|
Portugalete
hiria XIV. mendean fundatu zen, itsasadarraren ertzean fundatu
ere; horrek ekarri dio Portugaleteri zabalik egotea munduari eta
munduko kulturei, tradizioen nortasuna gutxitu gabe, Udalak beti
ere jakin baitu hala tradizioari eusten nola tradizioa
aberasten, abangoardiarekin lotuz, hain zuzen. Horregatik,
Udalaren kultur politikak batez ere aniztasuna eskaini
nahi du: betikoa eta kultur fenomeno berriak alegia.
Kultura Sailak
arte adierazpide asko sustatzen du. Horietako batzuk dira
literatur sormena, literatur solasaldiak, antzerkia, pintura,
komikia, ikus-entzunezkoak, abesbatzak, euskal musika tradiziozkoa,
musika modernoa, dantzak etab. Horietaz betetzen ditugu beraz
hamaika erakustaldi, lehiaketa eta sariketa, sormena sustatu nahian
eta, aldi berean, herritarrei ezagutarazteko xedez.
Portugaletek
teknologia berriak baliatzen ditu bai bere kultura munduratzeko
bai portugaletetarrei informaziorako irispidea emateko. Edozein
ordenagailu erabiliz, bada, jakin dezakegu Udalaren kultur
egitaraua, Udalak bi web gune baititu: bata erakundearena
(www.portugalete.org)
eta bestea sustatzeko helburuzkoa (www.portugalete.com).
Horretaz gainera, udaletxeko helbide elektronikoak ere eskuragarri
daude. Horiei guztiei esker jakin dezakegu zein ekitaldi antolatu
diren, kultur agendak zer dakarren, zein deialdi dauden indarrean,
Udalak zer eman duen argitara, etab. Aldi berean Udalari helaraz
diezazkiokegu kexuak edo iradokizunak.
Era berean, teknologiei
esker munduko kultur informazio guztia eskuragarri dugu
Portugaleten. Bizi garen egunotan informazioari iristea ezinbestekoa
delarik, Portugaleteko Udalak Interneten dohainik sartzeko
aukera ematen du hainbat bulegotan, baina batez ere udal liburutegian,
bertan baitaude instalaturik Puntonet Programa eta CD-ROM bidez
bilatzeko dorre batzuk, multimedia kontsultak egiteko.
Esan bezala, geure
tradizioak ezagutarazteko eta horiei eusteko ere baliatzen gara
teknologia berriez. Hortaz esan behar da Portugalete harro
dagoela bere ohitura bereziez eta horren argibiderik argiena
herriko jaiak ditugu: Andra Mari Giakoa (Berriztasuna elkarteak
antolatua), Santiago jaia (Elai Alai elkartearekin batera antolatua),
San Antonio, San Pedro, Gurutze jaia edo patroi-jaiak, San Rokeren
omenezkoak. Jaien bitartez ederki transmititu ditugu portugaletetarrok
geure ohiturak belaunaldiz belaunaldi.
Antolatzen dituen
ekitaldi guztietan Udalak euskararekin duen konpromisoa
erakusten du. Herritarrei datorkien informazio guztia hizkuntza
bietan idazten dugu eta horretarako bidea ematen duten ekitaldiak
ere (haurrentzako emanaldiak, antzerkia, etab.) euskaraz eta gaztelaniaz
egiten ditugu.
Kultur egitaraua
adin guztietako lagunei begira prestatzen dugu. Haurrek,
esaterako, badute antzerkia, jolasak, musikaldi didaktikoak… eta
nagusiek, aldiz, txitxarrilloak edo dantzatzekoak, Udal Bandaren
kontzertuak, abesbatzak eta antzerkia ere bai. Ekitaldi guztietako
(musikaldiak, erakusketak, orotariko emanaldiak etab.) sarrera
doanekoa da denontzat, kultura sustatu eta herritar guztiei
helarazi nahi diegulako seinale garbia.
Kultura Sailaren
zerbitzuak
Atal honetan aipatuko
ditugu udal zerbitzu iraunkorrak, hau da, toki finkokoak, udal
langileek eginak udal egituraz baliaturik eta egitarau jakinetatik
kanpokoak.
ARTXIBO HISTORIKOA. Udal liburutegiaren
bulegoetan dago. Erdi Aroaren azken aldetik 1950. urtera bitarteko
agiriak biltzen ditu historia sailean.
SANTA KLARA KULTURTEGIA XVII.
mendeko komentu zaharra da, Santa Klararen ordenakoa. Zaharberritu
ondoren, herriko kulturtegi bilakatu dugu. Hiru alde desberdin
ditu: kultura sustapeneko zerbitzu teknikoarena, Musika Eskola
eta Gazteentzako Informazio Bulegoa. Santa Klara kulturtegian
ekitaldi ugari egiten dira: kongresuak, mintegiak, askotariko
erakusketak, lantegiak, ikastaroak, solasaldiak, hitzaldiak,
etab.

