|  R.M. 
 Azkue euskalaritzaren ardatz erraldoia izan zen bere lehen lanetatik 
 (1891) hil arteraino (1951), hain zuzen euskararen batasunerako 
 bidearen zatirik garratzitsuenetakoan: lehenik, bizkaiera idatziaren 
 bateratze lanetan ihardun zuen, eta Euskaltzaindia sortuz geroztik, 
 euskara osoaren batasunera eramango zutenetan. Zeregin larriak 
 izaki hauek, halakoak dira Azkuek utziriko emaitzak ere: "Increíble 
 que aquello sea obra de un hombre solo", Olabidek behin esan 
 bezela.
 Garaia helduz doa, 
 azterketa sakonari ekitekoa, laudorioez gaindi. Horixe da, izan 
 ere, euskalaritzak Azkuerekiko duen zorra betezeko modurik egokiena; 
 ezinbesteko zeregina dugu, berak utziriko ondare joria ezagutu 
 eta aztertzea. Eusko Ikaskuntzak 
 Azkueren omenez hitzaldi bat emango ote nuen galdetu zidanean, 
 gorago aurkitzen duzuen izenburua aukeratu nuen, labur eta soil. 
 Orain, hitzaldiaren atarian, zabalegi begitantzen zait izenburu 
 hori. Ez dut bada, Resurrección María de Azkuek 
 bere ibilbide luzean euskal gramatikari buruz egindako lan erraldoi 
 osoari buruz hitz egingo. Egia esateko, ibilbide horren hasieran 
 burutu zituen gramatika lanak dakartzat batik bat aztergai. Geroko 
 lanei buruz zertxobait esango badut ere, gaurkoan, gutxiago ezagutzen 
 den bere gaztaroko lanaz hitz egin nahi nuke. Hots, XIX. mendearen 
  bukaeran 
 idatzi zuen Euskal Izkindea gramatika liburuari buruz hitz 
 egiteko asmoa dut oraingoan. Azkuek burutu zituen beste hainbat 
 lan itzelen ondoan, Euskal Izkindea izkutaturik bezela 
 ageri zaigu; honela, euskaldun gutxik dakite berau dela euskaraz 
 idatziriko lehenengo gramatika, esaterako. Zerk narama Azkueren 
 gramatikagintzaren zati hau aztertzera? Ohi den legez, beste mutur 
 batetik heldu nintzen, duela hamabost bat urte, lekeitiar erraldoi 
 honen magaletara: Evaristo Bustiza, "Kirikiño" 
 idazlearen Abarrak ezagunaren argitalpen bat prestatzen 
 ari nintzela, mende bien artean zangalatrabuan den garai hartako 
 bizkaiera idatziaren ereduari buruz genekiena gutxiegi zela ikusita 
 abiatu nintzen ikerkuntza honetan.  Jakina da, 1890-1936 
 tarte hori, garbizaletasunaren erresuma izan zela; batetik baziren 
 Sabino Arana eta bere jarraitzaileak, aranatarren eskola 
 osatzen zutenak, eta hauen aurrean Azkue, herri-euskararen abokatu. 
 Halabaina, horra, bada beti zer ikasirik,  Azkueren kasuan, 
 harriduraz ikasi bainuen nik, gaia ikertzen nuela, Azkuek berak 
 sortu eta hazi zuela, neurri handi batean behintzat, garbizalekeriaren 
 herensuge hura, eta urteen buruan jazarri eta burrukatuko zitzaiola, 
 kemen handirekin, beharbada bere kumea zela jabeturik zegoelako 
 bera, beste inor baino hobeto. Hitzaldi honetan, 
 bada, XIX mendearen azken urteetan sortu eta XX. Mendearen erdialderarte 
 garatu zen bizkaiera idatziaren ereduan Azkue gaztearen lanak 
 izan zuen eragin handia erakutsi nahi nuke. Azkueren eragina bitarikoa 
 da: batetik, garbizaleek erabiliko zuten hizkuntza eredu idatziaren 
 ardatz nagusiak sortu zituen, eta bestetik, garbizaleen ereduari 
 jazartzen zitzaion eredu herrikoiagoaren buru dugu. Kontraesana 
 badirudi ere, Azkueren itzala aurkitzen dugu bizkaiera idatziaren 
 eredu biotan, lehena bere  gaztaroko 
 lanei lotua batik bat, eta bigarrena bere heldutasuneko lanei, 
 Morfología vasca agetzen delarik horien artean nagusi. Garbizaleek eratu 
 eta erabili zuten eredu idatziari, Mitxelena irakasleak hiperbizkaiera 
 izena jarri zion, eredu honetan gainerako euskalkietatik gehien 
 bereizten ziren aditz eta hitzak aukeratzeko joera nabarmena agertzen 
 duelako. Guk ere, maisuari jarraiki,  hiperbizkaiera deitura 
 erabiliko dugu eredu idatzi hau aipatzean. Hiperbizkaieraren iturria, 
 hots, bizkaiera idatzi berri honen iturri nagusia, Azkueren Euskal 
 Izkindean aurkitzen dugu. Ikusiko dugunez, baina, Izkindean 
 aurkezten zaigun euskararen eredua ez da hutsetik eraiki, eta 
 Astarloaren Discursos Filosóficos sobre la lengua bascongada 
 liburuko hainbat ideia eta propoposamenen arabera egina da. Honela, 
 bada, hiperbizkaieraren jatorrizko iturri biak, Astarloa durangarra 
 eta Azkue gaztea ditugu, nahiz eta gerora Aranaren izenari lotu 
 izan zaion eredu idatzi honen sorrera. Azkuek euskal gramatikaren 
 alorrean egin zuen lanaz jabetzeko orduan, ezinbestekoa da Euskal 
 izkindetik Morfología vascara doan bidea ibiltzea. 
 Bide hori luzea eta aberatsa izaki, norabidearen aldaketa nabarmenik 
 antzeman daiteke bertan. Gramatika batetik bestera doan tartean 
 burutu zuen hiztegiak, literatur lanek, itzulpenek, ahozko literaturari 
 buruzko ikerketek, hizkuntzaren ezagutza sakona eta zabala eman 
 zioten. Ez da harritzekoa, bada, bere gazte-lanetatik azkenekoetara 
 dagoen aldea; hor dauzkagu, esaterako, "Txukuneria" 
 izeneko artikuluskan eskeintzen dizkigun burutazioak, bere ibilibidearen 
 erakusgarri. Lan honetan, Azkuek Soloeta-Dimaren liburuaren iruzkin 
 bat egiten digu, eta bertan, beste hainbat burutazioen artean, 
 ondoko hau irakur dezakegu: "Euskalari berrizale txukuneridun-artean 
 urrutiren yoan zaiguna A. Soloeta dela uste dut. Orretarako dituen 
 kemena eta zaletasuna aundiak izanarren, etzen noski bide legunetik 
 hainbeste irtengo, aurretikoak izan ezpalitu: nerau bat, nerekin 
 batera besteren bat eta arren ondoren eli osoa, berrizale mordo 
 andi ugaria"(Azkue, "Txukuneria", Euskera 
 1925 VI, 2-3 zenb. 14. or). Aipu honetan, Azkuek argiro aitortzen 
 du berau dela euskara garbitasunaren izenean eraberritzeko proposamenak 
 egin zituztenen artean lehena, eta berari jarraiki beste zenbait. 
 Hauen artean aipagarrienak, noski, Manuel Arriandiaga, bere ikaslea, 
 eta Sabino Arana gero, bere jarraitzaileekin. Azkue garbizalea 
 eta Azkue herrikoia, dena den, ez dira elkarrekin zerikusirik 
 gabeko izakiak. Bada bien artean hari bat behin ere etetzen ez 
 dena, zenbait ezaugarriren bidez antzeman daitekeena: erregulartasunarekiko 
 zaletasuna, garai zaharrak hobesteko joera, hizkuntzari ematen 
 dion lehetasuna... Azkueren gramatika lanak ahalik eta zehazkien 
 ezagutu beharra dago, ez bakarrik abiapuntutik bukaeraraino aldatzen 
 dena ikusteko; baita gorde zuenaren berri jakin ahal izateko ere. Azkuek hizkuntzari 
 ematen dion lehentasuna genuke, ene ustez, bere emaitzaren ardatz 
 nagusia. Honi dagokionez, eta Izkindeak agertzen duen muturreko 
 eraberritze garbizalea gora behera, Azkuek lekurik gorenean jartzen 
 du euskara, eta honen frogarik garbiena, ganorazkoena nolabait, 
 Izkindea euskaraz idatzirik egotea da, hain zuzen ere. 
 Honetan, zinez eta benetan ageri zaigu Azkue aitzindari, hau baita 
 euskaraz argitaraturiko lehenengo gramatika liburua. Ez da erdararen 
 batean idatzi eta euskarara bihurturiko lana. Aitzitik, euskaraz 
 lehenengo eta gero gaztelaniara itzulitako liburu mardula dugu 
 hau: "Erderaz’ 
 orainarteko izkiralariak legez’ izkinde au izkiratu baneu’ 
 arazu ta buruauste gitsiago emon izango eustan nire asmoak, 
 eznintzan itz barririk sortuteko peremina latzean egongo, 
 liburu bi baten ipini bearrik bere ezneuan izango, eta ganera 
 nire lantso onek eukiko dauzan arerio askok’ abegi obea egingo 
 eutsen" (izkindea, vii). Zailtasun guztien 
 gainetik, baina, Azkuek euskaraz idaztea erabakitzen du. Euskal 
 Izkindeaz idatzi denean, behar baino garrantzi gutxiago eman 
 zaio ahalegin honi, izan ere, gehienera jota, aipatu baino besterik 
 ez da egiten hauxe dela euskaraz kaleratutako lehenengo gramatika. 
 Gure artean, egun, begi bistakoa dirudi euskara ezer baino lehen 
 erabiliaz irauten duela bizirik, hizkuntza den aldetik; Azkue 
 ere bat dator eritzi honekin, bere garaian horren zabaldua ez 
 zebilen arren: "Au gora 
 bera’ itz orrei musker begiratuko dautsenik balego’ euskaraz 
 izan ezik eznenuala izkinderik izkiratuko beki. Noiz edo noiz 
 euskaraak bere’ bere erraietan sorturiko arauen iaubea ta 
 ama izan bear dau"(Izkindea, vii-viii) Hona bada, hitzaldi 
 honen nondik-norakoa: Azkueren aurpegi biak erakustea, nolabait. 
 Batetik, berriztatzaile amorratua gaztetan, euskararen garbitasunaren 
 izenean euskaldunak hiztun txartzat jotzeraino heldu zen gramatikalari 
 arauzalea. Bestetik, urteetako lanen ondorioz, euskaldunen ahoetan 
 bizi den euskara aztertu eta defendatzen arituko den euskalaria. 
 Haatik, euskaltzalea eta gramatikalari azkarra beti, eta euskararen 
 ibilbidean sekulako eragina izan zuen lan erraldoiaren sortzailea.  
  Itziar Laka, EHUko irakaslea
 Argazkiak: Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak 5 bildumatik
 |