BTTa Euskal Herrian
* Traducción al español del original en euskera
Alberto Agirreazaldegi


Mendi-bizikletaren arrakasta

Bizikleta da munduan gehien erabiltzen den ibilgailua. Garraio bezala nahiz aisialdiko ibilgailu moduan erabiltzen da eta bigarren aukera hau aztertuko dut gaur. Mendiko bizikleta orain dela hogei urte inguru hasi zen ikusten Euskal Herrian.


Lehenengoetako mendi-bizikleta.

Kelly eta Fisher asmatzaile amerikarrek lehen mendi-bizikleta aurkeztu zutenean, inork ez zuen espero halako arrakastarik. Ez zen fabrikatzaileen gustukoa, baina egun saldutako bizikleten %80a mota honetakoak dira. Adituen iritziz, bizikleta mota honen arrakasta ondoko premiei erantzutea izan da: oreka erraza, balazta egokiak eta aldapa gogorrak igotzeko moduko martxa baxuak. Edozeinentzat, baita hasiberrientzat ere, egokia da aldapa zailenak igotzeko.


Gary Fisher-en Klunder mendi-bizikleta (1996an berriz ekoiztua)

Txirrindularitzaren zaletasuna berpizteko arrazoietako bat mendiko bizikleten sorrera izan da. Hauek, berrikuntza teknologikoari, sendotasunari eta segurtasunari esker, gazteen eta ez hain gazteen begiko bihurtu dira. Aldapak errazago igotzeak, bide eta bidezidorrak zeharkatzeko gaitasunak eta hartzen duten tratua jasateko eskaintzen duten konfiantzak, bazter ezkutuenetara iristeko gogoa eta adorea pizten du.

Mendi-bizikletak ustekabeko arrakasta lortu du urte gutxitan. Oso gutxitan gertatu izan da horrelako bilakaera azkarra. Hogei urtetan hartu duen ospea sinestezina izan da. Mendi-bizikletaren bilakaera teknologikoak jarraituko du oraindik, baina bere benetako izaerak bizirik iraungo du: garraiobide onenarekin eta merkeenarekin naturaz gozatzea.

Batzuen ustez, mendiko bizikleta izan da txirrindularitzak mende honetan eman duen aurrerapen harrigarriena. Industria osoa garatu da bere inguruan. Mendiko bizikletari esker orain arte iritsi ezinak ziren tokietara heldu daitekeela pentsa dezake txirrindulariak. Bestalde, mendiko bizikletari esker txirrindularitza guztion eskura jarri da. Egun milaka eta milaka lagun dira bideetan zehar pedalak ematen dabiltzanak.

Baina, zerk egiten du hain erakargarria mendiko bizikleta? Naturarekin harremanetan jartzen gaituen eta gure egoera fisikoa hobetzen laguntzen digun kirola da. Aldapak igotzean sufritu egiten da baina jaitsieretan eta ordekan gozatu.

Mendiko bizikleta osagai hauen nahasketa da: abentura, txirrindularitzarako zaletasuna eta naturarekiko maitasuna. Mendiak igotzea, haranak zeharkatzea, aire libreaz gozatzea eta paisaia ikusgarrien erakargarritasuna sentitzea dira kirol honek eskaintzen dituen abantailak.

Osasunarentzat kirolik gomendagarriena da. Bihotzarentzat eta zirkulazio-aparatuarentzat oso mesedegarria da, neurriz eginez gero. Bestalde, hanketako artrosia atzeratzen laguntzen du. Ipurmasailak eta izterrak indartzeko ere aproposa da. Hala ere, beste kirol gehienetan bezala, mailaz maila joan behar da honetan ere. Bakoitzak bere mugak ezagutu behar ditu eta horiek gainditu gabe ibili. Maila batean eroso sentitzen denean, orduan jar ditzake batek helburu ausartagoak.

Bizikletak, itxuraz, kalterik ez du egiten, baina txirrindularitzak baditu bere arriskuak. Mendi-bizikleten kasuan kaskoa ondo lotua eraman behar da, eskularruak eta estutzen ez duen arropa, eta bizikleta osoa (pedalak, zelaren altuera eta heldulekuarena, batik bat) puntu-puntuan eduki. Jaitsieretan kontu berezia eduki behar da, erorketak gerta daitezkeelako. Bizikletan hasi berriak direnei, mendiko ibilbide gogor bati ekin aurretik, berotzea komeni zaie lauan kilometro batzuk eginez lehendabizi.