UDALAREN MUSIKA BANDA. Kontzertuen
urteko egitaraua du. Oro har, hamabostean behin egin ohi du
musikaldia Solar plazako kioskoan. Estilo desberdinetako musika
eskaintzen du. Bandaren parte-hartzea ezinbestekoa da herriko
jaietan.
Zabalkunde egitarauak

Kultura
Sailak bizialdi luzeko lehiaketak antolatzen ditu. Horiei esker
Portugalete erreferentzia gune bilakatu da hainbat diziplinatan.
"Portugalete Uri Urena" Komiki Lehiaketa eta
Aire Zabaleko Margo-Sariketa urtero egiten ditugu; "Mariano
Ciriquiain Gaiztarro" Ikerketa Historikoaren Saria, aldiz,
bi urtean behin; eta Albokaz Lagundutako Jota Lehiaketa San
Roke jaietan antolatu ohi da. Horietaz gain, beste lehiaketa batzuk
ere baditugu, garrantzia txikiagokoak: San Roke Jaietako Kartelaren
Lehiaketa, kasu.
Gabonetako Egitaraua.
Kultura zabaltzeko egitarauko osagarri funtsezkoak dira Gabonetako
egitaraukoak: batez ere, kalitate handiko antzerki emanaldiak,
haurrei begirakoak, eta, jakina, Olentzero eta Errege Magoen Kabalgata.
Jai egitaraua.
Gure jaiak handi-handiak izaten direnez gero, inguruko herrietako
jendea ekarri ohi dute Portugaletera. Jaietako ekitaldietako batzuk
nabarmenduko ditugu:
Tradiziozko jaiak
- Andra Mari Giakoaren jaia, Berriztasuna
taldeak antolatua.
Patroien jaiak
Santiago jaia. Santiago egunean,
besteak beste, Munduko Dantzak izeneko ikuskizuna antolatu
ohi da. Bertan hartzen dute parte Nazioarteko Folklore Jaialdiko
taldeek. Dantzaldiaren amaieran su ikusgarriak aireratu ohi
dira.
San Roke jaiak. San Roke jaien
egitarauak tradiziozko ekitaldiak ditu, jai eta kultura alorrekoak
(diana, danborrada, bajaldia, gastronomia lehiaketak…), eta,
horietaz gain, askotariko emanaldiak, bigantxak, su ikusgarriak,
azoka barrokoa eta beste hamaika ekitaldi benetan erakargarri.
BESTE EGITARAU INTERESGARRI
BATZUK
- KAFE-ANTZERKIA. Santa Klara kulturtegian
antzezlan txikiak eskaini ohi ditugu.
KULTUR KAFEA-SOLASALDIAK. Hainbat
idazle ospetsu izan gara gurean, hala nola Espido Freire eta
Fernando Sánchez Dragó.
GAZTE ABESBATZEN NAZIOARTEKO ASTEA.
Portugaleteko Abesbatzen Astean kalitate handiko eta hainbat
herrialdetako abesbatzek hartzen dute parte. Emanaldiak Andra
Mari basilikan egiten dituzte.
OTXOTEEN NAZIOARTEKO LEHIAKETA.
Portugaletek autonomia erkidegoko otxoterik zaharren eta ospetsuenetako
bat du: Danok Bat otxotea alegia. Horregatik Portugaleteko Udalak
otxoteen inguruko hitzaldiak eta musikaldi asko prestatzen ditu.
Eta hauek ere baditugu
zabalkunde egitarauan: Inauteriak, txitxarrilloak, auzuneetako
jaiak, haurrentzako jarduera iraunkorrak, etab.
ERAKUSKETAK
Santa Klara kulturtegian
garatzen da batik bat erakusketen egitarau iraunkorra. Bertan
herriko egileen artelanak ikus ditzakegu, beste erakunde batzuek
antolatutako erakusketak eta enpresa espezializatuek prestatutakoak,
oso interesgarriak, ere bai.
Etorkizuneko proiektuak
Salazar dorrea, Erdi Aroko dorretxea,
Lope García de Salazar bandokide kronikariarena. Udalak
2000. urtean erosi zuen eta berreraikitzen ari da. Turismo zereginetarako
erabiltzeaz gain, Herriaren Museoa instalatu nahi du Udalak
dorretxean.
Itsas Etxea, Nerbioi itsasadarraren
ertzean egindako eraikin abangoardiakoa. Estatuak finantzatu
behar du Industria eta Itsasadarraren Museoa bertan egitea.
Halaber lagako ditu Bizkaiko Labe Garaien fondoak (makineria,
margolanak, tapizak, etab.), industriaren iraganaldiaren erakusgarri.

Elkarteak
Portugaleten kultur
elkarte asko eta asko daude. Oro har euskal kultura, dantzak eta
abarrak lantzen dituzte.
Dantzaldiak
- "Portugalete uri Urena"
Txikien Dantzaldia, Berriztasuna elkartearen ardurapekoa.
- "Andra Mari Giakoa"
Folklore Dantzaldia, hau ere Berriztasuna elkartearen ardurapekoa.
- Folklore Jaialdi Nazioartekoa,
Elai-Alai dantza-taldeak antolatua.
Beste hainbat ekitaldi
Udalak eta kultur elkarteek,
batera, beste jarduera interesgarri batzuk prestatzen dituzte:
- Txakurren Nazioarteko Erakusketa,
Lora-Barri elkartearen ardurapekoa.
- Nekazaritza azoka, BBKren ardurapekoa.
Zenbait web gune interesgarri:
www.dantzak.com
www.elai-alai.org
|