|
Zientziak
eta teknologiak gure gizarteen ongizateari egiten dizkioten ekarpenak
eztabaida ezinak dira. Hain daude hauek gure eguneroko bizitzan
barneratuta zein emantzat, naturaltzat ematen ditugun eskaintzen
dizkiguten erosotasunak.
Baina zientziak
eta teknologiak badute bere alde iluna. Txanponaren beste alde
honek arrisku klimatiko, bioteknologiko, nuklear, edota kimikoen
(batzuk aipatzearren) domeinua osatzen du.
Gure gizarteetan
inguruarekiko antzeman daitekeen sentsibilitate
maila gehiegizkoa dela diotenak badira (Laudan 1994), baina hala
ere badirudi zientzi garapenaren inguruan beste garaietako laissez
faire printzipioak jada ez duela balio (1).
Zientziak eragindako
mundu arriskutsu batean bizi garela diote batzuek, beste batzuentzat
egoera alderantzizkoa den bitartean: gaur egungo mundua inoiz
izan den seguruena da, eta gehitu direnak ez dira arrisku ekologikoak
izan, beraien hautemate kulturala baizik. Akademian bi ikuspegi
hauek defenditzen dituzten beste horrenbeste korronteren berri
ematea da lan honen xedea: Ulrich Becken arriskuen soziologia,
batetik, eta Mary Douglas eta Aaron Wildavskyren arriskuen antropologia
kulturala, bestetik.
Arriskuaren gizartea:
eredu baten gainbehera Badirudi Ilustraziotik
datorkigun zientziaren ikuspegi guztiz onuragarria, gizadiaren
askatzaile lez, erlatibizatu beharra dagoela. Horrek ez du esan
nahi zientzia absolutuki gaitzetsi behar denik, zientziak gizartean
jokatzen duen eta jokatu beharko lukeen paperari buruzko hausnarketa
beharrezkoa egiten dela baizik.

Arriskuaren
gizartea (1986) liburuan Ulrich Beck soziologo alemana razionaltasun
eredu baten gainbeheraz ari zaigu, gizarte industrialaren oinarri
diren instituzioen (ekonomia, zientzia, zuzenbidea, politika)
krisiaren harira. Bere tesiaren arabera, gizarte industrialak
sortu dituen arriskuak gizarte horren beraren oinarri instituzionalak
deuseztatzen ari dira, instituzio horiexek ezin baitiete aurre
egin auto-sortutako arriskuei. Alegia, Beckek gizarte mota baten
gainbehera antzematen du, eta gainbehera horren arrazoiak gizarte
beraren funtzionamendu normalean aurkitzen ditu, arriskuak eta
ingurugiro arazoak kontutan hartu ez dituen hazkunde ekonomiko
itsuari ekin dion heinean.
Zientzia eta
teknologiaren arriskuen mehatxupean bizi den gizarte bati buruz
ari zaigu Beck. Modu honetan, gizarteari kalte egiten dioten arrisku
nagusiak jada ez dira gizakiaz gaindiko iturburuetan aurkitu behar;
alegia, jada ez dira naturak berak eragindako arriskuak gizakia
gehien arduratzen dutenak (mendebaldean, behinik behin). Arriskuaren
gizarteak gizakiak berak sortutako arriskuei egiten die
erreferentzia, aurrerabidearen izenean eta normaltasun giro batean
industri garapen garaileak erditutakoei alegia. Hau da, arrisku
nagusien iturburua ez dago jada gizakiaz gaindiko natura ahalguztidunean
topatzerik, eta ezta ere inolako jainkotasun edo botere sakratuan.
Eta horretan datza hain zuzen ere Beckek arriskuari egozten dion
botere eraldatzailearen gakoa: misterioa galdu
duen mundu razional-zientifikoan arduradun bat eta bakarra
dago, eta berau gizakia da. Ardura ez dago jada industri garapenak
ustiatu eta bereganatu ondoren jada existitzen ez den natura birjin
bati esleitzerik (Beck 1986, 89-92 orr.; 1988, 65-103 orr.); arriskuaren
gizartea "manufakturatutako" arrisku eta ziurgabetasunen
(Giddens 1999, 33-48 orr.) gizartea da, alegia, gizarteak berak
sortutako arriskuen aroa.
