| Euskal
Herriko tokian tokiko komunikabideak interneten, berezkoak eta egokituak |
| Koldo
Meso Ayerdi |
Saio
honen helburua euskarazko kazetaritzak Interneten nolako presentzia
duen adieraztea da. Gure arteko komunikabideak berandu samar sartu
dira sarean, eta haien egituran eskasiak badaude. Hala ere, mundu
fisikoan gertatzen den legez, ziberespazioan ere Euskal Herriko
komunikabideek zenbait esparru konkistatzeko lanean dihardute.
Testu honetan Interneten dauden euskal hedabideen historia egiteaz
gain, haien ezaugarriak, haien proeikzioa eta etorkizunerako antzematen
diren joerak ere azaltzen dira.
 |
|
Foto:www.ags.itesm.mx |
Interneten erabilera
Euskal Herrian
Lehenik eta behin, azpimarratu behar dugu Interneten erabilera
Euskal Herrian ezin dela konparatu Europako gainerako lurraldetakoarekin,
askoz gutxiago Estatu Batuetakoarekin. Eustatek dioenez, 2000.
urtearen amaieran, biztanleen %14,3k bazuten Internetera etxetik
sartzeko aukera. Horrenbestez, ehuneko 3,3 puntu hazi da kopuru
hori. Herrialde historikoka, ezberdintasunak ia guztiz desagertu
dira. Izan ere, Araban, Interneterako sarbidea Bizkaian eta Gipuzkoan
baino gehiago hazi da.
Hala ere, Internet
erabiltzeko aukera dutenetatik, hirutik bik (%61,5) bakarrik esan
dute sarean sartu direla. Sei hilabete lehenago erdia ziren, hain
zuzen ere, %47,9. Sexua kontuan izanda bai, 2000. urtearen amaieran,
gizonen %22,6 sartzen ziren Interneten, eta emakumeen %16,4. Sei
puntu inguruko aldea, urte erdi lehenago zegoenaren antzekoa.
Gazteenak dira Internet gehien erabiltzen dutenak. Gainera, euren
taldekoa da erabiltzaile berrien hazkunderik handiena. Euskal
A.E.-ko 15 eta 24 urte arteko biztanleen erdiek baino gehiagok
Interneten nabigatu dute edo nabigatu ohi dute; 25 eta 34 urte
bitarte dituztenen artean, hirutik batek; eta 55 eta 64 urteko
artekoetatik, %4k.
Interneten erabiltzaileek
ez dituzte alde batera uzten gainerako hedabideak. Are gehiago,
%95ek diote aurreko egunean telebista ikusten aritu zirela; %86,3k
irratia entzun duela; eta lautik hiruk egunkari bat irakurri dutela.
Erabiltzaileen erdiek esaten dute azken astean irakurri dutela
aldizkariren bat; %45ak ez dira zinemara joan duela hilabete baino
lehenagotik. Hala ere, Interneten erabiltzaileak gainerako biztanleriaren
gainetik daude hedabide guztietan, telebistarekin izan ezik.
Internautek gehien
erabiltzen duten zerbitzua informazio-bilaketa da. Izan ere, erabiltzaileen
%7k bakarrik ez omen dute erabiltzen horretarako, eta internauten
erdiek astean birritan erabiltzen dute. Horren atzetik dago posta
elektronikoa, bostetik lauk (%78,1) erabiltzen baitute. Erabiltzaileen
ia %60k astean birritan erabiltzen dute.
Hiru gai hauek dira
Euskal A.E.-ko internautek gehien bilatzen dituztenak: albisteak,
bidaiak eta liburutegiak. Interneteko erabiltzaileen %75ek albisteak
begiratzen dituzte sarean.
Interneteko %7,6k
ataririk eta bilatzailerik bisitatzen ez dutela erantzuten dute.
Izan ere, ez dute weba erabiltzen, edo bilatzen ari diren
orrietan zuzenean sartzen dira. Gehien erabiltzen diren bilatzaileak
Yahoo eta Terra dira, 190.000 erabiltzaile baino gehiagorekin.
Ondoren, Altavista dugu, 67.500 nabigatzailearekin, eta azkenik,
Lycos, 24.500 nabigatzailearekin. Beste aldetik, Interneteko zortzi
erabiltzailetik batek ez du web orririk bisitatzen. Gehien aipatzen
dituzten orriak: El Correo Digital (18.600 erabiltzailek aipatua),
eta Euskadi.net eta Iberia.com orriak (11.300 erabiltzailek aipatuak).
Ondoren, Marca egunkariaren orria dago (mila erabiltzaile gutxiagok
aipatua). Aipatutako beste webgune batzuk honakoak ditugu: Euskal
Herriko Unibertsitatekoa, Diario Vasco eta El País egunkarienak.
15 urte eta gehiagoko
Interneten erabiltzaileak gehien erabilitako web orrien arabera
|
Web
orriak |
Milakoak
|
|
Ez dute orririk
bisitatzen |
40,4 |
|
Elcorreodigital.es |
18,6 |
|
Euskadi.net |
11,3 |
|
Iberia.com |
11,3 |
|
Marca.es |
10,4 |
|
Ehu.es |
7,7 |
|
Diariovasco.com |
6,9 |
|
Elpais.es |
6,8 |
|
BOE.es |
5,7 |
|
Infochat.com |
5,7 |
|
Deusto.es |
4,9 |
|
Athletic-club.es |
4,6 |
|
Beste webgune
batzuk |
217,2 |
| ITURRIA:
IGI-familiak, 2000ko IV. hiruhilekoa. Eustat |
15 urte eta gehiagoko
Interneten erabiltzaileak gehien erabilitako atari eta bilatzaileen
arabera
|
Web
orriak |
Milakoak
|
|
Ez dituzte bisitatzen
atariak eta bilagailuak |
26,9 |
|
Yahoo |
194,0 |
|
Terra |
192,0 |
|
Altavista |
67,5 |
|
Lycos |
24,5 |
|
Ya |
20,3 |
|
Navegalia |
19,7 |
|
Google |
11,7 |
|
Ozu |
11,3 |
|
Canal 21 |
9,5 |
|
MSN |
9,5 |
|
Wanadoo |
8,0 |
|
Beste atari batzuk |
201,8 |
| ITURRIA:
IGI-familiak, 2000ko IV. hiruhilekoa. Eustat |
Berriz ere, albisteak
bilatzea izan da internautarentzat jarduera interesgarriena. Horrela,
gehien aipatutako orrietatik, lau egunkariei dagozkien orriak
dira.
Interneten dauden
euskarazko komunikabideen sailkapena
2000 urteko azken
hiruhilabetetan Euskal Herrian 145 bat komunikabide elektroniko
zeuden. Horietatik oso gutxi euskara hutsezkoak dira, eta beste
25ek badute euskaraz zer edo zer. Beste gauza bat da nolako komunikabideak
diren eta zenbatek irakurtzen duten. Hala ere, nahikoa esanguratsua
iruditzen zaigu kopuru hori, kontuan harturik gainera, hedabide
tradizionaletan ez bezala, erakunde publikoen dirulaguntzarik
ez dagoela. Beraz, gaur egun Interneten dauden Euskal Herriko
komunikabide guztiak ekimen pribatuari esker –aldizkari ofizialak
izan ezik, jakina- daude sarean. Horixe da, hain zuzen ere, beste
datu interesgarri bat, bi arrazoirengatik: bata, benetako egoera
eta indarren banaketa nolakoa den zinez ikus daitekeelako neurri
handi batean, eta bestea, Interneti
buruzko apustu eskasa eta beldurtia euskal erakundeen aldetik.
Salbuespen batekin: Eusko Ikaskuntzaren Euskonews izenekoa,
Akitania-Nafarroa-Euskadi fondoaren laguntzarekin 1998ko lehen
hilabeteetan hasi zuena.
Sailkapena egiteko,
irizpide batzuk erabil daitezke. Alde batetik, orain arte erabiliena,
komunikabide-motaren arabera (idatziak eta ikus-entzunezkoak),
eta maiztasun edo aldizkotasunaren arabera. Badago beste irizpide
bat, oraingoz oso gutxi azaltzen dena, baina aurrerantzean nagusitu
behar dena Interneteko komunikazioak arrakasta lortuko badu: medio
berria egokitutako eta berez pentsatutako komunikabideak izatea.
Azken irizpide hau
kontutan harturik, oso gutxi dira Euskal Herrian bertsio elektronikoa
baino ez duten komunikabideak. 1997ko udan sortu zen Gorka Jagobe
Palazio Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen Basque
Media Mirror izeneko hilabetekaria. Hau izan zen lehenengoa
baina iadanik desagertu da. Gero, Eusko Ikaskuntzaren Euskonews
izeneko astekaria. Bertan, Euskal Herriko zientzia eta kultura
informazioa ematen da eta Interneten ezaugarri berrietara egokitzen
saiatzen da. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egina
da, diasporako euskaldunengana ere iritsi nahian.
Euskal Herriko hedabide
elektroniko gehienak, bestalde, batez ere testualak dira. Arrazoi
teknikoengatik –soinuak eta irudiak bidaltzea askoz ere mantsoagoa
da testu hutsak bidaltzea baino- eta hedabide tradizionalekiko
mendetasunagatik. Badago salbuespenik, baina gutxitan ematen dira.
Sarean dauden hedabide ikusentzunezkoek, irratiak zein telebistak,
testualak dira, hau da, betiko produktuen iragarkiak.
Mundu osoan zehar
bezalaxe, Interneten dauden komunikabide gehien-gehienak paperezko
egunkari zein aldizkarien bertsio elektronikoak dira. Horregatik,
nahitaez jarraitu behar dugu betiko sailkapena, aldizkotasunaren
eta motaren arabera. Hala ere, badirudi edizio fisikoaren ezaugarri
hau desagertu dela ziberespazioan. Egun, egunkari elektronikoak
ez dira bakarrik egunero kaleratzen, baizik eta orduro.
Hori da gaur egun
Euskal Herriko prentsa elektronikoaren kasua. Hasteko, egunkari
guztiak ez daude Interneten. El Diario Vasco eta El
Correo, lehena nahiko goiz (1995eko abuztuan), bigarrena nahiko
berandu (1996ko azaroan) egon badaude. Beranduago Egin
eta Deia kontsultatzen hasi ziren Interneten. Falta den
bakarra, El Periódico de Álava. Nafarroan
dauden bi egunkarietatik bat bakarrik dago ziberespazioan, berriena
alegia, Diario de Noticias.
Euskara
hutsezko egunkari bakarra, Euskaldunon Egunkaria-k ahaleginak
egin ditu, eta ia egunkari osoa Interneten dago. Hasiera sorpresa
bat izan zen, irakurle batek (Josu Azanzak) bere kabuz lehen orrialdeko
titularrak eta sarrerak jarri baitzituen Interneten. Orrialde
ez ofiziala zen. Gero Estatu Batuetako zerbitzari batean, Geocities-en,
toponimo-zerrenda bat eta igandero argitaratzen ziren Gerra Zibilari
buruzko erreportaiak jarri zituzten.
Euskararen interesa
ziberespazioaren munduan nabarmena da. Baita kazetaritzan ere.
Beste kasu paradigmatiko bat Argia astekariarena da. Gainera,
haiek sortu zuten euskarri fisikoan, CD-ROMean, lehen produktu
periodistikoa Euskal Herrian, aldizkarian 1963tik 1997 bitartera
argitaraturiko elkarrizketa guztiak biltzen dituena. Hori ere,
bilaketa-motore batekin batera, bere webgunearen ardatza da.
