko lehen kultur erakundea. 1995ean mundu birtualean sartzerakoan urratu zuen bide berri hartan aurrera eginez, kontsolidatzera iritsi dela erakusten digu egindako guztiak.
José
Ignacio Garcia Ramos, EUSKOMEDIA
Fundazioaren Patronatuko kidea |