Becken arabera,
ordea, guztiz arduraduna den gizarte hau oinarrian arduragabea
da (Beck 1988), ez baita gai berak sortutako arriskuak
kontrolatu eta ekiditeko: aurresate zientifikoek muga nabariak
azaltzen dituzte inplementazio zientifiko-teknologiko ezberdinen
ondorioak aurresateko eta segurtasuna garantizatzeko
(2); mugarik gabeko hazkunde
ekonomikoak ingurugiroa deuseztatzen du, eta hortaz gain ingurugiro
horrekiko dependentzia duten sektore ekonomiko ezberdinengan
kalte handia eragin (3);
sistema legalak, zuzenbide penalean oinarrituta darabilen ardura
kontzeptu indibidualarekin okerreko bidera eramaten gaitu: arduragabekeriara
(4); sistema politikoa,
azkenik, irizpide ekonomikoak gidaritzat duen teknokrazia hutsa
izatera mugatzen da, independentzia eta eraginkortasun ezak adierazletzat
dituelarik.
Gainera, segurtasun
mekanismo bezala funtzionatzen duen aseguru sistema klasikoak
ezin die aurre egin arrisku potentzial ugariri:
nola konpentsatuko da, esate baterako, katastrofe nuklear batek
eragin ditzakeen kalte ezin lazgarriagoak? Ez dago horrelako tragediari
ekonomikoki aurre egin diezaiokeen aseguru etxerik (5).
Badira ordea
katastrofistatzat hartua izan den ikuspegi honekin bat ez datozen
korronte akademikoak. Ekin diezaiogun jarraian adierazgarrienetarikoa
izan daitekeena aurkezteari: Mary Douglas eta Aaron Wildavskyk
jorratutako arriskuen antropologia kulturala.
Arriskuaren gizartetik
gizartearen arriskuetara Aurreko analisiaren arabera,
gizarteak sortu dituen arrisku objektiboek gizartearen beraren
oinarriak akabatzeko lain ahalmena daukate. Gizarte industriala
krisian dago zientzia eta teknologiaren garapenek sortu dituzten
arriskuak direla eta. Beraz, eraldaketa sozialak arriskuetatik
eratortzen dira: bestelako gizarte eredu bat eraiki beharra dago
bueltarik gabeko auto-suntsiketarako bideari behin betiko ateak
ireki baino lehen.
Badira
ordea arriskuez eta hauek gizartearekin daukaten erlazioez ikuspegi
ezberdina mantentzen dituzten ikuspegi akademikoak. 1982. urtean
jada klasikoa bilakatu den Risk and Culture liburua argitaratu
zuten Mary Douglas eta Aaron Wildavsky antropologo
kultural iparamerikarrek. Hauen arabera, arriskuak objetiboki
ez dira gehitu, txikitu baizik (6).
Hauentzat aldatu dena arriskuen hautemate soziokulturala izan
da, gaur egun arrisku gehiagori aurre egin behar diogulako sentsazioa
sortu duena.
Arriskuak, ikuspegi
honen arabera, ezin dira testuinguru soziokulturalatik at ulertu.
Are gehiago, arriskuak egitura kultural ezberdinen funtzio
gisa ulertzen dituzte, egitura kultural ezberdinak ezaugarritzeko
bi aldagaiez baliatzen direlarik: talde kulturalaren solidaritate
mailari dagokiona, bata, eta taldearen estratifikazio mailari
dagokiona, bestea. Bi aldagai hauen arabera antolakuntza soziokulturalaren
modu ezberdinak finkatzen dituzte. Sistema soziokultural bakoitzak
arriskuen gaineko diskurtso ezberdinak darabiltza, arrisku-hautaketa
dibergenteekin; eta hau guztia helburu batekin egina da: sistema
bere horretan mantentzearena. Beraz, arriskuek funtzio bat jokatzen
dute, sistemaren biziraupena xede duena alegia.
