|
Udazkena
etorri berri zaigula, urriko egun hauetan, hegazti migratzaileen
fenomeno ikusgarria beha dezakegu. Antonio Bea adituak modu
atsegin eta sakonez eman digu guzti honen berri. |
-Zein da Euskal
Herrian usoak ehizatzearen jatorria? Euskal Herria leku
aparta da hegaztiak migratzeko, eta usoentzat bereziki. Udazkenean,
Europako iparralde eta erdialdeko espezie eta hegazti askok hegoalderantz
jotzen dute (Iberiar penintsulara eta Afrikara). Elurtuta egoten
diren leku hotz horiek atzean uzten dituzte leku egokiagotara
jotzen dute, elikagaiak aurki ditzaketelako eta klima erosoagoa
delako. Migrazioa sortzetiko fenomenoa da hegaztiengan, horrela
erreakzionatzen dute. Usoek, hegoalderantz jotzean,
Pirinioetako mendikatea zeharkatu behar izaten dute. Piriniotan,
garai honetan, hego haizeak hodei asko pilatzen ditu, ikuspena
murriztu egiten zaielarik. Orduan, kostaldea eta leku baxuagoak
nahiago izaten dituzte, eguraldi hobearen bila. Horregatik da
leku hau ehizarako hain aproposa, inguru honetan gertuago pasatzen
direlako eta erraz ikus daitezkeelako. Gure lurretan usoa betidanik
asko ikusi izan da udazkenean. Ohitura hau aspaldikoa da, badira
1800 inguruko ehiza agiri batzuk, usoak postu finkoetatik edo
sareen bidez harrapatzen zirela diotenak.

-Zein espezieri
buruz mintzo zara zehazki? Batez ere pagausoari
buruz. Geroz eta ugariagoa da, bai kokapenaren aldetik, bai dentsitatearen
aldetik. Pagausoak dira migratzerakoan distantziarik luzeena zeharkatzen
dutenak. Beste basaespezie bat txoloma dugu, ez hain ugaria eta
nahiko sentikorra dena. Gaur egun, txolomei buruzko azterketak
martxan dira.
-Zein ingurunetan
bizi dira pagausoak? Zuhaiztietan, basoetan.
Bitxikeria bezala esango nuke pagauso batzuk hirietarantz joaten
ari direla, baina ez etxe-auzoetara; parke handietara, urbanizazio
zabaletara, zuhaiztietara, etab. Orain dela urte batzuk Londresen
gertatzen zena, orain Madrilen ere nabarmena da. Donostiako Amara
auzoan ikus daitezke pare bat bikote.
Adar
txikiez baliatuz, habiak egiten dituzte, nahiko handiak gainera.
Bi errunaldi izaten dituzte eta batzuetan hiru, eguraldiaren arabera.
Udaberri amaieran hasten dira (maiatzean edo ekainean) eta irailean
amaitzen dute. Bai pagausoek eta baita txolomek,
belarra, fruituak, ilarrak, artoa eta haziak jaten dituzte. Leku
batzuetan laborantza lurretan ekin eta ekin ibiltzen dira, baina
oso gutxitan gertatzen da hori. Beren harrapariak belatz handiak
izaten dira: ehunka metroko altuera hartzen dute eta usoaren aurka
jotzerako momentuan 300 km/o abiadura hartzen dute. Ikusgarria
da zein azkar egiten duen hegan usoa dagoen lekurantz. Abiadura
horretan, usoari kolpe bat ematearekin, berehala botatzen du lurrera.
Haragijale batzuek ere usoak jaten dituzte, hala nola lepahoriek,
katajinetek, lepazuriek, etab.
-Zein da kaleetan
ikusten dugun espeziea? Etxeko usoa. Espezie
honek ez du migratzen, sedentarioa da. Batek daki guztira zenbat
egongo diren. Arazo handiak ekartzen dituzte, beren kakak, azidoak
izatean, kalte handiak sortzen dituztelako eraikinetan, monumentuetan
eta zuhaitzetan. Gainera, parasito asko izaten dituzte eta gaixotasunak
zabal ditzakete.
-Handitzen
al doa etxeko usoen populaketa? Bai, gero eta gehiago
daude. Jendeak jaten ematen die, hori egitea ondo balego bezala,
baina ez dira konturatzen horrek arazoak ekartzen dituela. Usoek
hirietan aterpeak dauzkate eta baldintza klimatiko ez oso gogorrak,
ondorioz, ikaragarri ugaldu dira. Horregatik, hiri gehienetan
usoak kontrolatzeko planak prestatu dituzte.
 |
Etxeko
usoa.
Argazkia: http://mamba.bio.uci.edu/~pjbryant/biodiv/birds/
columbiformes/columbiformes.htm |
-Nola bereiz
genitzake pagausoak eta etxeko usoak?
Pagausoak
sendoagoak dira, handiagoak. 500 bat gramo pisatzen dute. Paparra
gorrixka daukate, hegaletan marra zuri bat eta lepoan orban zuri
batzuk. Etxeko usoa grisa edo beltza izaten da.
-Zertan datza
migrazioa?
Migrazioa
herrialde eskandinaviar eta baltikoetan hasten da, urrian eta
batzuetan irailean. Usoak talde txikitan biltzen joaten dira,
gero eta talde ugariagotan, eta pixkanaka hegoalderantz zuzentzen
dira. Beren ezaugarrietako bat gregarismoa da. Horrela, une jakin
batean, multzo handietan biltzen dira eta ia gelditu gabe, egunak
eta egunak ematen dituzte hegan. Egun bakar batean 800 km egin
ditzakete! Iberiar penintsulara milioika uso etortzen dira, talde
handitan. Hegazti migratzaileak Ipar eta Erdialdeko Europan zehar
egoten dira, eta negua iristean migratu egiten dute. Finlandiatik
ere etortzen dira. Migrazioko ibilbide nagusia
Bizkaiko Golkotik gertu igarotzen da, kostaren eta Pirinio Zentralen
artean, Frantzia iparraldetik zeharkatzen duena.
Pasea egunero izaten da. Usoak 200.000
edo 300.000 inguruko talde txikitan igarotzen dira. Gehienak,
bizpahiru egunetan igarotzen dira; egun horietan, 700.000 eta
1.000.000 uso bitartean igaro daitezkeelarik.
-Nola kalkulatzen
duzue zenbat uso igarotzen den? Hilean bi milioi uso
baino gehiago igarotzen direla esaten dugunean, estimazio baten
emaitza da. Akatserako portzentaia bat egoten da, baina esperientziaz
baliaturik, murriztuz doa. Migrazioa, Irati eta Urruña
bitartean kokatuta dauden 5 lekuren bitartez kontrolatzen dugu.
Badira 30 edo 50 km-ko korridore antzeko batzuk, pasatzeko aproposak
direnak eta hortxe atzematen ditugu bandoak. Behaketarako postu
bakoitzean bi behatzaile egoten dira urriko lehen astetik aurrera,
egunero, eguna argitu baino lehenagotik eguzkia sartu arte. Estimazio-metodo
ezberdinak erabiltzen dituzte, taldeen tamainaren arabera: 200
uso baino gutxiago igarotzen badira, guztiak kontatzen dituzte;
gehiago igarotzen badira, sektoreka banatzen dira, orduan sektore
batekoak ondo kontatu, eta sektore kopuruagatik biderkatzen dute.
Bandoa luzea denean, denboraz neurtzen dute, kronometro batekin.
Trebakuntza handia daukaten behatzaileek, begi kolpe batez zehatz
dezakete zenbat uso ari diren igarotzen. Dena den, beti da komenigarria
estimazio kalkulua egitea. Bost postu hauetan, egunero, fitxak
betetzen dituzte: ordutegia, bandoen noranzkoa eta uso kopurua
zehaztuz.

-Noren edo
zein instituzioren ekimenez egiten dira zenbaketa hauek? Frantsesek 30 bat urte
daramatzate gai hau aztertzen, espezie zinegetiko bat delako.
Han ehiztarien federazioak arduratzen dira usataldeen bilakaeraren
jarraipena egiteaz. Ehizatzeko tradizio handia daukatenez, haiek
dira programa hau zuzentzen dutenak. Iratin hasi zituzten azterketak,
urtetik urtera egoera ezertan aldatzen ote zen ikusteko, egonkor
jarraitzen al zuten jakiteko. Hogei urteren buruan, Iratitik lehen
baino uso gutxiago igarotzen zirela antzeman zuten. Kostalderantz,
mendebalderantz lekualdatzen ari zirenaren hipotesiak indarra
hartu zuen orduan. Ehiza federazioak zirela medio migrazioa kontrolatzeko
postu gehiago ipintzea erabaki zen. Hiru urte daramatzagu zenbaketa
bost posturen bidez egiten eta horrela hobeto egiten da. Kopuruaren
aldetik egonkor mantentzen direla ikusi da eta, zenbait urtetan,
paseko ardatza aldatu egin daitekeela ere.
-Nora joaten
dira migratutakoan? Migratu ondoren, azaroaren
erdialdetik otsailaren bukaerara arte, negualdia etortzen da.
