 |
José
Luis de la Granjak oso lotura estua du Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
1978an irakasle gisa hasi zen bertan, eta 1990az geroztik
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Historia Garaikideko
katedraduna da. Era berean, UNEDek Portugaleten (Bizkaia)
duen zentroko tutorea da. |
-Zure iritzian,
euskal panorama politikoko pertsonarik azpimarragarrienetariko
bat, Jose Antonio Aguirrerekin batera, Manuel de Irujo genuke. XX. mendeko euskal
nazionalismoa hartuko bagenu, eta gaur egungo politikari nagusiak
alde batera utziz, 1903an Sabino Arana hil zenez geroztik aipatu
beharrekoak Jose Antonio Aguirre (Eusko Jaurlaritzako lehenengo
lehendakaria izateagatik, eta bai Errepublika garaian, bai Gerra
Zibilean, bai erbestean, 1960an hil zen arte izan zuen garrantzi
politikoagatik) eta Manuel de Irujo izango lirateke. Irujo Aguirre
baino ia hamahiru urte zaharragoa zen, eta beraz trebatuagoa,
baina nik belaunaldi berdinean sartzen ditut. Irujo Gorteetako
diputatua izan zen Errepublika garaian, Aguirre bezala, eta EAJko
ministro Gobernu errepublikarretan, bai Gerra Zibilean, bai erbestean.
Baina, horiez gain, postu garrantzitsuak bete zituen nazioarte
mailan ere. Erbestean zela, Consejo Federal Español
del Movimiento Europeo-ko lehendakariorde izatera iritsi zen,
eta frankismoaren bukaeran bertako lehendakari izan zen. Trantsizioaren
azken urteetan senatari eta Nafarroako foru parlamentari izan
zen berriz ere, bere karreraren hasieran bezalaxe, Alfontso XIII.aren
monarkiaren berrezarpen garaian. Aguirreren ibilbidea Irujorena
baino esanguratsuagoa izan arren, kontuan hartu behar da Irujo
ia 90 urtez bizitu zela, eta beraz Aguirrek baino ibilbide luzeagoa
izan zuela (hau 60. urtean hil baitzen, artean gazte zela). Irujo
buruzagi karismatikoa zen, baina ez Aguirre bezainbeste. Leizaola,
esaterako, politikari grisagoa izan zen, gehiago lotzen zitzaion
eguneroko kudeaketari. Irujo polemikoagoa zen, eta aldaketa handiak
izan zituen gainera, batez ere Mundu Gerraren urteetan (orduantxe
erradikalizatu, eta goitik behera aldatu zuen Errepublikan izan
zuen jarrera). Euskal Herrian, Espainian eta Europa mailan izan
zituen karguei dagokienez, ez zuen parekorik izan. Beste politikari
ez nazionalista batzuk aipa litezke, Prieto adibidez, hau ere
diputatu eta ministro izan baitzen, Aguirreren parekoa sozialismoan.
Monarkikoak hartuz gero, berriz, Lequerica edo de Areilza izango
genituzke, frankismo garaian oso kargu garrantzitsuak izan zituztenak,
edota Pradera eta Conde de Rodezno karlistak. Baina Irujo izan
zen bizitza politikorik luzeena (ia 70 urte) eta kargu publiko
gehien bete zituena.
| Manuel
de Irujo.
Manuel de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25-Iruñea/Pamplona
1981/1/1 Erakusketan egindako argazkia |
-Buruzagi karismatiko
bat izan arren, hainbat tirabira izan zituen bere alderdiarekin. Aguirrerekin berarekin
izan zuen tirabirarik. Errepublika garaian, Nafarroako Estatutuari
zegokionez Aguirre baikor agertzen zen bitartean, Irujo ezkor
agertzen zen. Eta kontua da Irujo zuzen zebilela, azkenean 1932an
Estatutuak porrot egin baitzuen Nafarroan, berak esan bezala.