Douglas eta Wildavskyk
hiru eredu soziokultural ezberdin ezaugarritzen dituzte: eredu
hierarkiko edo burokratikoa (solidaritate eta talde estratifikazio
maila handikoa); eredu indibidualista edo merkatu-eredua (solidaritate
eta estratifikazio maila baxukoa); eredu sektarioa (solidaritate
maila altu baina talde estratifikazio maila baxukoa). Aurreneko
bi ereduak gizartearen erdigune gisa ulertzen dituzte, eta eredu
sektarioa ordea gizartearen mugan kokatzen dute. Eredu hierarkiko
edo burokratikoak arrisku sozio-politikoak ditu larrientzat (eraso
kriminalak, militarrak, ...). Eredu indibidualistarentzat ordea
arrisku larrienak arrisku ekonomikoak lirateke. Azkenik, eredu
sektarioak zientzia-teknologiatik eratorritako arriskuak hautatuko
lituzke, hau da, arrisku ekologikoak. Arriskuaren hiru kultura
ezberdin bereizten zaizkigu hemen era honetan. Erdiguneak status
quo-a errepresentatuko luke, eta mugak sistemaren aurkako
taldeak.
Hau da, arriskuen
gaineko diskurtso oro egitura kultural ezberdinetan oinarrituta
dago. Ez dago arriskuez hitz egiterik, ez bada kontutan hartuz
arrisku guztiak eredu soziokulturalen baitan gorpuzten direla.
Eredu hauetan, arriskuak eta arduraren esleipenak egitura bakoitzaren
mantenua eta biziraupena xede duen funtzioa jokatzen dute. Beraz,
arriskuak ez lirateke, Becken aurka, sistemaren anomalia objektibo
batzuk, gizarteko sistema ezberdinek euren onurarako erabiliko
luketen diskurtso mota bat baizik. Diskurtso honen arabera, eredu
bakoitzak bere arrisku propioak sortzen ditu (eta, modu honetan,
bere arerio propioak), horien araberako jokabide seguruenak (normalenak)
finkatzearekin batera.
Douglas eta Wildavskyk
agerian jarri zuten arriskuak testuinguru kultural ezberdinen
barruan hautatu eta ulertzen direla, hau da, lekuan lekuko egoera
soziokultural ezberdinen baitan (Krimsky eta Golding 1992; Renn
eta Rohrmann 2000). Dena dela, beraien ikuspegia ez dago kritikatik
salbu. Eredu kultural ezberdinen tipologia zurrunegia eta mugatuegia
da. Zurrunegia, ez duelako eredu eta sentsibilitate ezberdinen
arteko elkarrekintzen berri ematen; eta mugatuegia, ezin delako
konplexutasun soziokulturala adierazi hiru eredu kultural soilen
bitartez. Gainera, ikuspegi honek determinismo kultural batera
bultzatzen gaitu, arriskuak eraikuntza soziokultural hutsak bailiran
ulertzen baitituzte.
Becken hariko
analisiek kontutan hartu beharko lukete arriskuen izaera soziokulturala,
baina arriskuen trataera kulturalek ere kontutan hartu beharko
lukete arriskuen izaera objektiboa, zientziak mundua ezagutzeaz
gain mundua bera eraldatzen duelako (Hacking 1983), munduarengan
zientziak eragiten duen interbentzio horren ondorioz sortzen diren
arriskuen analisia derrigorrezkoa bilakatzen delarik. Arriskuen
analisi oso batek ondorioz dimentsio soziokulturala eta objektiboaren
berri eman beharko luke (Irwin 2001). Hori guztia ordea beste
baterako utzi beharko dugu.
|
Bibliografia
Beck,
U. (1986). La sociedad del riesgo. Hacia una nueva
modernidad. Bartzelona: Paidós, 1998.
Beck,
U. (1988). Políticas ecológicas en
la edad del riesgo. Antídotos. La irresponsabilidad
organizada. Bartzelona: El Roure, 1998.