Azkenik, ez dugu ahaztu behar mendiaz ari garela eta mendian kontu handia izan behar dugula ingurumena eta jabegoa errespetatuz. Ondorengo aholkuak betetzea beharrezkoa da mendian bizikletaz ari garenean:

  • Ahal dela, beti bideetatik ibili eta belardi eta basoetatik ez ibili.
  • Langak eta hesiak pasatzerakoan lehen bezala utzi.
  • Baserriak eta ingurua errespetatu eta baita jabegoa ere.
  • Oinez dabilena errespetatu: parean pasatzerakoan ez gerturatu gehiegi, abisatu eta abiadura jaitsi.
  • Abereak ez beldurtu.
  • Zuhaitz edo zuhaixkarik ez moztu.


Ibilbideak

Mendian bizikletaz ibiltzeko ez dago bide jakinik. Bakoitzak hautatzen du nahi duen ibilbidea. Hala ere, herriko bide eta bidezidorrak zeharkatzen ikastea da lehenengo gomendioa. Herriko inguruak ezagutzeko modurik egokiena ausardiaz jokatzea da. Inoiz ibili gabeko bideetan sartuta ikasten da, batzuetan atzera itzuliz eta besteetan beste bide batzuk aurkituz. Galdutakoan galdetzea da onena. Baserritarrei galdetuz gehienetan laguntzen dute bide egokia aurkitzen. Paraje ezezagunetan sartzeko asmoa izanez gero, aurrez informazioa biltzea da egokiena. Egun inguru gehienetako planoak lor daitezke eta mendizaleen modura, orientatzen jakitea ere komenigarria da.

Bardeetako paisaiaz liluratuta.

Herriko inguruak ezagutzen ditugunean hasiko gara beste ibilbide batzuk ezagutzen. Euskal Herrian hainbat leku ditugu zein baino zein politagoak. Baina zailtasuna kontuan hartu behar da. Errazenetik zailagora joango gara, bakoitza bere ahalmenaren arabera. Toki ezezagunetan taldean edo beste norbaitekin joatea da egokiena, abentura taldean bizitzea seguruagoa da-eta.


Ibilbide gomendagarriak

Mendiko bizikletaz egiteko ibilbide batzuk proposatzea da nire asmoa. Adibide batzuk besterik ez dira, bazter berriak ezagutzeko aukera eskainiko dizutenak. Gogoa duenak eta abentura zalea denak baditu aukerak jakin-mina asetzeko. Nik ere beste batzuen gomendioak jarraituz ezagutu ditut bazter gehienak. Hala ere, informazio gehiago nahi duenak bukaeran eskaintzen dudan bibliografia kontsulta dezake. Hona hemen Euskal Herrian zehar egiteko ibilbide gomendagarri batzuk lurraldez lurralde:

Nafarroan

  • Endarlatza-Doneztebe, Endarlatzako tuneletatik, Bera, Igantzi eta Sunbillatik zehar. 25Km. Zailtasuna: 1. BG %100

  • Olaberri-Esnoz, Erro eta Urrobi hibaien artean. Olaberri Agoitzetik 6 Km. Luzera: 30 Km. Zailtasuna: 2. BG %90

  • Orreaga-Orbaizeta-Irati. Luzera: 39 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

  • Etxalar-Behobia. Luzera: 36 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Agoitz: Zarikieta menditzerra. Luzera: 25 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

  • Garralda-Auritz-Latxinea-Garralda. Luzera: 20 Km. Zaitasuna: 2. BG %95

  • Urkiaga-Adi-Erro-Oioki. Eugitik Iparralderako bidean Urkiaga mendatea. Luzera: 38 Km. Zailtasuna: 2. BG %95

  • Bardeak: Peñaflor gaztelua-La Estroza-Haitzarte handia. Argedatik 13 Km-ra dagoen Agirre txabolan hasita. Luzera: 27 Km. Zailtasuna: 2. BG %97

  • Altsasu-Bakaiku-Sarabe-Olazti-Altsasu. Luzera: 43 Km. Zailtasuna: 2. BG %95

  • Beriain mendia Lizarraga mendatetik. Etxarritik igo eta tunela igaro ondoren ezkerretara dagoen pistatik zehar.

  • Plazaola. Antzinako trenbidearen bidetik. Lekunberri eta Andoain bitartean. 40 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

Bardeetan zehar.

