Gizarte
prozesu oro bilakaerazko izaerakoak dira eta gizarte-errealitatea
interpretatzeko saioak egiterakoan horrela ulertu behar dugu.
Prozesu aldakor horren barruan orain bizi eta burutzen ari garen
alda-unea bi sistema eraginkorren menpe dago, posmodernitatea
eta globalizazioa hain zuzen. Hurrenez hurren kultura eta ekonomia
arloetan, eremu geografiko eta eragin-maila ezberdinetan nagusitzen
dira biak. Posmodernismoak eta globalizazioak Hondarribiko arrantzale-kolektiboaren
errealitatean dituzten eraginak, eta ikuspuntu antropologikotik
ikusita, arlo jakin hauetan dautza: batak, alde soziala non elkarrekintzen
ereduak eta espazioaren erabilerak ildo jakin eta hauskor batzuek
jarraitzen dituzten; besteak, alde ekonomikoa, non dagoeneko endekatuta
dagoen ekonomia-jardueran ekoizpen-eraren eraldatze pausatua ematen
ari den.
 |
Hondarribian,
sektore tertziarioa mota askotako sinboloaz jabetzen ari
da. "Beko Errota" jatetxeko
ingurua. |
Guri dagokigunez,
ekonomia mailan burututako eragina kulturan egindakoa bezain sakona
izan bada ere azkeneko honetaz ez gara apenas erreparatzen, nahiz
eta, aldez edo moldez, orain arte ezagutzen genituen gizarte-elkarrekintzen
eremuak eragiten dituzten. Eta egoera horretan berezkoa kolokan
gelditzen da; areago, telematikaren erabileraren hedapenetik ondorioztatzen
diren portaera-eredu berriak direla eta, gizarte-elkarrekintza
bera ere baldintzatuta suertatzen da.
Kultura, kontsumogaitzat
hartuta, bere sormen-gaitasunean manipulatuta dago harik eta botere
politikoaren erreferente bihurtu arte. Sinbolo-eraikuntza da banakoak
bere burua ekonomia globalaren barruan kokatuta eta normaldua
ikus dezan erabilitako bidea (Lourdes Mendez: La Europa de
la Cultura, Construyendo una nueva identidad?) Irudiaren marketinak
eta irudipenak osatzen dute errealitate birtuala edo alegiazkoaren
paradigma (Josep Pico: 1999).
Posmodernitatea,
irudiaren –zentzu zabalean - eta itxuraren kultura-jardueraren
gidoia da (Frederic Jameson:1991) ikuspuntu "unibertsalista"
eta kultura anitzekoaren bidez aurkeztutako eredu nagusia non
"berezkoa" insolidaritate mailaraino gutxitua den.
Banakoaren eta bere
gizarte-eremu hurbilaren arteko hausturak ezaugarritzen duen kultura-garapenaren
testuinguru honetan, orain arte ohikoa eta nagusia zen industria-eredu
ekonomikoa, finantza-merkatua, ideiak, kultura, artea, komunikapena
etab eragiten dituen "sistema sarekatuak" ordezkatzen
du. 80ko hamarkadan eta krisi garaiarekin batera – edo beharbada
horren ondorioz- gizarte-eredu honi dagokion gizarte-klase berri
bat sortu zen herri industrializatuetan. Klase honek, berez 60ko
hamarkadarenaren oinordeko kulturala izanik, berezko ezaugarriak
zituen, unibertsitarioez, funtzionariez, publizitate eta informazio-teknikariez,
liberalez, langile gaituez eta abarrez osatuta, ohiko sailkapen
marxiarraren gainetik paratzen den gizarte-sintesi gisa sortu
zen. Gizarte neo-liberala, demokratikoa eta progresista bati zegokion
klase arrakastatsuaren sorkuntza, ezkerra politikoaren krisiarekin
batera agertu zena.