Irujori, nafarra izanik eta bere lurraldeari hain lotuta egonik,
ez zitzaion batere ongi iruditu EAJk Estatutuarekin Nafarroa gabe
jarraitzea, nahiz eta etorkizunean sartu ahal izateko klausula
bat aurreikusi, baina azkenean onartu egin zuen. Eta gainera bera
izan zen Estatutuaren ministroa. Tirabira horiek erbestean ere
izan zituen. Bigarren Mundu Gerraren garaian Aguirrek eta Irujok
fase erradikal eta independentista bat izan zuten, baina hala
ere Aguirreri ez zitzaion Irujoren jarrera gustatu. Eta, gainera,
Jiménez de Aberásturik aztertu duen bezala, jendaurrean
azaldu zuen bere desadostasuna, Londresko Euskal Kontseilu Nazionalean.
Une horietan, Aguirre non zegoen inork ez zekiela (urte bete inguru
eman zuen Alemania nazian galduta, ihes egitea lortu eta 40-41
urteetan Ameriketara joatea lortu arte), eta erbestean ia Eusko
Jaurlaritzarik ez zegoela, Irujok kontragobernu moduko bat sortu
zuen Londresen: Euskal Kontseilu Nazionala. Bere planteamenduak
ez ziren autonomista eta errepublikarrak, baizik eta askoz ere
erradikal eta independentistagoak, Mundu Gerraren urte haietan
Londresen zegoen Kontseilu Nazional Katalanaren antzera. Testu
batzuk prestatu zituen, besteak beste Euskal Konstituzioaren aurreproiektu
bat, bertan Euskadi eta Nafarroaz gain, Kantabria, Errioxa, Burgos
eta Aragoiko zenbait lurralde ere sartuz. Errepublikarrei ez zitzaien
batere gustatu proiektu hau, eta sektore nazionalistei ere ez.
Prietok euskal inperialismoa leporatu zion Irujori. Honengatik
eta beste zenbait gauzengatik, Aguirrek kritikatu egin zuen Irujoren
ekintza hori, nahiko oldarkorra zelako, eta askotan bere kontura
ibiltzen zelako, EAJko agintariei kasu gehiegi egin gabe. Gerora
izan zuten eztabaidaren bat edo beste, baina hala ere oso lagun
onak izan ziren. 1945az geroztik, biek instituzio errepublikarren
eta 36ko Estatutuaren alde egin zuten. Biek jokatu zuten Errepublikaren
karta, eta horregatik Irujo 45etik 47ra bitartean Gobernu errepublikarretako
ministro izan zen berriz ere. Irujok berak aitortzen zuen
batzuetan bere kontura ibiltzen zela, bere alderdiari kasu gehiegi
egin gabe. Horren adibiderik garbiena, 1936ko uztailaren 18an
Donostian gertatutakoa dugu. Bera izan zen Estatu kolpe bat izan
zela jakin bezain laster Gipuzkoako gobernadore zibilarengana
jo zuen lehenengo nazionalista. Edozer egiteko prest zegoela esan
zion, bere alderdiak nondik joko zuen kontuan hartu gabe. Kontua
da alderdia egun horretan bertan bildu zela Donostian, eta egin
zuen lehenengo gauza Irujoren jokaera gaitzestea izan zen. Testu
hori ez zen sekula argitaratu, baina hurrengo egunean Errepublikaren
alde agertu eta Estatu kolpearen aurka jartzea erabaki zuten.
Hala ere, batzuek zalantzak izan zituzten, Aguirrek eta Leizaolak
adibidez, 36ko udan. Irujok ez zuen sekula zalantzarik izan; horregatik
da EAJk gobernu espainiarretan izan duen ministro bakarra. Beste
nazionalista bat izan zen, Acción Nacionalista Vasca-koa,
Tomás Bilbao, 38-39an Negrín-en ministro izan zena,
Irujok dimititu ondoren, baina Kataluniako Generalitatearekin
izandako solidaritate arazo batengatik. Irujo bi urtez izan zen
ministro, lehenengo Largo Caballerorekin eta gero Negrínekin,
baina, arrazoi pertsonalengatik, ez zuen ministro izan nahi. Bere
senitarteko gehienak Nafarroan zeuden, frankisten menpe, eta batzuk
arriskuan (gerora, bere anaietako bat heriotza zigorrera kondenatuko
zuten). Baina azkenean oso leiala izan zen EAJrekiko, agian batzuentzat
disidente eta heterodoxo den jarrera horrengatik. Leialtasun kritikoa
izango zen, baina leialtasuna azken finean. 70 urte baino gehiagoz
izan zen jelkide, 1908tik 1981ean hil arte.
-Gerrak iraun
zuen bitartean ere agerian utzi zuen leialtasun hori.
Gerran
bi fase bereiztu behar dira. Irujo ministroaren aurretik, beste
Irujo bat dago, Gipuzkoako Gerra Zibilean funtsezkoa izango zena.
Bera da lehenengoa, ziurtasun handiena daukana eta sozialki aurreratuena
dagoena, gero demokrazia kristauak erbestean izango duen ildoaren
barruan. Errepublikarra zenez, eta berak errepublika demokraziarekin
lotzen zuenez, beste diputatu nazionalista eta ez nazionalista
batzuekin batera Donostian izandako altxamendua suntsitzen aritu
zen, Loiolako kuartelen errenditzearekin. Gerora, Donostian gehiegikeriak
ekiditen saiatu zen, baina ez zuen arrakasta handiegirik izan.
Bi hilabete horietan zehar eskuin aldeko preso dezente erail zituzten
Gipuzkoan, eta kasu batzuek zeresan handia eman zuten.
Gipuzkoa hainbat eremutan banatu
zen. Eibar, Irun eta Donostian Frente Popularra eta anarkistak,
langileen sektore erradikalenak, ziren egoera kontrolatzen zutenak.
Nazionalistak Gipuzkoa barnealdean gorde ziren, eta Loiolako santutegian
zuten egoitza. Hor hasi ziren beren miliziak mobilizatzen eta
batailoiak sortzen, gero Eusko Gudarostea izango zena, eta Irujo
zen buru. EAJ-k gerran ia ez zuen parterik hartu; gehiago kezkatzen
zen presoen bizitza salbatzeaz edo elizak babesteaz, baina hala
ere antolaketa militarra prestatzen hasi zen. Aldaketarik handiena irailean
eman zen, EAJko zuzendaritza eta Aguirre Largo Caballero eta Prietorekin
negoziatzen hasi zirenean, egitatezko aliantzaren ordez aliantza
politiko-militar bat sortzeko asmoarekin. Akordio hori gauzatu
zenean Irujo Gobernuan sartu zen (Largo Caballerok hasieran Aguirreri
eskaini zion kargua, baina honek onartu ez zuenez, Irujori eskaini
zion, eta honek onartu egin zuen, alderdiari zion leialtasunagatik),
baina betebeharreko baldintza batekin: euskal estatutua onar zedila.
Estatutua 36ko urriaren 1ean onartu zen Gorteetan, eta Madrilen
bilduta. Astebete geroago, Gernikan Aguirreren Gobernua osatu
zen, EAJ-Frente Popularraren koalizioa, baina EAJren nagusitasunaz.
EAJk zeuzkan kargu nagusiak, eta gainera Aguirre zen lehendakari.
Gerrarik izan ez balitz ez zatekeen akordiorik lortuko, baina
Estatutua bai egingo zela, Prieto, Aguirre eta Irujo ongi moldatzen
zirelako. Lortu zena lehenago onartzea izan zen, batez ere nazionalismoak
gerran parte-hartze militar handiagoa izateko, Gipuzkoako kanpainan
ez bezala. Ordutik aurrera, nazionalismoak askoz ere parte-hartze
handiagoa izan zuen Bizkaiko gerran, Francoren ejertzitoak 37ko
ekainean Bilbo hartu arte. Estatutuak euskal kuasiestatu bihurtu
zuen Aguirreren gobernua, botere guztia kontrolatzen zuen ia independentzia
bat zen. Eta Irujo zen gobernuaren ordezkaria, lehenengo Largo
Caballerorena eta gero Negrínena. Justizia ministro zenean,
paseoak eta chekak bertan behera uzten saiatu zen, presoak auzitegietan
epaitzeko, eta gurtza katolikoa berrezartzen, Katalunian bereziki.
