Inoiz
edo behin, guztiok galdetu diogu gure buruari gure abizenek zer
esan nahi ote duten edo nondik ote datozen. Batzuek familiaren
ondasunen berri ematen dute, beste batzuek lanbidea edo jatorria
adierazten dute, baina guztiek, bakunak edo konposatuak, ezagunak
edo ahoskaezinak izan, pertsona batzuk besteengandik bereizteko
erabili ditugu azken mendeetan zehar. Iragana zertxobait hobeto
ezagutzeko irrikan, agiri, artxibo eta paperen artean topatu dugu
Juan Vidal Abarca.
-Nondik datorkizu
heraldika eta genealogiarako zaletasuna? Nire gurasoen etxean,
eta nire emaztearen gurasoen etxean ere bai, familiaren paperak
zeuzkaten jasota, eta egun batean horiek guztiak begiratzen hasi
nintzen. Lehendabizi nire genealogia, nire abizenak, arakatzen
hasi nintzen, eta pozoitu egin nintzen. Berehala, heraldikaren
eta genealogiaren inguruan idatzi diren gauza asko gaizki, osatu
gabe eta zehaztu gabe daudela konturatu nintzen, batez ere Arabako
abizen eta ezkutuen kasuan, lurralde honetan ez zegoelako heraldikan
eta genealogian aditurik, eta gai hauen inguruko azterketa sakonik
ere ez. Eta, hori, genealogia berez oso arlo zehatza izanik, zeren
pertsona guztiok dauzkagu gurasoak eta aiton-amonak, bakoitza
bere abizenekin. Hor ez dago misteriorik. Baten bat aipatzekotan,
Juan Carlos Guerra ikerlari gipuzkoarra aipatuko nuke, XX. mende
hasierakoa: luze eta zabal hitz egiten du Arabako heraldikari
buruz, baina ez du bat asmatzen.
-Noiz sortu
zen heraldika, eta zergatik? Ezkutuak garai bateko
torneo ezagun haietan hasi ziren erabiltzen, borrokalariak elkarrengandik
bereizteko. Ezkutu horiek indibidualak izaten ziren, ez familiarrak;
zaldun eta militar bakoitzak berea izaten zuen. Geroago,
XII. mendean, eta ez lehenago, batzuek dioten moduan, Alemania
eta Europa Erdialdeko errege etxeak beren ezkutuak sortzen hasi
ziren, eta ohitura hori zabaltzen joan zen, orokorra bihurtu arte.
-Zure esanetan,
Nafarroako ezkutuak berez ez darama katerik. Hori da Faustino Menéndez
Pidal Historiako Akademikoak dioena, eta ni ados nago berarekin.
Kate horiek, bere hasieran ezkutua erreforzatzeko nerbioak ziren,
kolpeen aurrean babesteko. Esan berri dudan bezala, ezkutuak torneoetan
hasi ziren erabiltzen. Gai honen inguruan kondaira asko daude.
Esate baterako, Arabako ezkutuan gaztelu bat, ezpata bat daraman
esku bat, eta lehoi bat agertzen dira, eta batzuek, elementu horiek
hartuta, eszena bereziak sortzen dituzte: "lehoia erasotzera doa,
eta ezpata defendatzen ari da...". Ez, ez, ez! Ez da interpretazio
arrarorik asmatu behar.
-Noiz kontsolidatu
ziren abizenak? Beranduago. Agiri batzuek
erakusten dutenez, VII. menderako jada existitzen ziren, baina
kontsolidatzeko denbora gehiago behar izan zuten. Jendeak hasieran
izena besterik ez zuen erabiltzen, izen latinizatua, baina, denborarekin,
askok izen berbera zutela ikusita (Antonius, Alfonso, Alonso),
patronimikoa erabiltzen hasi ziren. Horrela, aitaren izena Martín
baldin bazen, semearen abizena Martínez izango zen, eta
aita Pedro baldin bazen, semea Pérez. Patronimiko batzuk
oso bitxiak dira; adibidez Fandrobindez. Fandrobindo izen bisigodotik
dator, eta oraindik existitzen da. Horrela, XII. mendera arte.
Patronimikoen kontu hori Errusian ere gertatzen da: bukaeran "vic"
daramaten abizenek "-ren semea" esan nahi dute. Ivanovic, adibidez,
Ivanen semea izango da. Baina horrela ere nahasketak sortzen zirenez,
klase aberatsak hirugarren izen bat erabiltzen hasi ziren, erromatarrak
bezala. Hirugarren izen horrek beren jatorria adierazten zuen.
Herritar xumeak ere abizen patronimikoa baztertu eta bestelakoak
erabiltzen hasi ziren, adibidez beren lanbidearekin edo ezaugarri
fisikoekin lotuta zeudenak. Familiako norbait ezkutaria baldin
bazen, Escudero abizena hartuko zuen, eta sei hatz baldin bazeuzkan,
Seis dedos. Dena den, abizenak ezkutuak baino beranduago kontsolidatu
ziren. Denborarekin, jende guztiak hartu zuen abizen bat, baina
oso gutxik mantendu zuten ezkutua. Beraz, norbait familiaren ezkutua
izatearekin itsututa baldin badago, baina bere familiak inoiz
ez baldin badu bat izan, berri bat asmatu beharko du.
