1638ko
irailaren 7an, eten gabe bi hilabetetan Richelieu kardenal frantziarraren
armadaren erasoak pairatu ondoren, lurrez eta itsasoz, Espainiako
erregea zen Felipe IV.aren tropek Hondarribia askatu zuten. Denbora
hartan, gero eta gutxiago ziren gipuzkoar gizon, emakume eta mutikoek
aurre egin zieten 18.000 bat frantsesi. Gertakizunari, 30 Urteko
Gerrako bat (1618-1648), espainiar monarkiak publizitate itzela
eman zion. 1638.-1639. urte bitartean hainbat albiste-errelazio
argitaratu ziren, zehatz-mehatz Hondarribian gertatutakoa adierazten
zutenak, eta urte haietako eta ondorengo liburu batzuen oinarri
eta iturburu izan zirenak. Hondarribiak (orduan Fuenterrabía)
denetariko faboreak jaso zituen Espainiako koroaren eskutik, besteak
beste gaur egun ere urguiluz "hiri" titulua erakusten
duena. 1639ko abuztuan jai edo festa bat sortu zuten hiriaren
setioa eta askapena ospatzeko, bai Guadalupeko Ama Birjinaren
omenezko ospakizun erlijiosoak –hondarribitarrek leialtasuna zin
egin omen ziotelako-, bai alarde militar bat, formako aldaera
batzuekin baina funtsean berdin-berdin gaur ere ospatzen dena.
Ez eztabaidarik gabe: duela urte batzuez geroztik –gaurko komunikabideek
txit famatu egin dute– emakume-talde batek alarde horretan –1639.
urteaz geroz gizonek baino osatzen ez duten alarde hartan– parte
hartzeko ahaleginak egiten dituzte.
Ez da gure asmoa,
zer esanik ez, eztabaida horretan esku hartzea. Gure xedea askoz
xumeagoa da: aztertzea nola eratu zen gertakizun bat, zeinaren
eragina eta interpretazioa gure egunetara arte ailegatzen den.
Hondarribiaren
askapenaren berria egun bakan batzuetan iritsi zen Madrilera.
1638ko irailaren 10ean, ostirala. Bernardino de Ayalak, Villalbako
kondearen semeak, eraman zuen. Garai hartako errelazioek diotenez,
herria besterik gabe kalera joan zen zaldunari oles egitera eta
berarekin batera erregearengana joatera. Erregek halaxe jaso omen
zuen albistea, herriarekin batera. Madrilek festa batzuk antolatuz
–geroxeago probintzietako beste hiri batzuek, Bartzelonak eta
Sevillak adibidez, berdin egin zuten- ospatu zuen berri ona. Festa
horiei buruz (gertakizunaz baino lehenago) informatzen zuten lehenengo
inprimakiek, eta haiexek izan ziren, hain zuzen ere, gertakizunari
denbora oso luzean –gure egunetara arte- balore sinboliko zehatz
bat eman ziotenak.
Frantsesen gaineko
Gipuzkoako garaipena eta Espainiako koroak eman zion balorea aipatzen
zuten lehenengo kontakizun formalak ahozkoak izan ziren. Zehazki,
1638ko irailaren 11ko festetan (larunbata zen) dohaineko komedia
batzuk eskaini zituen Luis López-zen konpainiak, eta, ohikoa
zenez, haien aurrean "loa" bat bota zen. Loa hark Hondarribiako
garaipena zuen ardatz. Handik gutxira loa hori lau orrialde xumetan
inprimatu zen. Laster beste horrelako konposizio herrikoi batzuk
osatu ziren. 1638an bertan lau orrialdeko erromantze bat argitaratu
zuen, Aquí se contienen dos famosas jácaras,
y un romance muy gracioso, de lo que ha sucedido en el sitio de
Fuente-Rabia. Jakara eta erromantze horiek antzokian ere eskaini
ziren lehenago. Beraietan vizcaynas deitzen zirenen balentriak
ere kontatzen ziren.
|
Hondarribitarren
balorea laster ospetsu egin zen Espainia osoan. 1638koa dugu
Madrileko errelazio hau, non "bizkaitar" emakumeentzako
erromantze hau irakur zitekeen. |
 |
Bertsotan egindako
errelazio hauek modu "serioago" batez gertakizunaren
berri eman zuten beste askoren aurrekinak izan ziren. Behin jaiaren
dimentsioa mugatuta, eta herriaren bat-batekotasuna propaganda
ofizialaren menpe jarrita, zeregin zailago bat falta zen: behin-betiko
bertsio ofiziala ezartzea.
Lehenengo informazio-iturriak,
garai hartan ohikoa zenez, eskuizkribuak ziren. Bertan ustezko
lekukoek kontatzen zuten nola Hondarribiako biztanleek heroi moduan
portatu ziren eta nola Vélez-en markesaren armada espainolak
hiria askatu zuen. Inolaz ere, iturri haiek ezin ziren izan bertsio
ofiziala ezartzeko nagusiak. Hala ere, nahiz eta koroarentzat
baimen edo kontrolik gabeko eskuizkribuak aske ibiltzea arriskutsua
izan, iritzi publikoarenganako eragin benetakoa zeukan informazio
bakarra inprimatutakoa zen. Horregatik, argitara eman ziren lehen
kontakizunak lehen eskuz idatziak zebiltzanak ditugu. Sevillan,
Ezijan eta Granadan, adibidez, agertu ziren errelazio batzuk;
baita Burgos-en eta Logroñon ere. Guztien gainetik, nabarmendu
behar dugu Relación y socorro de Fuenterrabía,
y sucessos del año 1638, escritos de orden y en virtud
de decreto puesto todo de la Real mano del Sr. D. Felipe IV,
Madrileko Catalina del Barrioren inprentan egina. Bertan suposatzen
dugu bertsio ofizialena kontatzen dela, koroak behin-betikotzat
har zezakeena. Hala ere, esanguratsua da nola koroak ez zuen zuzenean
argitara eman –monarkiak bazuen inprenta ofizial bat- bere konfiantzako
argitaratzaile baten eskuetatik baino.
Argitaratu ziren
hitz lauzko errelazio gehienek lehen eskuko informazioa aise izan
zuten. Errelazio batzuek gutun ofizial dozena bat ere hitzez hitz
aldatu zituzten. Beren ekimenez edo enkarguz gertakizunaren berri
eman zutenak informazio-iturri pribilegiatuez baliatu zirela frogatuta
gelditzen da. Erregek eta bere "valido" zen Olivares-eko
konde-dukeek ederki zekiten, César Aguilerak dioenez, "iturriek
gobernatzen dituztela lan-mota hauek".
Argitaratzaileek
ez zuten errelazio-motarik alde batera utzi: inprimatu zituzten
bertsokoak, alderdi miresgarriak jasotzen zituztenak, informaziokoak,
edo ordura arte 3º Urteko Gerran gertatutako guztiaren laburpenak
–Hondarribiako setioa eta askapena barne.
Euskarazko errelazio
bat ere, bertsotan, ezagutzen dugu, gaztelaniazko pare bat sonetorekin
batera argitaratua: Canción vizcayna en metro y hecha
en alabanza de los hechos heroicos de D. Domingo de Heguia,
euskal adituetan Egiaren kantatzat ezagutzen dena. Domingo
de Eguía kapitainaren panegiriko bat da, hasiera batean
tropa gipuzkoarraren buruzagi. Egilea Deustuako apaiza zen Juan
Bautista Alzola Muncharaz delako bat izan zen.
Hala ere, nahiz
eta errelazio-andana bat agertu, eta iritzi publikoan zeukaten
eragina ziurtatuta bazegoen ere, kontakizunaren hierarkian zaharragoa
eta dekadente samarra zen kronika historikoa nahiago zen. Haren
ekoizpena mantsoagoa zen, irakurketa zailagoa eta erosketa askoz
garestiagoa, baina gertakizunak instituzionalizatzeko modu onena
zen, historia ofizialean behin betiko sar zitezen. Historia ofizial
hori, zer esanik ez, egia bakarrek, kritikaezinek, atzera ezineko
patuek, eta Europako koroekin loturiko mugarriek osatutako kontaera
bat zen. Errelazioak, orduan, behin-behineko baliabide bat baino
ez ziren, kronika historikoaren itsaso handira zihoazen ibai txikiak.
Kronikak, errelazioak ez bezala –lau edo zortzi orrialde txikiko
koadernotxo-taxuera zuten- liburu moduan eskaintzen ziren.
Setioaren hurrengo
urtean, 1639an alegia, erret baimenarekin Catalina del Barrioren
etxean argitaratu zen Sitio y socoro [sic] de Fuenterabia
[sic] y sucesos del año de mil y seiscientos y treinta
y ocho. Escritos de orden de su Magestad, Juan de Palafox
y Mendoza egilea zela.
Ofiziala ez bada
ofiziosoa behintzat bai bazen 1639an ere argitaratu zen beste
liburu bat, Iruñan, baimenarekin ere, agerturiko La
libra de Grivilio Vezzalmi traducida de italiano en lengua castellana.
Pesanse las ganancias y las perdidas de la Monarquia de España
en el felicissimo reynado de Filipe IV el Grande. Lehenago
italieraz agertu zen, eta bere autorea "Grivilio Vezzalmi"
(izan ere, Virgilio Malvezziren akronimoa) zen. Erabat propagandistikoa
zen lan bat dugu, Espainiako erregearen loriaz egindakoa.
Beranduxeago
agertu zen gaur egun ere hainbat historialarik Hondarribian gertatutakoaren
iturri nagusitzat duten liburu bat, Maltako Juan Donearen ordenuko
maestre nagusia zen Martín de Redín y Cruzat-en
aginduz José Moret jesuita iruñarrak idatzitako
De Obsidione Fontirabiae libri tres izenekoa (1654), gero
gaztelaniaz itzuli zena. Dudarik gabe, lan honen hainbat informazioren
jatorria lehen aipaturiko errelazioak ditugu.
Ez zen nahikoa
hondarribitarrek gertatutakoa ezagutu eta sufritu izana. Beraiek
ere gertakizunen bertsio ofiziala ontzat eman behar zuten eta
gertakizunaren idealizazio sinbolikoaren inguruko sentimendu komunaren
parte eta abangoardia izan behar zuten. Beraiek inork baino gehiago,
egia esan. Horretarako behar-beharrezkoa zen Felipe IV.aren gainontzeko
menpekoek zuten informazio berdina edukitzea. Horrek adierazten
du zergatik argitaratu ziren hainbat errelazio ez Gipuzkoan –1672.
urtera arte inprenta iraunkorrik ez baitzuen izan-, inguruko lurraldetan
baizik. 1638an Martín de Aspilquetako Bilbon inprimatu
zuen Relación de todo los sucedido en Fuenterrabia,
desde que el príncipe de Condè la puso cerco, hasta
que se retiró con afrentosa huida. Urte hartan bertan
Matías Marés, Logroñon, argitara eman zuen
beste errelazio bat: Relación verdadera del socorro
que a Fuenterrabía dieron los Excelentissimos Almirantes
de Castilla, y el Marques de los Velez Virrey de Navarra, Generales
de ambas coronas en esta faccion, vispera de Nuestra Señora
de Setiembre, Madrileko errelazioen arrakasta aprobetxatu
zuena eta "probintzietan" hainbat datu eta pasarte errepikatu
zuena.
Hondarribiako
subditoen leialtasuna saritzeko beste modu bat erregeren eskuzabaltasuna
zen. Felipe IV.ak gudariei setioan sufritutako egun bakoitzeko
launa erreal eman zien, emakumeei hiruna erreal, eta mutikoei
erreal eta erdi egun bakoitzeko. Herri (villa) zena hiri
egin zuen erregek.
Propaganda-prozesu
honen azken katenbegia falta zen memoria kolektiboan ederki eta
betiko gordeta gelditu zedin gertakizuna, gizarte-kodean errepresentazio
zikliko bihur zedin: festa. Horrela pentsamolde politikoa ez ezik,
kulturaren transmisioa ere ziurtatzen zen. Hondarribian jaia antolatu
zen 1639. urteaz gero, hiriko kabildoak urte hartako abuztuaren
15ean bildu ondoren. Hasieratik bi alderdi hartu ziren kontuan:
militarra (laikoa), alardea hain zuzen ere, eta erlijiosoa (dibinitatea
ere errege eta bere subdito katolikoen alde baitzegoen), prozesioa
alegia. Horrela ezarri zen Hondarribiako setioaren eta askapenaren
informazio-mapa, gertatu eta lau mendeetara, eta orduantxe eman
zitzaion esanahiarekin gainera, irailaren 7an, urtero borondatez
gogoratzen dena.
Javier Díaz Noci, Eusko Ikaskuntzaren
Komunikabideak Saileko partaide eta Euskal Herriko Unibertsitateko
irakaslea pdpdinoj@lg.ehu.es
www.ehu.es/diaz-noci |