Miguel Sánchez Ostiz, idazlea
"Idazle batek ezin dio gizateriari bizkarra eman"
* Traducción al español del original en euskera
Koldo Larrea

Miguel Sánchez OstizBere bizar eta bibote zuri bereziekin, erabat nahastezina da mende erdia bete duen iruindar hau. Itxura jatorreko gizona da, halakoa da-eta. Nafarroako egungo idazlerik ospetsuena da eta, exageratzeko inolako beldurrik gabe, inoiz izan den ezagunena ere badela esan genezake. Bere maila profesionala zenbaterainokoa den jabetzeko, jaso duen sari mordoxka ikusi besterik ez dago: Eleberriko Herralde saria, Literaturako Euskadi saria, Kritikaren sari nazionala eta Kulturako Vianako Printzea saria. Gutxi batzuren esku dagoen literatur pribilegioa. Baztango bailararen bihotzean, Elizondon, bizitzari buruz, bere unibertso pertsonalari buruz, literatur sormenari buruz, eta intrusismoak etengabe kolpatzen duen munduari buruz mintzatu da gurekin Miguel Sánchez Ostiz. Behar-beharrezkoa iruditzen zaio mugarik ezagutzen ez duen esparruan oinarriak finkatzea.

-Zer da literatura? Zertan oinarritzen da?
Ezta ideiarik ere. Hainbeste ikuspuntutatik azter daiteke... Unibertsitateko irakaslearen ikuspuntutik, irakurlearen ikuspuntutik, kritikoaren ikuspuntutik, idazlearen ikuspuntutik. Nik egiten dudana hitz bat bestearen atzetik jartzea da. Ez da gutxi, alajaina. Lanbide honek ideiak azaltzeko balio du eta polita egiteko. Idazleak bere zalantzak, kezkak, ziurtasunak, umorea eta errealitateari buruz duen ikuspegia transmititzen ditu. Hori idatziz ipintzean literatura egiten du. Ez dakit zer den literatura maiuskulaz; agian literaturaren historia izango da, denboretan zehar idatzi den guztiaren bilduma. Nik uste dut literatura idazleak kontatzeko daukan beharra dela.

-XXI. mendean, oraindik ere bada literaturarik, ala idazten den guztiaren atzean merkatuaren eta argitaletxeen interesak besterik ez daude?
Bai, literatura oraindik ere existitzen da. Behintzat literatura da nik irakurtzen dudana eta idazten saiatzen naizena. Fikzio bat da, asmakizun literario bat. Bere oinarrian hizkuntza bat dago, hitz batzuk, memoria bat, oso modu zehatz, partikular eta indibidualean ipinita: idazlearen ikuspuntutik. Dena den, aitortu behar dut merkatuak gero eta gehiago esku hartzen duela. Baina hori beti gertatu da. Literatura merkaturatzen hasi zenez geroztik, asko saltzen duten autoreak egon dira, baina gero ahanzturan erori direnak. Eta badira oso gutxi saltzen zutenak, baina gero iraun egin dutenak, mundua beste ikuspegi batetik ikusten zutelako. Arlo hau oso gorabeheratsua da. Edo gertatzen zaizu, edo ez zaizu gertatzen. Horrelakoa da lanbidea. Ez du idaztearekin zerikusi handirik. Idazleak, idazten ari denean, erabat sinistu behar du idazten ari den horretan. Sormenak eta bizitzak bat egiten dute. Historian zehar idazle asko eta asko izan dira, baina gutxi batzuk bakarrik iraun dute, eta, gainera, normalean ez dituzte irakurle asko izaten. Quevedo, Torres Villarroel, Cervantes, Lope... Nork irakurtzen ditu? Oso gutxik. Eta, irakurtzen dituztenean, behartuta egiten dute: eskolan, unibertsitatean... Beno, Cervantes salbuespena litzateke. Irakurtzen hasi orduko, txundituta gelditzen zara hainbesteko ideia piloarekin, hitzekin, adierazpenekin, eta, batez ere, gizakiak deskribatzeko moduarekin.