Gipuzkoan

  • Soraluze-Bergara-SanPrudentzio-Zubillaga-Urkulu-Soraluze. 58 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Eibar-Ermua-Aixola-Elgeta-Azurtza-Eibar. 20 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Zarautz-Garate-Askizu-Zumaia-Elorriaga-Deba. 22 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Orio-Oribatzar-Zarautz-Iturraran-Agorregi-Orio. 20 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Karakate-Irimo zeharkaldia: Elgoibar-Soraluze-Muneta-Atxolin-Hirukurutzeta-Gorla-Trekutz-Zumarraga. 50 Km. Zailtasuna: 2-3. BG %99

  • Plazaola. Antzinako trenbidearen bidetik. Lekunberri eta Andoain bitartean. 40 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

Araban

  • Iskizko basoa. Gasteiztik 30 Km-ra, Lizarrara bidean, Apellanizen hasita. 17 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

  • Toloño inguratzen. Rivas mendatean hasita. 28 Km. Zailtasuna: 2. BG %100

  • Entzia mendilerroa. Opakua mendatean hasita. 21 Km. Zailtasuna: 1. BG %100

  • Vasco-Navarro trenbidea. Gamarra Txikia-Durana-Ulibarri-Arlaban-Leintz-Gatzaga-Eskoriatza. 33 Km. Zailtasuna: 1-2. BG %95

  • Orixoli itzulia. Legutiotik Aramaixora bidean Mariseka parkean hasita. Mariseka-Krutzeta-Etxaguen-Urkiola-Otxandio-Mariseka. 32 Km. Zailtasuna: 2-3. BG %95

Bizkaian

  • Anbotori itzulia. Mendiola-Atxarte-Txakurzulo-Urkiola-Sabigain-Besaide-Mendiola. 39 Km. Zailtasuna: 2-3. BG % 95.

  • Aspe-Tope-Elorrio-Argiñeta-

Iparraldean

  • Bagardi-Irabia zeharkaldia. 30 Km. Zailtasuna: 2. BG %99
Beriaingo bizkarrean.

Zeharkaldi luzeak

  • Pirinioen zeharkaldia. Mediterraneotik Kantauri itsasora. Zeharkaldi luzea (1000 Km) eta oso polita, baina gogorra eta zailtasun berezia (22000 m.-ko desnibela) duena. Mendiko bizikletan benetako zaletuentzat egin beharreko abentura. Iraupena: 15-20 egun, bakoitzak duen mailaren arabera. Zailtasuna: 2-3

  • Donejakue bidea: Luzaidetik Santiagora. 850 Km. Zailtasuna: 2. BG %100. Iraupena: 10-12 egun

  • Zilarraren bidea: Sevillatik Santiagora, Zafra, Merida, Caceres, Zamora, Salamanca eta Ourense zeharkatuz. 1050 Km. Zailtasuna:1-2. BG %100.

Hemen ematen den iraupena ez da finkoa. Bakoitzak, bere ahalmenaren eta gogoaren arabera, erabakiko du bidea zenbat denboran egin. Epe laburragoan egin daiteke, baina nik uste dut inguruaz gozatzeko nahiko denbora hartzea komenigarria dela, bestela kirol proba huts batean gelditzen da zeharkaldia. Azken gomendio nagusi batzuk zeharkaldi luzea egin nahi dutenentzat:

  • Aurrez entrenamenduak eginda joan.
  • Ahalik eta pisu gutxien eraman.
  • Ordezko oinarrizko piezak eta erremintak eraman.

Bibliografia

  • ROVIRA, A.; LAPARRA, :La travesía de los Pirineos en B.T.T., Ed. Prames, Zaragoza 1992

  • CEREZO,J.F.: La Ruta de la Plata, Ed. SUA, Bilbo 1996

  • ARCOS,J.I.;CACHARRO,J.R.:Ciclismo de montaña. Rutas, Sua edizioak. Bilbo 1990

  • Batzuk. Recorridos por Alava en bicicleta de montaña. Gasteiz 1993


Argazkiak: http://www.angelfire.com/mt/xinte/images/bikeold.gif, http://www.angelfire.com/mt/xinte/images/klunkbig.gif, http://inicia.es/de/pitarque/CN2.JPG
Bardeak eta Beriaingo argazkiak, Alberto Agirreazaldegi

Euskonews & Media 173.zbk (2002 / 6-28 / 7-5)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved