|
Eibartarren
Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan, Eibarko eta
eskualdeko ahozko ondarea jasotzeko asmoarekin, eta lan horretan
dihardugu harrezkero. Proiektuaren helburua bat bakarra, baina
zabal eta sakona: Eibarko eta inguruko herrietako nagusiekin hitz
egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Ohiturak,
bizimodua, sinesmenak eta lanbide zaharrak. Asmoa, hurrengo belaunaldiei
XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak
eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko
dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen
gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein
soziologoen) azterketarako. Eskualdearen eta Eibarren ezaugarri
ekonomiko eta sozialak ezagututa, arreta berezia eskaini nahi
izan diogu industriari, batez ere galzorian dauden lanbide zaharrei:
armagintza, damaskinatua, bizikletak, josteko makina... Gure historia
eta etnografia sakonean aztertzeko aukera paregabea dugu, eskualdeko
memoria historikoaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean
beste pauso bat emanez. Dena euskara hutsez eta azken helburua
batutako informazioa herritar guztiei eskaintzea eta dibulgatzea
izanik. Gure ustez, Kultur Ondarearen berreskurapenean, ahozko
lekukotasunen bilketari ez zaio garrantzi gehiegirik eman, eta
ezinbestekoa da ahozko iturri hori kontuan izatea, garai bateko
gizartearen ezaugarriak bere osotasunean jaso eta gordetzeko.

|