Euskal
kulturaren berpiztea eta Arantxa Urretabizkaiaren ibilbidea elkarrekin
gertatu direla esan genezake, izan ere donostiar emakume hau hasieratik
murgildu baitzen 60ko Argia taldean eta Lur argitaletxean. 1977an
kazetaritzan eman zituen lehen urratsak. Egin egunkari desagertuan
hasi eta, ondoren ETBko aurkezlea izan zen eta, halaber, Deia-n
eta El Diario Vasco-n lan egin zuen. Gidoigile gisa, 1983an "Albaniaren
Konkista" idatzi zuen, eta handik lau urtera, "Lauaxeta"ren
gidoia. Urretabizkaiaren lehen olerki-liburuak, "San Pedro
bezperaren ondokoak", Gipuzkoa Saria jaso zuen 1971. urtean.
Baina, "Zergatik panpox?" izan du, zalantzarik gabe,
lanik arrakastatsuena. Geroztik ipuin-bildumak idatzi ditu, besteak
beste, "Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik"
eta bi eleberri: "Saturno" 1987an eta "Aldatuko
da nire bizitza" 1992an. Azken urteetan Literatur Kritikarien
Sari Nazionala eta Irungo Hiria sariak jaso ditu, azken hau 1982an
"Maitasunaren magalean" poema-liburuagatik. Eta lan
hauek guztiak kontuan hartzen baditugu ere, ezinezkoa egingo zaigu
Arantxa Urretabizkaia sailkatzea, izan ere emakume honena dedikazio
desinteresatua da, leiala eta fidela. Hondarribiko bere etxetik
zintzotasunez eta gertutasunez aitortzen digu "nobela on
bat egitea" gustatuko litzaiokeela, hori dela bere ametsa.
-Geografia
eta Historia ikasketak burutu zenituen Bartzelonan eta Euskal
Herrira itzuli bezain laster euskal literaturan lehen urratsak
eman zenituen. Noiz jakin zenuen idazle izan nahi zenuela?
Neska koskor bat nintzela idazle izatea
zen nire ametsa eta, egia esan, ez dakit zergatik izan nahi nuen
idazle. Memoriak maiz tranpak egiten dituen arren, badaukat oroitzapen
garbi bat; hamabost urte besterik ez nituela idazlearen grazia
lortzeko otoitz egin nuen. Geroztik ez dut inoiz errezatu. Garai
haietan idaztearena grazia bat zela uste nuen, dohain bat. Denborarekin
ikasi dut ez dela horrela, idazlearena lan eginez ikasten den
ofizio bat dela dakit orain. Idazle izan nahi nuen orduan eta
nonbait idazlea naiz, baina baita beste gauza asko ere.
-Zerk
bultzatu zintuen idaztera? Zergatik idazten duzu? Idaztearena ez da beharra
niretzat, ezagutzen ditut horrela sentitzen duten lankideak baina
ez da nire kasua. Hala ere, zerbaitek bultzatzen nau idaztera.
Nire ustez mundua ikusteko modu bat da eta zentzu honetan laguntzen
nau, zerbait zaila bizi behar dudanean nire buruari esaten diot,
"egin ezazu eta gero kontatuko duzu".
-Denbora asko
pasa da 79an "Zergatik panpox" idatzi zenuenetik. Gauza
asko eta aldaketa anitz gertatu dira geroztik... Zein bilakaera
ikusi diozu euskal literaturari emakume idazle postu horretatik? Idazten hasi nintzenean
bakarrik nengoen eta orain, aldiz, euskaraz idazten duten gazte
asko daude. Noizbehinka emakume idazleok bilerak antolatzen ditugu
eta biltzar horiek gozamena dira niretzat, asko baikara elkartzen
garenak. Hasierako urteetan ez nintzen konturatzen bakarrik nengoela,
nik nirea egiten nuen eta kito. Hala ere, zorte izugarria izan
nuen, orduko lankideek pertsona arrunt bat bezala hartzen nindutelako.
Egia esan, horrela izaten jarraituko zuela pentsatzen nuen eta
ez da hori gertatu, ni orain emakume beterano bat naiz. Duela
egun batzuk, adibidez, lankide batek ingelesezko liburu batean
idatzi zuena erakutsi zidan, bertan nire belaunaldiko hainbat
idazle aipatzen zituen, nire izena, aldiz, puntu eta bereiz baten
ondoren idatzi zuen. Eskerrak eman nizkion baina niri iruditzen
zait nire izena besteekin agertu beharko zela. Puntu eta bereiz
horrek pixkat gogaitzen nau baina etsita nago dagoeneko, puntu
eta bereiz izango naiz beti.
-Zergatik diozu
hori? Bizi izan duzunagatik? Emakume izateagatik? Ez horixe! Emakume
izatea suertatu zait, gutxi ginen, bakarra nintzen agian eta beharbada
horregatik nago puntu eta bereiz horren ondoren. Harremanetan
ere, puntu eta bereiz sentitzen naiz askotan. Berezitasunen bat
izango dut baina etsita nago, ez naiz ahalegintzen horren kontra
joaten, ez diot zentzurik ikusten eta ez zait gustatzen. Puntu
eta bereiz hori nirekin eramango dut beti, asko sentitzen dut
baina hori tokatu zait.
-Egungo idazle
gazteen erreferente sentitzen zara? Ez gehiegi baina pittin
bat bai. Gogoan dut primeran gaztea nintzela lagun bati galdetu
niola "zer demontre izango da berrogei urte izatea?".
Oraindik ere zaila egiten zait ni baino zaharragoa den norbaiti
begiratzea eta nire burua
horrela ikustea. Oso zaila da niretzat aurrean erreferente biziak
aurkitzea. Duela urteak onartu behar izan nuen badirela atzetik
aurrera begiratzean ni erreferente gisa ikusten nautenak. Baina
hori adin kontua da, ez beste ezer. Nik uste dut orain idazten
ari diren emakume gazteek beste bizitza bat eraman dutela eta
zentzu horretan normalagoak dira. Ni, aldiz, ez naiz arrunta.
-Egungo emakume
idazleak normalak direla diozu. Zergatik? Bizitzea tokatu zaien
egoera soziologiko eta politikoagatik? Bai, egun gauzak errazagoak
dira. Dena den, niri ez zitzaidan oso zaila egin. 1969an gutxi
gora behera hasi nintzen kontu honekin harremanetan, Ramon Saizarbitoria
edo Ibon Sarasola idazleekin lan egin nuen. Asko ginen kultura
eta literaturaren inguruan mugitzen ginenak, eta, hala ere, ez
ninduen inork puntu eta bereiz bezala sentiarazi. Geroztik, aldiz,
bai.
-Zeintzuk dira
zure idazle kuttunenak? Zeintzuk dituzu eredu? Baditut idazle kuttunak,
eta batzuk aldakorrak dira. Hala ere, euskal idazleen artean mirespen
bat aitortu behar dut, eta hori Ramon Saizarbitoria da. Gainera
aurtengoan Euskadi Literatur Sariaren epaimahaian egotea tokatu
zait, "Gorde nazazu lurpean" liburuak liluratuta utzi
ninduen, horrelako gauzak irakurtzen ditudanean nire buruari galdetzen
diot ia zergatik idazten dudan horrelako mirariak egiten dituzten
idazleak egonda, gero zera pentsatzen dut: "Ramonek goi
sukaldaritza egiten du, ni sukaldari arrunta naiz eta ingurukoek
ongi moldatzen naizela diote. Batzuek nahiago dute eguneroko etxeko
andre baten janari arrunta Arzak baino", horrek kontsolatzen
nau.
