Seiehun
eta berrogeita hamar urte betetzen ei dira aurten, Arrasateko
kontzejuari santamasetako feria egin ahal izateko baimena
eman zitzaionetik. 1351ko irailaren 20ra arte igo beharko genuke,
Gaztela eta Leongo Pedro I erregeak –historiak "Krudela"
izengoitiarekin ezagunagoarazi duena- Valladoliden izenpeturiko
idazki batean, Arrasateko azoka nagusia abenduaren 21, 22 eta
23an egiteko emandako agindua aurkitzeko. Beraz, oraindik ospatzen
den feriaren ohitura ez da atzo goizekoa.
Jakina den legez,
Mondragón hiriak laurogei eta hamaika urte zituen une haietan
eta adinean gaztea zen arren, merkatal jarduerarako aparteko abilezia
erakutsia zuen, lekukotasun idatziek garbi asko adierazten
digutenez. Alfontso X-ak herriaren sortze-agiria sinatu zuenean
ere arresatearren nolakotasun hori kontuan izan zuela esan
genezake, bertako burni-meatz aberatsak zirela eta. Eta horren
egiaztapen gisa har liteke, Mondragón sortzeaz bat hiritar
berriei pribilegioak ematen hasi zela, batez ere kanporako merkataritza
berme osoz gara zezaten. Areago, erraztasun horietaz baliaturik
badirudi garai haietako mundrautarrak kontrabandoko jardunean
maisu genituela, 1270ean Logroño hiria kexu azaldu baitzen
Alfontso X-rengana, haiek Logroñotik zehar Nafarroako erresumara
ganadu eta beste hainbat salgai ezkutuan sartzen zituztela salatuz.
Leintz bailarako
herri nagusi bezala, merkataritzarako nolakotasun bereziak zituen
Arrasatek, Aramaio, Bizkaia eta gipuzkoar itsasorako gurutzebidean,
eta horregatik ez da batere zaila historiako hainbat alditan erret-ebazpenen
bidez lagundua izan zela ulertzea. Eta euren herriaren kokapen
estrategikoak ahalbideturiko abantailez ohartuta, arrasatearrek
modu adimentsuaz garatu zuten merkatal jarduera. Herritarrek uneko
erregeengana jo zuten behin eta berriz, ekintza komertziala arautzen
lagungarri gerta zekiekeen erabakien eske. Horrela, poliki poliki,
kanporako merkataritza ez ezik barnekoa susper zezaketen arauak
aldarrikatu ziren eta Arrasate puntu garrantzitsua bilakatu zen,
gaztelar erregeek lurraldean nahi zuten oinarrizko hiri-egituran.
Mondragón
sortu berriaren garapenerako onuragarria izango zelakoan, Pedro
I erregeak santamasetako feriak instituzionalizatu eta
ofizialdu zituen. Garaiko idazkiek dioskutenez, inguruko baserritarrak
eta eskutariak hurbiltzen ziren azoka egunetan, beraien gaiak
saltzera eta behar zutena erostera. Merkatal operazioaren gaineko
balizko zerga kontzejuaren esku geratzen zen. Areago, ordurako
bazuen herriko alkateak ahalmena, herrian zorpetzen zen merkataria
epaitu ahal izateko. 1345eko irailaren 25eko idazkian Alfontso
XI-ak alkate zenari boterea luzatzeko argudiatutako arrazoia bitxia
da: "porque la nuestra villa non se hierme e sea mejor poblada".
Zalantzarik gabe, era guztietako erraztasunak eskaintzen zitzaizkion
herriari, hazten eta aberasten joan zedin.
Non egiten ziren
azoka haiek? Suposatzekoa da ez zirela, eraikitzen ari ziren harresietatik
oso urrun egongo. Dena den, denboraz Kontzejuak ferien arautegia
osatu zuen eta –Jose Maria Uranga arrasatear historialariak dioenez-
Meatzerrekako San Valerio baselizara aldatu ziren. Arrazoia? Burdinako
meatzek sorturiko jardueratik hurbilago egoteaz aparte ez zait
beste ziorik otutzen. Edozein modutan, 1727tik aurrera feriak
herriko harresietaraino ekarri ziren, hain justu Beheko Portalera.
Eta toki horretan egin ziren, 1926an -ordudanik Uherkapeko ferixal
lekua bezala ezagututakora aldatu arte.
Pedro I Krudelaren
garaietatik seiehun urtetako jauzia emanez, gure haurtzaroan Arrasaten
ezagutu genituen feria egunetara helduko ginateke. Ordurako abenduaren
22ko ospakizuna bakarrik geratzen zen, hastapenetako hiru haietatik.
Data horretako goizean zain egoten ginen umeok, herriko kaleetatik
ferixalerantz baserritarrak euren behi eta idiekin noiz
igaroko ote ziren. Eta goiz erdirako bazterrak tipo arraroz beteta
zeuden, txerpolari, kalakari eta gauzarik bitxienak saldu guran
mezu barregarriak helarazten zizkiguten txarlatanak nonahi.
Arrasatearrontzat
esanahi handiko jaia zen eta oraindik ere halaxe izaten segitzen
duela baieztatzera ausartuko nintzateke, ospakizunak naturaltasuna
galdu badu ere. Baina hori ez da jai honi soilik dagokion galera,
gure gizartearen bilakaera oroirensleak desagertaraziriko guztiak
zaku bertsuan daude eta. Horren egiaztapen garbi bat, adibidez,
artisautzarekin dago lotuta, artean XX-eko erdialdean normaltasunez
aurki genitzakeen otarre, abarka, uztarri eta gainerako lanabesen
salmahaiak gaur egun folklore-tantak ukituta daude. Eta ez dago
bueltarik.
Josemari Velez de Mendizabal,
idazlea |