-Teknologia berriak eta sareen sarea den Internet izango omen dira mende berriaren garapen iturriak. Nola eragingo diete liburuei? Zabaldu egingo dituzte, ala beren kalterako izango dira?
Irakurlea literaturara gerturatzen duten ekimen guztiak onak dira. Literatura irakurlearen txoko diskreto batean egoten da, intimitate berezi batean, bakardadean, isolamenduan. Eta horrek funtzionatzen jarraitzeko balio duten gauza guztiak, ongietorriak izango dira. Gainera, nik ez dut hitza edo hizkuntza transmititzeko balio duen bitarteko bat bera ere gaitzesten. Hala ere, liburua, paper mota arraro hori, ez da sekula desagertuko. Alderantziz: teknologia berriek paperaren eta argitalpenaren ikuspegitik kalitate hobea duten liburuak argitaratzen lagunduko dute. Hor daude inkunableak, adibidez. Argitalpenaren aldetik kalitate handia daukate, gaur egungo edozein diseinatzaile zurbil uzteko modukoa. Ni prest egongo nintzateke Interneten argitaratzeko. Bai, zergatik ez? Azken batean, hizkuntzak eta ideiak besterik ez dira. Hemendik gutxira liburua desagertu egingo dela esaten duen pentsaera apokaliptikoa ergelkeria hutsa iruditzen zait, txotxolokeria espirituala. Ziur aski, liburu tekniko guztiek euskarri digitala izaten amaituko dute. Baina, hala ere, paperezko liburu literarioak argitaratuko dira. Nolanahi ere, kalitatea kantitatearen gainetik egongo da, ez orain bezala. Irakurleak liburuak eskuratzen jarraitu nahiko du, irakurmenarekin sortzen den intimitate berezi hori bilatzeko.

-Idazle gisa, zein duzu genero literariorik gustukoena: eleberria, olerkia, antzerkia ala ipuina?
Ipuina behintzat ez. Ez dakit ipuin bat nola demontre idazten den. Eleberria aukeratuko nuke, generorik anbiguoena eta zabalena delako. Gainera, gaur egun denetarik sar daiteke nobelagintzan. Bada oso gogokoa dudan beste genero bat: memorialista. Bizitutakoaren kronika kontatzen da, idazlearen garaia, baina asmakuntza literariora jo beharrik gabe. Olerkia ez zait hainbeste gustatzen. Nahiago dut kronika, bizitutakoa kontatzea. Pikareska ere asko gustatzen zait. Gaztelaniazko literaturak duen arlorik sakonena da gainera.

-Zure sormenezko unibertsoan, zure obran, zein da emakumeari ematen diozun garrantzia?
(Zalantza edo zailtasuna adierazten duen zurru-murru baten ondoren, irribarre egiten du). Emakumea, emakume bezala, gizona gizon bezala den gauza bera da. Generoen kontua da. Emakumea "bestea" da; beste paper bat dauka, guztiz beharrezkoa den presentzia bat. Ez dakit zenbateraino asmatu dudan emakumea definitzerakoan. Lotsatia naiz eta hori oso eragozpen handia da idazle batentzat, idazle batek ez lukeelako lotsatia izan behar. Baliteke irakurle batzuek emakumearen definizio egokiago baten beharra sentitzea. Emakumeak badu presentzia nire literaturan. Beste gauza bat sexua da. Lotsatia naizenez, ez zait iruditzen teknikoki gai naizenik pasarte korapilotsuak literaturan deskribatzeko. Baina ez zait hain garrantzitsua iruditzen. Sexuari buruzko hausnarketa, hori bai. Ergel bat izango naiz agian, lotsati bat.

-Nolanahi ere, edota beharbada horrexegatik, zure obran gizakia izan duzu beti aztergai. Nola definituko zenuke?
Ezta ideiarik ere. Ez dakit. Bazkaltzera gonbidatuko dut gizakia zer den esaten didana. Gizateria, ordea, beste gauza bat da. Gizakia bere ahuldadea da, bere bertuteak, bere pasioak... Hori guztia badago nire literaturan. Gizakia oso kontzeptu filosofiko zabala da, baina gizateria gu garena da, sufritzen duguna, ikusten duguna; gu geu gara. Montaigne-k esaten zuen bezala: "Ni neu naiz nire liburuen materia". Bera izan da gizateriari buruz ondoen idatzi duena, bere buruari buruz sakontasunez idatzi duelako. Idazle batek ezin du gizateriari bizkarra emanez bizi. Beno, ez diot inori leziorik eman nahi, baina gizateria, gure nortasuna, gure benetako izateko modua, handinahiak, inbidiak, perezak, diruzalekeriak, pozak, gozamenak, ametsak eta askatasun egarriak osatzen dute, talde edo tribu zehatz bateko kide izateak baino askoz ere gehiago.

