|
Theo
Van Doesburg-ek, Walter Gropius-ek, Le Corbusier-ek, hogeigarren,
hogeita hamargarren hamarkadetan Europan arkitektura modu diferentean
erabiltzeari ekin zioten. Gure artean arrazionalismotzat ezagutzen
dugun arkitektura honen garapena beranduago gertatu zen, eskuarki
hogeita hamar eta berrogeigarren hamarkadetan, Luis Vallejo, Juan
Madariaga, Joaquin Zarranz, Jose Manuel Aizpurua, Tomas Bilbao,
edo Pedro Guimonen eskutik. Arrazionalismoaren hasikinak, arkitektura
tradizionalaren nagusigoarekin egin zuen topo bai eraikuntzan
eta bai irakaskuntzan. Hala ere eta pixkanaka- pixkanaka, arkitektura
berria garaiko arkitektoen artean zabaltzen joan zen arrazionalismoarekin
bat egiten zuten eraikin, arkitektura berri honen aldeko hitzaldi
eta garaiko Arquitectura, A.C., La Gaceta Literaria
eta estatuko zein atzerriko beste zenbait aldizkarien lanari esker.
1928. urteko apirilean
Fernando García Mercadalek, Arkitektura Berriaren defendatzaile
eta hedatzaile garrantzitsuenetarikoa Espainian, arkitektura berri
honen inguruko inkesta bat egin zuen La Gaceta Literaria
Madrilgo aldizkarian. Bertan Secundino Zuazok, Bilboko arkitektoak,
arrazionalismoa eta etxebizitzaren arteko erlazioan ikusten zuen
arkitektura honen arrakasta, bereziki planteatzen zituen ekonomia
eta higienea zirela eta.
Estetikari dagokionez,
arkitektura berri honek dekoraziorik gabeko artikulazio plastikoa
proposatzen zuen. Egia da, ‘estetika ekonomiko’ honek batzutan
berebiziko garrantzia edo garrantzi bakarra zuela, eta maiz arrazionalismoa
masa eta bolumenen joko hutsa zela. Alabaina, arkitektura berriak
bazituen helburu ideologikoak, agian inozo eta irrigarriak, baina
garaiko beste arkitektura ideia ez bezala gizadiaren egoeraz arduratu
zen, eta gizakiak hobeto bizi zedin nahi zuen. Eta hala, etxeen
aireztapenaz, eguzkitapenaz eta espazioaren erabileraz arduratu
zen, alegia, espazioaren erabilera ekonomiko eta higienikoaz.
Bizi baldintza hauek zabaltzeko arrazionalismoak, etxebizitza
minimo edo masiboarekin erlazio zuten masa-produkzio, eta estandarizazioa
gogoan hartu zituen. Beti ere, hiri antolaketa berri baten baitan.
Bilbon 1932. urtean
arrazionalismoaren artikulazio plastikoa eta espazioaren erabilera
ekonomiko eta higienikoa jarraitzen dituzten zenbait etxebizitza
ekimen garatu ziren.
Primo de Riveraren
diktaduraren bukaeratik eta II. Errepublikako hasierako urteetan
etxebizitzen eraikuntza, jabego pribatuaren esku jarraitzen du.
Urte hauetan, 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioak nabariak dira:
langabezia izugarria da eta eraikuntza zeharo geldituta dago.
Horretaz gain, 1931ko erregimen politiko berriarekiko mesfidantzak
hainbat inbertsio gelditu zituen.
Etxeak onura bat
ateratzeko eraikitzen dira eta, garaiko egoera ekonomikoaren aurrean,
jabeak etekin handiena lortzeko zein etxe mota eraikitzea komeni
zaion galdetzen dio bere buruari.
Burgesiak bere behar
higieniko eta ekonomikoak asetzeko behiala eraiki zuen, eta oraindik
bete gabe dagoen, Abandoko zabalgunea utzi du eta komunikabideen
garapenari esker, itsasoaren ondoan eta Bilbotik hurbil dauden
Areeta, Neguri eta Algortara joan da bizitzera.