Negualdian bi lekutan biltzen dira: Frantziako hegomendebaldean
eta Iberiar penintsulako hegomendebaldean (Espainian eta Portugalen,
Extremaduran eta Setubalen). Penintsularaino migratzen dutenak
Setubalgo kostaraino iristen dira. Hango etzalekuan 1.500.000
uso biltzen dira. Itsasoa zeharkatzea ez dute gustuko, bere bidaia
lurra azpian dutela egiten dute. Askotan, ilunabarraren bila dabiltzala
dirudi. Duela 10 edo 12 urte, Frantziako
hegomendebaldean gelditzen hasi ziren. 500.000 uso inguruk Landetan
ematen zuten negua, han pinudi handiak eta arto zelai asko daudelako,
baina orain dela bost urte leku berriak kolonizatzen hasi dira,
Pau inguruko baso txikiak. Gaur egun milioi bat inguruk ematen
dute hor negua. Bikoiztu egin da kopurua.
Gero, otsailaren bukaeran, beren jatorrirako
hegaldatzea hasten da. "Filopatria" da animalia bat
ugaltzeko bere jaioterrira itzultzeko duen joera. Ia denak itzultzen
dira; uso berdina behin baino gehiagotan itzul daiteke, lauzpabost
urte bizitzen direlako. Baina ez da ikasi egiten dutelako, genetikagatik
baizik.

-Nola heltzen
diezue negualdiari buruzko azterketei? Usataldeen egoera eta
beren bilakaera aztertzeko, konturatu ginen ez zela nahikoa migrazioari
erreparatzea. Orduan, negua penintsulan edo Afrikako iparraldean
nola igaro zezaketen pentsatzen hasi ginen, ez geneukalako oso
garbi usoak neguan non egoten ziren. Euskadiko Ehiza Federazioekin
lanean hasi eta duela bost urte mugaren bi aldeetako federazioen
artean lankidetza hitzarmenak sinatzeari ekin genion, fenomenoa
bere osotasunean aztertzeko. Interes berdinak dauzkagunez (taldeak
ezagutzea, beren aprobetxamendu zinegetikoa ezagutzea, jarduera
kultural zinegetikoa mantentzea...), elkarrekin lan egin dezakegu.
-Zer da Basanimaliak
Aztertzeko Nazioarteko Ikerketa Taldea (GIIFS)? Basanimaliak Aztertzeko
Nazioarteko Ikerketa Taldea (GIIFS)2000ko otsailean eratu
zen Bordelen. Bere baitan, Akitaniako Ehizarako Eskualdeko Kontseilua,
Midi Pyrénéetako Ehizarako Eskualdeko Kontseilua
eta Euskadiko Ehiza Federazioak biltzen ditu. Batik bat espezie
migratorio zinegetikoak (pagausoa, txoloma, galeperra eta birigarroa)
aztertzeko helburuarekin eratu zen, nazioarte mailako kudeaketa
hobetu ahal izateko eta, aldi berean, ehizatzeko modu tradizionalak
defendatzeko. GIIFSen asmoa ahalik eta informazio osatuena helaraztea
da eta usataldeen joerak ezagutzeko informazio fidagarria bildu
daitekeela adieraztea.
 |
Pagausoa
(Columba palumbus).
Argazkia: http://users.pandora.be/gunther.groenez/houtduif.jpg
|
-Zein azterketa
gauzatu dituzue? Gehien aztertu den
espeziea pagausoa da, duela 25 hasi zirelako aztertzen. Orain,
lanak laburtzeko eta populazioak kudeatzeko programen ondorioak
aztertzeko garaia da.Hasiak gara beste espezie batzuk aztertzen:
usapalak (Espeziea kudeatzeko Plan Europar eta Iparrafrikarra),
galeperra (herrialde askoren arteko plan handizale bat), antzarak
(2 eremutan: Zamoran eta Doñanan). Antzarei emisore batzuk
ipintzen ari gara, satelite bidez jarraipena egin ahal izateko,
migratzerakoan zein bide hartzen duten eta negualdian nola jokatzen
duten jakiteko. Iaz birigarro taldeen datuak eguneratzeko azterlan
bat egiten hasi ginen. Honen guztiaren gaineko informazioa bilduko
duen argitalpena kaleratuko dugu aurki. Pagausoari dagokionez, alde
batetik banaketa parametroa erabiltzen ari gara, eta ikusi dugunez,
gero eta eskualde gehiagotan jartzen du habia. Dirudienez, aldaketa
klimatikoak horretan eragina du. Beste alde batetik, dentsitatea
daukagu. Populazioak zenbatzen hasi ginen: lehenengo migratorioak
eta populazio ugalkorren zenbaketa etorriko da..
