Patxi
Goenagak bi ardatz nagusi ditu bere eguneroko zereginetan: Unibertsitatea
eta Euskaltzaindia. Dena den, bietan helburua bera du, euskara
lantzea eta ikertzea, alegia. Gure protagonista Euskal Akademian
1979an sartu zen, ordutik euskararen inguruko ikerketa asko egin
ditu, eta egun Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia
sailaren zuzendaria da. Berarekin hitz egiteko une ezinhobea dugu
hau, orain berri Euskaltzaindiak bere azken biltzarra izan baitu.
-Orain aste
batzuk, Euskaltzaindiaren XV. biltzarra izan da Bilbon. Zer nolako
ondorioak dituzue etorkizunari begira? Lehenbizi, euskara
eta euskalgintza XXI. mendearen atarian zertan den aztertu nahi
izan den horretan, azpimarratzekoa da jendearen parte hartze handia.
Bestalde, azken urte hauetan boladan dago nolabait paleolinguistika
egitea eta horretarako, besteak beste, hizkuntzen arteko konparazioak
egitea. Batzuk azterketa fantasmagorikoak izaten dira. Halere,
argi dago, konparazioak behar bezala egiteko, euskararen historia
ezagutu behar dela. Arlo honetan lan ugari dago egiteko. Euskaltzaindiak
ezagutza hori bultza dezaketen lanei eta langileei bere babesa
eskaini nahi die. Hiztegigintza alorrari dagokionez
ere, zenbait gauza argi gelditu dira Biltzarrean. Euskaltzaindiak
argitaratu berri duen "Hiztegi Batua" denek onetsi dute, eta bigarren
itzuliari bultzada berezia emateko eskaria helarazi diote biltzarkideek
Euskaltzaindiari, epeak ahalik eta gehien laburtuz, eta eguneroko
hitzei sarrera emanaz. Bukatzeko, lekuko euskararen eta euskara
batuaren arteko harremanez ere mintzatu da Biltzarrean. Euskaltzaindia
euskalkien aldeko agertu da beti. Gogoeta sakona eskatzen du kontu
honek, horretarako, ahozko euskarari arreta berezia eskainiko
dio Euskaltzaindiak, behar diren eztabaida guneak sustatuz. Beste
herrialdeetan zer egiten den ere kontuan hartuko du.

-Azken biltzarrean
euskara batua kolokan jarri da berriz? Ez. Zenbait komunikabidek
hori isladatu nahi izan dute, baina ez da horrela. Nire lankidea
den Koldo Zuazo mintzatu zen horretaz. Berak ez zuen euskara batua
kolokan jarri, bere mezua argi azaldu zuen, euskara ez dela euskara
batua soilik, alegia. Askoz zabalagoa da, batzuek uste ez arren.
Euskara batua, zenbaitek ulertu duten bezala, behintzat, oso mugatua
izan daiteke. Batua erabat beharrezkoa izan dugu, baina gaizki
erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da. Euskararentzako
ez da ona maila guztietan (tabernan, eskolan, elizan...) eredu
berbera erabiltzea. Euskara batuak ondorio on asko ekarri ditu,
baina horretan gelditu direnek, hau da, inguruko aberastasunak
aintzakotzat hartu gabe hitz egiten dutenek, ez dute euskara ondo
erabiltzen. Koldo Zuazok honako hau esan zuen: "Zenbaiten euskara
batua Martekoa da". Ez zuen esan euskara batua Martekoa zenik,
hainbat komunikabidek kaleratu zuten bezala. Gaur egun ere, batzuei
horrelako mezuak kaleratzea interesatzen zaie. Horiek diotenez,
euskara batua asmatu genuen, euskara aldeanoen hizkera bat zelako,
asmatutakoak ez duela ezertarako balio gaineratuz. Zer egingo
diogu? Ziur naiz laster gaindituko
ditugula eztabaida horiek. Nire ustez, euskara batua aberasteko
tresna ezinhobeak ditugu lekuko hizkerak, ahozko hizkeran, batez
ere. Ez da euskara murriztu behar. Idazterakoan, ordea, euskara
batua dugu guztiontzako irtenbiderik onena. Edozein hizkuntzatan
ahozko mailatik idatzira egundoko saltoa dago, eta, noski, euskaran
ere bai.
-Zergatik dugu
eztabaidagai euskara?
Euskara
batuari dagokionez, normala da, orain 33 urte hasi baitzen ibiltzen.
Horren ildotik, euskaldunok gutxi gara, sakabanaturik gaude, hiriak
ez dira euskaldunak, eztabaidatzea atsegin dugu... Hala eta guztiz
ere, gaztelaniak ere arazoak ditu, Garcia de La Conchak, Real
Academia de la Lengua Españolako buruak, lehengo egunean
Nafarroako Unibertsitatean esan zuen bezala. Haiek ere arrisku
larriak dituzte, eta hizkuntza zaindu behar dutela behin eta berriz
gogoratzen ari dira. Hori bai, gaztelaniak 300 milioi hiztun ditu,
eta gu, berriz, 600.000 lagun baino ez gara.
-Hogei urte
igaro dira Euskal Autonomia martxan jarri zenetik. Zenbat urte
igaro beharko dira euskara gaztelaniaren parean egoteko? Zer da gaztelaniaren
parean egotea? Gaztelania eta ingelesa parean daude? Nik esango
nuke ezetz. Zaila da horri erantzutea. Egunkari bat badugu. Ondo,
eta zenbat ditugu inguruan? Telebistarekin berdin, interneten...
Kalean? Batetik, euskara lehenengo hizkuntza den herrietan egindakoa
sendotu behar da, eta bestetik, gainerako herrietan eta hirietan
jarraitu behar da lanean, pixkanaka pixkanaka den arren. Gasteizen
eta Bilbon euskaldun asko gara, baina bizitza ez da euskaraz egiten.
Noizbait Bilbon arrunta izango da euskaraz kalean egitea? Lan
handia dugu egiteko, baina belaunaldi berriekin aurrera goaz,
eta hori antzeman daitekeela uste dut. Orain urte batzuk, Bermeon
egindako azterketa batek euskararen presentziak behera egiten
zuela baieztatu zuen, hori bai dela bestea baino larriagoa. Nire
ustetan, larriagoa da herri euskaldun batean hiztun bat galtzea
Gasteizen edo Bilbon euskaldun bat irabaztea baino.
-Esan dituzunak
esan eta gero, zeure ustez, Euskal Herrian hizkuntza bakar baten
alde egiten dutenak asko dira?
Praktikan
asko dira. Hizkuntza bakar hori gaztelania da, noski. Nire irakasle
batek, Kataluniakoa zen hura, honako hau esaten zigun: " Zergatik
diote erdaldunek halako beldurra elebitasunari? Izan ere, hizkuntza
minoritarioa hitz egiten duena, lehenbiziko interesatua da bere
hizkuntzaz gain beste bat jakiteko". Bestalde, hizkuntza boterea
da. Hizkuntza ondo darabilenak botere izugarria dauka, jendea
engaina dezake, laburbilduz, nahi duena egin dezake. Hizkuntza
batek bizirik jarraitzen du, beharrezkoa den neurrian. Maitasun
platonikoarekin batzuk ibil gaitezke, baina gehienok ikasten dugu,
behar dugunean. Gizarte elebidun batean bi hizkuntza jakitea baldintza
demokratiko bat da. Eman dezagun, laguntalde batean guztiak euskaldunak,
bat izan ezik. Zergatik utzi behar diote euskaraz egiteari? Euskara
izan beharrean, ingelesa izango balitz, berdin jokatuko lukete?
-Non dago hiltzear
euskara? Leku askotan. Leku
batzuetan hilda zegoen, eta zorionez, berpizten ari da, Arabar
Errioxan, esaterako. Kontrako joera Iparraldean dugu, eta Nafarroan
ere nahiko lan, are gehiago, nafar agintarien jarrera ikusita,
euskaldunen eskubideak murriztu baitituzte bertan. Unibertsitatean
ere Euskal Autonomia Erkidegoko egoera eta Nafarroakoa ez dago
alderatzerik, hemengoak arazoak eduki arren. Nafarroan ezin da
karrerarik euskaraz egin. Ezbairik gabe, gurean unibertsitatea
duela 200 urte izan bagenu, euskararen egoera mila bider hobea
izango zatekeen. Euskara batua aspalditik egina egongo zen, eta
gaur ez genuke horretaz hitz egingo.

-Zein da Euskaltzaindiaren
helburu nagusia? Euskaltzaindiak bi
helburu nagusi ditu. Batetik, euskara ikertu behar du (hiztegia,
gramatika...), euskara batua ardatza izanik. Euskaltzaindiari
euskalkien kontua leporatzen diotenean, ez da zuzena. Euskaltzaindiak
euskalkiei ez die kalterik egin, lagundu baizik. Gainera, Euskaltzaindiak
egin du egin behar zuena, euskara batua sortu, alegia. Bestetik, guztiok euskara zuzena
eta txukuna erabiltzea du helburu. Horrez gain, euskaldunon hizkuntz
eskubideak zaindu behar ditu. Eusko Ikaskuntza asmoz eta jakitez
den bezala, gurea ekin eta jarrai da. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 142.zbk
(2001/11/2-9)
|