Gobernua Valentzian zegoenez, eta gero handik Bartzelonara aldatu
zenez, Irujok denbora asko igaro zuen Bartzelonan, eta Bilbo erori
zenean hara joan ziren Aguirre eta beste gobernukide batzuk ere.
Han, Companysen Generalitatearekin harreman onak zeuzkanez gero,
Irujo gurtza katolikoa berrezartzen saiatu zen. Bartzelonan euskal
kapera bat ere bazen, inongo arazorik gabe. Baina gurtza berrezarri
nahi ez zuena batez ere elizako hierarkia katalana zen; nahiago
izan zuen 39ko hasieran Francoren tropak sartu arte itxaron. Beraz,
bitxia da, baina Irujok eremu errepublikarrean eta batez ere Katalunian
gurtza katolikoa berrezartzeko izan zituen arazorik handienak
ez zituen Gobernu errepublikarrarekin izan, baizik eta Elizarekin.
|
Manuel
de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25-Iruñea/Pamplona
1981/1/1 Erakusketako kartelaren argazkia |
-Irujori, Estatutuaren
defendatzaile sutsua berau, "Estatutuaren gizona" deitzen diozu. Errepublika iristerakoan,
EAJ eskuinalderantz egin zuen, erlijio kontuagatik batez ere.
Lehenengo Estatutua, Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra izenekoa,
Eusko Ikaskuntzak prestatu zuen, hainbat talde politikoren laguntzarekin.
Baina Estatutu horrek, euskal eskuin eta ezkerra batera zitzakeen
arren (garai hartan oso aldenduta baitzeuden erlijio kontuagatik),
ez zuen aurrera egin. ANVk eta ezkerraldekoek onartu egin zuten,
baina EAJk eta karlistek emendakin batzuk erantsi zizkioten, euskal
konkordatu ezagunarena adibidez. Biek errepublika federal bat
izango zela pentsatzen zuten (baina ez zen izan; eskualde autonomoak
bakarrik onartzen zituen Estatu horrek, ez estatu federatuak).
Vatikanoarekin lotura zuzena izateko asmoa zuten, erlijioa puri-purian
zegoenean Errepublikaren legeria antiklerikala ekiditeko. Kontuan
izan behar da garai horretakoak direla Ezkiogako Ama Birjinaren
ustezko agerraldiak. Batzuek Estatutuaren Ama Birjina deitzen
zioten. Politika erlijioarekin nahastu zen. Emendakin horien ondorioz
Lizarrako Estatutua prestatu zen. Klerikal eta antierrepublikarra
zen, Errepublikak konstituzio antiklerikal eta laiko bat izatekotan
Euskadi oasi moduko bat izan zedin, Vatikanoko Gibraltar bat Prietorentzat.
Beste emendakin batzuk ere erantsi zitzaizkion, baina euskal ezkerrak
eta bigarren Errepublikak ez zituzten onartu. Errepublikak joera
ezkertiar garbia zeukan urte haietan. Horren adibide da etorkinek
ezin zutela hamar urteko egonaldia izan arte bozkatu, eta erabaki
horrek ezkerrari bozkatuko zioten milaka pertsonei bozkatzeko
eskubidea kentzen zien. Horrek guztiak zapuztu egin zuen Estatutua
31. urtean. Euskadin gehiengoa lortu zuen, hauteskundeetan abertzaleen
eta karlisten Lizarrako koalizioa suertatu zelako garaile, baina
Bilbon ez, eta Araban berdinketa egon zen. Estatutu hori irailean
Madrileko Gorteetara eraman zenean, bertan behera gelditu zen,
ez zelako Konstituzioarekin bateragarri. Alkateen mugimenduaren
buru Aguirre zen arren (Getxoko alkatea zen), Irujok bere alde
egin zuen, une horretan ez baitzeukan inolako kargu publikorik.