Burgesiak utzi duen
zabalgunean, etxebizitzak eraikitzen hasten dituzte klase ertainentzat.
Modu honetan, aurreko urteetan Espainiako Estatuak eraikin merkeak
bermatu nahian, Etxe Merkeen Legeen bitartez eman zituen dirulaguntzen
babesean eraiki ziren familiabakarreko etxebizitza eredua eta
erregionalismoaren inguruko estetika arkitektonikoa zokoratu;
eta kasu batzutan, estetikoki arrazionalismoarekin bat egiten
duten altuerazko etxebizitzak eraikitzen hasten dira.
Alabaina, langile
gutxi eta kualifikatu batzuek, etxe merkeen legeen onuretaz baliatuz,
erregionalismoaren ildoa darraien familiabakarreko etxebizitzak
eraikitzen jarraitzen dituzte Bilboren inguruetan.
Klase sozialen baxuen
etxe gabezia konpontzeko ekimenak ordea, aurreko urteetan bezain
gaitzesgarriak dira. Langile bakan batzuek bere etxe propioa eraikitzen
ausartzen badira ere, askotan etxea besteei berriz alokatu eta
etxe berean pilaturik bizi ziren. Gainera, zenbait pertsona teilape,
txabola edota estalpeetan bizi zen. Jose Manuel Aizpuruak Donostiako
arkitektoak La Gaceta Literarian idatzi zuen moduan: el
obrero español tiene derecho a vivir como viven los obreros
alemanes, franceses, americanos, etc.
 |
|
1. irudia |
Bilboko Udalak, indarrean
zegoen etxe merkeen politikatik aldenduz, 1932. urtean Deustuko
etxe desmuntagarriak eta Solokoetxeko udal etxebizitzak eraiki
zituenean, Aizpuruaren aldarrikapena eta Europako beste herrialdeetan
garatzen ari ziren ekimenak bereak egin zituen.
 |
|
2. irudia |
1932ko martxoan,
Luis Briñasek Bilboko Udalari ehun mila pezeta eman zizkion
udalak aterpea behar zutenentzako eraiki zezan. Udalak dirua etxe
desmuntagarrietan erabiltzea erabaki zuen, martxorako Pedro Ispizuak
udal arkitektoak, egin zuen etxeen diseinua. Enseñanza
Católica elkarte anonimoak urte betez utzi zituen Deustuko
geltokitik hurbil zituen lur sail batzuk etxeak bertan kokatzeko.
Nahiz eta proiektua
kontserbatu ez, estandarizazio eta serieko fabrikazioa praxian
jartzen duen Ispizuaren ideiak, Walter Gropius-ek berak 1932an
arrazoi berdinengatik egin zituen etxe desmuntagarrien proiektua
ekar dezake gogora. Udal arkitektoak egin zuen proiektuak G.A.T.E.P.A.C.-eko
(Grupo de Arquitectos y Técnicos Españoles para
el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) Ekialdeko
Taldeak hondartzarako egin zituen zurezko etxe desmuntagarrien
antza izan zatekeen [1.eta 2. irudiak].
Etxe desmuntagarriak
egiten ziren bitartean, 1932ko urtarrilean Bilboko Udalak antolatu
zuen Solokoetxeko udal etxebizitzen lehiaketa martxan zegoen.
Lehiaketaren helburua sostengua behar zuten klase sozialak pairatzen
ari zuen lan, eta etxebizitza ekonomikoen gabezia ahal zen neurrian
arintzea zen. Horretarako, Udaleko Etxebizitzen Juntak etxebizitza
arrazional bat eraiki nahi zuen, joera modernoen araberakoa:
al objeto
que cumpla una finalidad esencialmente social en su doble
aspecto técnico y sanitario, ya que en el mismo no
se persigue como principal objetivo un beneficio material
o afán de lucro, sino de dotar a Bilbao de viviendas
de tipo económico que reúnan las mayores condiciones
de higiene o comodidad.
Etxebizitzen
kokapena, udalak Solokoetxen zituen lursailetan zen, 1918an Ricardo
Bastidak, Casas Baratas de Bilbao udal enpresaren bitartez
eraikitako etxe multzoen ondoan. Solokoetxeko eta 1919. urtean
Ricardo Bastidak berak Torreurizarren egin zituen udal etxebizitzen
proiektuetan bezala, eraiki behar zen etxebizitza- eraikinak bost
pisuetako altuera izan behar zuen.
Gainera, eta ahal
zen neurrian, etxadian zona libreak uztea aholkatzen zen, lorategi
gisa edo haurren aisialdirako erabiltzeko. Modu honetan, Bilbon
aurretik garatu ziren ekimenak aparte, Arkitektura Modernoaren
aldeko Kongresuetan Walter Gropius-ek edota Le Corbusier-ek etxebizitza
minimoaren inguruan plazaratu zituzten altuerazko eta patiorik
gabeko etxeen inguruko ideiak hartu ziren kontuan. Horretaz gain,
Alemania eta Holandako hainbat etxebizitzetan ez ezik, Secundino
Zuazok Madrilen egin zituen hainbat proiektuetan patiorik gabeko
etxadiak arruntak ziren.
Patiorik gabeko etxadi
irekiak ahalbideratzen duen lursailaren erabilera ekonomikoa eta
higienikoaz gain, Solokoetxen ere norbanakoaren higieneaz arduratu
ziren. Eta hala lehiaketako oinarriek, bainu eta dutxa publikoak
eta guztiek erabil zezaketen garbitokia egitea proposatzen zuten.
Alabaina proiektura egin orduko ez ziren egin, izan ere etxe bakoitzak
dutxa eta komun-ontzi propioa zeukan. Harrigarria bada ere, klase
baxuentzako eraikinetan dutxak ez ziren batere arruntak, eta Ricardo
Bastidak esaterako ez zituen kontuan hartu 1918ko Solokoetxe
eta 1919ko Torreurizareko etxebizitzetan.
 |
|
3. irudia |
1932ko Solokoetxeko
lehiaketara aurkeztu ziren 29 proiektuen artean, besteak beste
Tomas Bilbao, Ricardo Bastida, Manuel I. Galindez, Rafael Garamendi
eta Joaquin Zarranz osatzen zuen epaimahaiak, bere erabakian bi
ardatz izan zituen nagusi: etxadiaren planteamendu orokorraeta
etxebizitza proposamena. Eraikuntza mota, kanpoaldeko itxura eta
bestelako ezaugarriak nahiz eta interesa izan, bigarren mailakoak
ziren. Halaber, epaimahaiak kontuan izan zuen orientazioa, aireen
norabidea, eta eguzkiaren aprobetxamendua. Epaimahaiak etxadi
irekiaz gain, etxebizitza bakoitzak orientazio kontrajarriak izan
zitzan nahi zuen. Horrela, sukaldea, komunak eta eskailerak orientazio
txarrenean kokatu behar ziren, egutera, egongela eta logelen gehiengoa
orientazio egokiena behar zuten, ordea.
Epaimahaiaren ustez,
lehiaketako baldintzetara hobekien moldatzen zen proiektua Casto
Emiliano Amann bilbotarrarena zen. Amannen proiektua 1932ko maiatzean
hasi zen eraikitzen eta 1933ko abendurako bukatuta
zegoen [3.irudia].
 |
|
4. irudia |
Ricardo Bastidak
1919an Torreurizaren egindakoa eredutzat hartuz, Amannek hego
ekialdera zabalik dagoen "U" egitura proposatzen du
[4. irudia]. Haatik, Amannek estetika arrazionalista
bereganatzen du eta bere etxe banaketa ez dator Bastidarenarekin
bat. Amannek korridorea erabili beharrean, etxearen ardatza den
jangelaren inguruan egiten du antolaketa. Jangela, sukaldearekin
eta eguterarekin egiten du bat, eta jangelatik gainerako logeletara
sartzen da [5. eta 6.irudiak]. Espazioaren banaketa
honekin argiztapen, eguzkitapen eta aireztapen egokia lortzeaz
gain, espazioa zeharo aprobetxatzen da. Hortaz, arrazionalismoak
proposatzen zuen oinplano ekonomia eta higienea etxadi baten baitan
jartzen dira praxian, baina ez honen inguruan.
|
|
|
5. eta 6.
irudiak |
 |
Izan ere, Solokoetxen
hirigintza beharrean, etxadia da hiria eraikitzeko erabiltzen
den antolaketa unitate bakarra. Horrela, lehenik errebal zikina
bezala deskribatzen zen eta zabortegi gisa erabiltzen zen zonaldean
etxe- multzoa eraiki, eta gero bertara heltzeko bidea konpondu
nahi izan zen, 1933an Amannek berak proiektatu eta 1935. urtean
zabaldu zen Solokoetxeko igogailuaren bitartez [7.irudia].
Hortaz, Bilbon ez
zen hiri eredu berri bat eraiki. Hiri antolamenduari muzin egin,
edota aurreko urteetan egin ziren zabalgune proiektuak garatzeari
eta antigoaleko eredu bera hiriaren beste guneetan aplikatzeari
mugatu ziren.
 |
|
7. irudia |
1876ko zabalgune
proiektuan, nahiz 1907ko handitzean, nahiz 1929ko zabalgune berriko
planoetan, eta indarrean zeuden eraikuntza ordenantzetan, etxadi
itxien inguruko etxe- blokeen eraikuntza bermatzen zen. Modu honetan,
eraikinen oinplanoa zein izango zen aurreikus zatekeen: korridoreen
inguruko oinplano zaharkituak errepikatzen zituen altuerako alokairuzko
etxeak, askotan estetikoki arrazionalismoarekin bat egiten zutenak.
Hortaz, egitura urbano honek arrazionalismoak proposatzen zuen
barne tipologia ezberdin bat garatzeko eskaintzen zituen posibilitateak
oso eskasak ziren, eta Amannen kasua salbuespena baino ez da,
Solokoetxeko eraikina zabalguneko etxadi itxietatik kanpo gelditzen
baita.
Nahiz eta arkitektura
berriaren neurriko hiri egitura garatu ez, bai Solokoetxeko etxadian,
bai Deustuko etxe desmuntagarrietan Bilboko udala, arrazionalismoaren
ildoa jarraituz, etxebizitzen gabezia konpontzen saiatu zen. Alabaina,
etxe desmuntagarriak behin- behineko irtenbide kaskarra baino
ez ziren izan, eta Solokoetxen errenta baxuko 70 etxebizitza baino
ez ziren eraiki izugarri larria zen etxebizitzen faltari aurre
egiteko.
Egia da eraikuntzan
zegoen krisialdiak, 1932 biziki gogorra, etxeen gabezia erabat
areagotu zuela, eta agian baliabide ekonomiko publiko ezak ez
zuen ahalbideratu Solokoetxerekin hasi zen udal etxebizitza politika.
Hortaz, egoera ekonomiko- politikoa eta hirigintza eta arkitektura
ohiturak zirela eta, Secundino Zuazok 1928an arkitektura berri
oni iragarri zion arrakasta ez zen bete, nahiz eta Bilbon eraiki
ziren Ispizua eta Amannen adibideak arrazionalismoak proposatzen
zituen ekonomia eta higiene ideiekin bat egin. Fco.
Javier Muñoz, Artearen Historian lizentziatua Artikulu hau egitean Eusko Jaurlaritzaren
finantziazioa izan dugu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
ikertzaileak prestatzeko daukan programako beka baten bidez.
|