Eusko
Ikaskuntza ausart azaltzen ari da euskararekiko bere konpromezua,
sekula baino borondate sendoagoarekin, nonbait. Erakundearen historiak
berak garamatza Eusko Ikaskuntzaren sorbururaino, euskararen aldeko
aurreneko aldarrikapen eta apustu irekiarekin topo egiteko. Bide
luzea, beraz, Eusko Ikaskuntzak alde horretatik eraman duena,
ziurrenik inoiz ez behar bezala errekonozitua. Baina, garbi dago,
konbentzimendutik planteaturiko lantegiak ez du inoiz errekonozimenduaren
saria itxaroten, ongi eta zintzo zuzendutakoak –berez- eguneroko
uztan oinarritzen baitu arrakasta.
Hamabost dira orain
arteko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak eta 1918ko urrun hartatik
hamaika bira eman ditu euskal gizarteak bere ardatzaren inguruan
–ez beti, zoritxarrez, abiadura eta baldintzarik egokienetan-
eta XXI. mendearen hastapenetan barrena abiatu gara, erronka berriei
aurre egiteko asmoarekin. Gure hizkuntzari begira aparteko aukera
paregabea ageri dela iruditzen zait, inoiz ez baita euskara orain
bezain babestua egon, batzuetan alderantzizko ustea nagusi dakigukeen
arren.
Hizkuntzaren bilakaera
positiboa, dena den, hainbat alderditatik aberas daitekeelakoan
nago, bidea ez baita inoiz amaitzen. Gizarte osoaren ardura izanik
ere, zientzia erakundeei sekulako errespontsabilitatea dagokie,
mendetan zenbait zirkulu interesatutatik arlotetzat hartutako
gure euskarak erpin garaietan utzi behar baitu bere arrastoa,
beldur eta konplexurik gabe. Hizkuntza bizi eta moderno bati dagokion
legez.
Eusko Ikaskuntza,
hastear duen bere XV Kongresuan erakutsiko duen bezala, zientzia
erakunde moderno da eta, gutxienez, orain arte ibilita daramatzan
urteak adina bizi eta indarrez beterik irauteko gogoarekin aurkeztu
da XXI mendera. Eta euskarak toki berezia izan behar du elkartearen
planteamendu orokorrean, bere lanaren emaitzak euskal gizartearen
garapen integralean ondorioa izan dezan.
Ez da hitz arranditsuetako
diskurtsoekin ezer lortzen, ez bazaio borondatezko teoriari bultzada
praktiko eta ongi egituraturiko lan-eskema batekin laguntzen.
Horregatik, lerro hauek idaztean ez nuke sinpletasun salagarrietan
erori nahi, jakin baitakit bide luze eta zailtasunez beteriko
baten abiapuntu malkartsuan aurkitzen garena. Milaka urtetan zehar
eraso ahaltsu guztiei -nola edo hala, zori hobe edo txarragoarekin-
aurre egin dion hizkuntza ahulak denetariko sendabideak behar
ditu, oraindik ere, susperraldi hauskor eta engainagarrian ito
ez gaitezen.
Zientzia egitea eta,
oro har, kultura sortzea ez da dekretuz agin daitekeen zerbait.
Ahaleginean hilko ginateke horrela arituz gero eta, zer esanik
ez, egiaztapen bera aplika geniezaioke zientzia eta kulturaren
hizkuntza-lanabesari dagokionez ere. Kulturaren kontzeptuarekin
berarekin batera doa askatasunarena, eta alde horretatik funtsezkoa
da, ene ustez, hizkuntza hautatu ahal izatea, ez baitzaio inori
sortzezko prozesuan eragozpen gerta lekiokeen ezer inposatu behar.
Alderantzizko jarrera askatasun sakrosantaren aurkako atentatutzat
har genezake.
Baina, otoi, ez ditzagun
otarre bertsuan osasun egoera desberdinetako hizkuntzak ezar,
denei tratamendu berdina emateko asmoarekin. Horrek, batere zalantzarik
gabe, heriotzako zigorra adieraziko luke ahulenentzat. Beraz,
edozein ospitaletan legez, zainketa eta errezeta diferenteak erabili
beharko dira barneratutakoentzat. Eta espainieraren inguruko II
Mundu Kongresua zela eta, Valladoliden lehengo urrian entzun ahal
izan genuenez laurehun milioi hiztun dituen hizkuntzarentzat neurri
bereziak eskatzen baziren, zer ez dugu exijituko gurearen modukoarentzat?
Euskal gizarteari
dagokio zuzen-zuzenean euskara bizi eta indartsu iraunaraztea,
eta Eusko Ikaskuntzaren gisako zientzia erakundeek ezinbestekotzat
jo behar dute gure hizkuntzaren kalitate maila etengabe jasotzea.
Lehen nioen bezala, une aproposean gaude –beti da aproposa- eta
teknologia berriek bikain lagun diezagukete langintza horretan.
Baina teknologia guztiak soberan daude ez bazaie plangintza burutsuarekin
elikatzen, eta horretan egon behar du –hain justu- zientzia erakundeen
protagonismoak.
Euskal administrazioak
zabal eta jori lagundu behar du zientzia erakundeen lana, batere
aitzakiarik gabe. Orain arte esploratutako bideek biderkapenaren
esfortzua eskatzen digute eta gizarte zibilaren eskutik aurrera
jarraituz botere publikoek neurri aurrerakoi eta burutsuak babestu
behar dituzte, euskarak –azken hogeita bost-hogeita hamar urteotako
joera itxaropentsuari segituko badio.
Josemari Velez de Mendizabal,
Eusko Ikaskuntzako gerentea |