Historia
Lekeition
gizakia bizi zeneko lehen datuak Gerra Zibil aurrekoak dira, Telesforo
Aranzadik eta Joxe Migel Barandiaranek Lumentza kobazuloko aztarnategia
eskabatu zutenekoak. Lumentzak Goi Paleolitikotik kultura erromatarrera
arte irauten duen kultur ikuspegi zabala erakusten zuen 60. hamarkadan:
Santa Katalinakoa, molusku biltzaileen ezarlekua berau. Ikerketa
haien eta gaur egunean ere irauten duten harrezkeroko beste batzuen
bidez badakigu orduko gizakiaren bilakaeraren berri. Baita euren
bizimoduena ere, eta aldi luze batean zehar zelako ingurugiro-baldintzetan
bizi ziren ere. Lumentza kobazuloko aztarna batzuek susmarazten
dute lurralde honetan bazela giza bizitzarik k.a.-ko 30 mila urte
inguruan: Aurigñac aldiko kulturakoak, alegia.
Bestalde, herrian
oraintsu egindako indusketetan erromatar garaiko arkeologi aztarnak
agertzen hasi dira (K.g.-ko I. mendeko azken-alditik, K.g.-ko
V. mende hasierara doazenak). Sasoi hartan gure herrian bazela
giza ezarlekurik frogarazten dute aztarna hauek.. Gai hau oraindik
ikertzen ari dira eta geroko indusketak giza ezarleku honen gainean
argi gehiago eman dezakete.
Lekeitioren historia
ofiziala 1325. urtean hasten da. Urte hartan, Maria Diaz de Haro
Bizkaiko Andereak fundazio karta eman zion Lekeitioko elizateari.
Horrela hiribildu bihurtu zen herritxoa eta zenbait onura juridiko,
merkatal, fiskal, militar, eta baita erlijioso ere eskuratu zituen.
Kartak hiriko mugak ere ezarri zituen, eta eurok zirela-eta borroka
batean ibili ziren alboko elizate eta jauntxoen olagizonekin.
Harrezkero Alfonso
XI.ak berretsi egin zuen fundaziozko karta 1334.ean. Eta beroren
agintaldian eraiki ziren hiriko harresiak, nahiz eta bazen hesi
bat fundaziozko karta baino lehen.
Lekeitiarrei autonomia
zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan euren
forua edukitzeak. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran,
iharduera ekonomikoetan eta gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejuko
kargudunak izendatzean ere. Kontzejua alkateak eta errejidoreak
osatzen zuten. Alkateek batzarburu egin, erabakitako dekretuak
onartu eta euren kalitatezko botoa zela-eta, errejidoreen arteko
istiluak ebazten zituzten. Baina epaile ziren bereziki.
Kartak Santa Maria
elizaren patronatua ematen zion Uriari. Honetara, hiria parrokiaren
ondasunen jabekide bihurtu zen, parrokiaren errenten administratzaile,
elizgizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun.
Udal ordenantzek
Lekeitioko bizitza komunitarioaren atal guztiak arautzen zituzten:
gizartekoak, ekonomikoak, erlijiosoak eta moralak. Ez dakigu noiz
idatzi ziren udal ordenantzok, baina Bizkaiko zaharrenak direlakoan
daude.
Kostaldean egoteak
guztiz baldintzatu zuen Lekeitioren ekonomia, arrantza eta nabigazioei
buruzko abantailen jabe baitzen. Urruneko itsas garraiorako ere
bideratu zen ekonomia, arrantza baino dirubide errazagokoa; korsoen
irabaziak, itsaslapurreriak eta gerra-ekintzak ziren garraiolarien
gorabehera garratzen ordainak. Edozenbat upagin, amugin, itsaszurgin,
otzaragin eta abar zegoen, eta euroi esker irauten zuten arrantzak
eta nabigazioak.
Santa Maria elizaren
ondoan eraiki eta konpontzen ziren itsasuntziak. Kaleetan jostunek,
zapatagileek, buztinlariek, eta zilargilek zituzten tailerrak.
Emakumeek linogintzan ziharduten esportazio txikietarako ginoan.
Etxeko ekonomia ortutxo, soro eta mahastietako ortuari eta fruituek
osatzen zuten.
Arrantzan oinarritu
da batez ere herriaren ekonomia antzinatik. Portuak hala ere,
ez zituen izan baldintzarik egokienak. 1381etik datozkigu moilak
konpontzen hasi ziren lehen berriak eta sasoi hartan itsasadarrean
egiten zen portua. XV. mendean eraiki zen antzinako moila (Naza
Zarra eta Naza Berria) eta gaur eguneko portu barruan kokatzen
zen. Baina txikia izateaz gainera, behin eta berriro hondarrez
betetzen zenez, ez zegoen behar besteko sakonerarik portuan. Hondarraren
jarioa bidea galarazteko malekoia egin zen. Erregimen Zaharrean
eta XIX. mendean kexa ugari daude portuaren kondizio txarrak zirela
eta.
Erdi Aroan eta Aro
Modernoan baleak izan zuen garrantzia arrantzan aipatu behar da,
bere irudia Lekeitioko armarrian agertzeraino izan ere. Tradiziozko
arrantzan bisigua, legatza, atuna, sardina, antxoa, ... ere nabarmendu
behar dira.
Arrantzaren ikuspegi
orokorrean, gorago esandako eragozpenak eragozpen, Lekeitiok Bizkaiko
portuetan bigarren lekua zeukala goraipatu behar da Bermeoren
ostean 1500 eta 1900 bitartean. Baina XX. mendean Ondarroak hartu
zion aurrea.
Pertsonaia ospetsuak
Tokirik eza dela
eta herri mugaz kanpo nolabaiteko entzutea izan duten pertsonaiak
baino ez ditugu aipatuko.
-
Pedro Bernardo
Villarreal de Berriz (1669-1740). Ingeniari eta ilustratua,
XVIII. mendean argitaratutako "Máquinas hidráulicas
de molinos, herrerías y gobierno de árboles
y montañas" liburuaren idazlea.
-
Juan Maria
de Altuna (1828-1868). Musikaria, durangarra jaiotzez
baina gure herriari lotu-lotua, parrokiako organista izan
zen aldetik. Gure kanposantuan lurperatuta dago. "Guernika´ko
Arbola" himnoaren konposaketan Iparragirreri laguntza eman
zion, Iparragirrek musika jarri ziolarik.
-
Eusebio
Maria Azkue (1813-1873). Nautika Eskolako maisua eta olerkaria,
Resurreccionen aita izan zen.
-
Resurrección
Maria Azkue (1864-1951). Apaiza, idazlea, publizista,
literatoa, hizlaria, folklorista, musikoa, linguista eta zenbait
idazlanen egilea. "Real Academia Española"-ren kidea
izan zen eta Euskaltzaindiko Lehendakaria.
-
Eusebio Erkiaga
(1912-1993). Literatua, olerkaria, nobelista eta hizlaria.
Euskaltzaina ere izan zen.
- Santi Brouard (1919-1984).
Herriko jaiak
San Pedroak.
San Pedroak ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean ospatzen
dira Lekeition.
Ekainaren 29an, Meza
Nagusiaren ostean, San Pedroren prozesioa egiten da Santa Maria
elizatik porturaino. Berton, santu beraren irudiaren aurrean,
zeremonia bitxia egiten da: Kilin-kalakoa. Hau da, santuaren
irudia daroatenek santua uretara botatzekoa egiten dute, ur aldera
eraginez santuari. Zenbait teoria dago zeremonia honen jatorriaren
gainean. Batzuetan santua uretara jausi da. Arrantzan laguntzeko-edo
zer ikusia duen zeremoniatzat dago.
Ondorik, antigualeko
Kaxarranka dantza egiten da. Zortzi arrantzalek sorbalda
gainean eusten dioten kaxa baten gainean egiten du dantzan dantzariak.
Janzkera berezi-berezia du: fraka, alkondara eta praka zuriak,
zapia sama inguruan eta krabelina ojalean daroatza; baita txistera
eskumako eskuan eta San Pedroren intsigniadun banderatxo gorria
ezkerrekoan ere. Lehenik, portuko San Pedroren irudipean egiten
du dantzan. Gero, kaleetan zehar dabil, gaur eguneko Arrantzaleen
Kofradiako presidentearen etxe aurrean, Udaletxe aurrean eta plazan
eginez berriro dantzan.
Antzinatik dakigu
zeremonia honen berri, XV. mendetik gutxienez, eta honako jatorria
dauka: antzina kofradeek maiordomo bi aukeratzen zituzten urteko
irabaziak begiratu, zaindu eta banatzeko. Kofradiako ondasun eta
dokumentoak kaxa batean gordetzen ziren, eta ekainaren 30ean maiordomo
zaharraren etxetik maiordomo berriaren etxera aldatzen zen kaxa
handikiro. Kaxa hauxe gordetzen da Kofradian eta gaur egun dantzariak
beronen gainean egiten du dantzan.
Antzinako janzkera
ez zen gaur bezalakoa. Dantzariak San Pedro sinbolizatzen zuen,
eta alde banatan, San Andres eta San Juanenak egiten zituzten
gizon bi zihoazen. Antzezpen honek istilu gogorrak eragin zituen
eliza eta arrantzale artean XVII. mendean eta ez zen baretu harik
eta zibil jantziak erabiltzen hasi ziren arte. Istilu hauexengatik
ezagutzen da hain ondo Kaxarrankaren jatorria.
Ekainaren 30ean "San
Pedro Txiki" eguna ospatzen da erromeria jendetsuan Talan edo
olatu-apurtu-lekuan, eta herriko musika bandaren kalejira alai
batek ematen dio amaiera erromeriari.
Uztailaren 1ean "San
Pedro Baltza" eguna da eta Tortola Kale eta Beheko Kaleen bitartean
ospatzen da erromeria, Santuaren irudiaren aurrean.
San Antolinak.
San Antolinak irailaren 1etik 8ra bitartean izaten dira. Lekeitioko
herri-jaiak dira.
Jaietako ekitaldietan,
Antzar eguna aipatu behar da, bere antzinatasun eta ikusgarritasuna
direla-eta. Irailaren 5ean ospatu ohi da, asteburuko egunen batean
gerturatu ezik. Lekeitioko antzarren jaiak badu hiru mende eta
erdiko tradizio dokumentatua, eta antzinako erriotzat-edo ospatzen
zen ustea ere badago.
Antzar eguna 1877tik
hona behintzat beti ospatzen da San Antolinetan baina abuztuko
Andra Mari eta San Roque egunetan ere ospatu izan da inoiz.
Dirudienez plazan
ere ospatzen ziren, baina uretan ospatu da tradizioan, 1722tik
hona, behintzat. Badakigu 1666az gero arrantzaleek soilik parte
hartzen zutela ere.
Historian zehar aldaketa
handiak eduki dituen lehia-jaia da Artzar-Eguna. Antzina arrantzaleek
besterik ez zuten parte hartzen; traineruek ere zorrotz bete behar
zuten jarritako abiadura, eta arraunlari kopurua ere zorrotza
zen (12 arraunlari eta lemazaina). Eta nork irabazten zuen, horren
duda zegoenean, euren arteko estropada bat egiten zen, irlari
itzuli bat ematekoa. Gaur egunean mahoiz janzten da, baina inoiz
alkondara zuria eta mahoizko prakak ere erabili izan ziren.
Jaione Murelaga Izagirre, Lekeitioko
Alkatea
Lekeitioko Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia |