1901eko
irailaren 12an, eta goizeko hamaiketan bere bataio-agiriak dioenaren
arabera, ikusi zuen argia lehen aldiz Lezon Tomas Garbizu Salaberria
haurrak, urteen poderioz Euskal Herriko musikagileen artean izen
handienetako bat izatera iritsiko zen haurrak.
Bere etorkizuna
musikara bideratzen lagunduko zion oso giro aproposa izan zuen
Garbizuk herrian eta familian bertan. Izan ere, musika eta literaturarako
joera oso nabarmena zen hamar senide izatera iritsi zen familia
apal hartako anai-arrebengan.
Jon, bere lanak
Zubigar goitizenez sinatzen zituen anaiak, ohorezko saria
eta ohorezko aipamena jaso zituen 1924an Ostegun Deuna
eta Euskera arrobitzat olerkiekin. Cervantesen La Señora
Cornelia itzulpenarekin ere saria irabazi zuen, 1928an. Zeruko
Argia, Euskal Esnalea, Argia, Arantzazu aldizkarietan eta
Buenos Airesko La Baskonia agerkarian ere ezagutu ziren
Zubigar olerkariaren lanak. Euskaltzaleak elkartearen
lehen idazkaria izan zen. Pasaiako portutik, lanetik etxera zihoala,
trenak harrapatuta hil zen Jon 1930ean. 35 urte zituen.
Daniel, bosgarren
anaia, olerkaria eta bertsolaria izan zen. Iruzubi izengoitiaz
argitaratu zituen bere lanak gerra aurreko hainbat aldizkari eta
egunkaritan.
Hamabost urte
bete arteko haurtzaroa eta gaztaroa Lezon eman zituen Garbizuk,
gurasoen babesean eta senide eta lagunez inguraturik. Jose Millan,
musikarako gaitasun aparta zuen anaia zaharrenak irakatsi zizkion
pianoko teknikaren oinarriak.
1916ko irailaren
9an, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean, bertako seminario serafikora
joan zen (amak lagundurik) ikasketetan sakontzeko asmoz. Lau ikasturte
oso egin zituen bertan. Berak sarritan bestelakorik esan bazuen
ere, eta orduko emaitzek erakusten dutenez, ikasle bikaina izan
zen Garbizu. Latina, grekoa, erretorika, aritmetika, euskal gramatika
eta beste hainbat ikasgairen artean, solfeoa, pianoa eta gregorianoa
ere ikasi zituen. Bertako ikasleek osatzen zuten bandan flauta
jotzen zuen eta klarinetea ere gertutik ezagutu zuen.

Tomas Garbizu,
zuzendari.
Garbizuk irakasle
bikainak izan zituen Arantzazun. Baina, guztien gainetik, aita
Arregi zen gogora ekartzen zuena garai hartako oroitzapenez jarduten
zuenean. Erabakiorra izan zen Garbizuren etorkizunerako Aita Arregik
beregan izan zuen eragina: "creo que fue entonces cuando
recibí como una impronta la certidumbre de saber que iba
a ser músico" esan zuen.
Arantzazuko inguruneak
eta giro bilduak inoiz urratuko ez zen arrastoa utzi zuten Garbizuren
gogoan. Handik aurrera, Arantzazu, Aloña, Urbia, Benedicta,
Angelusa... bere bihotzean urrezko hizkiz idatzitako esanahi
bereziko hitzak izan ziren betiko.
1920ko uztailaren
16an utzi zuen Arantzazu. Destino: Noviciado irakurri dugu
bertako paperetan. Abuztuaren 11an, Zarauzko komentura joanik,
nobiziaduari hasiera eman zion; hasiera besterik ez, ordea. Bertako
artxiboko agiriak hau dio laburki: "Tomás Garbizu
Salaberria tomó el hábito el 11 de agosto de 1920.
No profesó." Ez zituela botoak egin, alegia.
Donostiako Musika
Akademian pianoa ikasi zuen Jose Mª Iraola irakaslearekin eta
harmonia Beltran Pagolarekin. Organoari dagokionez, ez zitzaion
inoiz kontserbatorioko programa ofizialari eta bertako diziplinari
lotu eta, hain ongi menderatu zuen instrumentua bere kasa ikasi
zuela esan daiteke; horretan, neurri handi batean bederen, autodidakta
izan zela, alegia.

Musika oinarri
sendoko gaztea genuen Garbizu 1925ean Pasai San Pedroko organista
lana eta elizako koruaren ardura bere gain hartu zituenerako.
Lezon bizi zelarik, oinez edo batelez joaten zen elizkizunek eta
hartutako konpromisoek hartara behartzen zuten bakoitzean. Konposiziorako
gaitasunak ere oso finkatuta zituen garai hartarako. Pasai San
Pedrorako idatzi zituen, zenbait moteteren artean, gregorianoko
Kirial erromatarreko IX. eta XI. mezetan oinarritutako "Orbis
factor" eta "Cum jubilo" mezak. Azken hau abestu
zen Errenteriako Parrokian "Jautarkol" idazle errenteriarra
omenduz, 1930 urtean egin zen I. Eusko-Olerti egunean.
Han izan ziren, besteak beste, Lizardi, Orixe, Lauaxeta eta Aitzol,
goi mailako euskal idazle eta eragileak.
Baina, ez zuen
musikak bakarrik kezkatzen gerraurreko mutil argi hura. Bere anaia
Jon Zubigarren bideari jarraiki, Garbizu ere hasia zen
1921ean bere poemak eta lanak argitaratzen Euzkadi, Argia,
Aranzazu, Irrintzi, Euskal Esnalea aldizkarietan eta bestetan.
Tege ezizenez hasi zen idazten eta plazaratzen 1924az geroztik
olerkiak, ipuinak, umorezko xapladak eta izkirimiriak, politika-antzerti-musika
kronikak Euskal Esnalea, Txistulari, Argia, El Día,
El Pueblo Vasco, Argiaren Egutegia ... aldizkari eta egunkarietan.
1931-1936
urteen artean, Errepublikako urte guztietan barrena hain zuzen,
El Pueblo Vasco egunkarian Joseba Zubimendik zuzentzen
zuen Euskal Eresi ta Izkuntzaren alde sailean ahotsa eta
pianorako hamabost konposizio eder ere aurkeztu zituen: Akerra
ikusi degu; Mendi-goyetan; Itxarkundia; Nik maite nuen kutuna;
Begira nago; Oyes; Guazen mendirik mendi (Mendigoizaliei); Ni
Mendexa’ra; Mendiko negarra; Itxasua laño dago; Eguarri-abestia;
Katalin; Arantzazu’ra; Nere maite polita. Bruno Imaz, Luis
Urteaga, Norberto Almandoz, Jose Olaizola, Jose Mª Gonzalez Bastida,
Angel Dadié, Busca de Sagastizabal... izan ziren, besteak
beste, Garbizurekin batera, sail honetan beren konposizioak argitaratu
zituzten beste musikagile ospetsuak.
1927an Antonio
de Orueta donostiarrak Saski-Naski ikuskizuna abian jartzeko zenbait
marrazkilari, idazle, margolari, dantzari eta musikariengana jo
zuen behar zuen taldea osatzeko asmotan. Bertan dugu Garbizu Joseba
Olaizola, Buenaventura Zapirain, Aita Donostia, Gelasio Aranburu,
Juan Gorostidi eta Nicanor Zabaleta, konpositore, zuzendari edo
interprete iaioekin batera. Lehen emanaldiko "Sagardotegian"
agerraldiko musika Garbizurena izan zen (Buenaventura Zapirainenarekin
batera).
Errepublika garaian,
Donostiako Irratetxean ere egiten zituen bere lantxoak Aitzol
eta Lauaxetak bezalaxe.
"Euzkadi´ko
Txistulari Batza"-k, 1933an, Arturo Kanpioni eskaini zion
omenaldian ere izan zen Garbizu baina ez musikari gisa, Txistulari
aldizkariko idazle euskaldunak ordezkatzen baizik.
Beste abertzale
eta errepublikazale askok bezala, Gerra zibilaren ondorioz ihesi
joan beharrean aurkitu zen eta Iparraldera jo zuen Garbizuk.
Bere bizitzan
eragin handia izango zuten bi gizon ezagutzeko aukera izan zuen
urte latz haietan: Jean Diharce donibandar gaztea, Xabier Iratzeder
idazlea bilakatuko zena eta Charles Lebout organista eta konpositore
paristarra.
Iratzederrek
eta Garbizuk Donibane Lohizuneko itsasertzean ordu asko eman zituzten
elkarrekin ibilbide luzeak eginez. Han uztartu ziren betiko urteen
buruan uzta bikaina emango zuten bi sentsibilitateak. Garbizuren
heriotzaren ostean honela hustu zuen barrena donibandarrak Biziaren
gudaldia liburuan: Zenbat ibilaldi egin dut lau urtez harekin,
itsas-bazterrean! Euskal-kantuez mintzo ginen; eta, nitan den
Iratzeder-goa, harek du egunetik egunerat moldatua.
Charles Lebout
Pariseko organo-joleak Donibane Lohizun hartu zuen bizitoki. Ospe
handiko organista eta konpositoreak berehala erreparatu zion Garbizuren
musika-senari. Maisuaren aholkuek eta Frantziako organo tradizioan
inprobisazioari eman ohi zaion garrantziak izan zuten eraginik
Garbizuk ondoko urteetan bereganatuko zuen organo-jole ospearekin.
Gerraostean, oraindik ere, maisu frantsesak Garbizuri Madrilera
igorri zion gutun batean hau zioen: "Egizu, egizu lan,
beste artistek inoiz hatzemango ez dituzten helmugetara iristeko
gai baitzara."
Gerra
amaitu zen urte berean, sei hilabeteren barruan hil ziren Garbizuren
gurasoak. Madrilera abiatu zen Pasaia San Pedroko organista izateak
baino itzal luzeagoa emango ziolakoan argi berri bila. 40ko hamarkada
osoa eta 50ekoaren bizpahiru urte hiriburu hartan eman zituen.
Ez zuen bizimodu erraza izan musika munduan izena lortu besterik
nahi ez zuen jada berrogei urteko lezoarrak.
Circo Price,
Lope de Vega, Fuencarral, Teatro de la Comedia antzokietako
hainbat emanalditan pianoz edo organoz lagunduz, San Markos parrokiako
eta Frantziak Madrilen zuen enbaxadako organista lanetan jardunez,
eskola partikularrak emanez, konposizio lan jasoak idatziz...
joan ziren Madrileko Garbizuren urteak. Cartagenako kondearen
beka bati esker, konposizio ikasketa sakonak burutu ahal izan
zituen. Sorkuntza lanetan buru-belarri, garai hartakoak dira,
obra askoren artean, Machado eta Tagoreren testuetan oinarritutako
liederrak, soprano eta orkestrarako "Cinco melodías
vascas" izenekoak eta bereziki "Danos la paz"
gizonezkoen korua eta orkestrarako kantata.
Goi mailako artistak
izan zituen lankide eta lagun urte haietan: Elias Salaberria (Garbizuren
lehengusu propioa) eta Valentin Zubiaurre pintoreak, Pablo Sorozabal
eta Jesus Guridi konpositoreak, Jesus Mari Arozamena idazlea...
herrimina arintzen laguntzen zion kidetza.
Etxerako
bidea (kabirako bidea, bere hitzetan) hartu eta 1953. urtean
Donostiako Kontserbatorioko solfeoko oposizioetara aurkeztu zuen
bere burua. Inoiz izan ez zuen lan-egonkortasuna emango zion katedra
lortu zuen etxean. 1953-54 ikasturtean, eta Donostiako Udaletxeko
Kultur Batzordeak hala proposaturik, organoko katedra ere erantsi
zion aurrekoari, bi ardurak bereganaturik.
Organo-irakasle
izan zen hemezortzi urteek ospe berezia eman zioten ikasle eta
musikazale guztien artean. Ezbairik gabe, gaur egun Gipuzkoan
organorako musikaren inguruan dagoen maila jasoak asko zor dio
Garbizuri.
Hirurogeita hamar
urte bete zituen egun berean hartu zuen erretiroa. Sasoi oneko
gizona, irakaskuntzaren beharretatik aske, konposizio lanari lotu
zitzaion buru-belarri bere bizitzako azken hamazazpi urteetan.
1972. urtean Arte Ederretako Akademiko izendatu zuten.
Omenaldien garaia
iritsia zelarik, Kontserbatorioko ikasleek, Euskal Herriko Txistulariek,
Liturgia batzordekideek, Pasai San Pedroko herritarrek, Lezoko
herrikideek... oso gogoan izan zuten beraien alde eta, oro har,
musikaren alde egindako lan guztia. Lezoko herriak, 1982ko abenduan
Herriko Seme Kuttuna izendatu zuen. Garai honetakoa da,
Udalak eskaturik, lezoarrentzat idatzi zuen ereserkia.
|
| Lezok,
Tomas Garbizuren jaioterriak, omenaldia eskeini zion eguneko
irudiak. |
Lezoko Udal Musika
Kontserbatorioak ere bere babesean dihardu azken hamar urte hauetan.
Hiru dira Garbizuk
bere sorkuntza-lanerako dastatu zituen iturriak:
Era guztietako doinuak sortzeko
eta hauek jantzi bitxiez apaintzeko zuen berezko ahalmen harrigarria.
Garbizu gai da idazteko ia aldi berean Luis Marianorentzako
kanta bat eta Ama Birjinarentzako edozein motete, tango bat
eta ofertoriorako kantua, habanera bat eta Gurutze Santuaren
Bezperak. Malgutasun harrigarri hau, musika mota bakoitzak eskatzen
dituen beharretara makurtzeko duen ahalmena da, zalantzarik
gabe, Garbizuren nortasunaren ezaugarri nabarmenetako bat.
Musika gregorianoa. Organorako
eta liturgiarako idatzi zuen musika askok musika gregorianoaren
errepertorioko kirieak, antifonak eta sekuentziak ditu bere
jatorrian.
Euskal herri-musika. Ongi
baino hobeto ezagutzen ditu Aita Donostiak, Azkuek, Jorge Riezuk,
Hilario Olazaranek, Juan Ignazio Iztuetak... osatutako kantu
eta dantza bildumak. Modu batera edo bestera moldatuak, aipaturiko
kantutegietatik jasotako ia berrehun euskal doinu desberdin
aurkitu ditugu bere katalogo zabalean.
Baina musika erreferentzia
hauek guztiek itxura berria hartzen dute Garbizuren eskuetan.
Egilearen arrastoak nabarmenak dira beti Garbizuren partitura
bati hurbiltzen gatzaizkionean.

Ikasleak Lezoko
Tomas Garbizu Kontserbatorioaren aurrean.
Orkestrarako idatzi
zuen obraren barruan aipamen berezia merezi dute, besteak beste,
Concierto mágico izeneko biolin eta orkestrarako
kontzertuak eta Concertante para trompa y orquesta izeneko
partiturak.
Soprano bakarlaria
eta orkestrarako Cinco melodías vascas. 1942. urtean
idatzi zuen Madrilen herriminak jota.
Danos la paz
(1941) kantata ere Madrilen idatzi zuen eta Easo Abesbatzak eta
Donostiako Kontserbatorioko Orkestrak estreinatu zuten Donostian.
Obra hau hiruzpalau aldiz interpretatu arren, Garbizuk ez zuen
inoiz entzun.
Babilon Beltza
(1967) kantata. "Super flumina Babilonis" izeneko 136.
salmoan oinarriturik Aita Xabier Iratzederrek eginiko testua baliatu
zuen Garbizuk.
Leader
edo ahotsa eta pianorako obren artean aipamen berezia merezi du
Donostiko Kantu Zarrak (1970) izeneko bilduma ezagunak.
Garbizuk berak bere obra guztiaren gailurrean kokatzen du lan
bikain hau.
Euskal dantzak
pianorako bildumaz hau esan zuen Anton Larrauri musikagile bizkaitarrak:
Se trata de una obra avanzada en cuanto a choques de armonías
y chispeantes contrapuntos y ritmos, pero donde no se pretende
destruir lo popular, sino elevarlo a niveles de concierto rebosante
de su sabor más íntimo. Una obra muy digna de este
extraordinario compositor.
Organorako obren
artean aipatu: Cantantibus Organis (1937), hamar
pieza laburrek osatzen duten bildumatxoa; "Victimae Paschali
laudes" sekuentzian oinarritutako Sequentia (1950);
Jesús y la samaritana (1953) triptikoa; Tríptico
sobre un tema gregoriano (1971) triptikoa, Avilako nazioarteko
lehiaketan lehen saria irabazi zuena.
Bere
katalogo zabalean agertzen diren hogei mezen artean hiru dira,
beharbada, aipamen berezia merezi dutenak: Benedicta (1956),
latinezko testua duen meza honek akzesita erdietsi zuen Arantzazuko
frantziskotarrek antolatu zuten lehiaketan. Ecuménica
(1962), "Papa Juan XXIII" izenaz ere ezagutzen dena.
"Cunctipotens Genitor Deus" meza gregorianoa du oinarrian.
Eta hirugarrena, Vatikanoko II. Kontzilioa amaitu zenean Columbia
diskoetxeak eginiko enkargu baten ondorioz idatzi zuen Gure
Meza izeneko euskal meza; hainbat euskal dantza eta doinuz
osatutako mosaiko ederra.
Aipatu ere
egin gabe geratu dira, ezinbestean, txistu, tronpa, tronpeta,
ahotsa "a capella", instrumentuak eta ahotsa, orkestra
eta antzeko taldetarako ehunka obra.
Urteen zama gainean,
saritutako eta musu-truk eginiko lan askoren buruan, ibilitako
bide luzeak akiturik, nekaturik, Donostiako erietxe batean hil
zen Tomas Garbizu Salaberria azaroaren 27an Milagrosa Ama Birjinaren
egunean eta eguerdiko hamabietan. |