|
INDIA
HARRIGARRIA
Egilea:
Gotzon Garate
Bilduma: Literatura 213
Argitaletxea: Elkarlanean
Orrialde kopurua: 232
Ezaugarriak: Lurralde miresgarririk, amesgarririk
ikusi nahi baduzu, zoaz Indiara, esaten digu egileak liburuaren
hasieran. India sagaratua, India misteriotsua, fakirren, Budaren,
behien, kasten lurraldea, zeruaren ederra eta infernuaren latza
elkartzen dituen herria; mendebaldeko gure zibilizazio praktiko
eta moderno honen guztiz bestelakoa. Hindi hizkuntza ikasteko
asmoz joan zen Gotzon Garate Indiara: Ahmedabad, Ranchi, Kalkuta,
Bonbai, New Delhi, Varanasi eta beste hainbat bazter ezagutu zituen
bertan. Baina batez ere jendea, jendea, jendea: talde handiak,
samalda izugarriak nonahi pilaturik; gizarte zabal, ñabar,
askotariko horren barruan, ordea, pertsonak daude: hezur-haragizko
gizon-emakumeak, beren poz eta atsekabeekin, beren ohitura eta
beren gorabeherekin. Jendearen istorio eta bitxikeriekin osatu
du egileak liburu hau, Indiaren alderdi harrigarria marrazten
diguna; ez da hor makurkeriarik falta, hala nola emakumeen bazterketa,
haurren miseria edo kasten arteko arrazakeria, baina ilun horrek
berezkoa du argia ere: bizi-pozez eta bihotz zabalez hornituriko
Indiako gizateria.
Gotzon Garate (Elgoibar, 1934), euskal idazle oparoa eta
Deustuko Unibertsitateko irakaslea, munduko lau bazterretan eta
Euskal Herriko probintzia guztietan ibilia da. Ugari bezain askotarikoak
ditu liburuak: marxismoaz, euskal eleberrien kondairaz, atsotitz
eta esaera jatorrez... Literaturako sorkuntzaren barruan sona
handia eman zioten polizi eleberriek: Esku leuna, Alaba, Elizondoko
eskutitzak, Goizuetako ezkongaiak, Izurri berria, Atzerriko eta
Euskal Herriko polizi eleberriak... Aipatu beharrekoa dugu, halaber,
kronika honen aurrekaritzat jo dezakegun liburua: New York, New
York. |
|
Harry
Potter eta sekretuen ganbera
Egilea: J.K. Rowling
Itzultzailea: Iñaki Mendiguren
Bilduma: Harry Potter 2
Argitaletxea: Elkarlanean
Orrialde kopurua: 288
Ezaugarriak: Harry Potterren itzalak literatur esparrua
gainditu eta fenomeno sozial izatera heldu da munduan zehar, Ingalaterran
eta Estatu Batuetan bereziki, baina horren entzutea, Errusiatik
barrena, Txinaraino ere iristen da. Harry Potterrek ahalmen miragarria
baititu. Horregatik, liburua zabaldu ahala bere magiaz liluratzen
gaitu, eta liburuan sartuz goazen neurrian, are eta gehiago sorginduz
goaz, harik eta liburua itxi eta, mago batek bere makilatxo magikoa
astintzean bezala klisk! egin eta esnatzen garen (edo
gaituen) arte. Sugeak liluratu duen txoria bezala sentiarazten
gaitu.
Harry Potter azti ausarta, Hogwartseko Azti eta Sorgin Eskolan
lehenengo ikasturtea bukatu ondoren, bere osaba-izeba gogaikarrien
etxean dago, bigarren ikasturtea noiz hasiko zain. Larri dago
Harry gaixoa... Baina bere lagun Ron Weasley laguntzera etorriko
zaio auto hegalari batean eta
Harryk bigarren urtea du Hogwartsen,
eta bigarren hau ere iazkoa bezain mugitua, arriskuz betea eta
ziragarria izango da. |