Aurtengoan
bostehun urte bete dira frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirenetik.
Bost mende hauek gertakizun, lan eta istorio anitzen lekuko izan
dira, baita Aizkorri mendiaren magala eta inguruko bazter ederrak
ere. Izan ere, santutegi bat baino askoz gehiago da Arantzazu;
euskal kulturaren aitzindari, arte garaikidearen adierazgarri
eta gure herriko aditu askoren sorterria. Eta honetaz guztiaz
gain, fedearen, lanaren eskaintzaren eta umiltasunaren etsenplu
izan dira, eta jarraitzen dute izaten, bertako frantziskotarrak.
Iñaki Beristain 1967an heldu zen santutegira; egun bertan
jarraitzen du. Fraide arrunt baten ohiko eginkizunak ez ezik,
irratian mezak eskaintzen ditu, egunkari ezberdinetan kronikak
idazten ditu eta noiz edo noiz telebistan ere azaldu da. Urte
hauetan gauzak asko aldatu badira ere, frantziskotarren kopurua
jaitsi den arren eta katolikoen fedea makaldu, Beristain baikortasunez
mintzo da. Etorkizuneko Arantzazu dauka buruan eta bertako izpiritua
bihotzean. "Herriak maite gaitu eta hori nahikoa da guretzat,
Arantzazu gorantz doa eta zabalik ditu etorkizuneko ateak";
diosku elurrak santutegiko bazterrak are ederrago bihurtzen dituen
igande arratsalde hotz baten.
-Abenduaren
11an emango zaio hasiera "Arantzazu eta Euskal Frantziskotarrak
Ameriketan" I. Nazioarteko Kongresuari. Zer nolako ekarpenak
izango ditu? Alor ezberdinetako
ekintzak antolatuko dira, batzuk ospatu dira jada. Irailean Estatuko
Santutegiei buruzko kongresua antolatu genuen eta berrogeita hamar
bat santutegitako zuzendariak etorri ziren. Arantzazuri buruzko
hausnarketa egin genuen eta baita santutegiak mende berriaren
aurrean dituzten erronkak aztertu ere. Beraz, abenduan Eusko Ikaskuntzarekin
Oñatiko Unibertsitatean eratuko duguna bigarren kongresua
izango da. Oso jardunaldi garrantzitsuak izango direlakoan nago,
irakasle asko datoz eta gai arras interesgarriak jorratuko dira
bertan. Zerbait azpimarratzekotan Frai
Juan de Zumarragari buruz egingo den hitzaldia nabarmenduko nuke.
Gure artxibozainak dioenez Juan de Zumarraga Arantzazun egon zen
eta hori frogatzen duten agiriak omen dauzka. Honetaz gain, nazio
ezberdinetan diren Arantzazuko Ama Birjinaren Kofradiak ere gai
interesgarria iruditzen zait. Hala ere, eta nik bi esparru horiek
azpimarratu baditut ere, Kongresua bera bere osotasunean izugarri
interesgarria dela aipatuko nuke. Hurrengo urteko maiatza aldera
Joseba Intxaustik koordinatuko duen beste biltzar bat antolatzeko
asmoa daukagu. Erlijiosoen bizitza Euskal Herrian izango da horren
gai nagusia, orden asko sortu baita gure herrian. Laugarren bat
ere eratzea gustatuko litzaiguke, frantziskotarren ordenak Euskal
Herrian izan dezakeen etorkizunaz, hain zuzen.
-Kongresu
eta biltzarrak alde batera utziz, argitalpen bereziak ere kaleratu
dira. Bai,
liburuek, gainera, garrantzi handia dute gure artean. Sei bat
liburu kaleratzea gustatuko litzaiguke. Dagoeneko bi atera ditugu;
Kandido Zubizarretak idatzi du lehena. Arantzazuko lehen urteak
deskribatzen dira bertan, oso nahasiak izan ziren hasierako garai
haiek. Pasadizo solteak ezagutzen genituen baina ez dugu inoiz
historia behar bezala ezagutzeko aukerarik izan. Orain atera berri
den beste argitalpenak "Arantzazu, euskal santutegi bat XX.mendean"
du izena eta lan ezberdinak laburtuz atondu da. Lan gehiago laburtzea
gustatuko litzaiguke, guztiak bilduz beste liburu eder bat osatzeko.
San Frantziskoren eta Santa Klararen izkribuak euren biografiekin
liburu eder batean biltzea nahi genuke. Agiri guztiak euskaratu
ditugu dagoeneko eta orain notak eta aurkibideak txukuntzen ari
gara eta, pentsa dezakezunez, urte askotako lana izan da hau.
