Aurkezpena
Lantxo
honen tituluan Arantzazu eta Durangoko Zumarraga apezpikua aipatzen
direlako, agian, pentsatuko duzue ohiko fraide kontuak entzun
behar dituzuela. Funtsean istoriotxo honek agerrarazten diguna,
da, orain bost mendeko euskaldunen historiaren orrialdetxo bat.
Ohar ez diodala "Euskal Herriko" historia, baizik euskaldunena.
Euskal Herrikoa ere bada, noski, baina istorio honen muina orduko
hizkuntza errealitatean datzala azpimarratu behar da, eta hain
zuzen, niretzako horrexek erabaki zuen zein hizkuntzatan eman
behar nuen aurkezpen hau.
Arantzazu, Oñati,
Durango, eta Mexiko, horra lau toki istorio hau elkar lotzen dutenak,
Zumarraga dela medio. Oñatiko herria aparta izan dela ez
dakianak Iñaki Zumalderen historia irakurri besterik ez
du (2). Durango ere ildo
berekoa dela esango nuke. Oñati, "txantxiku
herri," kondepean bizi zen. Durango berriz, "tronperri" eta historiaren
hasieratik, Nafarroako erresumarekin lotura berezia izandakoa
(3). Sona handiko
makina bat jende jaio zen Anboto inguru hartan, baina denetan
punterena Joan Zumarraga, Mexiko-ko lehen apezpikua. (4)
Bere aita Joan
Lopez Zumarraga zen eta ama Terexa Laritz Muntsaraz. Durangoko
Goienkalen 1476an sortua, gaztetan Durangon bizi izan zen, gero
frantziskotar fraide bihurtu, eta 1528an Mexikora apezpiku bezala
bidali zuten. Konkistatu berria zen aztekarren lurraldean bizitzea
tokatu zitzaion. Idazle tradizionalek dioskutenez, urte "heroikok"
izan ziren haiek, urte gutxiren barru Europarrek indarrez lurralde
zabalen jabe egin zirelako edo. Europako kristau kulturak aztekarrena
suntsitu zuela irakurtzen dugu liburu askotan, baina historia
zintzo batek esango luke kulturen ezkontza bat gertatu zela. Euskaldunek
bere partea izan zuten hartan, gure Zumarragak batez ere, bada,
bera izan zen batez ere kristau elizaren instituzioa Mexikon sustraitu
zuena. Bere biziaren azkenean artzapezpiku mailara altxatu zuten,
euskaldunen artean lehena, naiz-eta bera enteratu gabe joan zen
beste mundura 1548. ekainaren 3an.
Apezpikutzaz
landa badu Zumarragak historia kontagarririk Euskal Herriko kultura
kontuan harturik. Egun batez historiaren ardatz bihurtuko dela
espero dut, gaurkoz oraindik aski ezezaguna izan arren. Horren
zatitxo bat azaltzen da hemen gaur. (AURKIBIDEA)
Joan
Zumarraga Bi
Bi Zumarraga ezagutzen
ditut: bata fraidea eta apezpikua, hau da, gizon publikoa, Espainiako
kolonietan pertsonaia ofiziala. Egoera honetan eliztar eta fraide
jokaerak gorde behar zituen eta erdara eta latina
ziren bere hizkuntzak. Hauxe da noski gehienok ezagutzen dugun
Zumarraga "klasikoa," fraidea, frantziskotarra, eta gotzain fina.
Ia idazle den-denek horretaz idatzi dute. (5)
Zumarragaren
beste aurpegia mundu pribatuari zegokion eta hartan Bizkaiko durangarra
eta zeharo euskaldun agertzen zaigu. Nortasun honek etxekoen eta
adiskideen arterako balio zuen, zeinen artean euskara zen berbeta
ofiziala. Zumarragak bere bizitza osoan gordeta
lez eduki beharko zuen bere euskaldun nortasun hau, zeren, Richard
Greenleaf-ek apezpikuaren gutunak 1979an publikatu arte idazleek
ez zioten antzeman eta ezezaguna zitzaigun (6).
Joaquín García Icazbalcetak euskaldun hitza aipatu
ere ez du egiten bere biografia ederrean, naiz eta, Zumarragak
berak, behin baino sarriago Karlos V erregeari
idatzi zion "vizcaíno" zela eta euskaldunen antzera mintzatzen
zela gazteleraz, zeren, "(yo) no mamé este romance" (e'nuen
erdara hau edoski). (7)
(AURKIBIDEA)
Zumarraga
Euskal Historian
Euskal Herriko eskoletan
Calderón de la Barca nor zen irakasten dute noski, baina
Zumarragak aipamenik merezi duenik ez zaio inori bururatuko. Izan
ere, gezurra al da euskaldunok oso gutxi ezagutzen dugula geure
historia? Ez naiz harritzen Zumarraga hemen Ameriketan Euskal
Herrian baino askoz ezagunago izateaz. Berak argitaratu zituen
Ameriketako lehen liburuak moldiztegian, eta horietako batzuk
berak idatziak ziren, eta hau ohoragarri baldin bada ere, niretzako
lehen liburua elebiduna izateak (erdaraz eta aztekarren) ematen
dio Zumarragaren pertsonai historikoari aparteko garrantzia.
Zumarraga da
ongien ezagutzen dugun lehen euskalduna eta ez diot hori besteek
hartaz asko idatzi dutelako. Batzuk harrituko dira hau irakurriz,
zeren, ez al da Iñigo Loiola Euskal Herrian eta munduan
zehar askoz famatuago? Loiolari buruz gehiago idatzi da noski,
baina bere euskaldun arima eta euskal bizingurua ez ditugu ezagutzen
Zumarragarenak bezain ongi. Honek bere buruz eta beste euskaldun
eta senideei buruz gutun luze mordo bat idatzi zuen, eta bat euskaraz.
Gutun hauek "etxeko" agiriak ditugu, etxekoentzako, euskaldunak
euskaldunentzat idatziak.
Hasteko, ez dezagun
hauen eta errege zedulen balioa konpara. Naiz eta gure orain arteko
historia errege zedulekin hornitua dagoen gehienbat, zedula ofizialen
ikuspuntua eta etxeko batena txit desberdinak izan daitezke eta
dira sarri. Zumarragaren gutun hauek biziki pultsatzen dute hamaseigarren
mendeko Euskal Herriaren arima, Bizkaia, Durango, Oñati,
eta beste euskaldun askoen berri damaigularik.
Zumarraga etxekoz,
durangarrez, bizkaitarrez, eta euskaldunez inguratu zen Mexikon.
Horri nepotismoa deritzo baina aski normala ere bazen eta bada.
Bost urteren buruan (1527-1532) nik ikusi agirietan ia 72 euskal
deitura aurkitu ditut Mexikoko hirian--Zumarragaren etxeko, inguruko,
adiskide, eta lankideak kontatu gabe.
Argigarri esango
dut apezpikuak euskaldun hargin batzuk zeuzkala egunez harrobian
lanean eta gabez bere etxean zerbitzaile ari zirenak. Bere maiordomo
guztiak euskaldunak izan zituen, haien artean bere iloba Antso
Gartzia Larrazabal, Aburto bilbotarra, eta Aranguren lekeitiarra.
Etxean zeukan Mendiolatar famili handia, senideak zirelako. Zumarraga
ekintzale zen nortasunez, horregatik estimatzen zuen Hernando
Elgoibar igeltseroa, honek eraiki baitzituen apezpiku-etxeak,
kapera, eta beste zenbait bizileku. Eta hasi besterik ez gara
egin kontatzen. Idazkari, legegizon (haien artean Joanes Otsoa
Egurbide, durangarra), militarrak, zilarginak, etab.
Garai hartan
-beti bezalatsu baina gaur baino gehiago- europarrak joan-berriak
ziren eta bakoitza bere lurraldekoekin biltzen zen, hau da euskaldunak
euskaldunekin eta berdin galiziarrak, Gaztelakoak, eta Andaluziakoak.
Bazekiten Espainiakoak zirela baina espainiar kontzeptua garatu
gabe zegoen, hizkuntza eta lurraldea baitziren determinante nagusiak.
Mende haietan euskaldunek euskaraz mintzatzen ziren, katalanek
katalan, eta taldeen arteko zatiketa askoz nabariagoa zen, gaurko
elebitasunik ez baitzen. Europarrak indioekin borrokatzeko bakarrik
biltzen ziren: orduan, bai, orduan denak "kristauak" ziren eta
besteak paganoak edo gaiztoak, basatiak, etab.
Hau Zumarragaren
bizitzan ongi baino hobe ikusten da. Mexikora heldu ahala audientziako
epaileekin ezin izan zen konpondu eta azken finean denak kanpora
atera eta audientzia berri bat ekarri behar izan zuten. Horietako
epaile bat, Diego Delgadillo, Granadakoa zen, behin amorru bizian
apezpikuari lantza bota ziona. Espainiara preso bidali zutenean,
Delgadillok 33 salaketa leporatu zizkion Zumarragari. Haietako
bost puntotan garbi ikusten da Mexikoko giro etnikoa: beste euskaldunekin
negoziotan dabilela, negozio horiek zikinak direla... zer ez zion
Delgadillok leporatu! Ia beti dirua eta indioak dira medio, beraz,
fraidearen pobretasuna eta abertzaletasuna atakatuz. (AURKIBIDEA)
Zumarragaren
Asmoak
Arantzazu, Oñati,
eta Zumarragaren arteko loturak jorratzen hasi baino lehen, apezpikuaren
burubide eta asmoez zerbait esan behar dut. Zumarragak ez zuen
nahi Mexikora etorri, ez zuen apezpiku izaterik nahi ere, baina
behin erregearen esanera makurtuz gero, asmo handiak sartu zitzaizkion
kazkoan. Mexikora heldu eta laster bere planak bideratzen hasi
zen. Greenleafek dioenez, Frantziskotar fraidetxe bat eraiki nahi
zuen lehenbizi, baina asmo hori laster neutralizatu zuten Durangon,
herriak ez baitzuen nahi beste fraidetegi bat.
Horregatik gero
gurasoen etxea (botika zena) ostatu bihurtzea erabaki zuen Durangora
zetozen fraideek bertan gau pasa zezaten. Asmo guzti hauek betetzeko
dirua Mexikotik bidaliko zuela agindu zuen. Lehen pausuak 1532an
eman zituen Mexikotik itzuli eta Durango bisitatu zuenean. Etxekoak
bildu zituen eta esan zien fundazio bat eraiki behar zuela. Orduan
Patxi Urkiagari eman zion ekintzaren kargu, baina lau urte geroago
Antso Gartzia Larrazabal, bere iloba, jarri zuen arduradun. Baina
Antsok ez zuen osabaren esanik egiten, eta haren burugogorkeriek
bete egin zutenean, hil aurretxoan, fundazioaren patroi berri
bat izendatu zuen, Urti Abendaino, Durangon sortu eta Sevillan
bizi zen bere lankide leiala.
Ostatua zergatik
eraiki nahi zuen? Bere gurasoen ohitura zaharra fraideei etxean
ostatu ematea omen zen, eta hori jarraitzeko, eta baita guraso
eta arbasoen oroigarri eta ohorez. Ondra gauza baliotsua zen Zumarragaren
Erdi Aroko baitan. Abadiñoko Muntsaraz Dorretxeko armarriak
hau dio: "Estos biben e bibieron goardando la honra y la fama
que tobieron" (Zeukaten ondra eta ospea zaintzen bizi dira eta
ziren hauek) eta agian handik zetorkion sena, bada, bere ama hango
alaba omen zen jatorriz. Zumarragak bazuela bere buruaren estimu
badakigu. Beste behin, Hernando Elgoibar igeltseroak eta euskaldun
harginek Mexikon jasotzen ari ziren apezpiku-etxearen edertasuna
laudatuz, hau idatzi zuen: "Bidezko da Mexikoko
lehen apezpikuak aztarnak uztea." (8)
Beraz, asmo handi
hauek eta beste batzuk betetzeko garaian nabaritzen dugu Zumarragaren
inguruan zegoen euskaldun "armada." Dakigunez, aldi hartan ontzi
eta kapitain pilotu gehienak euskaldunak ziren, eta hauen zerbitzu
eta leialtasunik gabe ezinezkoa zitzaion beren asmoak aurrera
atertzea. Berdintsu gertatzen zen euskaldun merkatariekin, eta
hauen artean oñatiar punterengo bat aurkituko dugu. (AURKIBIDEA)
Zumarraga
eta Arantzazu
Frantziskotarrak
Arantzazun 1415ean kokatu ziren (9).
Zumarraga zein komentutan sartu zen, Arantzazun ala beste nonbaiten,
ez da gauza segurua, baina Mexikon itzal handiko pertsonaia bihurtuta
zegoenean ere Arantzazu gogoan zeukan. Liburuak eta beste zenbait
opari bidali zituen Mexikotik.
Martin Ibanez
Hernani oñatiarraren bitartez 1544ean Zumarragak larruz
estalitako kutxa bat bidali zuen Arantzazura. Hernani itsasoan
hil zen eta beste norbaitek ekarri zuen kutxa Sevillatik. Kutxa
hauexekin beteta zegoen:
Elizako jantzi oso bat (kasuila
zuria gainean Ama Birjinaren irudiarekin, damasko zurizko kapa,
petorala, alba, estola, manipuloa, amitoa, eta hiru frontal
margotuak, denak bedeinkatuak).
Lau estalki fraidetxerako (Zumarragak
antza bazekien han Aloña aldean hotz egiten zuela).
Zilarrezko intsentsu ontzia, nabeta
eta koilararekin.
- Ara bi sagaratuak.
Honek ez du frogatzen
apezpikua Arantzazuko fraidea zenik, ez noski, bada, Euskal Herriko
beste fraidetxe frantziskotarrei ere opariak bidali zizkien, hala
nola, Gaztelugatxe, Bilbo, eta Urduiara (?) (AURKIBIDEA)
Zumarraga
eta Santa Anako Serorak
Arantzazuz landa,
Oñatin bertan Zumarragak bazituen zenbait ezagun, adiskide,
eta senide ere. Zubiko Santa Ana komentuan bazuen serora senide
bat, Antonia (de los Angeles) Zabala izenez. Komentuan morroi
zegoen bat ere ezagutzen zuen, Durangarra zelako edo...
Apezpikuak "Beatas
de Oñate" deitzen die eta 1543an hauexek bizi ziren Santa
Anan: Katalin Kamino, nagusia, Madalena Arteaga, Katalin Askasua,
Frantziska (edo Pranzke) Hernani, Mari Juana Albisua, Marina Ugarte,
Angela Arriola, Mari Perez Okariz, Ysabel Gebara andrea, Ana Perez
Zabala, Mari Perez Zubillaga, Mari Joanes Esteybar, Marina Sanz
Mendizabal, Frantziska Gallaystes, eta Katalin Hernani. Denak
profesatuak.
Zumarragak 1541-1542an
Mexikotik opari bereziak bidali zizkien, haien artean Jaliscoko
gatazka famatuaren pintura handi bat (10).
Guda hartan indio oldartsuek estu eta larri hartu zituen "kristauak,"
baina azkenean hauek nagusitu ziren, eskerrak euskaldun pilo bati,
Kristobal Oñate, Narria auzoko semea eta buruzagia, Ibarratarrak,
Zaldibar, Zubia, Jatsu, etab. Zumarraga bera ere Mexikoko hiriaren
babespean egon arren aski urduri jarri zen eta frentean zegoen
Oñatiri gutun bat idatzi eta Juan Arrazolaren eskuz bidali
zion. Juan Arrazola bi agertzen dira Zumarragaren inguruan, bata
durangarra, bestea oñatiarra eta ez dakit zein izango zen,
agian bigarrena, Kristobal ere oñatiarra zelako.
Serorentzako
opariak Urti Abendainori etorri zitzaizkion Sevillara, bera baizen
Zumarragaren ordezkari fidela. Santa Anako serorek Migel Elorriaga
oñatiarrari boterea eman behar izan zioten opariok Urtiren
eskutik hartzeko. Transferentzia 1543. ekainaren 3an egin zen
baina opariak Oñatira ekarri zituena Juan Arrazolari izan
zen, segur aski Mexikotik etorritakoa. Agian aberastuta zetorren,
baina gaixoak ez zuen asko gozatu, urtebete barru hil baizen.
Migel Sanz Elorduy notarioak 1543. apirilaren 18an sinatutako
agirian gauza hauexek aipatzen dira:
- Kasuila pare bat
- Frontal pare bat margotuak
- Beste frontal bat Indiatako serorek
egina
- Erretaula txiki bat Antonia (de
los Angeles) Zabalarentzako.
Hauek ziren agiriaren
lekuko: Batxiller Mendizabal, oñatiarra, Diego Lopez Ordoñana,
eta bere seme Juan Lopez, Ordoñanako
arabarrak. Serora gehienak etzekiten sinatzen, ezta nagusiak ere,
eta haien ordez Ysabel Gebara andreak eta Antonia (de los Angeles)
Zabalak sinatu zuten. (11)
Garai hauetan
Kristobal Oñate gizon boteretsua egina genuen Mexikon eta
e'nintzake batere harrituko apezpikuaren izenean Oñatira
etorri ziren opariekin berak zerikusi izatea. Eta poztuko nintzake
Kristobalek irabazitako gatazkaren irudi bikain hori oraindik
ere Oñatin dagoela jakinda. 1987an edo deitu nuen galdezka,
baina Santa Anan inork etzekien pinturaren berririk.
Urtebete geroago,
Martin Ibanez Hernanirekin, Zumarragak oraindik opari gehiago
bidali zituen Santa Anarako. Hauek ere besteen antzekoak ziren:
kasuila bat tokomizkoa Indiatako serorek egina, estola, manipuloa,
"abanpres" (?), eta eskuturrekoa (boca mangas). (12)
(AURKIBIDEA)
Opari
gehiago Oñatirako
Arantzazu eta serorentzako
etorri zen kutxan bertan beste zenbait gauza zetozen oñatiar
bientzako, Migel Ruiz eta Martin Ibanez Hernani, hain zuzen (esan
dugunez, hau bidean hil zen). Zumarragak bere adiskide onari lau
ara sagaratuak oparitu zizkion, kutxan zeudenetatik berak aukeratu
nahi zituenak. Honek esan nahi du Hernanitarrek kaperaren bat
zeukatela Oñatin. Jarleku berezi batzuk, bizkar eta guzti,
ere etorri ziren bizpahiru, eta onena Martinentzat izateko.
Bestea, Migel
Ruiz, ez dakit nor zen, baina opariak kontuan hartuta, apezpikuaren
adiskide mina izan behar. Migel Ruiz (de) Ulean izeneko ontzi
jabea bazen Atlantikoa zeharkatzen zuena eta Zumarragak bizpahiru
aldiz aipatzen duena, eta biak bat izan daitezke. Baina Ulean
hori abizen arraroa iruditzen zait, beste asko lez oker
idatzia ez baldin badago. Migel Ruizek ere kapera bat zeukan Oñatin,
eta Zumarragak tokomizko kasuila bat, ara pare bat, tokomizko
frontala, estalkia, eta pintatutako frontal bi bidali zizkion.
(13) (AURKIBIDEA)
Zumarraga
eta Oñatiarrak
Zumarragaren lankiderik
eta adiskiderik onenetarikoa Martin Ibañez Hernani zen.
Zumaldek dioskunez, Hernanitarrak Oñatiko gizartean sona
handikoak ziren eta bere liburuan badakar haietaz hamaika berri
(14). Martin merkataria
genuen, bere aita Juan Ibanez Ernani (edo Hernani)
bezala. Hau, Amerika "deskubritu" eta urte batzuetara Santo Domingo
aldean, beste zazpi-zortzi euskal merkatariekin ageri zaigu negozioetan.
(15)
Ez
dakit Martin Mexikora noiz iritsi zen baina Zumarraga luza gabe
ezagutuko zuen, 1529an edo urte gutxi barru, eta berdin Mexikoko
beste euskaldun merkatari kideak. Apezpikua laster adiskidetu
zuen antza, zeren, lehenago aipatu Delgadilloren salaketetan,
hogeigarrenean Hernaniren izena ageri zaigu. Delgadillok dioenez
Hernani apezpikuaren agentea eta senide (!) zen
eta indioen negozioetan zebiltzan biak. Zumarragak bere etsaien
salaketak oro erabat ukatzen zituen, hau ere bai, eta gehigarriz
deklaratu zuen Martin Hernani gizon zintzo eta ondradua zela.
(16)
Hernani asko
mugitzen zen gizona zela dirudi. Salerosketan
ez ezik beste edozertan aritzeko prest zegoen. 1540an berak eta
Pedro Santxezek (17)
tratua egin zuten Mexikoko elizarekin harrobitik hirira harriak
garraiatzeko. Zumarragak berak ematen digu berri
hau baina ez du gehitzen zenbat diru ez ezer. Hiru urte geroago
Hernani meatzetan sartua zebilen eta Sultepec-en metala lantzeko
zenbait makinen jabe ikusten dugu. (18)
Mexikon bizi
zen Migel Lopez Legazpi eskribaua ere adiskidetu
zuen Hernanik, bada 1542an haren alaba Ysabelen aita-besoetako
bihurtu zitzaigun (19).
Apezpikuak, Hernanik, eta triangelu bikaina egiten eta egingo
zuten.
Urte haietan
Zumarraga zeharo lanpetua eta ekintza handietan sartua ikusten
dugu, eta Durangokoa ez zen txikiena. Han zegoen Larrazabal jada
harro, Mexikotik aberats itzulia, Mari Iñigez, Muntsarazko
alabarekin ezkondua, eta apezpikuaren fundazioaren patroi. Baina
ez zion osabari jaramonik egiten eta horrek haserre jartzen zuen
apezpikua.
Hala eta guztiz
ere, honek agindutakoa ez zuen ukatuko eta 1544an fundazioaren
gastuetarako 2,850 peso urrezko eta 32 marko zilarrezko eman zizkion
Martin Hernaniri Durangora eramateko. Zenbat diru zen ziurki ez
dago jakiterik, zeren, lekukoen testigantza ez dator ados, baina
kopuru dezentea zela ez dago dudarik. Diruz
gain, Hernanik bazeramatzan elizako jantzi, liburu (beste liburu
guztiak Europatik Amerikara zihoazen garaian), opari, eta gutunak
zenbait toki eta jendeentzat. (20)
Itsasoratu baino
lehen, Veracruzen, Hernanik askok egiten zutena egin zuen, hau
da, testamentua, 1544. uztailaren 11an egin ere. Bertan fundazio
bat agintzen zuen Oñatin, neska pobre
eta alargunei laguntzeko, eta arabiarren lurraldeetako atxilotuak
askatzeko, euskaldunak batez ere. Mexikoko zenbait elizei mila
peso utzi zizkien, eta Zumarragari zuzenki 500 peso. (21)
Zoritxarrez,
beste asko lez, Hernani gaixotu eta itsaso Atlantikoan hil zen.
Holako kasuetan, legearen arabera, hildakoaren ondasun guztiak
gobernuaren eskuetan gelditzen ziren, oinordekoak azaldu eta erreklamatu
arte behintzat. Urti Abendainok azkar batean jakinarazi zion Zumarragari
Hernaniren berria eta honek kolpe handia hartu zuen: "Ene bekatuengatik
Martin Ibañezek orain ezin du bete nire borondatea," idatzi
zion Abendainori atzera. "Bekatu" horrek zer esan nahi duen ez
dakit, agian hartutako erabaki txarren bat.
Ontzia Sevillara
iristean, erregeen ofizialek Indietatik zetozen txanponei atzaparra
bota zioten. Sarri gertatzen zitzaien Espainiako erregeei diru
gabe gelditzea eta soluziorik errazena horixe izaten zen. Abendainoren
gutuna erantzunez Zumarragak idazten du: "Diostazunez, erregeak
(urretik) 238,600 (marabedi) hartu dizkit eta seiehun eta hamaika
zilarrezko markotatik 1000 marabedi, eta segurantzako beste 20,775
marabedi ehuneko 17.5 interesean...zer egingo zaio ba!"
Egoera desiragarria
ez bazen ere beste zerbaitek ematen zion apezpikuari sekulako
urduritasuna. Zer gertatuko zen orain Hernanik zeramazkian diruekin?
Zinez apezpikuarenak ziren baina Hernanik portuan bete zituen
paperetan Zumarragaren izenik ez zen ageri. Durangar eta oñatiarraren
arteko sekretua zen. Diruok Durangora Hernaniren izenean eramatea
zen plana, zeren, merkatariek esku artean sos asko erabiltzearekin
inor ez zen harritzen. Apezpiku batek bidali izan balitu ordea,
bai, zeren fraideek pobre omen ziren.
Zumarragak Durangoko
asmoengatik ez zeukan lotsatu beharrik inoren aurrean, halere,
bidali zuen diruaren berririk ez zuen nahi jendeak jakitea, batez
ere "goikoek" eta elizakoek. (AURKIBIDEA)
Diruaren
Lorratz Neketsua
Histori luze honek
saltsa asko du baina laburtu beharra dugu.
Apezpikuaren dirua
larruzko hiru zorrotan etorri zen, Merkatetxeko (Casa de Contratación)
Juan Lezkano notarioaren erregistroan ageri denez (22).
Abendainok Sevillatik laster asko jakinarazi zion diruez berjabetzeko
nahitaezkoa zuela erreklamatzea, baina hori ezinezkoa zela bere
burua agertu gabe eta Hernani barik bera zela diruen jabe deklaratu
arte. Zumarragak hori ondo zekien baina baldintza hortaz ez zuen
pentsatu ere nahi.
Bitartean Migel
Perez Hernani Sevillara joan zen bere anaia Martinek zekarrena
erreklamatzera. Abendainok azkar asko jakinarazi zion nor zen
diruaren jabea baina lehengoan Migelek ez zuen sinetsi nahi edo
behintzat dudatan jarri zuen eta Abendainori oztopoak jarri zizkion
(23). Baina ez luzaro,
bada, Zumarragak Martini emandako
txostena irakurri zuenean sinetsi zuen noski. Migelen beste anaia
Kristobal Mexikon bizi zen Martinen iloba Juan Ibanez Hernaniri
idatzi zion esanez Abendainok 1545. maiatzaren 4an dirua eskuratu
zuela. Fraide batzuk ere -beren izenik ez dakigu- antzeko berriak
bidali zituzten Mexikora, eta hori jakinki, apezpikua lasaitu
zen pixka bat. Baina susmoak besterik ez ziren.
Diruarekin zer
gertatzen zen ez dakigu zehatz-mehatz, baina xehetasun inportanteak
badauzkagu. Migel Perezek berak Lazarragaren
bankuan jarri zuen edo Abendaino izan zen jartzailea. Lazarraga
anaiek bankua zeukaten Sevillan eta euskaldunak zirelako edo sartuko
zuten han dirua (24).
Dena den, une honetan Sevillako ofizialek ba ote zekiten nor zen
Mexikotik etorritako diruen benetako jabe? Zumarraga behintzat
saiatu zen bere burua ezkutatzen.
Zumarragaren
burukomina ez zen Lazarraganean zeuden diruengatik, baizik erregeak
hartutakoengatik. Diru piloa zen arren, 1546 urtean Abendainori
idatzi zion ez onartzeko diruaren libramentua, Mexikon izatekotan.
Jendearen zeresana, atzamarrak, eta irainak saihestu nahi zituen,
baina ez zen erreza izango. Bestalde, hainbeste kostatako dirua,
Durangoko bere asmo handiak gauzatzeko beharrezkoa zena, ez zuen
amore emango borroka barik.
Hasi zen beraz
euskaldunen "katea" martxan jartzen, hau da, Sevillako euskaldunak,
fraideak eta Gaztelako gorteko lagunak, baina ardura eta pauso
gehienak Abendainoren bizkar zirela. Lehenik Otalora abokatuaren
aholkua galdegin zuten eta honek agente batzuk gortera bidaltzeko
esan zien. Horrela, bi fraide, Andres Bergara eta Juan Altsasua
izendatu zituzten. Altsasua Arantzazuko nagusia zen eta Bergara
berriz gortean zegoen jada. Biak erresumako ofiziale ahaltsuekin
bildu ziren baina hasieran ez zuten suerterik izan. Halere, ekin
eta ekin eta azkenean Juan de Sámano sekretarioak sinatu
zuen erregearen zedula 1546. apirilean. Sámano hau ez zen
ezezaguna. Urteak lehenago apezpikuak idatzi zion gutunik, zeren
bere laguntzaile onena, Otsoa Luyando, euskalduna eta apezpikuaren
ezaguna baizen.
Data interesgarriak:
Zedula hau Mexikoko ofizialei zuzendua da eta 238,602 marabedi
aipatzen ditu, gehi %5 interesa, guztia Urti Abendainori ordaintzeko.
Sámanok eta Luyandok jakin behar zuten noren diruak ziren,
baina Zumarragaren izena ez da zedulan agertzen (25).
Esan liteke, bada, apezpikuaren izen ona edo fama babesteagatik
izan zela.
Baina alperrik.
Gortean eta Mexikon, bietan enteratu ziren eta jendea hasi zen
marmar ("zaunka," Zumarragak berak idatzi zuenez). Mexikon esaten
omen zuten ea diru horiek Mexikon bertan ez al zitezkeen hobeto
enplegatu, etab. "Zakur" hauek (apezpikuaren hitza) ez zioten
hainbeste axola, zeren, garai hartantxe, hain zuzen, Txinara misiolari
joatea erabakita zeukaten berak eta Betanzos dominikar fraideak
eta laster Mexikoko mundu utzi behar zuen. Jakina, azkenean ez
ziren joan. Madrileko gorteko zeresanak ematen zioten kezka bizia:
"Indietako Kontseiluko jaunek, jakin zutenean Martin Ibanezekin
zenbat bidali nuen, eskandalizatu omen ziren, esanez, nik nire
burua beti pobretzat ageri eta gero nolatan
hainbat bidali nezakean, limosnatzat izanda ere; eta bat-batean
mantentzen ninduen Indioen herria kendu zidaten." (26)
Abentura nobela
bat idatzi daiteke Hernanik eramandako diruari buruz, baina amai
dezadan. Zumarragak oraindik beste mila dukat behar zituen Durangoko
ekintza aurreratzeko, baina gertatu zena gogoan
harturik, pentsa daiteke etsiko zuela, ezta? Bai zera!
Lehenbizi, bere adiskide
Migel Ruiz Uleanen ontzian bidaltzea otu zitzaion eta horrela
idatzi zion Urti Abendainori (27).
Baina gero Urretxuko Migel Lopez Legazpi (apezpikuak inkisizioko
idazkari izendatua eta hogei urte geroago Filipinas kolonizatu
zuena, hain zuzen) bere lagunari eskatu zion lantxo hori bere
gain hartzeko. Legazpi eta dirua, biak, Ipiztikoren ontzian joan
ziren 1547. udaberrian edo udan, eta Zumarragak lo galduak izan
arren, berandu baina onez heldu ziren Sevillara, Cuban ontzia
konpondu ondoren. Abendainok diruak hartu eta berehala idatzi
zuen Mexikora eta 1548. apirilerako apezpikuak bazekien. Durangoko
fraide eta bere adiskide min Frantzisko Castillori idatzi zion:
"Ante omnia, eskerrak Jainkoari....propter timore nocturnos hemen
bidali gabe zegoena ziurki badakit heldu dela Sevillara." (28)
Beraz....
Hontantxe amaitzen
dira Joan Zumarraga, Mexikoko lehen apezpikuak, Arantzazu, Oñati,
eta oñatiarrekin izandako harremanen istoriotxoa. Atera
daitezken ondorioak hauek dira:
1. Zumarragak, elizako lanetatik
landa, bazuela beste bizitza bat, oraintsu arte gutxi edo batez
ezagutua.
2. Zumarraga euskaldun ez arrunta
izanik, asko idatzi zuen. Horregatik historialarion adiskide
berezia da, zeren berari esker, 15-16. mendeetako euskal historia
sendoki finka genezake etxeko agiri hauen bitartez, azkenean
ere kanpotiko agirien morrontzari ihes eginez.
3. Mexikoko eliza
eta eliztarrak ez ezik, Zumarragaren mundua hedatsuak Peru,
Sevilla, Erroma, gortea, erregetxea, eta Euskal Herria lotzen
zituen, baina beti ere "katea" euskara eta ahaidetasuna zirela
garbiki ageri zaigu. Euskal Herria euskalkitan
sakabanatua bizi izan dela uste dugu, baina durangar euskalkiak
ez zuen bizkaitarrekin bakarrik lotzen, baizik eta nafar (29),
gipuzkoar, oñatiar, arabar, eta urduiarrekin (30)
ere. Loiolako Iñigorekin ere aritu zen gutunez.
4. Euskal Herrian Arantzazu, Oñati,
eta oñatiarrekin harreman bereziak zituen, estuenak hain
zuzen Durango eta bere etxekoen ondotik.
5. Oraintsu arte xehapen hauek
ezezagunak izan badira ere, aurrerantzean ez daitezela, eta
sar dezatela Zumarragaren izena behin betiko Euskal Herriko
historiaren orrietan.
(AURKIBIDEA)
(1)
Euskal izenak ez lukete "de" eta azenturik behar, beraz,
ohiko Juan de Zumárraga oker dago. Berak batzuetan
"Joan Zumarraga" sinatzen zuen eta besteetan Juan, batzutan
"de Zumarraga," bestetan "de" gabe. Nik Joan Zumarraga erabiliko
dut, baina Durangon bere eguneroko izena "Joan Botika" izango
zen edo "Joan Botikaneko," botikan jaio eta bizi baizen.
Ikus, J. MALLEA-OLAETXE, "Juan Zumarraga, Bishop of Mexico,
and the Basques: The Ethnic Connection," Ph. D. Dissertation
(University of Nevada, Reno, 1988): 386, 82-83. Erreferentziaz
esateko, idazlan hau tesi horretan datza. (ITZULI)
(2) Ignacio ZUMALDE, Historia de Oñate,
(San Sebastián: Imprenta de la Diputación
de Guipúzcoa, 1957): 694 pp. (ITZULI)
(3) "Tronperri" izen goitiak badu, ez Arantazurekin,
baina bai frantziskotar fraideekin, zerikusi. Ikus, MALLEA-OLAETXEren
tesia, 73. (ITZULI)
(4) José María LARRACOECHEA
BENGOA, Notas históricas de la villa de Durango,
II ale, (Durango: Iruprint, 1983), pp; Camilo VILLABASO,
Historia de Durango y de sus ilustres hijos, Colección
Ibaizabal 3, (Bilbao: Biblioteca Vasca Villar, 1968). (ITZULI)
(5) Biografiarik onena eta osoena Joaquín
GARCIA ICAZBALCETArena da, Don Fray Juan de Zumárraga,
primer obispo y arzobispo de México, (México,
1881). Hemen Rafael Aguado Spencer eta Antonio Castro Leal'en
edizioa aipatzen da, IV ale, (México: Editorial Porrúa,
S.A., 1947). (ITZULI)
(6) Richard E. GREENLEAF, Zumárraga
and His Family. Letters to Vizcaya 1536-1548,
A Collection of Documents in Relation to the Founding
of a Hospice in His Birthplace, Neal Kaveny itzultzaile,
(Washington, D.C.: Academy of American Franciscan History,
1979). (ITZULI)
(7) Mariano CUEVAS, Historia de la iglesia
en México, I (1511-1548), (México, D.F.:
Editorial Patria, S.A., 1946), 268. (ITZULI)
(8) Zumarragaren gutuna Larrazabali, 1539.
abuztuak 23, ICAZBALCETA, op. cit., III, 185. (ITZULI)
(9) ZUMALDE, Historia de Oñate,
511. (ITZULI)
(10) Zumarragak berak dionez, "y un paño
grande cañamazo en que va pintado la vatalla que
hubieron los cristianos con los indios en Xalisco," AGI,
Justicia 1011, 3. Kartilla, 41r fol. eta 7. Kartilla, 55r
fol. Borroka inportantea izan zen hau, eta euskaldunek parte
handia izan zuten. (ITZULI)
(11) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla,
38v-40v fol. (ITZULI)
(12) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla,
26v fol. (ITZULI)
(13) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla,
27 fol. (ITZULI)
(14) Ikus zerrenda, Historia de Oñate,
673-74. (ITZULI)
(15) Jon BILBAO, Vascos en Cuba (1492-1511)
(Buenos Aires: Ekin, 1958), 200. (ITZULI)
(16) Azken finean Gaztelako goi-epaileek
fraidearen testigantza sinetsi zuten eta Delgadillo kondenatu.
(ITZULI)
(17) Hau beste euskaldun bat izan zitekean,
Martin Santxez Arguen elizaren harrobiko nagusia baizen,
apezpikuak berak izendatuta. (ITZULI)
(18) Carta del Virrey Antonio de Mendoza,
México, Archivo General de la Nación, Mercedes,
vol. 2, exp. 222. (ITZULI)
(19) Libro primero de bautismos de
la catedral (Iglesia del Sagrario) desde noviembre de 1536
hasta octubre de 1547, Mexico, 96r fol. (ITZULI)
(20) AGI, Justicia 1011, lehen kartila.
(ITZULI)
(21) Lope Martinez ISASTI, Compendio
historial de Guipúzcoa (Bilbao: La Gran Enciclopedia
Vasca, 1972), 658-659. Hernaniren fundazioa 3,000 dukat
kostatzen zitzaion familiari urtero; Zumarragaren gutuna
Urti Abendainori, GREENLEAF, op. cit., 74-75. (?)
(ITZULI)
(22) AGI, Justicia 1011, lehen kartilla,
15 fol. v. (ITZULI)
(23) AGI, Justicia 1011, lehen kartilla,
15r-16r fol. (ITZULI)
(24) Lazarraga Oñatiko jatorria
zen eta Zumalde'ren historian izen horreko jende pilo bat
ageri da, ikus 675-676. (ITZULI)
(25) AGI, Justicia 1011, 8. kartilla,
112v-113 fol. (ITZULI)
(26) AGI, Indiferente 1011, 2. kartilla,
30v-31r fol. (ITZULI)
(27) "Poder del obispo a Hotuño
de Avendaño," Mexicon 1546. otsailaren 27n, AGI,
Justicia 1011, 3. kartilla, 6v-11r fol. (ITZULI)
(28) Gutun hau 1548. apirilaren 25koa
da, Greenleaf, op. cit., 146-147. "Castillo" hau
Gaztelu Durangaldeko auzokoa izango zen seguraski. (ITZULI)
(29) Iruñeako sorginak jujatzera
hango hizkuntza zekielako joan zela, diosku Jeronimo MENDIETAk,
Historia eclesiástica indiana (Madrid: Biblioteca
de autores españoles, vols. 260-261, 1973), 167.
(ITZULI)
(30) Zumarragak ez du Orduña idazten,
baizik Urduia. (ITZULI) |
(AURKIBIDEA)
Joxe Mallea-Olaetxe, Reno, Nevada |