-Goazen alderi pertsonalago batera. Oso pauso ausarta eman zenuen 1984an, abokatutza utzi eta buru-belarri literaturan sartzea erabaki zenuenean. Hemezortzi urte igaro dira ordutik. Profesionalki idazle gisa ikusten duzu zure burua?
Arraioa! Ez dut besterik egiten eta! Goizetik gauera. Hori da nire lanbidea. Hobeto edo okerrago egingo dut, baina une jakin hartan erabaki arriskutsu bat hartu nuen. Urte asko igaro dira ordutik eta nire buruari esaten diot zerbait behintzat egin dudala. Nire lanbidea zein den galdetzen didatenean, inolako lotsarik gabe, argi eta garbi esaten dut ni idazlea naizela. Zoro pila baten bizimodua da. Baina badauzka bere alde txarrak ere. Adibidez, banku batera zoazenean, hori ez dela lanbide bat esaten dizute...tira ba...

-Eleberri eta olerki dezente idatzi dituzu, baina asko kostatu al zaizu zauden lekura iristea, gaur egun daukazun ospe literarioa lortzea?
Bai, bai. Izan ere, ez neukan inolako gaitasun pertsonalik. Hizkuntzaren aldetik, asko blokeatzen naiz, agian lotsatia naizelako. Asko kostatu zitzaidan "Las pirañas" idaztea. Geroztik errazagoa egin zitzaidan, barruan neraman kortse bat askatu izan banu bezala sentitu nintzelako, eta aurrerantzean barrutik ateratzen zitzaidan bezala idaztea erabaki nuen, nire eguneroko bizitzan erabiltzen dudan hizkuntzan. Asko kostatu zitzaidan hori egitea, gaur egungo gazteei kostatzen zaiena baino askoz gehiago. Baina ezin naiz kexatu. Eta are gutxiago nire obrak izan duen harrera ikusita, Euskal Herrian batez ere: komunikabideetan, unibertsitateetan, idazleen eta irakurleen artean. Nola bizirauten dudan, hori beste kontu bat da. Baina ez naiz kexatzen. Gauzak gertatu behar duten bezala gertatzen dira.

-Jaso dituzun sariek zure lanbidean errotzen lagundu dizute, ala, aitzitik, merkataritza interes hutsak daude atzean, eta izenek bakarrik axola dute, eta ez obraren kalitateak?
Sariek ez dute ezertarako balio. Egoarentzat bakarrik. Ba al dakizu egoa zer den? Guztiok barruan daukagun bilbotar txiki hori. Bromak utzita, denok gara harroputzak. Guztiok pasio berberak dauzkagu, baina konpentsatuta edo deskonpentsatuta egon daitezke. Sariek poza ematen dute, lanari gogo handiagoarekin ekiten diozu, baina saria jaso eta hurrengo egunean, zure benetako arazoekin egiten duzu topo: zure sormena, zure literatura, zure asmakuntza eta zure hizkuntza. Gainerakoa soinua besterik ez da. Oso soinu gozoa, baina soinua besterik ez. Baina errekonozimendurik ez jasotzeak, idazle baten bizitza eta ibilbidea izorra ditzake. Niretzat, saririk garrantzitsuena lehenengoa izan zen, Caja de Ahorros Municipal de Pamplonak emandakoa. Oso sari xumea zen, lokala, eta Díaz Exacto-rekin ex aequo irabazi nuen. Hori irabazitakoan hasi nintzen buru-belarri idazten. Beste alde batetik, gonbidatu izan naute iruzur hutsa diren sari batzuetan parte hartzera, Panderetan adibidez. Idazleek, normalean, ez dute txintik esaten, ahoa zabaltzen dutenak xoxik gabe gelditzen direlako. Baina hori ez da sari bat, hori merkataritza operazio bat da. Hala ere, askatasun osoa dute hori egiteko, enpresariak direlako, baina ez diezadatela esan hori literatura denik.