-Eta horretaz guztiaz gain,
beste motatako ekimenak antolatzen dituzue? Bai, musika emanaldiak
batez ere. Besteak beste, Errege bezperan, Euskadiko Gazte Orkestrak
kontzertua eskainiko du santutegian eta Ainhoa Artetak ere emanaldi
berezi bat agindu digu. Abuztuan, eta ospakizunen amaiera gisa,
Donostiako Hamabostaldiak Felix Ibarrondo musikari oñatiarraren
musikaren piezak Arantzazun eskain ditzan ahaleginetan ari gara.
Bertsolariekin emanaldiren bat eratzea nahi genuke. Euskaltzaindiak
ere batzar bat antolatuko du Arantzazun.
-Santutegiko Seminarioko obrak
ere hastear daude. Zein asmo dago honen inguruan? Zeintzuk dira
lortu nahi dituzuen helburuak? Seminarioa aspalditik
ari da hondatzen, egun apaizgairik ez dagoenez ez baita ezertarako
erabiltzen. Eraikina erakunde ezberdinei eskaini diegu baina,
dirudienez, inork ez dio baliagarritasunik ikusten. Beraz, proiektu
bat aurkeztea otu zitzaigun.Horrela, eraikinaren zati bat lurreratuko
dugu, zutik gelditzen denean kultura-topagune handi bat eraikitzeko.
Bertan ekintza ugari prestatu nahi genituzke; nahi genuke besteak
beste, gure liburutegia publikoari irekitzea, jardunaldi eta biltzarretarako
areto handi bat eratzea, kafetegi bat edo musika entzuteko gune
bat atontzea, eta erakusketa ibilkorrak ekartzea ere. Guzti hau
eztabaidatzen ari gara momentuan eta ez dago ezer erabakita. Eraisketa
lanak urte hasieran hasteko asmoa dago eta Eusko Jaurlaritzaren
zein Foru Aldundiaren laguntza jasoko dugu lanak finantzatu ahal
izateko.
-Arantzazu
aldatzen ari da, zein etorkizun iragartzen diozu santutegiari? Bai, Arantzazu sakon
aldatu da azken urteotan. Ni 1967an heldu nintzen eta urte hartan
ehun fraide baino gehiago bizi ziren Arantzazun. Jakin aldizkariaren
inguruan euskal kultur mugimendu garrantzitsu bat zegoen santutegian.
Indarra zegoen garai haietan, baina gero gizartea ez ezik Eliza
ere izugarri aldatu zen eta fraide asko ordenetik ateratzea erabaki
zuten.
Nirekin hogei bat ikasle heldu ziren eta hiru bakarrik amaitu
ginen frantziskotar. Egun, guztira berrogeita bost fraide gaude
eta ni bigarren gazteena naiz; pentsa beraz... Alde honetatik
goitik beherako bilakaera izan du Arantzazuk, baina honetaz gain
santutegiak gorantz doala esango nuke. Argi daukagu Euskal Herriko
frantziskotarrak amaitu behar badira Arantzazun izango dutela
azkena, hemen desagertuko garela. Baina frantziskotarrak betiko
galdu edo ez, Arantzazu etorkizunera irekitzea da gure erronka
garrantzitsuena. Hau laikoekin egin beharko dugu eta horretan
gabiltza, jendea Arantzazuko erantzukizunetara inplikatzen ari
gara. Santutegiko etorkizuna bermatu nahi dugu eta horretarako
Arantzazuko Adiskideen Elkartea sortu dugu. Guretzat Arantzazu
maite duten guztiak biltzea da garrantzitsuena. Berdin zaigu fededun
diren ala ez, santutegiak lan-alderdi anitzak dituelako: kultura,
artea, natura, erlijioa... Beraz, Arantzazu maitatzea da baldintza
bakarra. Ni animatuta nago eta iruditzen zait etorkizuna egitekotan
bide horretatik egin behar dela. Besteak beste, ikasle izandakoei
honen berri eman nahi diegu, horien artean baliozko jende asko
dagoelako. Guzti hori gauzatzeko gai bagara Arantzazuk badu etorkizuna.
-Zer
suposatzen du frantziskotar izateak? Lehenik eta behin herrian
onartuak izan garela esango nuke eta herritar sentitzea guretzat
premiazkoa da. Guztiek ezagutzen dituzte Arantzazuko fraideak.
