|
Laeken-en
2001eko abenduan egin zen goi bilera arrakastatsua izan zen, bilera
hartan izenpetutako agiri politiko batean Europako Batasuneko
15 estatuek lehenengo aldiz onartu baitzuten legegintza eskumenak
dituzten eskualdeak daudela. Agiri horretan, Eskualdeen Batzordeari
–Europako eskualde eta toki erakundeen organo ofizial bakarrari,
alegia– beste eskubide bat ere onartu zitzaion: Europako etorkizunari
buruzko erreforma aztertzeko 2004an izango den Nazioarteko Konferentziarako
sei ordezkari begirale izendatzea.
 |
Europar
legebiltzarra.
Argazkia: http://sp.bundesregierung.de/top/dokumente/Artikel/ix_67092.htm?
template=single&id=67092_3176&script=1&ixepf=_67092_3176 |
Europako Batasunean
betearazte eskumenak dituzten udalek eta eskualdeek eta legegintza
eskumenak dituzten eskualdeek aukeratu dituzte dagoeneko sei ordezkariok.
Aukeraketa horren emaitza oso garrantzitsua da Euskadirentzat,
sei ordezkari horietako bost legegintza eskumenak dituzten eskualdeen
ordezkariak direlako eta, horrela, gurea bezalako eskualdeek ordezkatuko
gaituztelako gehienetan. Hona hemen bost eskualde horiek: Flandes,
Nordrhein-Westfalia, Brusela eskualdea, Toscana eta Valencia,
eta Picardie eskualde frantziarra.
Konbentzio horretan
parte hartzeko era dela eta, gure ordezkariei begirale estatusa
ematea ez dela egokia uste badu ere Euskadik, aitortu behar dugu
konferentzia horretan parte hartzea gure interesak defendatzeko
aurrerapausoa dela, ordezkariok aukera izango baitute bileretara
joateko, eztabaidetan parte hartzeko eta bere proposamenak aurkezteko;
alegia, konferentzia horretako gainontzeko kide guztiak bezala
jardungo dute, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango.
Gure etorkizuna Europan
eraikitzen parte hartzeko abagune historikoa dugunez, legegintza
eskumenak ditugun eskualdeok antolatzea erabaki dugu. Iazko azaroan,
legegintza eskumenak dituzten eskualdeen presidenteek –horien
artean, Lehendakariak ere– adierazpen bat izenpetu zuten Liejan.
Adierazpen horretan legegintza eskumenak dituzten eskualdeen arteko
sare informal bat eratzea eta eskualde horien presidenteek urtero
biltzea onartu zen. Presidente horiek emango dituzte sare horrek
bete beharreko jarraibide eta arau politikoak.
Zerk eragin du sare
hori eratuz gauzatu den antolatzeko premia hori? Alde batetik,
Eskualdeen Batzordeak ez ditu betetzen legegintza eskumenak dituzten
eskualdeen espektatibak, Eskualdeen Batzordeak erabaki komunitarioak
hartzen duen eragina eta indarra ez baitira legegintza eskumenak
dituzten eskualdeen barne eraginaren eta eskumenen araberakoak.
Beraz, Eskualdeen Batzordea ez da baliagarria.
Horregatik, zenbait
eskualdek honako hau aurkeztu zuten Eskualdeen Batzordean: legegintza
eskumenak dituzten eskualdeen talde bat sortzeko aukera aztertzea,
beti ere, eskualde horiei bakarrik eragiten dieten gaiak aztertzeko.
Euskadi eta Extremadura buru zirela aurkeztutako ekimen horrek
ez zuen aurrera egiterik izan, Eskualdeen Batzordean guztizko
kideak 222 izanda, legegintza eskumenak dituzten eskualdeak 70en
bat baino ez baitira. Gainontzeko udalek eta eskualdeek talde
hori sortzearen kontra azaldu ziren erabat, beldurra baitzioten
kideen eskumenen araberako mailak edo multzoak sortzeari; horrek,
izan ere, taldeen pisu politikoaren araberako banaketa ekarriko
bailuke ezinbestean.
Baina, oraingoz Euskadik
Europako Batasunean dituen iritziak azaltzeko aukera bakarra hori
denez, iruditzen zait behar-beharrezkoa dugula bertan parte hartzea,
gure asmoak betetzeko beste egitura bat lortu arte.
Beste alde batetik,
legegintza eskumen esklusiboak ditugun eskualdeok uste dugu Europan
dugun esku hartzea ezin dela mugatu Eskualdeen Batzordera eta
Europa mailako negoziazioetan ere parte hartu behar dugula –negoziazio
horietan gure eskumen esklusiboei eragiten dieten gaiak eztabaidatzen
badira–, herritarren aurrean erantzun behar baitugu gure agintearen
erabilera egokiaz. Horren adierazgarri da Eusko Jaurlaritzak etengabe
eskatzea Euskadik parte har dezala Europako Batasuneko Ministro
Kontseiluetan.
Aurreko aldiekin
alderatuta, Europak bizi duen egoera itxaropentsua dela esatea
badaukagu ere, Espainiako Estatuak bizi duena ez da itxaropentsua,
inondik ere. Euskadi eta autonomia erkidego gehienak aspalditik
ari gara Europako Ministroen Kontseiluan parte hartzeko aukera
eskatzen, Alemaniako eta Austriako länderrek, Belgikako eskualdeek
eta erkidegoek, eta Eskoziak Ministroen Kontseiluan parte hartzen
baitute. Baina, aukera horiek geldiarazi –edo geldiarazi baino
gehiago, betatu– egiten ditu Gobernu Zentralak.
Madrilen egoskorkeria
izugarria dago gai horretaz eta ekin eta ekin ari dira Estatua
dela gaitutako erakunde bakarra Estatu osoaren jarrera Europako
Batasunean azaltzeko eta defendatzeko. Beraz, bide bakarra dago
autonomia erkidegoek parte har dezaten: Gobernu Zentralak sortutako
barne organoetan parte hartu eta autonomia erkidego guztiek jarrera
bat adostu, nahiz eta lan hori ezinezkoa dela erakutsi duen esperientziak.
Ezintasun hori zenbait autonomia erkidegoren koherentzia ezak
eta erkidego horiek Europan eta Estatuan erakusten duten jarrera
bikoitzak eragiten dute; jarrera bikoitz hori erabiliz, Europan
ideia bat defendatu eta Espainian ideia bera gaitzetsi egiten
baitute. Jarrera aldaketa hori gobernu zentralaren aginduek eragiten
dute, adostutako jarrera bat eragozteko, adostutako jarrera hori
izan ezik, Madrilek ez baitu onartzen autonomia erkidegoen iritzia
defendatzea, ezta iritzi hori entzutea ere. Horren guztiaren adierazgarri
da Eskualdeen Batzarrak autonomia erkidegoek ministro kontseiluetan
parte hartzearen alde eman zuen irizpena. Autonomia erkidego guztiek
azaldu ziren irizpen horren alde 2001eko azaroan egindako osoko
bilkuran; hilabete beranduago, ordea, irizpen horren kontra azaldu
ziren Europako Gaietarako Sektore Konferentzian Posada ministroaren
aurrean.
Laburbiltzeko, Madrilek
beti jarri die betoa autonomia erkidegoek Europako Batasuneko
erakunde erabakitzaileetan zuzenean parte hartzeari, baita Estatuaren
ordezkaritzaren bitartez zeharka parte hartzeari ere. Eta borondate
politiko hori falta dela Espainiak seihileko honetan bete behar
duen presidentetzarako lanetan ere islatu da. Jakinarazi nahi
dut ez zaiela inolako aukerarik eskaini ez Euskadiri, ezta gainontzeko
autonomia erkidegoei, Espainiaren presidentetzaren programa prestatzen
parte hartzeko; are gehiago, ez ziguten ezertxo ere aipatu horretaz.
Espainia bezain deszentralizatuta dauden estatuek guztiz bestelako
jokabidea izan dute: aldez aurretik informatu eta eskualdeei presidentetza
prestatzen parte hartzeko aukera eman. Horrela egin dute, adibidez,
Belgikako Estatuak –Europako Batasunaren lanak zuzendu ditu 2001eko
uztailetik abendura bitartean–, Alemaniak, Austriak edo Erresuma
Batuak. Autonomia erkidegoak boikotatzeko jarrera hori gero eta
ulergaitzagoa da Europako Batasuneko hainbat arlotan. Harrigarria
da, gero, Espainiaren presidentetzari buruzko zerbaiten berri
izateko, Alemaniako edo Austriako landërretara jo behar izatea,
horiekin dugun harremana oso estua baita eta estatu horietako
gobernu zentralek unean uneko informazioa ematen baitiete landërroi.
Horregatik guztiarengatik,
Espainiako autonomia erkidegoek Madriletik jasotzen duten trataera
estatu zentralizatu eta jakobino batek emandakoa dela esanez bukatu
nahi dut. Halaber, gogorarazi nahi diot Aznar jaunari onartu behar
duela ez duela berak nahi lukeen estatua zuzentzen, beste estatu
bat baino: estatu plurinazionala, asimetrikoa eta anitza. Adjektibo
horiek ezin hobeto zehazten dute Espainiako estatua eta Espainiako
Konstituzioan jasota daude, Presidenteak hainbeste gurtzen eta
aldarrikatzen duen konstituzio horretan, hain zuzen. Jose María Muñoa
Ganuza, Kanpo Harremanetarako Lehendakariaren ordezkaria |