BARREN
astekariak, 1992ko abenduaren 24an ikusi zuen argia estreinakoz.
Olentzerok Elgoibarko herriari egindako erregalua izan zen. Erregalua
bai, baina ondo kostatakoa gero! Izan ere, hasieran, hilabetekaria
egitea zen gure asmoa. Baina, martxan jartzeko hilabete inguru
falta zenean, batzar bat izan genuen Elgetan Joxe Aranzabalekin
(Joxe, Arrasate Press astekariko zuzendaria zen sasoi hartan).
Honek ezetz esan zigun, hilabetekariak ez zuela pena merezi, astekaria
egin behar genuela. Etxerako bidean, autoan gindoazela, erabaki
genuen BARRENek astekaria izan behar zuela. Ez genekien astekaria
ala astakeria izango zen, baina erabakia hartuta zegoen.
Ez zen giro izan
gure inguruan! Ikustekoak ziren jendearen aurpegiak astekari bat
egin behar genuela esaten genienean. Baina jendea konforme zegoen.
Dena aldatu behar izan genuen. Hilabetekaria jartzen zuen toki
guztietan astekaria jarri eta hamaika aldaketa egin behar izan
genituen. Eta diruek ere nabarmen egin zuten gora. Aurrekontua
20 milioi ingurukoa zen, eta erdia, publizitatetik lortu behar
genuen. Estu ibili ginen, nerbioak ere airean zeuden, baina ondo
egindako lanak fruituak eman ohi ditu, eta guk ere, haizeak alde
izan genituen. Olentzero, BARREN zakuan zuela bajatu zen menditik
Elgoibarrera abenduaren 24ko goiz partean
Zergatik erabaki
genuen aldizkari bat argitaratzea? BARREN Elgoibarko Izarra Kultur
Elkartearen proiektu bat da. Beste proiektu batzuen artean, astekaria
ere badaukagu. Zergatik aldizkari bat? Egia aitortu behar badugu,
ez geneukan arrazoi soziolinguistiko handiegirik aldizkari bat
egiteko. Inguruko herrietako hainbat esperientzia ezagutzen genituen,
eta gustatzen zitzaigun ideia. Astekari bat oso produktu praktikoa
begitantzen zitzaigun; jendeak eskuetan hartu eta gozatzeko moduko
produktua ikusten genuen. Izan ere, euskalgintzan ezkutuan geratzen
den lan asko egin behar izaten dugu, ikusten ez dena. Astekari
bat diferentea da, astero-astero bistaratzen den lan bat da. Astean
zehar egindako lana, ostiraletan milaka eskuetara iristen da,
eta honek asko motibatzen du. Herrian beste aldizkaririk ez zegoenez,
beste inork aurrea hartu baino lehen, lanean hastea erabaki genuen.
Lanerako prest zegoen
jende mordoska elkartu zen gure bueltan. Proiektua prestatu eta
jende artean aurkezten hasi ginenean, gehientsuenei gustatu zitzaien
ideia. Halere, batek baino gehiagok esan zigun ia ez al zen astakeri
bat egitera gindoazena. Astero-astero, ia zer jarri behar genuen
galdetzen ziguten. Elgoibar herri txikia zela horrelako proiektu
bati eusteko. Publizitatetik ezin genuela 10 milioi urtero lortu.
Baina gu arriskatzeko prest geunden, eta, traba eta zalantza guztietan
gainetik, salto egitea erabaki genuen. Udalak ere hasieratik esan
zigun lagunduko zigula. Aurrekontuaren herena baino zertxobait
gutxiago ematen digu urtero, eta BARRENeko lokala ere Udalak lagatakoa
da. Herri ekimenaren eta administrazioaren elkarlana behar beharrekoa
da horrelako proiektu batek aurrera egin nahi badu.
Eta zer egiten genuen
jakin gabe hasi genuen proiektu hark, 10 urte beteko ditu aurtengo
abenduaren 24an. Denbora azkar pasa zaigu, konturatu gabe. Hasieran,
gure helburu nagusia, ostiralero kalera irtetea zen. Ez genekien
astero hutsik egin gabe irteteko gauza izango ginen. Baina bai,
talde profesional on batekin eta laguntzaile sare garrantzitsu
batekin, hamar urtean ez dugu hutsik egin eta ostiralero jo dugu
elgoibartarron atea.
Eta atea jotzen dugunean,
zeintzuk zabaltzen digute atea? Hiru mila eta hirurehun harpidedun
gara herrian (10.000 lagun bizi garela kontutan hartzen badugu,
ia etxe guztietara iristen gara), eta Elgoibartik kanpora ere,
beste 700 ale banatzen ditugu. Asko eta asko atzerrira ere bai.
Elgoibartik kanpo bizi diren elgoibartarrek BARREN bereziki estimatzen
dutela konturatu gara. Elgoibarrekiko lotura ez eteteko lokarri
polita da BARREN.
Zahar eta gazte,
neska eta mutil, ezkerreko zein eskumako, euskaldun zein erdaldun,
denek hartzen dute BARREN eskuetan. Bai, BARREN euskaraz izan
arren, erdaldunek ere gustura begiratzen diote BARRENi. Ezin dute
irakurri, baina gustatu egiten zaie erretratuei begiratu eta aldameneko
portalekoa azaltzen dela ikustea. Eta euskaraz izan arren, badakite
erdaldunek ere tokia dutela BARRENen. Kalera irteten garenean,
adibidez, kasu askotan erdaldunak errazago hurreratzen zaizkigu
euskaldunak baino. Herri honetan denontzako tokia dagoela ere
erakutsi digu BARRENek.
Hamar urtean gure
artean egon eta gero, BARRENek elgoibartar bat gehiago izatea
lortu du. Elgoibartar gehienok egin diogu txoko bat gure etxeetan.
Ostiralero-ostiralero, gure portaleko tinbrea jo eta hor etortzen
da bere aurpegirik alaienarekin. Berak esaten digu aste bakoitzean
zein diren gure herriko protagonistak. Zeini tokatu zaion loteria,
zein hil den, zeinen urtebetetzeak diren. Gure herriko bizitzaren
erreferentzia eta ispilua da BARREN, eta jendeak begiratu egiten
dio.
Jende askoren lanari
esker iritsi da BARREN iritsi den tokiraino. Profesionalen
militantzia eta militanteen profesionaltasuna uztarri berean
lotu, eta hor jardun dute profesionalek eta militanteek gurdiari
tiraka. Egia da profesionalen ardura eta erantzukizuna handiagoa
izan dela (ezin da beste era batera izan), baina musutruk kolaboratu
duen jende asko eta asko egon da eta dago BARRENen. Eta gizartea
hartzen ari den itxura ikusita, derrigorrezkoa da lan militantearen
garrantzia nabarmentzea.
Ez dakigu BARRENek
inolako hutsunerik bete duen ala ez. Herri mailako informazioa
herritarrei emateko jaio ginen eta, neurri batean, gure helburuak
itxuran bete ditugulakoan gaude. Aurtengo abenduaren 24an eskerrak
emango dizkiogu Olentzerori 10 urteotan gurekin izan delako, eta
berarekin batera zelebratuko dugu 10. urteurrena.
Imanol Larrañaga,
Elgoibarko Izarra Elkartekodinamizatzailea |