1921ean argitaratu zen Arantzazuko aldizkariaren lehen alea eta
gaur egun, oraindik, 12.000 etxetara heltzen da. Beraz, frantziskotar
izateak herritar sentitzea suposatzen du, batez ere. Nik uste
dut frantziskotar izatea bizitza molde bat dela. Beste gauza batzuen
artean natura maite dugu; Bitoriano Gandiagarentzat, adibidez,
Arantzazuko ingurunea funtsezkoa zen. Honetaz gain, umiltasuna
aipatuko nuke, konplikaziorik gabe gauzak kalitatez egiten saiatzen
baikara gero besteei emateko. Fedearen aldetik Jainko erakargarri
eta adiskide bat eskaintzen dugu, egia baita erlijioak Jainko
gogor baten arrastoa utzi duela eta hori frantziskotar izpirituaren
aurka doa. Nik uste dut ahalegin serioa egin beharko genukeela,
eta neurri batez ari gara egiten, gizatasunaz kezkatzen den Jainko
bat azaltzeko, San Frantziskok berak egin zuen bezala.
-Nolakoa da Arantzazuko fraide
baten bizimodua? Bizitza umila daramagu
hemen eta hainbat ekintza elkarte gisa egiten ditugu. Goizean
jaiki bezain laster, zazpi eta erdietan, eguneroko otoizteari
ekiten diogu. Gosaldu ondoren bakoitza bere lanetara doa: batzuk
irratiko saioak prestatzera, sukaldera beste batzuk, liburutegira...
Hemen lan asko dago eta izugarri oparoa. Bazkaltzeko elkartzen
gara berriz, jarraian lanera itzultzeko. Iluntzeko zortziak aldera
otoitz egiten dugu eta gero afaldu. Afalondoan ohiko asti-emaileetara
atxikitzen gara: irakurri,
telebista ikusi, elkarrekin hitz egin... Oso bizitza sinplea da
gurea.
-Nola ikusten
duzu gaur eguneko gazteek kristautasunarekin duten harremana? Gauza gehiegi aztertu
beharko lirateke, denetatik dagoela esango nuke. Ni ez nintzateke
doktrina irakasten hasiko, garai batean egiten zen bezala. Horren
ordez gizatasun maila bat lortzeko urratsak emango nituzke. Nik
ebanjelizazioa maila pertsonal batean planteatzen dut, azkenean
ebanjelioak pertsona bakoitzari erantzuten diolako. Bakoitzak
bizi duen prozesua da, eta horregatik gaztearen hazkuntza garapenean
laguntza eskaini beharko genuke. Honetan gehien kezkatzen nauena
zera da, prozesurik ez egotea, gaur eguneko gazteek unean beste
ezertan ez baitute pentsatzen. Pertsonak ez badu bere bizitza
hazkunde prozesu bezala ikusten, nora helduko gara?. Eta gazteena
ez ezik arazoa helduena ere dela uste dut. Nik Internet maiz erabiltzen
dut eta badaude idazten didaten gazteak. Euren arazoak kontatzen
dizkidate, eta harrigarria bada ere, pertsonalki ez ezagutu arren
oso harreman polita sortu da gure artean. Pertsona bezala hazteko
kezkak izatea premiazkoa da niretzat.
-Eta zu, zerk
bultzatu zintuen fraide izatera? Ni Errezilen jaio nintzen,
nire etxea herriko elizaren alboan zegoen eta gainera taberna
geneukan. Beraz, elizaren inguruan gertatzen zenaren guztiaren
berri izaten genuen. Hiru anaia etorri ginen Arantzazura eta hirurok
fraide izaten jarraitzen dugu. Hamabost urte nituela nobiziatu
botoak eman nituen eta gero filosofia ikasi nuen. Euskal kulturaren
munduan murgilduta ibili naiz beti. Gero Arantzazun teologia ikasten
ari nintzela, hogeita hiru urte nituela, betirako botoak eman
nituen; garai hartan lagun gehienak etxera itzuli ziren. Niretzat
esanahi handiko uneak izan ziren; euskal munduarekiko nuen kezka
eta nire fedea uztar zitezkeela ulertzea oso inportantea izan
zen. Orduan argi ikusi nuen Euskal Herriari fraide gisa zerbitzu
ederra egin niezaiokeela. Jainkoaren esperientzia herriarekiko
zerbitzuarekin bete nezakeela ikustea argigarria izan zen niretzat,
baina honek ez du esan nahi betirako argitasunik izan nuenik,
beranduago ere gorabeherak bizi izan baititut. Eta hori bizitzako
alor anitzetan ikusten da, gauzak ez baitira ateratzen batek amesten
dituen bezala. Nire eskaintza berritzen eta pertsona bezala hazten
aritu naiz urte hauetan, eta horretan jarraitzen dut. Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 146.zbk
(2001/11-30/12-14)
|