-Beraz, etorkizun
oparoa espero duzu espezieen azterketa eta kudeaketari dagokionez... Bai, oso emaitza onak
eman dituelako. Hainbat herrialdek, mugen bi aldetan ibiltzen
diren espezieei buruz aztertze proposamenak luzatu dizkiegunean,
oso erantzun ona eman dute. Prest daude laguntzeko. Orain arte,
estatu bakoitzak kudeatu du arazoa, nahiz eta mugaz bestalde arazo
berdina izan. Egitasmo honek aurrera egin du hain zuzen ere mugaren
bi aldeak hartzen dituelako kontuan. Duela bi urte usoaren azterketa
genetiko bat egin genuen eta oso emaitza onak eskuratu genituen.
Ehizaldietarako
irizpide batzuk ezarri nahi ditugu, kudeaketa egitasmo bat prestatu.
Frantzian sareak arautu zituzten, eta Portugalen ehiztari bakoitzeko
harrapaturiko uso kopurua. Gaur egun, lehen ez bezala,
informazio zabala daukagunez, espeziea ezagutu eta modu jasangarri
batean kudeatu ahal izateko formulak dauzkagu. Jasangarritasunera
jotzea ezinbestekoa dugu. Urteren batean usoen kopurua jaitsi
egiten baldin bada, informazio horri esker presioa txikitu egin
dezakegu. Hau ez da utopia bat; gaur egun beste espezie batzuekin
ere aplikatzen da, arrantzategietan adibidez, bizilagunen artean
haserre asko eragiten baditu ere!
-Ehizaren alde
daudenek espezie jakin bat ehizatzen dela diote, pagausoa alegia
(Columba palumbus); uso honek ez duela jarraipen arazorik eta
ez direla neurriz handi batean ehizatzen. Bestalde, debekua mantentzearen
alde agertzen diren iritzi tekniko eta biologikoak ditugu. Zer
diozu zuk honen inguruan? Iritzi asko datu gutxitan
oinarrituz edota inolako daturik izan gabe eman dira. Espezie
baten joera eta kudeaketari buruz nolako araudia prestatu behar
den jakiteko (periodoak, harrapaketak, etab.), beharrezkoa da
informazioa izatea. Modu orokorrean hitz egitea ez daegokiena.
Espezie zinegetikoak kudeatzen direnean (orkatza, oreina, basurdea),
erroldak egiten dira, jarraipen bat egiten zaie. Azken lau urteotan,
usoen kopuruak gora egin du. Dezente daude, negutarrak eta egonkorrak
dira.
 |
Pagausoa
(Columba palumbus).
Argazkia: http://www.birdguides.com/
|
-Usoak bakearen
sinbolo dira, gure irudimenean ditugu... Izan al da inoiz uso
mezularirik? Bai, hain zuzen ere
usoek beren jatorrizko lurraldera itzultzeko joera dutelako. Hori
eraztunak ipintzen froga daiteke. Oso gutxi dira bidean galdu
egiten direnak edota jatorri puntu zehatzera itzultzen ez diren
usoak. Historian zehar askotan erabili izan dira mota honetako
usoak. Gaur egun badira hau egiten duten elkarte usozale garrantzitsu
batzuk, oso tradizio luzea dutenak, eta uso batzuek oso puntuazio
altua lortzen dute.
Antonio
Bea (Ordizia, 1954)
Biologia
ikasi zuen, lehendabizi Leonen eta gero Bartzelonan,
eta azken honetan zoologian espezializatu zen.
Horretan aritu zen lanean, Bartzelonan aurrena,
Unibertsitateko zoologia sailean, eta gero Donostian,
Arantzadi Zientzia Elkartean, ornodunak aztertzen.
Anfibio eta narrastietan espezialista da eta
sugegorriei buruz egin zuen tesia. Lan ildo
berriak bilatu nahian eta ikerketa hainbat urtez
alboratuz, Ekos elkartea sortu zuen,
besteak beste ornodunen (hots, anfibio, narrasti,
ugaztun eta hegaztien) ekologia aztertzeko.
90eko hamarkadan, usoari buruzko azterketak
egiten hogei urte zeramatzaten ikertzaile frantses
batzuk berarekin jarri ziren harremanetan, eta
horrela Estatu mailan usoari buruzko lanak egiten
hasi zen. EAEko ornodunen atlasaren koordinatzailea
izan da, eta baita EAEko espezie ornodun mehatxatuen
katalogoaren koordinatzaile eta zuzendaria ere.
Bestalde, espezie zinegetiko zein mehatxatuak
kudeatzeko hainbat plan prestatu ditu. Gainera,
Eusko Ikaskuntzako kide da.
|
|
|
Argazkiak:
Usoa Otaño Unzurrunzaga
-
Euskonews & Media 184.zbk
(2002 / 10 / 18-25)
|