Julia
Otxoak "Cartas a Mr. Gardener" liburuan dioenez, "olerkiak
zerikusi handiagoa dauka itsasoan galduta dabilenarekin, nabigatzailearekin
baino". Izan ere, idazle donostiar honentzat, olerkia "bizitza
bera bezala, galderak behin eta berriz egiten aritzeko txoko bat
da, mundua erlatibotasun osotik ikusteko". Hamabi urterekin
hasi zen idazten, eta hogeita bostekin argitaratu zuen bere lehen
liburua, "Composición entre la luz y la sombra"
alegia. Egunero eskaintzen dio tarte bat lanari, olerki eta kontakizun
laburrak idaztera bultzatzen duten inspirazio une horiek erakartzeko.
Oraingoz ez dauka eleberri edo liburu luzerik idazteko asmorik,
oso gustura baitabil olerki laburren artean.
-Noiz eta nola
jarri zinen literaturarekin harremanetan? Hamabi urterekin hasi
nintzen idazten. Orain berrogeita bederatzi dauzkat, baina arrazoi
berberak bultzatuta jarraitzen dut idazten: nire buruari existentziaren
enigma edo misterioa azaltzeko beharragatik. Irakurtzeari izugarri garrantzia
ematen diot. Nerabezaroan hasi nintzen irakurtzen, nire galderen
erantzunak Sartre, Camus eta Simon de Beauvoir bezalako existentzialista
frantsesen liburuetan aurkitu nahian. Jakina, urteetan aurrera
joan ahala beste galdera batzuk sortzen hasi zitzaizkidan, eta
beraz beste liburu mota batzuk irakurtzen hasi nintzen. Hamabi
urterekin idazten hasi nintzenean, adierazteko prozesu primario
bati helduko banio bezala egin nuen. Prozesu hori, irakurtzen,
trebatzen eta esperientzia biltzen joan ahala, garatzen joan zen.
Hogeita bost urterekin nire lehenengo liburu depuratua izango
zena idatzi nuen: "Composición entre la luz y la sombra"
(1978) argitaratu nuen. Gero, "Luz del aire" (1982)
(Ricardo Ugarte eskultorearekin batera), "Cuaderno de Bitácora"
(1985), "Antología Poética" (1988) eta
"Centauro" (1989) argitaratu nituen. "La edad de
los bárbaros" (1997) idatzi nuenean, berriz, olerki
laburren munduan sartu nintzen: "La Nieve en los manzanos"
(2000), "Taxus Baccata" (2001), "Al Calor de un
lápiz" (2002) eta "Cartas a Mr. Gardener"
(2002).
-Zerk bultzatu
zintuen zure olerkiak argitaratzera? Ez dut arrazoi jakinik
gogoratzen, baina badakit poz handia ematen zidala nire idatziak
ezagutzera emateak. Oraindik ere ilusio hori berbera mantentzen
dut gainera. Espiritualki, miresten ditudan idazleen liburuak
irakurtzeak transmititzen duen edertasunak asko lagundu dit beti,
eta nik ere, apaltasun guztiarekin, nire obraren bitartez irakurleei
horrelako zerbait transmititzen diedala sentitzen dut. Horregatik,
norbaitek nik idatzi dudan zerbaitekin identifikatuta sentitu
dela esaten didanean, ikaragarrizko poza hartzen dut.

-Zure olerki
eta kontakizunak oso laburrak izaten dira... Askotan galdetzen didate
zergatik diren nire kontakizunak hain laburrak. Ni beti izan naiz
hizkuntza sintetikoaren aldekoa. Gauzak ahalik eta modurik zehatzenean
kontatzea gustatzen zait. Hori intentsitate espresiboarekin eta
abstrakzio poetikoarekin dago lotuta. Erretorikak eta barrokismoak
ez ditut usaindu ere egin nahi. Espresioari ahalik eta indarrik
handiena ematen saiatzen naiz, soiltasunaren bidez tentsioa areagotzeko.
Edozein literatur dimentsiotan, hiperlaburtasun narratibo edo
diskurtsiboaren zale amorratua naiz. Oso gustukoak ditut mikrofikzioa,
aforismoak, prosa poetiko minimoak, saiakera laburrak... Nire
ustez, aldaera horiek guztiek mugez gaineko literatur identitate
baliotsu bat daukate, eta konbinaketen aldetik milaka aukera ematen
dituzte. Niretzako, inguruan gertatzen
dena ulertzeko modurik onena, aditu batzuek "absurdoaren literatura"
izenarekin bataiatu duten narrazio modua da.