Lizarrako koalizioan parte hartu zuenez, ez zuen Nafarroan EAJren
hautagai gisa aurkezterik izan. Lizarrako biltzarrean, eskuinekoa
zen Lizarrako Estatutuaren aldeko nazionalista-karlisten hautagaia.
Bata kendu eta Aguirre sartu zuten, eta horrek min handia egin
zien nafarrei, ez Irujori bakarrik. Bazen diputatu nazionalista
bat, Manuel Aranzadi, Irujoren lehengusua, Aguirre sartzeko bazterreratu
egin zutena.

Irujok Lizarrako
Estatutua babestu zuen arren, ez zuen Aguirrek eta beste batzuek
bezainbeste parte hartu bere prestakuntzan. Hala ere, bera izan
zen Estatutu hori bideraezina zela ikusi zuen lehenengoa. Berak
esaten zuen Euskadi existitzea bezain garrantzitsua zela Estatutu
bat izatea. Hau da, Euskadi existitzeko, Estatutu bat behar zela,
eta Estatutu horretan zein eskuduntza jasoko ziren bigarren mailako
kontua zela. Gainera, esaten zuen Estatutua lortzeko konkordatzeko
ahalmenari uko egin behar baldin bazitzaion, uko egingo zitzaiola.
Eta hori bera oso erlijioso eta katolikoa zenik. Argi ikusten
zuen modu horretan ez zegoela aurrera egiterik, Estatutuak porrot
egingo zuela eta ezer gabe geldituko zirela. Abenduaren amaieran
Estatutua Gorteetan behin betiko zapuztu zenean, Irujo Azaña
eta Prietoren Gobernuak zabaldutako bide berriaren alde agertu
zen. Estatutu hori ez zen izango Lizarrakoa, eta ezta ere Eusko
Ikaskuntzak prestatutakoa, baizik eta 31ko Konstituzioari egokitutako
Estatutu bat. Beraz, ez da euskal Estaturik egongo, baizik eta
euskal eskualde autonomo bat. Eskuduntza gutxiago izango ditu,
ez du autonomia erlijioso eta konkordaturik izango, baina nire
iritzian 31ko proiektuak baino demokratiko eta liberalagoa da.
1932ra arte Nafarroa ere bere baitan hartuko du, eta nola edo
hala Konstituzioari egokitzen zaio. EAJk bide horri eutsi zion,
baina karlismoak ez. Eta Irujok erabateko babesa eman zion, noski.
Irujo Aguirre bezain buru-belarri
sartu zen 32. urtean Estatutu horretan, baina Aguirrek pentsatzen
zuen Estatutuak Nafarroan ez zuela inolako arazorik izango, eta
Irujok baietz. Estatutua ez zenez anti-errepublikar eta klerikala,
Errepublikari egokituta zegoenez eta erlijioaren aldetik ez zuenez
ezer finkatzen, ez nafar eskuinekoei, ez karlistei ere ez zitzaien
interesatzen. Eta Irujok bete-betean asmatu zuen, zeren eta 32ko
ekainean, Nafarroako udalek ezezkoa eman zuten. Orduan Irujok,
nafarra izanik, EAJko buruzagitzari adierazi zion ez zutela Nafarroarik
gabeko Estatutu bat babestu behar, azkenean euskaldunak eta nafarrak
banatuta geldituko zirelako, eta etorkizunean Nafarroa baldintza
batzuk betez atxikitzeko klausula hori azkenean kendu egingo zelako.
Klausula hori 33. urtean Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian plebiszitatu
zen Estatutuan agertzen zen, baina ez 36ko urriaren 1ean onartutako
behin betiko Estatutuan, asko moztu zutelako, batez ere Prietok.
Hala ere, Irujok, leialtasun kritiko horrekin, azkenean onartu
egin zuen, eta bere alde egin zuen Gorteetan, baina Gipuzkoako
diputatu moduan, ez Nafarroakoa. Izan ere, bi lekuetatik aurkeztu
zen, Aguirre bezala, honek Bizkaia eta Nafarroan egin zuen eta.