-Noiz erregistratu
ziren abizenak datu base batean? Erregistro Zibila XIX.
mendean sortu zen. Ordura arte, abizena ahoz aho pasatzen zen
gurasoengandik seme-alabengana, eta askok aldatu egiten zuten
berea. Beste batzuek nahiago zuten amaren edo aitona baten abizena
erabili, aitarena baino gehiago gustatzen zitzaielako, edo entzunegia
zelako. Kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela araudirik,
eta beraz Erregistro Zibila iraultza txiki bat izan zen.
-Bitxiak dira
benetan Arabako abizen konposatuak, eta oso zabalduta daude gainera.
Bai, adibide
asko eta asko ipin genitzake: Martínez de Mandojana, López
de Ipiña, Ortiz de Zárate... Lehen iparralde guztian
erabiltzen ziren, Gipuzkoan, Nafarroan, Sorian, Logroñon
eta abar, baina Araban bakarrik gorde dira. Zergatik? Oso kasu
bitxia da. Abizen konposatuak Araban sortu ziren, eta hortik beste
lekuetara zabaldu ziren. Arabarrek erromatarrengandik hartu zuten
hirugarren izena ipintzeko ohitura, eta mendez
mende mantendu da, gaur arte.
-Ba
al dute Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko beste berezitasunik?
Nafarroan abizen konposatu
asko daude. Bizkaian eta Gipuzkoan, baserriaren izenak ematen
dio abizena familiari. "Iturribitarte" abizena, adibidez, ez da
hutsetik sortua, baizik eta baserria bi iturriren tartean kokatuta
egotetik etorri da. Hala ere, matizazio garrantzitsu bat egin
behar da: baserriko emakumezko oinordea ezkontzen denean, senarrak
bere abizena galdu eta emaztearena hartuko du, baserriarena.
-Zenbat abizen
pasa dira zure eskuetatik? Prestatzen ari naizen
datu basean 225.000 fitxa erregistratu ditut. Fitxa bakoitza pertsona
baten abizenek osatzen dute, eta munduko mutur desberdinetako
izen-abizenak topa daitezke.
-Beste alde
batetik, Arabako herrietako ezkutuei buruzko bilduma bat egiten
ari omen zara. Arabako Foru Aldundiaren
eta Eusko Ikaskuntzaren ekimen bateratu bat da, Arabako 51 udal
eta 350 batzar administratiboren ezkutuak ezagutzera emateko.
Oso herri gutxik daukate ezkutua; gehienentzat berri bat asmatu
behar dut. Arabako Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua da herri
bakoitzak bere zeinua izatea, bere barne zein kanpo harremanetan
erabiltzeko. Hiru urteko epea daukat lana amaitzeko.
-Nolako etorkizuna
ikusten diezu heraldikari eta genealogiari? Nik uste dut tradizio
hauek asko iraungo dutela. Ez dago galzorian daudela pentsatzeko
arrazoirik; alderantziz. Jendeak gero eta interes handiagoa du
bere arbasoak, bere familiaren historia, bere jatorria ezagutzeko.
-Zenbaterainokoa
da abizen eta ezkutuekiko duzun zaletasuna? Datu bat eskuratzeko,
egun bakar batean ehunka kilometro egiteko gai naiz... Eta izugarri
gustatzen zait bidaiatan telefono gidak arakatzen ibiltzea. Ikaragarria
da Hegoameriketako herrialdetako gidetan zenbat abizen euskaldun
agertzen diren! Beste alde batetik, asko gustatuko litzaidake
Álava familiari buruz lan sakon bat egitea. Urte asko daramatzat
horren inguruan dagoen informazioa biltzen. Familia horretan oso
pertsonaia entzutetsuak izan dira. Foru Aldundia lehenbailehen
argitaratzeko prest dago, baina ez daukat denborarik. Lan hau
prestatzeko orduak eta orduak eman behar dira artxiboetan: elizaren
artxiboetan, administrazio desberdinenetan, familiarenetan, artxibo
militarretan, judizialetan... Protokolo notarialak ere oso garrantzitsuak
dira. Baina garrantzitsuena denbora da, eta hori bai ez daukadala.
Ez dugu ahaztu behar jaten ematen didana bide ingeniaritza dela,
nire beste pasioa.
-Besteen abizenez
mintzatu gara. Ostera, zer esan diezagukezu zureari buruz (Vidal
Abarca)? Jatorriz Murtziakoa
da nire abizena, hara. Nire birraitona militarra zen, eta hona
destinatu zutenean hemen gelditzea erabaki zuen. Vidal Abarcatarrok
dagoeneko lau belaunaldi daramatzagu Vitoria-Gasteizen.
Juan
Vidal Abarca
Duela
58 urte jaio zen Arabako hiriburuan. Lanbidez
bide ingeniaria izaki, bere lanaz gain beste
bi zaletasun handi ditu: heraldika eta genealogia,
eta hauei eskaintzen die bere aisialdia; ez
nahi beste denbora, baina bai behintzat dagoeneko
milaka abizen aztertzeko adina. Agiri eta liburu
historikoz beteta dauzka etxeko apalak, eta
ez da batere harritzekoa haien artean telefono
gidaren bat aurkitzea, Hegoameriketakoa ahal
izanez gero, ikaragarri gustatzen baitzaio horrelakoak
begiratzea ere. |
|
|
Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 176.zbk
(2002 / 7 / 19-26)
|