"Permanecer en
la inquietud, permanecer en la inquietud. No quiero
ser sorprendida. Apaciento mi sombra en los lugares
más inseguros del pensamiento. Oigo crecer mi
osamenta cada día, mi infancia, no ha terminado" |
|
-Nolatan erabaki
zenuen olerkira jotzea? Generoa ez du norberak
aukeratzen; generoa da zu aukeratzen zaituena. Egun batean olerkiak
idazten hasi nintzen. Postmodernitatearen kultura astintzen duen
ziurgabetasunak oso modu berezian eragiten dio hizkuntzari kaosaren
eta labirintoaren inguruan hitz egiteko orduan. Nire olerkiaren
oinarrian behin eta berriz aldatzen eta zalantzan jartzen ditudan
dogmak, formak eta kontzeptuak daude, erlatibitatea behar bezala
adieraziko duen hizkeraren eta katastrofearen estetikaren bila
nabil. Gauzen ordena paradoxikoak sorrarazten didan harridurak
idaztera bultzatu nau beti, eta enigma hori hain sakonean sentitzeak
pentsaeraren diziplina desberdinetan arakatzera bultzatu nau:
olerkian, narratiban, filosofian, artean, botanikan... Olerkia,
bizitza bera bezala, galderak behin eta berriz egiten aritzeko
txoko bat da, mundua erlatibotasun osotik ikusteko.
-Zein idazle
hartu dituzu eredutzat? Denborarekin aldatu
egiten da idazleekiko daukazun preferentzia. Gaztetan irakurri
nituen lehenengo liburuek zirrara handia eragin zidaten: Dostoievsky,
Chejov, 27ko Belaunaldia, idazle frantsesak... Baina gaur egun
beste batzuk interesatzen zaizkit, Italo Calvino adibidez. Hain
nahasi eta aztoratuta dabiltzan denbora hauetan, oso idazle adierazgarria
dugu. Galdera hau bera zortzi urte barru egingo balidate, ziur
aski memento honetan interesatzen zaizkidan idazleekiko interesa
izaten jarraituko dut, baina beste batzuk ere interesatuko zaizkit,
beste galdera mota batzuentzako erantzunak bilatzen arituko naizelako.
Honetan gabiltzala, gauza bat esan nahiko nuke: olerkariaren edo
idazlearen ekipaje kulturalaz mintzo naizenean ez naiz literatur
ekipajeaz bakarrik ari. Ekipaje kultural hori oso gauza konplexua
da, ezagutza intelektualek, artistikoek eta bizipen desberdin
pila batek osatua, eta eragin handia dute idazteko orduan. Jaioterria
bera ere oso faktore garrantzitsua da inguratzen zaituena ulertzeko
eta modu sinboliko batean itzultzeko.
-Euskalduna
eta emakumea zaitugu, zure lanean eragin handia izan duten ezaugarriak
biak. Nire ustez, idazle
guztiek egon behar dute bizi diren denborarekin konprometituta.
Ezinezkoa da Chejoven literaturan bere garaiko ezer ez aurkitzea.
Hainbeste maite ditut gure herria, gure paisaiak eta gure kultura,
ulertezina egiten zaidala garaiz kanpo dagoen estetika. Logikoa
da nire obran hainbeste denboran arrastaka daramagun indarkeriaren
zauria presente egotea. Ezin dut nire sorterriarekin beste harreman
motarik imajinatu. Zure herria, maite duzun pertsona bat bezalakoa
da: kezkatu egiten zara beregatik, eta gaizki dabilenean lagundu
egin nahi diozu. Maitasunagatik egiten duzu. Eta, maitatzen duzunean,
sufritu ere egiten duzu.
 |
Julia
Otxoa eta bere senarra, Ricardo Ugarte eskultorea, Cincinnatiko
geltokian (Estatu Batuak). |
"Asistiendo
a la barbarie cotidiana, el instante tiene la turbulenta
inseguridad de lo inestable y amenazador. En mi inexperiencia
del horror futuro, me reconforta pensar que también
a mis antepasados les tocó vivir un tiempo
semejante. En su recuerdo me fortalezco. La Historia
como ser circular, el presente como resistencia poética
en la repetición" |
|
-Gustatuko
al litzaizuke euskaraz idaztea? Bai, gustatuko litzaidake
euskaraz argitaratzea eta nire lagunen lanak irakurri ahal izatea.
Justizia kontu bat da: beraiek nireak irakurtzeko gai badira,
ni ere gai izan nadila beraienak irakurtzeko.
-Zein da zure
iritzia euskal idazle gazteei buruz? Oso ondo ikusten ditut.
Perspektiba daukate, eta oso kezka sanoak dauzkate. Teknologia
berriek, gainera, asko laguntzen diete: Donostiako idazle gazte
bat munduko edozein lekutan dagoen beste batekin jar daiteke harremanetan.
Euskal Herrian literaturarekiko zaletasun handia dago. Beharbada,
bizi dugun egoera ezegonkor honek ikertzera eta erantzunak bilatzera
bultzatzen gaituelako.
-Olerkaria,
jaio ala egin egiten da? Nire ustez, ijitoek
esango luketen bezala, "aingeruen ukitu bat" behar da,
baina hortik aurrera intelektualki prestatzen aritu behar duzu.
Asko irakurri eta ikertu behar da. Lanaren aldetik, egonezin handikoa
naiz: alde guztietan beti gauzak kontsultatzen aritzen naiz. Eta
ez olerki eta literatura liburuetan bakarrik, baizik eta baita
ere filosofia, botanika, eta arteari buruzkoetan, eta tratatu
medikuetan, hizkera hori asko interesatzen zaidalako olerkietarako
eta fikziorako.
"No
pertenezco al mundo de los gigantes, mi territorio
no es el de la seguridad sino el del movimiento infinito
de la duda, equilibrista sobre un fino cordel entre
la niebla, tan sólo hallo certidumbre exacta,
exacerbada, en la sensación de permanente culpabilidad
que me acompaña siempre. Vivo bajo una constante
súplica de perdón al igual que otros
pasean bajo un paraguas, sólo que el mío
tal vez sea un pobre paraguas agujereado que no impide
que la lluvia me presente ante los otros como un pobre
payaso mojado y tartamudo" |
|
-Ikusten al
duzu zure burua idazten ez den beste zerbaitetan? Ez, inolaz ere ez.
Oso pozik nago idazle bezala.
 |
Julia
Otxoa, Ricardo Ugarte, Jorge Oteiza, Juan Garmendia Larrañaga,
Michel Perales, Iñaki Etxeberria arkitektoa eta Antxon
Elosegui Zarautzen. |
-Ikuspegi
praktikotik, zaila al da literaturatik bizitzea? Behin batean, hemen
inguruko idazle eta artisten biografiak aztertzerakoan, konturatu
ginen ia inor ez zela literaturatik bizi. Beste zerbait egin beharra
dago: hitzaldiak eman, enpresa argitaratzaileekin harremanetan
egon, kolaborazio eta itzulpenak prestatu...
-Ba al duzu
liburu ala idatzi kuttunik? Ez dut uste. Bere mementoan,
idatzi duzun azken liburua iruditzen zaizu denetan ederrena, baina
gero aurrera egiten duzu. Ni oso zorrotza naiz nire lanarekin,
eta eskuartean dudanarekin guztiz konbentzituta egon arte ez dut
argitara ematen. Horregatik, beti gustura egoten naiz egindako
azken lanarekin. Oso pozik nago "Taxus baccata" liburuarekin.
Jendeari asko gustatu zaio. Aurreko edizioa gaztelaniaz eta italieraz
kaleratu zen, eta jada agortuta dagoenez, gaztelaniaz berrargitaratzeko
asmotan dabiltza. Euskaraz kaleratzeko eskaintza bat ere jaso
dugu. "Taxus baccata", haginaren izen botanikoa da.
-Laburtasuna,
mikrofikzioa. Hain leku txikian hainbeste esan nahi izateak kondentsaziora
eramango zaitu, hitzak ondo baino hobeto hautatzera... Hain zuzen ere. Hitz
bakar batek ere ezin du soberan egon. Narrazioak biribila izan
behar du, ahalik eta biziena. Eta horrek berdin balio du kontakizunerako
zein olerkirako. Nire kontakizun laburrak abstrakzio poetikotik
gertu dabiltza.
-Nolakoa izaten
da Julia Otxoaren lanegun bat? Buruak 24 orduetan
adi-adi egon beharra dauka, inspirazioa eta ideiak edozein unetan
etor daitezkeelako. Egunero aritzen naiz zerbait idazten, arratsaldero,
eta noizean behin gau partean ere bai. Nire kasuan, inspirazioari
laguntzeko modurik onena, diziplina guztiarekin lanari egunero
tarte bat eskaintzea da. Olerki eta kontakizunak, normalean, aldi
bakar batean idazten ditut, ez zatika. Baliteke hurrengo egunean
aldaketa txikiren batzuk sartzea, hitz baten ordez beste bat ipintzea
eta abar, baina olerkiari edo kontakizunari gorputza ematen dion
oinarrizko egitura inspiratuta nengoen unean idatzi nuen bezala
gelditzen da.
 |
Julia
Otxoa, Ricardo Ugarte, José Hierro, Luisa Etxenike,
Olvido Garcia Valdes eta Asier Muniategi. |
-Inoiz planteatu
al diozu zure buruari literatura luzeagorik idaztea, eleberriren
bat akaso? Ez. Bakoitzak bere
espazioa behar du: pintore batzuk espazio txikietan aritzen dira
lanean, eta beste batzuek, berriz, metroka eta metroka behar izaten
dituzte. Ni espazio txikietan mugitzen naiz, laburtasunetan. Hala
ere, ez dakit hemendik denbora batera gauza luzeagoak idazten
jarriko ote naizen. Oraingoz behintzat, gustura nabil laburtasunean.
-Zer sentitzen duzu atzera
begiratu eta egin edo lortu duzun guztia ikusten duzunean?
Pozik nago egin dudanarekin, eta jakin-mina
daukat geroan egingo dudanaren inguruan. Ez daukat inolako penarik
zerbait egin ez izanagatik... Nire helburua nire garaia islatzea
da, eta irakurleei edertasuna helaraztea, beste autoreek niri
helarazi didaten bezala.
-Uneotan zer
daukazu mahai gainean? Brasilen euskal olerkiari
buruz argitaratuko duten antologia baterako olerkiak hautatzen
ari naiz. Bestetik, "Un león en la cocina" liburuari
buruzko iruzkin bat prestatzen ari naiz Deia egunkarirako.
Eta Jacako argitaletxe batek nekazaritzan aritzen ziren nire arbasoei
buruzko memoria idazteko eskatu dit, Rosa Regás, Carmen
Sarmiento, Soledad Puértolas, Espido Freire eta beste idazle
batzuekin batera. Izugarri gustura ari naiz kontakizun hori prestatzen,
alde batetik horrela omenalditxo bat eskaintzen diedalako nire
arbasoei, nire amonari eta amari, baina, horrez gain, gaurko gizarteari
euskal errito eta kondairen berri eman diezaiokedalako.
"Sé
que moriré extranjera" |
|
-Ulertzeko
idazten duzula esan duzu lehentxeago. Zer da urteotan ulertu ahal
izan duzuna?
Urteak
betetzen zoazen heinean, gero eta gutxiago ezagutzen duzu zure
burua, eta hori oso ona iruditzen zait, egun bakoitzak berriz
jaiotzeko aukera ematen dizulako. Egonezin horrek sorpresaz sorpresa
bizitzeko aukera ematen dizu gainera. Literaturan islatzen dudan
arlo ezegonkor horrek misterioan murgiltzeko aukera ematen dit.
Misterio hori zoragarria edo gogor eta latza izan daiteke, baina
behintzat nire jakin-mina piztea lortzen du. Niri mundua beti
iruditu zait ulertezina. Paradoxa ulergaitzez beteta dago. Bizitzan
funtsezkoak diren gauza zoragarri batzuk ditugu (maitasuna, adiskidetasuna
edo elkartasuna adibidez), baina baita ere basakeria, krudeltasuna,
gezurra, elkartasun eza, desberdintasuna eta gosea bezalako errealitate
beldurgarri eta onartezinak.
Julia
Otxoa (Donostia, 1953)
Julia
Otxoa olerkari eta narratzaileak, olerki esperimentalera
eta arte plastikoetara ere zabaldu du bere sormenezko
lana. Duela zenbait urtetik, gainera, haurrentzako
irudiak ere egiten ditu.
"Diario
Vasco", "Diario Bilbao", "El
País" eta "Diario de Córdoba"
egunkarietako ohiko kolaboratzailea da, eta
baita honako aldizkari literario hauetakoa ere:
"Rosa Cúbica", "Turia",
"Leer", "Texturas", "Litoral",
"Lateral", "Zurgai", "Prima
Littera", "La Manzana Poética",
"Paréntesis", "Agulha"
(Brasil), "Journal de Poesía"
(Brasil) eta "La Galerna" (New York).
Hainbat
unibertsitatek bere obrari buruz mintzatzeko
gonbidatu du: Sevilla, Zaragoza, Smith College
(Massachussets), Connecticut eta Cincinnati
EEBBetan. Smith College eta Cincinnatiko unibertsitateetako
literatura hispaniarreko klaseetan bere olerkiak
aztertzen aritzen dira.
Bibliografia:
.
Olerkia: "Composición entre la luz
y la sombra" (1978), "Luz de aire"
(1982), "Cuaderno de Bitácora"
(1985), "Antología Poética"
(1988), "Centauro" (1989), "L´eta
dei barbari" (1997), "La Nieve en
los Manzanos" (2000), "Al calor de
un lápiz" (2001), "Taxus Baccata"
(2001), "Cartas a Mr. Gardener" (2002).
.
Narratiba: "Kiskili-Kaskala" (1994),
"Un león en la cocina" (1999).
.
Saiakera: "Poetas Vascas" (1990),
"Narrativa corta en Euskadi" (1994)
.
Haur narratiba: "Lucas y el búho"
(1997), "Historia de unos bigotes"
(1998), "El bosque de las zanahorias"
(1997), "La canción de Mister Popoff"
(1998), "El mundo en una manzana"
(1998), "El sueño de Hakam"
(2000). |
|
|
Argazkiak: Julia Otxoa
-
Euskonews & Media 175.zbk
(2002 / 7 / 12-19)
|