Douglas,
M.; Wildavsky, A. (1982). Risk and Culture. An
Essay on the Selection of Technological and Environmental
Dangers. Berkeley: University of California Press.
Giddens,
A. (1999). Un mundo desbocado. Los efectos de la
globalización en nuestras vidas. Madril:
Taurus, 2000.
Hacking,
I. (1983). Representar e intervenir. Mexiko:
UNAM/Paidós, 1996.
Irwin,
A. (2001). Sociology and the Environment.
A Critical Introduction to Society, Nature and Knowledge.
Cambridge: Polity Press.
Krimsky,
S.; Golding, D. (argit.) (1992). Social Theories
of Risk. New York: Praeger.
Laudan,
L. (1994). The Book of Risks. Fascinating
Facts about the Chances We Take Every Day. New
York: Wiley.
Renn,
O.; Rohrmann, B. (argit.) (2000). Cross-Cultural
Risk Perception. A Survey of Empirical Studies.
Kluwer: Dordrecht. |
|
(1) Dena dela, "garapen
sostengarria" eta antzeko kontzeptuek azken hamar urte hauetan
agenda politikoan garrantzi handia lortu badute ere -maila diskurtsiboan
behintzat-, ikusteko dago benetan gaur egungo produkzio eta kontsumo
indizeekin nolabait ere sostengarria izan daitekeen garapenik lortzerik
badagoen. (ITZULI)
(2) Adibide argia 1986. urtean, Ukrainan, Txernobilgo
zentral nuklearrean jazotako istripu larria dugu. 1983. urtean Energia
Atomikorako Nazioarteko Erakundearen (EANE) Segurtasun Saileko zuzendari
B. Semonovek honakoa idatzi zuen EANE-ren aldizkariaren ekaineko
zenbakian: "BRMK motako zentraletan [Txernobil] (...) istripu
larri bat jazotzea ezinezkoa da". (ITZULI)
(3) Adibidez: industria kimikoek
itsasoa kutsatzen dutenean, galtzaileak arrantzaleak, turismo sektorea,
eta abarrak dira. Are gehiago, sektore ekonomiko bera bilakatu daiteke
bere etsairik nagusien; esate baterako, arrantza teknika aurreratuenek
arrain kopuru handiagoak bereganatzeko balio badute ere, epe ertain
eta luzera gehiegizko ustiapenek zalantzan jartzen dute gerora egin
beharreko harrapaketak. (ITZULI)
(4) Hemen ardura esleipenaren
arazoarekin egiten dugu topo. Generikoki arduraduna "gizakia"
edota "gizartea" dela badiogu ere, tokian tokiko ardura
zehatzak atxikitzerako orduan erantzukizuna argituko lukeen kate
kausala finkatzean datza arazoa. Nortzuk dira, adibidez, klima aldaketaren
erantzuleak? Enpresak? Zeintzuk konkretuki? Gobernuak? Edota hiritarrak
(kontsumitzaileak)? Hau da, zehaztasuna eta indibidualizazioa oinarri
duen sistema legalak, paradoxikoa badirudi ere, arduragabekeriara
bultzatzen gaitu. (ITZULI)
(5) Adibide gisa Estatu Batuen
programa nuklearra har genezake. Aseguru etxeek ez ziren prest azaldu
energia nuklearra aseguratzeko, istripu larrienen kostuen estimazioa
altuegia zelako. Horren aurrean, 1957. urtean Estatu Batuetako Kongresuak
"Price-Anderson" legea jarri zuen indarrean. Lege honek
Estatuaren ardurapean ezarri zuen istripu nuklear larrienen konpentsazio
ekonomikoa. (ITZULI)
(6) Honetaz gehiago: Wildavsky,
A. (1988). Searching for Safety. New Brunswick: Transaction.
(ITZULI)
Hannot Rodríguez, EHU-ko Miguel
Sánchez-Mazas Katedra
Argazkiak:http://es.geocities.com/pirineosjuan/cherno.html |