Argia-koek egin zuten besteek egin ez zutena, balore gehigarria
ematea produktu elektronikoari. Bestela, jai dute enpresek negozioa
egin nahi badute Interneten.
Aldizkariak,
bestalde, askoz gehiago dira egunkariak baino. Tokian tokikoak
gero eta gehiago dira Interneten ere. Ziberespazioan, berriro
ere, mundu fisikoan gertaturiko fenomenoak errepikatzen dira.
Lehenengoa Ttipi-Ttapa nafarra izan zen, gero Santimariñe
bizkaitarra,
eta ondoren Otamotz, Aretxagazeta eta Bidasoaldeko Mobidak.
Zerrenda gehituz joan da azken urteotan: ordenadore pertsonalak
eta autoedizio-programek errezago eta merkeago egin baitzuten
paperezko edizioa aldizkari txiki batentzat, teknologia informatiko
berdinak are errazago eta merkeago egiten du edizio digitala.
Azkena, 2001.eko azaroan agertutako Ukdigitala, Uribe Kostako
lehenengo egunkari digitala.
Abantailak
badaude, nabarmenak gainera: irakurleak gehiago dira, paperezkoak
bezalaxe dohainik izaten jarraitzen dute, baina ekoizlearentzat
merkeagoak, ez baitira inprimatu behar, ez eta banatu behar. Are
gehiago: aurrekoen artxiboa eta bilaketa-sistema eskain
daiteke,
paperezkoan egin ezin daitekeena.
Kultur aldizkarientzat
ere Internet oso landa aproposa da. Zientzi aldizkarien kasuan,
are gehiago. Badute oso publiko zabala, baina gutxiengo batek
osatua. Zabalkunde fisikoa garestia da, are gehiago ale-kopuru
murritz baterako. Publiko horrek, bestalde, berri zientifikoak
oso arin jakin behar ditu. Ale-kopuruen erreprodukzioaren eta
banaketaren kostua desagertu egiten da Interneten. Hala ere, Euskal
Herrian zientzi eta kultur aldizkariak urriak dira. Bazeuden euskara
ikasteari buruzkoak, Aizu! eta Euskaltzale. Hori
bai, paperezkoen berdinak dira. Berdin gertatu zen Euskal Herriko
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Zer aldizkariarekin.
Aldi berean agertu ziren paperezko bertsioa eta digitala. Fakultate
horretan ere agertu zen 2000.ko ekainean Coranto.net, kazetaritza
digitalari buruzko lehenengo aldizkari elektronikoa, Kazetaritza
II Sailak kaleratua.
Argi dago aldizkari
elektronikoek beren merkatua izugarri zabaltzen dutela Internetera
igaroz, nahiz eta txikiak izan.
Euskal komunikabideak
eta teknologia berriak, etorkizunari begira
Argitalpen elektroniko
guztiek teknologia berrien aurrean nahiko beldurtiak direnek,
laster aukera batzuei aurre egin beharko diete: lehena, erabaki
ez Interneteko informazioa era tradizionalean nahi duten eskaintzen
zituzten edukien laburpena izatea edo harantzago joatea, edukiak
sarean in extenso emanez, eta horregatik lortzea bere zabalkundearen
zati garrantzitsua igorpen elektronikoa izatea. Hori lortzeko,
dudarik gabe, edizio elektronikoak eskaintzen dituen aukerak agortu
behar dira, esperimentatu egin behar da. Galdera izango litzateke:
betetzen al dute Euskal Herriko hedabideek eskakizun hori?
Hasteko, multimedialitatea
eskasa da. Ikusentzunezko hedabideek ez dute ez soinurik ez irudi
mugikorrik zabaltzen. Irudi mugikorrek, egia da, arazo teknikoak
ematen dituzte. Ez horrenbeste, ordea soinuek. Salbuespenak badaude,
Irrati.com eta Proyeccion.tv. Azken hau Interneten bidez euskeraz
emititzen duen lehenengo telebista da. Bost kanalez osaturik dago
(berriak, konferentziak, turismoa, bideosormena eta enpresei zuzenduriko
guneekin kontatuko duelarik hain zuzen ere), momentuz. Telebista
berria dohainekoa da, independientea eta egunero edo astero berritzen
joango dena izango da. Proiektu berriaren zuzendaria den Gerardo
Fernández Llanak adierazi zuenez, helburua ez da beste
komunikabideei konpetentzia egitea, baizik eta laguntzaile bat
gehiago izatea nahi du. Ipar Euskal Herrian badago beste adibide
bat, TVPI.com, Baionako tokiko telebista.
Irratiari dagokionez,
beste alternatiba bat proposatzen dio Irrati.com-ek, Euskal Herrian
Interneten bidez emititzen duen lehenengo irratia. Sarean emititzen
duten atzerriko irratiak arakatzen hasi ziren Jabi Zabala eta
Patxi Gaztelumendi, eta hortik aurrera, musika, irratia eta sarea
proiektu berean elkartzeari ekin zioten. Haien ustez, irratiaren
kontzeptu erabat ezberdina da, Interneten mugarik ez baitu. Kontzeptu
mugagabe horren baitan sartzen dira bai edukiak eta bai hartzeko
gaitasuna, berdin jar baitezakete haiek egindako programa bat,
edo beste irrati batek egindakoa. Ez dute loturarik inongo irratiarekin.
Edukien
etengabeko berriztapena oso berria da Interneten. Egunkarien kasuan,
denbora asko pasatu behar izan da ikusteko nola hauek ausartzen
ziren produktu elektronikoa inprimatua baino lehenago argitaratzera.
Baina ez hori bakarrik. Deia egunkariak, adibidez, egunero
bidaltzen dizkigu gure posta elektronikoetara bere titularrak.
Beldur omen ziren. Hona hemen gakoa: enpresa periodistiko handiek
mesfidantzaz ikusten zituzten beren produktu digitalak, betikoen
arerioak baitziren, paperezko edo ujinezko
produktuen
"anaia txikiak" izatera behartuta. Produktu digitalak
dituzte konpetentziak ere badituelako, ez produktu berririk sortzeko
asmoa dutelako.
Hedabide elektronikoek
beren nortasuna, beren erretorika sortu behar dute, ez dago beste
biderik negozio bideragarriak eta errentagarriak
nahi baditugu. Balore erantsia, gaur egun, hemeroteka mugatu bat
izaten da euskal hedabide elektronikoetan. Handiena, Argia-rena.
Egunkarien kasuan, noiz hasiko dira beren artxibo eskerga eskaintzen,
batez ere berriak, hasiera-hasieratik dena ordenadorez egin baitute
beren bildumak digitalizatzea erraz eta merke samar egin dezaketenak?
Horrekin batera, jakina, bilaketa-sistema bat. Horretan Argia
eredu dugu. Oso gutxi dira online kazetaritza hedabide
zaharrentzako igorpen sistema berria baino gehiago dela sinisten
dutenak.
Etorkizunik badago
kazetaritza digitalean, audientzia berrietan dago. Irakurle berriak
zortzi edo hamar urte ditu, eta bideojokoekin jolasten du. Hau
da, ordenadoreekin ibiltzen da, informazioa beste era batera jasotzen
du, badaki zer den interaktibitatea, informazio-mailak. Azken
batean, apustua multimedialitatearen aldekoa, interaktibitatearen
aldekoa, arintasun eta aldi berean sakontasunaren –eta pertsonalizazioaren-
aldekoa izan behar da. Agian, produktu berriak, publiko berriarentzat,
ez daude enpresa zaharren eskuetan, irudimena duten kazetari eta
enpresa berrien eskuetan baino.
Koldo
Meso Ayerdi, EHUko irakaslea |