1996ko
apirileko ostegun gau batez egin genuen lehenengo bilera. Giroa
epela zen oso, eta Azkoitiko Plaza Berriko arbolapeko terrazan
bildu ginen bost lagun. Ez genuen guztiok elkar ezagutzen baina
berehala gelditu zen argi guztiok ere ilusio eta asmo bera genuela.
Bi talde ezberdinetatik gentozen. Batzuk beste herrietako herri
aldizkariak ezagutzen genituen eta haien antzeko zerbait nahi
genuen gurean. Besteak, kazetaritzako ikasleak ziren, eta euren
ofizioak berarekin dakarren jakinmina eta berriak lau haizetara
zabaltzeko gogoak erakarrita azaldu ziren.
Ikusi batera eman
dezake aldizkaria produktu bezala, bera bakarrik osatzen dela,
baina lehenengo zenbakiarekin pentsatzen hasi aurretiko hamaikatxo
buruhauste sortu zitzaigun. Finantziazioa, adibidez. Formula desberdinak
aurreikusi genituen, udalarekin horrelako konfidantzazko tratu
bat egitea ere otu zitzaigun, baina udalaren aldetik aurrerapen
haundirik ikusi ez eta herriko dendarien atea jo genuen lotsagabe-lotsagabe.
Espero
genuena baino erantzun hobea jaso genuen. Lehenengo zenbaki hura
aise ateratzeko adina diru bildu genuen. Harrigarria da zein erraz
erantzuten duen batzuetan jendeak. Izan ere, beste herrietako
aldizkariak generamatzan geurekin diru eske saio haietan, eta
erabat argi geratzen ez bazitzaien ere, gutaz fidatu eta ezinbestekoa
genuen bultzada eman ziguten. Horregatik esaten dugu beti maxixatzaileok,
betiko zorra dugula hastapenean itsu-itsu lagundu ziguten haiekin.
Uda iritsi zen eta
gehienak ikasleak ginenez gau eta egun ekin genion abuztuaren
14an, herriko festetako txupinazoarekin batera, kaleratu nahi
genuen lehenengo zenbaki hura prestatzeari. Iritsi zen gure ametsetan
mamu izan zen egun haundia. Hamaikak aldera puntual azaldu ginen
taldekide guztiak (10 guztira). Han zen mugimendua! Herriko langileak
udaletxeari gauean botatako pintura garbitu ezinda ari ziren jo
eta su lanean, EHkoak pankartak katigatzen han eta hemen, eta
gu gure 2500 aldizkari hartu, harpideak egiteko orriak atondu
eta jendeari agertzeko prest. Laino bakarra ere ez zegoen zeruan,
baina txupinazoaren unean, inork ez daki nola, sekulako zaparrada
bota zuen. Aterpe bila hasi zen jendea hara eta hona,gu ere arrapaladan
ibili ginen aldizkariak babesteko eta une gogoangarria behar zuena,
gogoangarria bai, bai guk nahi genuen bezala ez zen suertatu.
BIZI BAI EUSKARAZ,
ETA IRAKURRI?
1996ko abuztuaren
14an hasi zen beraz, bere izenaren jabe den Maxixatzen herri aldizkariaren
bidea. Izenaren jabe diogu, hain zuzen ere, hori delako aldizkari
honek duen helburuetako bat, herriko kontuetan eta herriko jendeak
esateko duen guztian maxixatzea eta horren berri ematea.
Ez da ordea hau,
helburu bakarra. Herri gehienetan bezala, elkar ezagutu bai baina
elkarren berri ez dugu izaten gehienetan. Esparru hori betetzeko
jaio zen Maxixatzen, herriko taldeen arteko komunikazio plataforma
izateko. Hau da ziurrenik Maxixatzenen arrakastaren giltzarrietako
bat. Jende askok komentatu digu Taldez talde atalari esker jakin
duela herrian jende asko ari dela lanean esparru desberdinetan,
eta noiz edo noiz zerbait behar izanez gero, Maxixatzenek ematen
duela kontaktua egin ahala izateko behar den informazio guztia.
Taldeek ere gustura hartu dute atal hau, jende gehiagorengana
heltzeko bide erraz, eroso eta serioa dela ikusi dutelako.
Hirugarren helburu
bezala, euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztea dugu. Oso herri
euskaldunean bizi gara, kaleko bizimodua euskaraz ia %100ean egiten
badugu ere, badira oraindik, gaztelania nagusi den esparruak.
Irakurketarena da horietako bat. Gaztelaniazko prentsa jaun eta
jabe da Azkoitian. Horri aurre egiten saiatzen gara, komunikabide
horietan agertzen ez den hurbileko informazioak ematen duen gertutasuna
aprobetxatuz. Zaila da dena den, euskaraz irakurtzen hastea egun
batetik bestera. Horregatik tartekatzen ditugu artikulu eta erreportai
landuak albiste labur eta kontu irakurterrazekin. Modu horretan
balizko irakurle guztien maila kontuan hartuta ahalik eta jende
multzo zabalenarengana iristen gara.
HILEAN BEHIN ALA
BITAN EGINGO DUGU?
Urteek aurrera egin
zuten eta ilusioak behera egin zuen taldekideon artean, ez ordea,
proiektuarekiko interesa eta aurrera egiteko gogoa. Aurrerapausoa
egitea erabaki genuen eta 1998an lehenengo langilea kontratatu
genuen. Maketazioa eta publizitateaz arduratzen zen langile hau.
Berehala antzeman zen profesionalizazio bidean jarri ginela. Ideia
freskoak, iragarle berriak eta lan egiteko estilo eraginkorragoa
abian zen.
Hilabetekari bezala
lau urtez egon ondoren, 2001ean ur lasterretan sartzeko garaia
iritsi zela eta hamabostekari izatera pasa ginen. Orri kopurua
20ra jaitsi zen baina hilean birritan kaleratzen ginen. Zenbat
eta maizago orduan eta aukera gehiago euskaraz irakurtzeko. Hilabetekariak
aste beteko bizitza izaten du jendearen esku artean eta gero zahartutako
egunkarien txokora joaten da. Hamabostekariarekin bi astetik behin
du jendeak euskarazko argitalpen bat irakurtzeko modua.
MAXIXATZEN EUSKARA
ELKARTEA
Egun 1700 ale
banatzen ditugu hamabostero, doan.
Aldizkaria argitaratzeaz
gain, elkarte bezala ere funtzionatzen dugu. Urtean 20 euro ordaintzen
duten 350 bazkide ditu gure elkarteak eta urtean-urtean gora doa
kopuru hori.
Euskararekin orokorrean
eta batez ere, herriko euskararekin zerikusia duten ekintzak bultzatu
nahi ditugu baina dirua nahi baino urriago izaten dira horrelakoetan
eta ezin izan ditugu burutu aurreikusi ditugun egitasmo guztiak.
Horien artean premiazkoena Azkoitiko euskara idatziz erabiltzeko
arautuko duen estilo liburua da. Ia zenbaki guztietan ateratzen
da artikuluren bat azkoitiarrez, baina zalantza ugari sortzen
da gure artean eta eredurik ez dagoenez, bakoitzak ahal duena
egiten du ahal duen moduan. Badira herriko euskara idaztearen
kontrako jarrerak baina gure elkarteak argi eta garbi du herri
hizkerak ere behar duela bere txokoa maila idatzian.
Kontzertu, antzerki,
poesi emanaldi, euskarazko laburmetraiak eta lehiaketak ere antolatzen
ditugu lantzean behin.
Barkatu
gaizki esanak eta gogoan hartu ongi erranak.
Karmen Irizar,
Maxixatzen Azkoitiko aldizkaria |