Hiru
urte beteko dira aurtengo ekainean Goiena sortzeko lehen hartu-emanei
ekin zitzaiela. Arrasate Press eta Arrasate Telebista kudeatzen
zituen Arkok (Arrasate Komunikabideak) eta Berrigara astekaria
kudeatzen zuen Jardun euskara elkarteak zituzten kezkei erantzun
nahian egin ziren lehenengo batzarrak. Bai Arko bai eta Jardun
ere bat zetozen tokian tokiko hedabideen egoeraren eta etorkizuneko
erronken gaineko diagnostikoan. Premiazkoa ikusten zuten, lankidetzan
jardunez, herriko esparrua gaindituko zuten hedabide masiboak
bultzatzea. Era berean, ezinbestekoa ikusten zuten hedabideok
kudeatzeko enpresa sendoa sortu beharra.

Batetik, ibar osorako
telebista bultzatzeko beharra ikusi zuten. Prentsa idatziari dagokionez,
ostera, Debagoien osorako euskarri bat sortzea. Alabaina, irratia
eta internet edo teknologia berriak ez zituzten baztertu nahi
izan. Helburua zen Debagoien osorako euskarazko multimedia egitasmoa
bultzatzea.
Enpresa egiturari
dagokionez, kooperatibaren formula aukeratu zen, bitariko kooperatiba,
hain justu. Euskara elkarteak izango ziren bazkide nagusiak, baina
langileak eta udalak ere izango ziren bazkide. Eta atea zabalduko
zitzaizkien egitasmoa bultzatzeko eta enpresako bazkide izateko
interesa eta borondatea izango zuten enpresa pribatuei ere.
Helburu nagusiak
eta enpresa egitura zehaztuta, egitasmoa lantzeari ekin zitzaion.
Helburua Debagoien osorako euskarazko hedabideak bultzatzea izanik,
eta argi edukita ibarreko euskara elkarteak izango zirela enpresako
bazkide nagusiak, lankidetzan landu zen egitasmoa: ibarreko euskara
elkarte guztiek hartu zuten parte. Izena aukeratu zen: Goiena.
Eta, hainbat eztabaida saio eta batzarren ondoren, 1999ko urte
amaierarako prest zegoen Goiena egitasmoa. Euskara elkarteetako
bazkideek onartu zuten, udalez udal aurkeztu zen, kooperatibaren
estatutuak onartu ziren…, eta 2000ko udan, Goiena Kooperatiba
Elkartea erregistratu zen. Egitasmoa onartuta eta enpresa sortuta,
asmoak gauzatzeari ekin zitzaion: Arrasate Telebista eta Aretxabaleta
Telebista desagertu eta Goiena Telebista sortu zen. Hilabete batzuk
geroago, GOIENKARIA sortu zen.
Ibarreko berriak,
astero, etxean
Jauzi kualitatibo
eta kuantitatibo garrantzitsua izan da GOIENKARIAren sorrera.
Debagoiena aitzindari izan da tokian tokiko hedabideei
dagokienez. Idatzizkoei dagokienez, Arrasate Press-ek 14
urte egingo ditu aurten; Berrigara-k 11 urte bete berri
ditu; Aretxagazeta-k, hor nonbait… Aldizkari horiek oso
errotuta daude argitaratzen diren herrietan. Baina eskualde osorako
euskara hutsezko idatzizkorik ez da inoiz egon. Izan zen, orain
dela urte batzuk, Extra izeneko aldizkaria, elebiduna,
kioskoetan saltzen zena eta egunkari izateko bokazioarekin jaio
zena. Baina ez zuen askorik iraun.
GOIENKARIA, hortaz,
erronka garrantzitsua izan da Goienarentzat. Egun, 21.000 aletik
gora banatzen ditu astero etxez etxe, Debagoieneko herri guztietan
eta Aramaion.
2000ko abenduaren
1ean jaio zen GOIENKARIA, herri aldizkarien osagarri, haien hutsunea
betetzeko asmoz eta, gaztelaniari aurre hartuz, esparru berriak
irabazteko asmoz. 2001eko urrian, bestalde, ibarreko herri aldizkariak
formatuz eta itxuraz aldatu, denak asteroko martxan ipini —astekariez
gain, hamabostekariak eta hilabetekariak ere bazeuden—, eta GOIENKARIAren
herrietako edizio bihurtu ziren. Gaur egun, hau da egoera: ibar
osoko zortzi herrietan eta Aramaion banatzen den GOIENKARIAren
atal komunaren gehigarri gisa, herrietako hiru edizio banatzen
dira: Arrasatekoa (Arrasate Press, eta Aramaioko Txirritola),
Bergarakoa (Berrigara, Antzuolako Kontuola eta Elgetako
Goibekokale) eta Aretxabaletakoa (Aretxagazeta eta
Ze barri?, azken hori Eskoriatza eta Leintz Gatzagakoa).
Oñatin ez da herriko ediziorik, hala adostu dutelako Goiena
Kooperatiba Elkarteak eta Oñatiko Udalak, eta GOIENKARIAren
edizio komuna bakarrik banatzen da Oñatin, 24 orrikoa.
Horrela daude gauzak
gaur egun, baina orain dela ez hainbeste, 2000ko abenduaren aurretik,
egoera bestelakoa zen: ez zegoen Debagoien osorako aldizkaririk
eta herri aldizkarien artean bi bakarrik ziren astekariak:
Arrasate Press eta Berrigara, hain zuzen ere; Aretxagazeta
eta Kontuola hamabostekariak ziren eta Ze Barri? eta
Goibekokale, hilabetekariak. Aramaion ez zen herri aldizkaririk.
Gainera, aldizkari guztiek ez zuten lantalde profesionalik.
Denbora gutxian gauza
asko egin dira, hortaz. Baina ez presaka, astiro, hausnarketa
sakonak eginez eta erabakiak aho batez hartuta baizik…, eta aurrez
erabakitako estrategiari jarraituta.
Bestalde, hori guztia
egiteko, lantalde profesionala osatu, hiru ordezkaritzak (Bergarakoa,
Arrasatekoa eta Aretxabaletakoa) sare informatikoz lotu, edukiaren
eta diseinuaren gaineko hausnarketa sakona egin, banaketa modua
zehaztu, eta abar egin dira.
GOIENKARIAk, herrietako
edizio eta guzti, lau hilabete baino ez ditu egin. Harrera ona
izan du irakurleen artean, eta kanpoan ere lortu du aitorpena.
Horren adibide, orain dela gutxi jaso duen Argia saria, prentsa
idatziaren alorrean.
Egunkari itxurakoa
Egunkari
itxura dauka GOIENKARIAk: tabloide formatuduna da eta, prentsa
paperean, errotatiban inprimatzen da. Baina zergatik da horrelakoa?
Arrazoi nagusi bi daude: batetik, prezioa. Askoz ere merkeagoa
da horrela egitea eta, paperean aurreztutakoari esker, edukietan,
hau da, informazioan irabazten da; beste arrazoia egunkarirako
prestaketa bidea egitea da. Prentsa arloaren estrategia zehaztu
zuenean, etorkizunean egunkarirako jauzia egiteko azterketa sakona
egitea adostu zuen Goienak. Horrela, bada, egunerokorako trantsizioa
da GOIENKARIA. Aldizkariak zenbat eta maiztasun txikiagokoak izan,
orduan eta eraginkorrago izan daitezkeelako eta zerbitzu informazio
hobea eskain dezaketelako. Baina, esan bezala, egunkarirako jauzia
egin aurretik, bideragarritasun azterketa egitea adostu zuen Goienak.
Azterketa ekonomikoa (publizitatea, finantzaketa modu berriak),
edukien azterketa, banaketa modua…
Dagoeneko
egina dago bideragarritasun azterketaren lehenengo fasea, azterketa
kualitatiboari dagokiona. Julen Aranguren soziologoaren ardurapean
egin zen 2001eko udaberrian. Debagoieneko balizko herri egunkariaren
gaia aztertzeaz gain, gure ibarrean herri aldizkarigintzak bizi
zuen egoerari pultsua hartu guran, eztabaida taldeak antolatu
ziren Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan. Nabarmentzea
merezi du azterketa horren ondorioetako bat: herriko aldizkariaren
gainean eta GOIENKARIA komuna sortu berriaren gainean galdetzean,
Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako taldeek gehiago baloratu
zuten herriko aldizkaria GOIENKARIA baino, baina GOIENKARIAk ere
puntuazio altua jaso zuen. Oñatiko taldeak, ostera, puntuazio
altuagoa eman zion GOIENKARIAri Oñatiko Kontzejupetik
hilabetekariari baino. Horren atzean arrazoi bat baino gehiago
egon daitezke, baina, duda barik, arrazoietako bat maiztasuna
izan daiteke. Hilabetekaria baino askoz ere eraginkorragoa da
astekaria, eta hori baino eraginkorragoa egunkaria. Egunkari irakurleen
ohiturak, baina, oso kontuan hartu beharko ditugu egunkarirako
jauzia egin aurretik.
Eneko Azkarate,
GOIENKARIAko zuzendaria |