Klase honek, burgesiaren
eta indar ekoizleen arteko dialektikaren gainditzea irudikatzen
du; erosteko ahalmen handikoa eta kontsumismoan murgilduta, kultura
eta politika-jardueraren instituzionalizazioaren beharra agerian
uzten duena. Posmodernitateak bultzatutako indibidualizazio-prozesuak
kultura-eragilearen irudiaren suntsipena eragin du eta baldin
eta kapitala izaki anonimo bihurtu bada, kultura-eragileak ere
bere izaera galdu du, eta honekin batera kultura-jarduera kolektiboaren
kontzeptu tradizionala. Izan ere, kapitalismoaren erarik peto-petoaren
ondorioa den globalizazioa garatzeko, lekuko erreferentzia-identitarioetan
eta sinboloen eraikuntzan bere burua zuritzen saiatzea da "ad
hoc" estrategia. Sinboloaren eta banako-eragilearen heriotzak
errazten du inorako bidea, alde batetik zientzia eta teknologian
oinarrituta eta instituzioek bultzatutako irudi-kultura unibertsalaren
presentzia, non gizarte-erro dinamikoaren gabezia nabarmena den
eta bestetik erkidego bakoitzaren berezko kultura, zeinek komunikabideetara
heltzeko benetako oztopoak topatzen dituen.
Azken finean posmodernitatea,
kultura-aniztasunetik sortutako arazoen irtenbidea bailitzan aurkezten
zaigu, baldin eta horrekin batera datorren globalizazioaren kontzeptua
onartzen bada; horrela, kultura ezberdinekiko ustezko begiramenduaz,
eredu ekonomikoaren zabalkuntza globalaren justifikazioa lortzen
saiatzen da, baina hondarrean gelditzen dena da masa-banakoaren
indibidualizazioa.
Ez ote da, gizarte-krisiaren
egoeraren aztarna sintomatikoa, gizarte-elkarrekintzaz hitz egitea?
Azken finean "giz-artea" hitzak, berezko harremanen
kutsua darama bere baitan eta alde hori azpimarratzeko beharrak
bi gauza uzten ditu agerian: Egun posiblea dela harreman-mota
ezberdinak betetzea gizartean parte hartu gabe, eta hau, ezkutatu
nahi duten ondorioa dela. Bigarrena, gizartea, harremanetarako
gune bezala beharrezkoa ez bada, sinbolismoaren inguruko manipulazioa
inoiz bainoagoa izan delako dela, besteak beste.
Testuinguru isla
azkar honetan, kontrapuntu gisa jarri nahi dut industria-garapen
txikiko gizarte urbano bat, ideologia tradizionala-kontserbadoreduna
eta kultura komunitarioan murgilduta non izaera tertziarioa handiagotzen
ari den. Hau da, identitate folk bati dagozkion ezaugarriak (Robert
Redfield 1947) dauzkan azpikultura bat. Errealitate bakar batean
baldintza ezberdinez lehiatzen ari diren bi eredu geopolitiko
ezberdinen arteko kontrastea ematen den herria.
Hala ere, bien artean
izan ohi dira elkarrekintza-lokarri mota ezberdinak eta hauetatik
guztietatik interesa zaidana turismoa da. Turismoaz mintzatzea
ez da fenomeno estatiko edo behin betiko balore zehaztu batez
hitz egitea, turismoa da banakoari "turista" nortasuna
ematen diona; futbolean "hooligan"ek hartzen duen izaeraren
antzera, honetan ere fenomenorik gabe ez litzateke izaerarik izango.
Beraz, turista ez da, bere ohiko egoitzatik nahita lekualdatzen
eta bere aisialdian jatorri-lekuan egiten zuena egiten duen –
baina beste bitartekoren bidez- banakoa, baizik eta honek talde-jarduera
horretan hartzen duen behin behineko gizarte-identitatea.
