Orain
dela 7 urte Guaixe Sakanako hilabetekariaren zero zenbakia kaleratu
genuen. 90. hamarkadaren hasieran, herri komunikabideen gaia pil-pilean
zegoen: Euskal Herriko hainbat eskualde eta herritan barra-barra
sortzen ari ziren eta aldizkari eta inprimakiak.
Euskarazko komunikabideen
alorrari dagokionez, ordea, Sakanan hutsune handia zegoen. Egia
esan, Sakanako zenbait herritan baziren noizean behin kaleratzen
ziren aldizkariak, esaterako, Lakuntzako ‘Aiaupenanik’ aldizkaria
edota Urdiaingo ‘Izkon’; baina, hauetaz landara Sakanako euskaldunek
ez zuten herri informazioa euskaraz jasotzeko aukerarik, horrela,
hutsunea ikusita, kazetaritza ikasten ari ginen hiru ikasle elkartu
eta herri aldizkaria sortzeko proiektua lantzeari ekin genion.
Lehengo urratsa aldizkaria
beraren izaera eta ezaugarriak zehaztea izan bazen ere, horrekin
batera, egitasmoari izaera juridikoa emango zion kultur elkartea
sortzea beharrezkoa ikusi genuen. Horrela, eskualdeko euskaltzaleak
bilera batera deitu genituen eta bilera horretan bertan egitasmoarekin
aurrera egitea erabaki genuen. Herri komunikabidearen babeslea
Bierrik Elkarte sortu berria izanen zen. 1994ko uda zen. Abenduan,
ordea, Guaixeko zero zenbakia kaleratu genuen.
Lehenengo alea kaleratzea
ez zen erraza izan, izan ere, guztia egiteke zegoelako. Lehenengo
zenbakia Olaztiko Udalak utzi zigun PC batean lan egin genuen.
Bulegoa, berriz, Urdiaingo Udalak utzi zigun gela batean moldatu
genuen.
Egitasmoa aurrera
eramateko Sakanako euskaltzaleen laguntza handia izan da. Izan
ere, aldizkariaren inguruan kolaboratzaile eta laguntzaileen sare
sendo bat sortu baitzen, eta horiek ezean ezinezkoa litzateke
horrelako egitasmo bat aurrera eramatea.
Sakana:
lur eremu zabala eta anitza Sakanako eskualdeak lur
eremu zabala hartzen du, 30 km luzera hain zuzen; eta bertan 14
udalerri daude, horietatik 2 kontzejuak direnez (Arakil eta Ergoiena
hain zuzen ere) herri kopurua handiagotzen du honek. Arakilek,
esaterako, 13 herri biltzen ditu bere baitan. Horrela, berriemaile
kopurua handia behar genuen.
Izaera geografikoaz
landara, historian zehar hiru eskualde izan dira egun Sakana biltzen
duen lur eremuan: Burunda, Aranatz eta Arakil. Eta, euskara mailan
ere beste horrenbeste gertatzen da, izan ere, euskalkien aberastasun
handia baitago gurean.
Hasierako urteotan
euskalkien inguruan lan handia izan genuen zer hizkera hautatu
eta zer nolako euskara erabili zehaztu eta erabakitzeko orduan.
Horrela, filologo eta euskaltzaleekin osatutako ‘euskalki batzordea’
sortu genuen, hori guztia zehaztu ahal izateko. Eztabaidak ez
ziren txikiak izan, batua edota euskalkian idatzi behar ote genuen
erabakitzeko orduan. Azkenean, aldizkariaren zatirik handienean
batua erabiltzeko erabakia hartu genuen, hori bai, bertako berezko
izaera gordez. Euskalkia bizirik zegoen herrien tarteetan, berriz,
euskalkian idatziriko berriak kaleratzen genituen. Noski, transkripzio
dialektologikoa nola egin behar ote zen zehazteko euskalki batzordeak
arau bilduma sakon bat kaleratu zuen eta tokian tokiko euskalkia
ezagutzen zuten lagunek egiten zituzten eta egiten dituzte zuzenketak.
Euskarazko beste
bi komunikabide: Beleixe irratia eta Oixe kazeta Bierrik elkarteari esker,
Sakanako euskaltzaleek doan jasotzen dute Guaixe hilabetekaria
beren etxeetan, baina Guaixez landara, beste bi komunikabide bultzatzen
ditu elkarte honek: 1999ko udaberrian sortu zen Beleixe irratia
eta 2001eko udazkenaz geroztik astero kaleratzen den Oixe kazeta.