-Euskal idazle
gazteak irakurtzeko ohitura daukazu? Bai, aurten gainera
iaz argitaratutako guztia irakurri behar izan dut. Gutxienez 80
bat liburu izan ditut esku artean eta horrek ideia bat eman didala
uste dut. Egun idazle belaunaldi asko aktiboan gaudela iruditzen
zait, guztiek gauza ezberdinak egiten ditugu, beraz, oso momentu
aberatsa bizitzen ari garelakoan nago.
-Kazetaritzan
ere urtetan aritu zara. Azkenaldian Zabalik aldizkarian argitaratutako
elkarrizketekin Rikardo Arregi saria jaso duzu. Zer suposatu dizu
horrek? Oso esperientzia aberasgarria
izan da niretzat, baina baita nekagarria ere. Bizitza ez da lana
soilik, nik ez dut horrela bizi nahi eta argi daukat. Aurten lan
batzuk utzi ditut, betiere kontuan izanik komunikabideak direla
nire
ogibidea, ez literatura. Denbora librea nahi dut, behin hori lortuz
gero idaztea gustatuko litzaidake. Hala ere, badakit ezin dudala
kazetaritza edo literatura, bat aukeratu, nik biak behar ditut.
Idazlearena lan bakarti eta luzea da, barnera begira egiten dena.
Kazetaritzak, aldiz, jendearekin harremanetan egotea suposatzen
du. Biak tartekatzen saiatzen naiz, biak behar ditudalako. Rikardo
Arregi saria ez nuen inondik inora espero, izugarri poztu ninduen
eta oso harro sentitu nintzen.
-Kazetari
eta idazle, zuk elkarrizketak egiten dituzu eta aldi berean elkarrizketatzen
zaituzte. Beraz, bi aldeak ezagutzen dituzu... Mugaren bi aldetan
egon izanak gauza asko erakutsi dizkit, adibidez, elkarrizketak
nola ez diren egin behar. Beti izan dut argi elkarrizketatuak
mesede egiten diola kazetariari. Errespetua beharrezkoa da honetan.
-Zinemarekin
ere izan duzu harremanik. Gidoigile gisa aritu zinen duela urteak
eta irailean Donostiako Zinemaldiko Zuzendari berrien epai mahaikide
izan zinen. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Gaur eguneko gazteen
pentsaera ezagutzera lagundu dit Zinemaldiko lanak. Gazteek gehiegi
sufritzen dutela iruditzen zait. Gaztetasuna adinarekin konpontzen
den gauza naturala da, eta hala ere, gazteak noraezean bizi dira,
horrek izugarri kezkatzen nau. Arazo pila ikusi ditut baina zehaztugabeak,
motibazio falta horrek ondoeza sortu dit.
-Ba al duzu
lanik esku artean? Zeintzuk dira zure asmoak? Gaztetxoei zuzendutako
liburu bat eta helduentzako beste bat idaztea gustatuko litzaidake.
Biak buruan ditut baina ni oso motela naiz eta ez dakit noiz amaituko
ditudan.
-Zer
ikusten du Arantxa Urretabizkaiak atzera begiratzen duenean? Zer
gelditzen zaizu egiteko? Zein amets gauzatzeko? Nobela on bat egitea
gustatuko litzaidake, agian ez dut inoiz lortuko baina hori da
nire ametsa. Horretaz gain, ez daukat asmo handirik, ni tarteka
idazten duen etxeko andrea naiz. Egunerokotasunak garrantzi handia
du nire bizitzan. Urteekin ikasi dut denbora oparitzen, azken
finean denboraz egina baitago bizitza, eta gainera ez dakigu noiz
arte egongo garen hemen. Ongi sentitzen naiz maite ditudanei denbora
oparitzen eta izateko modu horretan zaila da idazteko denbora
aurkitzea.
Argazkiak: Teresa Sala
Euskonews & Media 154.zbk
(2002 / 2 / 8-15)
|