|
Komunikabideetan
hezkuntza gaietaz hitz egiten denean muturreko egoerak dira gehien
islatzen direnak, hau da, esaten da ikasleak ez direla ahalegintzen,
ez dutela ezer ikasten... e.a. 2002 urtearen lehen hiru hilabetea
horrelako eztabaiden adierazle egokia izan da benetan.
Adostasun handia dago hezkuntzarekin
guztiz kontent ez dugula egon behar esaten denean, baina arazoak
zein diren mugatzerakoan adostasun eza oso aipagarria da.
Nire ustez, adibidez, oso kezkagarria da ikasleen ikaste prozesuan
ez dugula pentsatzen ikustea, soilik ikasleek bukaeran izan beharko
lituzketen emaitza batzuetan pentsatzen baita. Horrela, konponbideetan
pentsatzerakoan arreta gutxi jartzen zaio ikasleek burutu dezaketen
ikaste prozesuaren hobekuntzari, eta jaramon guztiak ikastetxeetako
testuinguruak eta bereziki diziplina arazoak deiturikoak jasotzen
dituzte. Hortaz, aurretik diot "Ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiro
hezkuntza" deitutako ikerketa lanak duen asmo sakona hezkuntzaren
eta bereziki Ingurugiro hezkuntzaren hobekuntzarako proposamen
jakin bat egitea dela, hobekuntzaren oinarrian ikasle jakinen
ikaste prozesuaren hobetzea kokatzen delarik. Era berean esan
behar dut hobekuntzarako egiten dudan proposamen hori oinarri
esperimental batekin sendotua aurkezten dudala.
Novak adituak, 1978
urtean jada, ingurugiro hezkuntzarako baliagarria zen lan ildo
berritzailea aurkeztu zuen. Novakek ingurugiro hezkuntzaren emaitzak
hobetzeko, hau da, ikasle jakinen ikaskuntza eraginkorragoa izateko
eta hauen jarrera aldaketa positiboak lortzeko, proposamen jakin
bat egiten du: giza ezagutzaren eta ikaskuntzaren izaerari buruz
dakiguna hezkuntzarekin orokorrean eta bereziki ingurugiro hezkuntzarekin
erlazionatu behar dela. Bere ustez Toulmin, Kuhn eta Ausubel bezalako
egileen ekarpenak hezkuntzara aplikatuko bagenitu hobekuntza aipagarriak
jasoko genituzke. Proposamen honek hurrengo urteetan etekinak
eskainiko ditu, Ausubel/Novak/Gowinen marko teorikoaren pean burutzen
diren ikerketen emaitza positiboak ugariak direlarik (Luckok,
Disingerrek eta Rothek, 1982; Stilwellek eta Brodyk, 1987; Brumdsted,
1990: González, F. Mª., eta Iraizoz, N.,1994, 1995, 1996-1997).
Nire ikerketa lan honek Novaken lanaren ildo [lerro] honekin bat
egiten du.
IKASKUNTZA ESANGURATSUA
Ausubelen ekarpena
den eta Novakek berreskuratzen duen "ikaskuntza esanguratsua"ren
planteamendua da hemen jaso nahi duguna. Ikaskuntza esanguratsuari
buruz esan daiteke gizakion ikaste prozesu berezkoa dela, eta
honek azken finean suposatzen duela informazio berria gizabanakoak
jadanik duen egitura kognitibo batek asimilatua izatea. Asimilazioa,
Ausubelentzat, pertsona batek ezagutzen dituen kontzeptuen artean
ezartzen dituen harreman hierarkikoetan oinarritzen da.
Ezagutza berriaren asimilazio
horretan gertatzen da inklusore funtzioa betetzen duten kontzeptuek
beste kontzeptu espezifikoagoak asimilatuz gizabanakoentzat esanahia
jasotzen dutela. Ikaskuntza esanguratsua eta bertan gertatzen
den ezagutza berriaren asimilazio prozesua Novakek hezkuntzaren
bere teoriaren erdian kokatzen ditu. Gainera eransten du ikaskuntza
memoristikoa eta esanguratsua giza ikaskuntzaren continuum berean
kokatzen dira, eta gizabanakoak informazio berriarekin eratzen
dituen harremanen izaerak baldintzatuko du gizabanako jakin hori
ikaskuntza memoristikotik ala esanguratsutik hurbilago dagoen.
IKASKUNTZA ESANGURATSUA
ERRAZTEN DUEN ETA IDENTIFIKATZEN DUEN TRESNA: KONTZEPTU MAPAK
Novakek bere hezkuntza
teoria honekin bat datorren tresna, eta gainera ikaskuntza esanguratsua
antzemateko eta errazteko balio duen tresna da kontzeptu maparena.
Kontzeptu mapak pertsona edo ikasle batek gai baten inguruan duen
ezagutzaren irudi eskematiko eta adierazgarria erakusten digu,
ondorioz, ikasleen ikaskuntza esanguratsua isla dezakeen tresna
da baita ere.
Kontzeptu mapa batean aurkituko ditugu kontzeptuak, hauek hartzen
duten antolaketa hierarkikoa eta beraien artean ikasleak esplizitatzen
dituen loturak, horrela, kontzeptuei esanahia ematen dieten proposizioak
ere adierazten direlarik. Kontzeptu mapa batean erabiltzen diren
kontzeptuen antolaketak argitzen digu maparen egileak zein puntutaraino
islatzen duen ikaskuntza eta ezagutza esanguratsua edo memoristikoa.
Kontzeptu mapen ezaugarri hau da hain zuzen ere guk hartu duguna
ikerketaren ardatz nagusi gisa. Bertan kontzeptu mapak aztertu
ditugu eta ikasle jakin batzuek burututako ikaste prozesuaren
ezaugarriak antzeman ditugu.
IKERKETAREN GARAPENA
Bi izan dira ikerketa
lan honetan proposatu ditudan hipotesiak. Lehenengo hipotesian
hauxe diot: Ikaskuntza esanguratsuaren adierazle gehiago aurkituko
ditugula, Novaken instrukzio esperimentala aplikatzen dugun
ikasleengan, beste ikasleengan baino. Eta bigarren hipotesian
berriz diot ikaskuntza esanguratsuagoa burutu duten ikasleengan
bereziki jarrera positiboagoak eta koherenteagoak aurkituko ditugula.
Hipotesi hauei aurre egiteko, ikerketa kualitatibo edo kasik esperimentalari
dagokion diseinua proposatu dugu. Proposamen honetan berritzailea
den instrukzio modulu baten diseinua eta inplementazioa burutzen
da. Instrukzioaren aurretik eta ondoren, ikasleen erregistro desberdinak
egiten dira, kontzeptu mapak eta elkarrizketa Piagetiar eraldatuak
erabiliaz. Hauen azterketa konparatiboen emaitzak dira hipotesiekin
alderatzen direnak.
|
| (Sakatu
irudiaren gainean mapa ikusteko) |
INSTRUKZIO ESPERIMENTALA
Instrukzio esperimentala
aurkezterakoan, lehenik eta behin esango dugu berritzailea izatearen
asmoa izan duela eta horretarako ikaskuntza esanguratsuaren baldintzetara
hurbildu nahi izan dugula, kontzeptu mapak eta UVE diagrama bezalako
tresna metakognitiboak erabili direlarik. Esan behar da Novaken
LEAP proiektuaren eredua jarraitu dugula. Erantsi behar dugu instrukzioaren
gaia desertifikazioa izan zela.
 |
| (Sakatu
irudiaren gainean mapa ikusteko) |
EMAITZAK
Novaken marko teorikoan
oinarritutako instrukzioa burutu duten ikasleen artean desertifikazioaren
inguruan ezagutza aipagarriagoa azaldu dute, akats gutxiagorekin.
Hobe bereizi dituzte giza ekintzak eta prozesu klimatikoak, bi
kontzeptuek esanahi aberatsagoa jaso dutelarik. Azkenik esan behar
da bi kontzeptu horietako bakoitzak jaso duten esanahien artean
sortutako erlazioak gehiago izan direla , ondorioz, talde esperimentaleko
ikasleek desertifikazioari esanahi aberatsagoa eskaini diotelarik.
 |
| (Sakatu
irudiaren gainean mapa ikusteko) |
Bereziki, kontutan
hartzekoa da kontrol taldeko ikasleen artean, eta ez berriz talde
esperimentalekoen artean, arrunta izan dela instrukzioaren ondoren
akats kopurua handiagotzea eta desertifikazioa kontzeptuaren inguruan
desberdintzapen mailakatu oso eskasak agertzea (ikus irudiak).
Hala ere, Desertifikazioa kontzeptuari ikasleek orokorrean eskaini
dioten esanahiak arazo sakonak aurkeztu ditu baita ere, adibidez
elkarrizketetan, eredu katastrofista eta sinplista maiz agertzen
dituzte, adibidez, basamortuaren muturreko baldintzak bat-batean
sortzen direla esaten dutenean. Ingurugiroko arazoen aurrean ikasleek
eredu oso sinplistak erabiltzeko joera agertzen dute, sinplismo
hori azaltzen da adibidez basamortuaren hedapena momentuko gertakari
baten emaitza bezala ikusten dutenean, eta ez berezkoa duten konplexutasunean.
Bestalde, talde esperimentaleko
ikasleek desertifikazioarekin lotura pertsonal gehiago eta irtenbide
inplikatuagoak proposatu dituzte. Azkenik, esan behar da talde
esperimentaleko ikasleek desertifikazioari buruz eratu duten diskurtso
orokorra, kontrol taldeko ikasleek egin dutena baino landuagoa
eta koherenteagoa azaldu dela.
| |
Gertatze
probabilitatea |
| Talde
esperimentalean instrukzioaren ondoren Ur-basatiak
kontzeptua desberdindu dute kontrol taldeetan baino gehiago |
%
9'2 |
| Talde
esperimentalean instrukzioaren ondoren lehortea kontzeptua
desberdindu dute kontrol taldeetan baino gehiago |
%
23 |
| Talde
esperimentalean instrukzioaren ondoren KEG kontzeptua
desberdindu dute kontrol taldeetan baino gehiago |
%
28 |
| Talde
esperimentalean instrukzioaren ondoren klima kontzeptua
desberdindu dute kontrol taldeetan baino gehiago |
%
23 |
Hau da, ikerketa
honetatik ondorioztatzen dugu Novaken marko teorikoaren erabilpenak
eta aplikazioak erraztu egin duela ikasleen ikaskuntza esanguratsuagoa
eta hauen jarrera aldaketa positiboagoa garatzeko aukera. Bukatzeko
esango dugu hezkuntzaren eta bereziki ingurugiro hezkuntzaren
hobekuntza lortzeko ikasleen ikaskuntza esanguratsua bultzatu
beharko genukeela eta horretarako Novaken paradigma teorikoaren
ezagutzetik eta bere aplikaziotik etor daitekeela.
|
BIBLIOGRAFIA
Brumsted, Ch., (1990).
The Degree of Student Engagement in Meaningful
Learning Using Cooperative Learning and Student-Selected
Subject Matter in Environmental Studies. Unpublished
M.S. thesis. Ithaca, NY: Cornell University, Department
of Education.
-
Stilwell,
S. eta Brody, M. (1987). Cross Cultural Analysis
of Student Understanding of Marine Science and
Natural resource Concepts Related to the Gulf
of Maine. Proceedings of the Second International
Seminar on Misconceptions and Educational Strategies
in Science and Mathematics. Cornell University,
Ithaca, NY, USA, II liburukia, 490-498 or.
-
González,
F. Mª., eta Iraizoz, N. (1994). Los mapas conceptuales.
Un ejemplo de aplicación en el diseño
curricular e instruccional en ciencias. La
Escuela en Acción, IV liburukia, 13-18
or.
González, F.
Mª., eta Iraizoz, N. (1995). "Errores conceptuales
en alumnos de enseñanza primaria: Implicaciones
educativas". En Estudios de Pedagogía
y Psicología, Vol. 7, 67- 116.
González, F.
Mª., eta Iraizoz, N., (1996-1997): "Diagnosis de
Errores Conceptuales en Ciencias y Reflexiones para
el Cambio Conceptual". Huarte de San Juan
(Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte
Zientzien Fakultatea). 2-3 zenb. 57-90 or.
Novak, J. D. (1978).
A Theory of Educaction as a Basis for Environmental
Education. Jerusalem. Bakshi, T. S. and Naveh, Z.
(eds.). Environmental Education. Principles,
Methods and applications liburuan. 129-138 or.
New York: Plenum Press.
|
|
Arantzazu Guruceaga, irakaslea
eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako lehen tesiaren
autorea |