Beleixe irratiak
Etxarri-Aranatzeko Kultur Etxearen beheko gela batean du estudioa.
Eta hortik igortzen du FMko 107.0an bere seinalea. Bertan egiten
duten saioaz gain, Nafarroako beste bi irratirekin (Aralar eta
Esan-Erran irratiekin) ‘Sarea’ deituriko saio bateratua egiten
dute. Elkarlan honek, gainera, Euskal Herri mailako errekonozimendua
jaso du, izan ere, hiru irratiek Argia saria jaso zuten eta.
Kazetari dagokionez,
iazko udazkenaz geroztik ostiralero kaleratzen da Oixe. 8 orrialde
ditu eta gaurkotasunezko albisteak biltzen ditu. Produktu hau
ere doan banatzen da Sakanako kiosko guztietan. Hiru komunikabide
hauekin Sakanako euskaltzaleek badute, beraz, euskarazko informazio
eguneratua jasotzeko aukera.
Finantzabideak Publizitatearen alorrari
dagokionez euskaraz saldu daitekeela garbi geratu da Sakanan.
Izan ere, jorratu gabe zegoen esparrua (euskarazko publizitatearena)
gure komunikabideetan etengabe lantzen baita. Hasieran, zuri-beltzezko
modulu xumeak nagusi ziren arren, egun, kolorezko publierreportaiak
lantzen ditugu, baita irratiko kuña ederrak ere.
Publizitateaz gain,
Bierrik elkarteak erakunde instituzionalen dirulaguntza jasotzen
du, batetik Sakanako Mankomunitatearena eta bestetik Nafarroako
Gobernuarena. Horiez gain, autofinantziazioan aurrerapausoak emateko
asmoz, hainbat ahalegin egiten dira: bazkide kanpainak, produktuak
salgai jarri eta azken urteotan bi euskal txoko abiatu: Etxarri-Aranatzeko
Leku-Ona taberna eta Altsasuko Bierrik taberna.
Liburuak, CDak,
mahai-jokoa eta euskal txokoak Komunikabideez gain, Bierrik
elkarteak bestelako produktu batzuk kaleratu ditu. Horrela, bere
historia laburrean 2 liburu argitaratu ditu: Jose Mari Satrustegiren
‘Sakanerri barrena’ eta ‘Sakanako Euskal idazleen antologia (I)’.
Horiekin batera eskualdeko musika taldeen CD bat zabaldu du ‘Sakanan
Egina’ titulupean. Eta 2000ko Gabonetarako Sakanako tribial mahai
jokoa argitaratu zuen. Hau guztiarekin batera kamisetak eta metxeroak
jarri ditugu salgai. Aipagarria da ere, Guaixeko 5. urteurrena
ospatzeko Kepa Junkeraren kontzertua antolatu zuela Altsasuko
pilotalekuan.
Baina Bierrik elkartearen
zeregina gero eta zabalagoa da, ez baita komunikabideak kaleratzera
mugatzen. Egun kultura mailan lan handia egiten ari da Sakanako
elkarte hau. Horrela 2000az geroztik Etxarri-Aranatzeko Leku-Ona
tabernan hainbat eta hainbat ekitaldi burutu dira eta burutzen
dira (kontzertuak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, musika monografikoak
eta beste asko). Hilero kultur programazio zabala lantzen da bai
Etxarriko Leku-Ona taberna, baita Altsasuko Bierrik tabernan ere.
Izan ere, 2001eko udazkenaz geroztik Bierrik elkarteak bere etxea
eraiki du, eta beheko solairuan taberna berri bat zabaldu du.
Bierrikena Ikusten denez, Bierrik
elkartearen ibilbidean hainbat lan eta produktu kaleratu dira,
baina zalantzarik gabe, apusturik handiena Altsasuko Bierrikena
egitearena izan da. Hau da, herriaren erdigunean etxe oso bat
erosi eta berritzearena, hain zuzen ere. Egitasmo honekin, beraz,
Bierrik elkarteak egoitza propioa izateaz gain, Altsasun euskal
txoko bat zabaltzea lortu dugu. Bierrik elkartea Topagunearen
bazkidea da eta Euskal Herri mailan gurea bezalakoa den euskarazko
elkarteekin batera lan egiten du. Guztion artean aurrera eginen
dugu.
Amaia Amilibia,
Guaixe aldizkariaren koordinatzailea |