Horrenbestez, turismoa,
gizarte-azpisistema bat da, ez-ohiko denbora-espazioan autoerregulatzen
eta sinboloz elikatzen dena eta burutzen dituen kontsumo-jarraibideen
arabera sailkatuta; horrela, abentura-turismoa, kultura-turismoa,
ekologia-turismoa, negozio-turismoa edo motxila-turismoa ez dira
inolaz ere berdinak, edo hobeto esanda, fenomeno beraren bertsio
ezberdinak dira. Batzuk kalitatezko-turismoaren esparruan kokatuta
daude eta ondasun murritzatzat hartuta diren neurrian, erakargarriak.
Non datza, ordea, honen erakargarritasuna? Bada bere kontsumo-gaitasunean,
eta kontsumoa aipatzean eskaintza-eskariaz hitz egiten dugunez
gero, turismo-jarduera bermatuta dago baldin eta, lehengo industria-gizarteari,
gaurko gizarte informatizatuaren ongizatean ohituta eta subjektibitatean
hezituta, dagokion hirugarren klase horren talde-banakoarekin
topo egiten badugu –erakartzen jakiten badugu- eta areago, bere
eskakizunak betetzeko prest egongo bagina. Talde honek daramatza
bere baitan globalizazioaren eta posmodernitatearen arrastoak
eta eskaintzen zaizkion alegiazko irudiak ez dakit noraino ez
ote diren geure erreferente bihurtzen ari.
Lerro hauek idazten
ari nintzelarik, Bidasoa-Txingudi Partzuergoak antolatuta Mugaz
Gaindiko I. Turismo Kongresura joateko gomita jaso nuen, eta
joan nintzen.
 |
Untzia
eta jatetxea. Hondarribiko "Beko Errota" jatetxea; untzia,
"San Francisco" da. |
Txingudi badiaren
inguruan kokatuta dauden hiru udalerrien turismoa-ustiapenaren
planteamenduari buruzko I Kongresua, alegia. Bertan, Bidasoa-Txingudi
Mugaz Gaindiko Partzuergoaren jardunbideak ezagutzera eman nahi
zaizkio sektore pribatuari .
Gizarte-dinamikak
berak bultzatzen duen aldaketa kualitatiboari buruzko balorapena
behar den bezala egiteko eta horren arabera markatutako ildo berriei
ekiteko ezinbestekoak diren baliabide teorikoen ezak, edo hauen
aplikapen partzialak, batzuetan, errealitate horren izaera era
gutxituaz jabetzera bultzatzen gaitu. Kasu honetan hala gertatu
zen.
Planteamendu isolatua
eta bertan indarrean dauden ekoizle-ekonomikoaren eragilerik kontuan
hartu gabe, sukarra europarrez jota bailiran, arrantza-jarduerari
buruzko aipamenik ez zen izan. Itsasoari buruzko kontzeptua, beste
arlo batean naturarenarekin gertatu ohi den lez, turismoaren interesen
arabera eraikita dago oraingo honetan ere. Asuntoa ez omen da
ekonomia suspertzea, ekonomia-eredu mota jakin bat suspertzea
baizik. Kongresuan behin eta berriro agertu zen kezka, kalitatezko
turismoari lekua saltzeko marka-irudia egokiena lortzea izan zen.
Kito.
Eta horrekin itzultzen
gara gaiaren harira. Testuinguru honetan egindako interpretapen
azkarraren arabera, korronte berriaren erabateko asimilazioa,
ohiko sinboloen esanahien aldaketatik abiatzen da. Asmatutako
irudiak –sinboloak- eta sinbolo zaharren erabilera berriak, esanahi
hutsekoak izan arren halako ikonolatria sortarazten du. Zergatik?
Bada botere-jardueraren oinarria alegiazko espazioaren menperakuntzan
datza-lako (Jean Baudrillard :1984:33).
Horregatik, akaso,
botereak, erabiliko eta dagokien esanahia bultzatuko dituen kultura
tradizionalaren sinbolo bakarrak, bere gizarte-proiekturako galgarriak
ez eta –horretarako- gaurkotasun eraginkorrik ez daukatenak izango
dira –zentzu folklorizatua daukatenak, alegia-.
Argazkiak: Jaime Anduaga |