Baina Nafarroan ez zeukanez zer egin (eskuina hegemonikoa zen,
eta EAJk ez zuen botuen %10 baino gehiago), Gipuzkoatik atera
zen. Gauza jakina da Araban eskuinak
geldiarazi egin zuela Estatutua 34. urtean, eta 36an eman zitzaiola
behin betiko onespena. Ezagunak dira Calvo Sotelok zuzendutako
kritikak: "Antes una España roja que una España
rota", edota EAJko diputatuei zuzenduz esan zuena:
"entregaros el Estatuto, es
un crimen de lesa patria". Irujo tinko mantendu zen hitz hauen
aurrean, eta Aguirre eta Monzonek bezala, esan zuen beraiek Estatutua
defendatzen jarraituko zutela, nahiz eta beraientzat programa
minimo bat izan. Beraiek nahi zutena foruak berrezartzea zen,
subiranotasun euskalduna lortzea. Irujok oso esaldi grafikoa bota
zuen, errealitate bihurtuko zena. Bere pragmatismo horrekin, 35.
urtean esan zuen diputatu nazionalistek Estatutua ekarriko zien
eskua bedeinkatuko zutela, eta, Fusik idatzi duen bezala, Prietorena
izan zen esku hori. Irujok 36ko udaberrian idatzitako eskutitz
batean, zera zioen: "Prieto es el hombre del Estatuto". Oso gizon
argia zen, eta une horietan Estatutuaren gizona Prieto zela ikusi
zuen, Estatutu hori ezkerrekoen eskutik zetorrela. ANVk 31. urtean
proposaturikoa bezala. EAJk hanka sartu zuen Lizarran karlismoarekin
bat egitean. Ikuspegi erlijiosotik ondo etorri zitzaion hautesle
katolikoak eskuratzeko, baina gaizki Estatutua lortzeko. Beraz,
36ko Estatutua Prietoren eta ezkerraldekoen Estatutua zen. Gerra
garaian onartu zen arren, gerrarik izan ez balitz ere onartu egingo
zen. Irujo ministro izateko azkartu zen bere onarpena, eta EAJk
gerran militarki parte hartzeko. Alde horretatik, Irujo Estatutuaren
gizon bat izan zen. Erabat estatutuzalea zen. Garbi utzi zuen
ez zela hori bere helburua, eta ezta ere nazionalismoarena. Bere
helburua foruak berrezartzea eta euskal subiranotasuna lortzea
zen, baina hala ere funtsezkoa zen Estatutua, Euskadi existitzea
bezain funtsezkoa. Mundu Gerraren parentesia kenduta, orduan instituzio
errepublikarrak eta Estatutua ahaztu egin baitziren, 45etik aurrera
Irujo errepublikar eta estatutuzale agertzen zaigu berriz ere.
Alternatiba monarkikoaren aukera azaldu zenean, Don Juan de Borbón
Francoren aurrean, hain zuzen ere Prietok proposatua, EAJko sektoreek
onartu egin zuten (batez ere Monzónek, Aguirreren Eusko
Jaurlaritzako kontseilariak), baina Irujok ezezko borobila eman
zuen. "El péndulo patriótico" liburuari esker jakin
ahal izan dugu une batzuetan Irujok, pixka bat bere kasa arituz,
akordio batzuk lortu zituela errepublikarrekin, eta prest zegoela
gobernu errepublikarrera itzultzeko Francoren erregimena sendotuta
zegoenean. Baina EAJko zuzendaritzak kritikatu egin zuen jarrera
hori, eta ez zion pauso horiek ematen utzi. Horregatik, erbeste
garaian nahiko hotzak izan ziren Ajuriaguerrarekin eta EAJko zuzendaritzarekin
izan zituen harremanak.
-Irujori aitortu
beharreko beste merezimenduetako bat, alderdia europeizatzearren
erbestean egindako lana litzateke. Irujo bigarren Errepublikan
hasi zen europarzaletzen. Donostian 33. urtean Euzkadi-Europa
lemapean ospatu zen bigarren Aberri Egunean, Irujok nazionalismoari
eta nazioartekotasunari buruzko hitzaldi bat eman zuen, Europan
egotearen garrantzia azpimarratuz. Egunkarietan hainbat artikulu
idatzi zituen gai honen inguruan, eta Galeuzca itunaren defendatzailerik
sutsuena izan zen gainera. Irujok 33. urtean hiru lurraldeetan
barne egindako bidai batean hartu zuen parte, ituna defendatzeko,
eta Ginebran gutxiengo nazional europarrei buruz antolatu zen
kongresu batean ere aurkeztu zuen asmoa, baina ez zitzaion batere
gustatu EAJk urte hartan inolako ordezkaritzarik ez bidaltzea
kongresu hartara, bere ustez Galeuzcak hortxe hartu ahal izango
zuelako nazioarteko maila. Horregatik eta beste zenbait arrazoiengatik,
bertan behera gelditu zen Galeuzca proiektua. Erbestean zela, Irujo katalan
eta galiziarrekin bateratzearen alde agertu zen. Lehendabizi euskaldun
eta katalanen arteko itun bat egin zuen Londresen, eta harremanetan
izan zen Gobernu britainiarrarekin eta Frantzia askearekin. Baina,
Jiménez de Aberásturik aztertu duen bezala, Irujok
Londresen zituen proiektu horiek oso erradikalak ziren. Berak
jarrera errepublikar eta autonomista hartu zuen, baina, EAJk bezala,
kontuan hartzen zuen Europa ere. Aguirre edo Landaburu, adibidez,
gehiago lotzen zitzaizkion nazioartekotasun demokrata-kristauari,
baina Irujo mugimendu europarrean zentratu zen bereziki. Europar
batasunaren eta ideia europar eta federalisten defendatzaile sutsua
zen. Errepublikar federal bat zen. Beretzat errepublika erregimen
demokratiko bat zen, eta hain zuzen ere errepublika federal bat
nahi zuen Espainia eta Europarako.
51.
urtean sortutako Euskal Kontseiluko lehenengo Zuzendaritza Biltzarreko
bokaleetako bat zen Irujo, eta denbora askoan izango zen bertan.
Eta baita 1949an sortutako Consejo Federal Español del
Movimiento Europeo-n ere. Bertan lehendakariorde izan zen.
Salvador Madariaga liberala zen lehendakaria, eta Irujok hainbat
eztabaida izan zituen berarekin Espainiari buruz, baina hala ere
hori ez zen oztopo izan bata lehendakari eta bestea lehendakariorde
izateko. Frankismoaren bukaeran, Madariagak dimititzerakoan, Irujo
bihurtu zen bertako lehendakari, 73tik 76ra. EAJko buruzagi batzuek
ez zuten begi onez ikusten Irujok kargu horiek betetzea eta erbesteratutako
errepublikar espainiarrekin harremanetan izatea, baina Irujo oso
independente eta irekia zen, eta horrelakoa zen bere jokabidea.
Trantsizio garaian Europaren Lagun izendatu zuten, eta lehendakaritza
utzi zuenean Mugimendu Europarreko Kontseilu Espainiarreko ohorezko
lehendakari izendatu zuten. Bere iritzian, euskal arazoa konpontzeko
bidea errepublika federal espainiar bat eratzea zen, mugimendu
europar baten baitan kokatuko zena, eta ez monarkia, eta ezta
ere Frente Nacionalista Vascoren planteamendu erradikalak ere,
Monzónek frankismoaren azken garaietan eta trantsizioan
hartutako bidea.
-Monzón
aipatu duzu. Honek ere izan zuen eztabaidarik Irujorekin. "El péndulo
patriótico" liburuan azaltzen den ideia aipatuko nuke,
hau da, EAJ bi muturretan ibili izan dela: pragmatismoan, estatutuzaletasunean
alegia, eta idealismoan, foruak, subiranotasuna edo independentzia
berrezartzeko asmoarekin. Frankismoan eta trantsizio garaian,
Irujo eta Monzón dira penduluaren bi mutur horiek pertsonifikatzen
dituztenak. Biak izan ziren diputatu Gorte errepublikarretan.
