|
Sei
alor bildu ditugu laugarren sail honetara: antzerkia, bertsolaritza,
dantza, literatura, musika eta zinema. Alor horietako bakoitzaren
diagnosi halako bat egitea da sailaren lehen helburua. Gaur egungo
egoeratik abiatu, eta etorkizunari begira alor bakoitzak dituen
aukera eta arriskuak aztertuko ditu, beraz, alor bakoitzak. Alde
horretatik, sei alor horietako bakar batean interesaturik dagoenak
ere aurkituko du bere interesari dagokion informazioa gure sailean.
Aipatu sei alorrok,
ordea, ez dira elkarren artean zerikusirik eta harremanik gabekoak.
Asko eta asko dira partekatzen dituzten arazoak, eta, arazook
gainditzeko neurriak eskatzen hasita, ez litzateke txarra alor
guztiek batera egitea eskabidea, nahiz gero bakoitzak bere eskabide
propioak gehitu eskaera orokorrari.
Sei alorron arteko
erlazioak askotara uler litezke. Hona hemen, esaterako, sei alorrak
bikoteka jarriak, beharbada sailkapenik ohikoenean: antzerkia
eta zinema, musika eta dantza, bertsolaritza eta literatura… Ez
da hori, ordea, litekeen sailkepen bakarra. Hain zuzen ere, sailean
sei alorrak batera edukitzeak aukera ezin hobea eskaintzen digu
alorron arteko ohiko harremana kritikoki zalantzan jartzeko. Horrenbestez,
sail osoa ikuspegi berri batez ikusteko aukera izango dugu, eta
alor bakoitzaren barne azterketa osoago, aberatsago eta argigarriagoa
izango da. Bertsolaritza, esaterako, literaturaren azpisail moduan
ulertu da orain arte. Antzerkiaren bikotekide jarrita, ordea,
literaturatik ikusten ez zaizkion alderdiak ikusten zaizkio bertsolaritzari.
Beste horrenbeste gertatzen da gainerako alor guztiekin ere. Esaterako,
musikak zineman duen garrantzia ez du gaur egun inork ukatuko.
Baina literatura jendeaganatzeko moduak hain bizkor aldatzen ari
diren honetan, egiteke eta egiteko dago oraindik ere, literatura
jendeaganatzerakoan musikak joka dezakeen funtzioa. Muturrera
eramanik, hedabide berriek egituratzen duten Informazio Gizarte
honetan arteen arteko mugak gero eta lausoagoak, gero eta zalantzazkoagoak
direla esan daiteke. Badirudi den-dena batzeko joera dela gaur
egungo joera nagusia: antzerkiak, dantzak eta zinemak hedabide
berriak baliatzen dituzte bere burua berritzeko, baina hedabide
berrien funtsean antzerkia, dantza eta zinema daude oraindik ere.
Edukietan omen dago hedabide guztiak batuko omen dituen Sareen
Sareko giltza, eta, bistan denez, gure sail honetako alorrak izan
dira, dira eta izango dira, eduki-hornitzaile nagusiak.
Alor bakoitza sakontzea
eta alorren arteko erlazioak kritikoki birpentsatzea dira, beraz,
laugarren sail honen helburuak. Helburu horrek badu bere alderdi
praktikoa ere: alor guztientzat baliagarri liratekeen eskabideak
adostea, hain zuzen ere.
Joxerra Garzia
Garmendia, Kongresuko 4. Saileko arduraduna "Literatura eta
antzez arteak" |