-Sariren batzuren atzean, hala nola Kulturako Vianako printzearen edota Literaturako Euskadi sariaren atzean, egon al liteke manipulazio politikorik?
Argi eta garbi, ez. Vianako printzea saria, Kulturako Kontseilu Nafarrak ematen du, eta Kontseilu hori mota eta ideologia desberdineko hogei lagunek osatzen dute. Ez dago manipulaziorik. Eta gauza bera Euskadi sariarekin. Gainera ondo ezagutzen dut sari hori, epaimahaikidea izana naizelako.

-Utz ditzagun handikeria eta sariak. Nafarroako bailara eder honetan bizitzean, Madril eta Bartzelonako ardatz literario eta editorialetatik hain urrun, ahaztu egingo zaituztenaren beldur zara?
Hori ameskeria da eta nire kasuan gezurra izango litzateke. Izan dudan ibilbidea ikusita, argitaratu ditudan liburuak, lortu ditudan sariak, eta nirekin lan egiten duten argitaratzaileak, oso eskertxarrekoa izango nintzateke ahaztuta nagoela esango banu. Kontua da bizitzan etapa batzuk igarotzen direla, eta orain Madril utzi eta Baztanera itzultzea tokatzen zait, nire literatur proiektua lantzeko. Hori da axola duena: sormena. Orain bertan "La sultana" prestatzen ari naiz, "Las armas del tiempo" sagaren hirugarren eleberria. Hasieran sei zati izango zituela pentsatzen nuen, baina azkenean zazpi izango ditu. Zazpigarrenean lehenengo istorioa berrikusiko dut, "El corazón de la niebla". Beste pertsona bat izango da narratzailea. Errealitatea ikusten dugun moduaren alderdi subjektiboa islatu nahi dut. Protagonista, sendagile nazionalista abertzalea izango da, baina zahartuta.

-Zure pertsonaiek, eszenarioek, kontatzen dituzun istorioek, ez ote zaituzte literatur munduan idazle lokalista izatera eramango?
Nik begien aurrean daukadana idazten dut, sentitzen dudana. Idazle lokalista bihurtzen dena, esfortzurik ez egiteagatik bihurtzen da, anbiziorik ez izateagatik. Kafkaren obra, adibidez, Pragan dago lekututa, eta Faulknerrena Olite baino galduagoa dagoen herrixka batean. Baina biak gizateriaren barru-barruraino iristeko gai izan ziren jendea, pasioak eta memoria deskribatzeko orduan. Hori egiteko gai dena inoiz ez da lokalista izango. Ergelek bakarrik esango dute hori lokalista izatea dela.

-Nafarroakoa eta literarioa izanik, nola ikusten eta sentitzen duzu Nafarroa?
Oso zaila da horri erantzutea. Nafarroa oso lurralde konplexu eta aberatsa da. Historia, memoria eta sentimenduen ondorioz, elkarren aurkako jarrerak sortzen dira, baina geroan ere sortuko dira. Nafarroan euskalduntasun sentimendua dutenen eta ez dutenen artekoari buruz ari naiz. Hori ez da konponduko. Hauteskundeetako emaitzetan ikusten dena, errealitatearen ispilua baino ez da. Lurralde honetan beti izango dira bi pentsamolde oso indartsu: nafarrozaleak eta euskaltzaleak. Baina ez dute zertan elkarren aurka egon behar. Badira euskaltzale ez diren nafarrozaleak, nazionalista ez diren nafarrozale euskaltzaleak, Euskadirekin zerikusirik izan nahi ez duten nafarrozale euskaltzaleak... Oso konplexua da. Epe laburrean, behintzat, ez da alde batera eta bestera egingo. Gero eta erradikalizatuago ikusten ditut Nafarroaren bi alderdi horiek, gero eta etsaituago, baina basakeriarik gabe, noski. Gaur egun kapitalismoa da nagusi eta inork ez ditu Seychellesetan opor batzuk jokoan jartzen kausa bat defendatzeagatik.