Monzón kontseilari izan zen Aguirreren Gobernuan, eta Irujo
ministro. 40ko urteen bukaeran Monzón monarkikoa zen. Don
Juanekin akordio batera iritsi nahi zuen, Francorekin amaitzeko
modu bakarra monarkia ezartzea zela pentsatzen zuelako, eta Irujok
bere tesi errepublikar eta demokratikoak defendatzen jarraitzen
zuen, errepublika demokraziarekin lotzen. Gero, frankismoaren
eta trantsizioaren urteetan, Monzón aldatu egin zen. Askoz
ere erradikalagoa bihurtu zen, eta bera zen EAJren baitan ETAren
tesiekiko gertuen zegoena. Bere ustez, ETAren sortzaileak Sabino
Aranaren semeak ziren, bidean galduak, eta aitaren etxera itzuli
behar zutenak, eta Anai-Artea eta abarren bidez lagundu zien.
Monzón Frente Nacionalista Vascoren tesien alde zegoen,
eta hala adierazi zuen Suarezek 77an deitutako hauteskundeetan.
Monzónen ideien aurrean, Irujorenak zeuden. Ia bere bizitza
guztian zehar, bigarren Mundu Gerran izan ezik, adierazitakoa
mantentzen jarraitzen zuen. Organismo europarretan sartuta zegoen,
eta frente nazionalistaren aurrean frente autonomikoa aldarrikatzen
zuen. Nafarroako senatari izan zen, eta gero Gernikako Estatutua
izango zena izapidetu zuen.Azkenean onartu egin zuen monarkia,
baina lehenagokoarekin zerikusirik ez zuen monarkia bat, oraingoa
demokratikoa izango zelako. Eta, Monzónek izan ezik, frankismoaren
garaia gainditzea lortu zuten gehienek bezala (Leizaola, Ajuriaguerra,
Julio Jauregi), Estatutuaren alde egin zuen Irujok. Bitxia da nola monarkiko bat
nazionalista erradikal bihurtu zen, eta bestea errepublikar, demokrata
eta estatutuzale mantendu zen. Horri esker Irujo Nafarroatik senatari
izan zen 77ko Gorteetan, eta Gernikako Estatutua sortuko zuen
prozesua bultzatu zuen. Santiago de Pablok duela gutxi adierazi
du Irujo eta beste batzuk, tartean Leizaola, 1978an espainiar
Konstituzioari baiezkoa ematearen alde agertu zirela, EAJk abstentziorako
deia egin arren. Horrek bazuen logikarik Irujoren ibilbide politikoan,
zeren eta Irujo damu zen EAJk 30. urtean Donostiako Itunean parte
hartu ez izanagatik. 31.urtean ez zitzaion hanka sartze bat iruditzen,
garai hartan kritikoa zelako errepublikarekiko, baina erbestean
eta trantsizio garaian bai, katalanek bezala parte hartu izan
balute, askoz ere lehenago eskuratuko zutelako Estatutua. Kataluniako
Estatutua 32koa da. Berak esaten zuen Molak 36an Nafarroan hainbesteko
askatasunez konspiratzea ere ekidingo zukeela. EAJ bera ere trantsizioan jabetu
zen horretaz, eta 30-31 urteetan politika espainiarrari muzin
egiten baldin bazion ere, 74-77 urteetan oposizioko organismo
guztietan hartu zuen parte, eta gero Suárezekin negoziatu
zuen batzordean. Batzorde horretan EAJren ordezkaria Julio Jauregi
izan zen hain zuzen ere, 36ko diputatu zaharra, Irujoren lagun
mina. Irujo erbestean ministro zenean, Jauregi bere ministerioan
egon zen, eta garai hartan bera zen Irujorekin batera EAJn tesirik
estatutuzaleenak zituena. Irujok bere ideiekin bat etorriz
jokatu zuen, eta historiaren irakatsietatik ikasten saiatu zen.

"Manuel
de Irujo Ollo. Lizarra/Estella 1891/9/25-Iruñea/Pamplona
1981/1/1 Erakusketan ateratako argazkia.
José Luis de la Granjaren argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
Euskonews & Media 141.zbk
(2001/10-26/11-2)
|