|
Donostiako
Zinemaldiak erabateko protagonismoa hartuko du hirian irailaren
bigarren hamabostaldian. Komunikabideek, bereziki, gure ingurukoek,
badute zer azpimarratu lehen orrialdeetan, zein gairekin hasi
albiste emanaldiak, zerekin bete "magazin" moduko saioak.
Hirian bertan ere, nabaria da Zinemaldiaren presentzia: Kursaal
inguruan zabaltzen diren afitxe iragartzaileetatik hasita, Alde
Zaharreko tabernetan nahiz hiriko beste lekuetako terrazetan mugitzen
den kolore eta hizkera anitzeko jende multzoraino.

Baina, turismoren
aldetik ikusita, ba al du eraginik Zinemaldiak gure hiri eta lurraldeko
jarduera turistikoan? Horrelako jarduerak izan dezakeen eragin
kulturalez gain (inor gutxik zalantzan jarri ezin dezakeena) onura
ekonomikorik ba al dakar ingururako? Hauexek dira, batek baino
gehiagok bere buruari eta publikoki zabaldutako galderak. Eta
erantzunak ematekotan, intuizioarekin baino datu zehatzekin egin
behar denez, honez gero hasita dago lan eskerga eta sakona, Donostian
kokatzen diren "kultura aldi" nagusienak (Jazzaldia,
Zinemaldia, Hamabostaldia…) gehi Kursaalak eta Convention Bureauk
horrelako emanaldiek hirian eta lurraldean duten eragina (alde
guztietakoa) aztertzeko eta ondorioak atera ditzagun.
Lana, beraz, bidean
dago eta emaitzak eskuartean izan arte, ezin zorroztasunez hitz
egin. Baina badira datu batzuk, Zinemaldiak lehen begirada batean
antzeman daitekeena baino ondorio probetxagarriagoak dakartzala
azpimarratzen dutenak.

Izan ere, bere mugak
gainditzen dituen edozein jarduerak badu neurgaitza den eragin
bat: irudiarena. Neurgaitza, kasu honetan, izugarrizko lana eskatuko
lukeelako idatzizko komunikabideetan (egunkari, aldizkari eta
abarrekoetan) nahiz ikus-entzunezkoetan eta elektronikoetan agertzen
diren orrialde eta saioak zenbatzea eta dirutan, publizitate gisa
aginduta eta ordainduta izan balira, guzti horiek suposatuko zuten
diru kopurua zehaztea. Baina neurgaitza ere bai, gehienetan, eta
azken urteotan ia beti, aldeko irudi positiboaren usaina dakartelako
albiste, erreportajea eta saio guzti horiek. Eta kanpora helarazten
den albiste onaren gose gauden honetan, neurtu ezina eta eskergaitza
da hainbeste lekutan eta hainbeste aldiz gutaz ondo jardutea.
Ez dugulako ahaztu behar Zinemaldiak izen bat daramalako beti
aurretik ala atzetik eta horren aipamena egiten den guztietan,
Donostia hitza eta hiria ere, azaltzen dela. Eta hain errotuta
dago eta hain uztartuta bata bestearekin, zenbaitetan, gero eta
maizago esango nuke, hiriak eta festibalak bat egiten dutela,
zenbait egunetan zehar Donostia esatearekin batera, zinea, artistak,
izarrak datozkigu burura edo guretzat onuragarriagoa dena, zinea,
artistak, izarrak eta abarrak komunikabideetan lehentasuna hartzean
Donostia agertzen da fondo gisa, izen propioen abizena bailitzan.

Datu faltan gaudela
esan dugu lehenago. Nahikoa daturik ez dagoela eta benetako eragina
zein den ezartzea, irudi orokorrarena ez bada, zaila. Baina datu
zehatz hauek ez baditugu ere, hausnartu genezake, han eta hemen
begiratuta, bati eta besteari entzunda, Zinemaldiak hiriaren eguneroko
bizitza eraldatzearekin batera etekin zuzena uzten duela bertan
ekoizten dugun hiritarren artean. Izan ere, gure hiriko hotel
eta ostatuen betetze maila irailean zehar, uztaila eta abuztukora
iritsi gabe ez dabil oso urruti, batez ere, bigarren hamabostaldian
suertatzen den betekadaren ondorioz. Eta ez bakarrik, garai batean
gertatzen zen bezala, Zinemaldiak berak bere gonbidatuekin logela
gehienak betetzen zituelako. Izan ere, eta hau ere bada aldeko
efektuen zerrendan gaineratzeko modukoa osagarri bat, gero eta
gehiago dira, industria, komunikabide nahiz bestelako profesionalak,
gonbidapenik gabe beren kasa eta bere edo beren enpresetako poltsikotik
ordainduta Donostiaraino hurbiltzen direnak. Zinemaldi honen erakartasun
zabaltzearen eredu.
Giza
uholde hau, azken euriteen antzera, leku guztietara iristen da.
Lehenik eta behin, hotel eta bestelako ostatuetara. Segidan, bazkari
eta afari legea egin behar denez, ostalaritzak igartzen du mundu
guztiko euri jasa honen onurak. Eta hemendik aurrera, irudi ezinezko
eremu zabal batera hedatzen dira giza jarduera hauen ondorioak:
garraio publikoa, parkingak, era guztietako dendak eta hiruzpalau
mila lagunek 10 egunetako kontsumitzeko gai diren produktuak,
ekoizle eta banatzaileen pozaldirako. Datu zehatza inoiz ez da
jakitera eman (ezta emango ere) baina ahopeko esamesek ziotena
egia baldin bada, Zinemaldiaren babesle batek gau bakar bateko
festan hiriak Zinemaldirako jartzen duen diru kopuru adinako kantitatea
gastatzen zuen hirian bertan. Inoiz imajinatzerik ba al dago inbertsio
baten itzulera hain azkar eta garbia? Finantzen mundura eramanez
gero, ez al litzateke diru mugimendu hau izango Wall Streeteko
brokerik ausarta eta finenaren gauzatu ezineko amets beroena?
Analisi
hotzaren ondorioak dira hemen aipatzen direnak, hotzegiak, segur
aski. Ez dugulako ahaztu behar Zinemaldia askoz gehiago ere badela.
Besteak beste, eta guzti hauen aurretik, jarduera kulturala. Segur
aski, gure inguruan ospatzen den handienetariko bat. Kulturala,
zinea kultura delako, baina baita ere, honen inguruan kulturaren
arlo ezberdinetako osagarriak eta egileak biltzen direlako, beren
lanak eta obrak erakutsiz. Kulturala, zentzurik zabalenean, pentsamolde
ezberdinen topaleku bihurtzen delako. Eta hain hausnarketa eskasa
eta estua dagoen gaurko mundu honetan, beti ongietorriak dira
gure txirotasun ideologikoa hausten duen edozein zirrara. Eta
hau bezala, beste hamaika ekarpen azpimarratu genezake "-aldi"
honetaz.
Baina
lerro hauetan azpimarratu nahi izan dut askotan bigarren maila
batean ezkutatzen den elementu bat, garrantzizkoa izan arren,
ikusi nahi ez dena, hotza eta merkantilistegia denez, mesprezatzera
ere eraman duena. Izan ere, orain 50 urte gaur egun omentzen diren
Donostiako merkatal gizon batzuk bururatu eta gauzatu zuten asmo
honen atzean zegoen helburua berriro gogora ekartzea da: udaldia,
ekonomiaren aldetik ikusita, luzatzea eta "abuztu" hori
beste hilabete batez mantentzea. Zinemaldia, agur egun, nazioarte
mailako gertaera kultural eta mediatikoa da, zinegintza mundialerako
erreferentzia, zinezaleentzako sekulako abagunea lortezineko filmak
gozatzeko eta kuriosoentzat liluratzen dituzten komunikabide horiko
pertsonaia ospetsu eta erakargarri gertutik ikusteko, ukitu eta
autografoak lortu ahal izateko. Baina ez dezagun ahaztu gure hiri,
lurralde eta komunitaterako diru iturria ere badela, ur gardeneko
iturrien antzera, gure indar guztiekin zaindu behar duguna
Manu Narváez, Donostiako Kultur
eta Turismo Ekintzetxeko zuzendaria
Argazkiak: http://www.sansebastianturismo.com
www.filmfestivals.com/.../sandebastian_2000/ pix/kursaal.jpg |