-Eta zer duzu esateko munduak bizi duen egoerari buruz?
Oso kezkagarria da irailaren 11z geroztik gertatu dena eta Estatu Batuek askatasun pertsonalak mugatzeko hartu dituen neurriek jaso dituzten txaloak entzutea. Etorkizunera begira, arriskutsua izan daiteke, zeren askatasunak mugatzeko zaletasuna hartzen badute... Askatasun pertsonalak mugatu egin dira, oso eztabaidagarriak diren beste askatasun batzuk babesteko, eta hori jende guztiak begi onez ikusi du. Gobernuek jendearen gainean jarduteko ahalmen handiagoak eskuratu dituzte, eta hori ez da ona.

-Zure hitzei kezka pesimista darie. Prest egongo al zinateke kausaren baten alde egiteko? Idazle konprometitua zarela esango zenuke?
Ez horixe. Badira ni baino konprometituagoak. Beno, pixka bat bainaiz. Esan dizudan bezala, aurrean daukadanari buruz eta memorian gordea daukadanari buruz idazten dut. Nik ez diot inori leziorik eman nahi. Ez dut esan nahi "idazle batek hau edo hura egin behar du...". Bakoitzak bere kontzientziaren arabera jokatu behar du. Edonola ere, konprometituko nintzateke kausaren batean, baina oraingoz ez daukat oso garbi zeinetan. Barbariearen aurka, adibidez. Bai, barbariearen aurka, ETAren aurka baino gehiago. ETA bizitza konplikatzen ari zaigu, batez ere Euskal Herrian. Pozoindu egin du Euskal Herriko bizitza, eta ez dio errealitatea bizitzen uzten. Eragozpen hori ikaragarria da. Ez dira konturatzen. Hogei urte hauetan, Euskal Herriak, oztopo hori izan ez balu, askoz ere gehiago aurreratuko zukeen, maila guztietan oso giza kapital ona daukalako, gutxitan aurkitzen den horietakoa.

-Bukatzeko, utz dezagun seriotasuna alde batera, eta berreskura dezagun umorea, hain garrantzitsua zure bizitzan eta zure obran. Txantxa dirudien arren, aholka iezaiozu liburu bat George Bushi, eta beste bat Bin Ladeni.
Uffff! Ze zaila! Ikus dezagun... Estatubatuarrari, "Alá no está obligado", Ahmadou Kourouma-rena. Eta besteari, ez dakit... Bai, Montaigneren saiakerak, ja, ja, ja!

Literatur obra

El pasaje de la lunaMiguel Sánchez Ostizek honako eleberri hauek idatzi ditu: "Los papeles del ilusionista" (1982, Eleberriko Navarra Saria), "El pasaje de la luna" (1984), "Tánger bar" (1987), "La quinta del americano" (1987), "La gran ilusión" (1989, Eleberriko Herralde saria eta Literaturako Euskadi saria), "Las pirañas" (1992), "Un infierno en el jardín" (1995), "La caja china" (1995), "No existe tal lugar" (1997, Kritikaren sari nazionala) eta "La flecha del miedo" (2000).

El corazón de la nieblaGaur egun, "La sultana" idazten ari da, "Las armas del tiempo" sagaren hirugarren eleberria. Lehenengo biak "El corazón de la niebla" eta "En Bayona bajo los porches" izan ziren. "La sultana"-ren ondotik, "El anillo de San Huberto", "El mirador de Biriatou", "A la sombra de la higuera" eta oraingoz izenbururik ez daukan zazpigarren eleberri bat etorriko dira.

Honako saiakera, denetariko eta egunerokoak ere idatzi ditu: "Mundinovi, gaceta de pasos perdidos" (1987), "Literatura, amigo Thompson" (1989), "La puerta falsa" (1990), "El árbol del cuco" (1994), "Veleta de la curiosidad" (1984, Café Bretón saria), "Pamplona" (1994), "El santo al cielo" (1995), "Las estancias del nautilus" (1997), "Palabras cruzadas" (1998), "El vuelo del escribano" (1999) eta "Derrotero de Pío Baroja" (2000).


Argazkiak: Koldo Larrea


Euskonews & Media 156.zbk (2002 / 2-22 / 3-1)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved