|
Europar
Batasuna, agerikoa denez, Estatu tradizionalen betebeharren bidez
ari da aurrera egiten. Hala eta guztiz ere, ardatzik funtsezkoena
franko-alemana den arren, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo
bezalako Estatu txikiak dira Europar Batasunaren eraketako benetako
protagonistak. Ikusi besterik ez dago erakunde publiko komunitario
gehienak Europar Batasunaren sortzaile izandako hiru Estatutxo
horietan daudela lekututa.
Egungo mundu modernoan,
Estatu bat potentzia dela esateko, ez zaio bere botere militar
edo estrategikoari begiratzen; aitzitik, beste batzuk dira kontuan
hartzen diren kualitateak, hala nola eskura dauzkan baliabideak
modu inteligentean erabiltzea, goi teknologiarekin lotuta egotea
edota giza faktorea ahalik eta ondoen prestatuta izatea.
Arlo orotako filosofo,
politikari eta analistek, bideragarritasun ekonomikoa eta errealismo
politikoa argudiatuz Europa hegoaldeko bi Estatu nazional handienen
artean hirugarren bat sortzeko aukerari muzin egiten dioten bitartean,
gutxienez aipatzeko modukoa da Gipuzkoak adina biztanle dituzten
lurralde txiki batzuek, Luxenburgok kasu, daukaten garrantzia.
Estatu
txiki hauek elkarbizitza hobetzeko faktore gisa betetzen duten
papera aldarrikatzeko orduan, Bartzelonako Unibertsitate autonomoan
duela gutxi Judithe GIFREUk aurkeztutako doktore tesia aipatu
beharra dago, sortzen ari den Europan eskualdeen eta Estatu txikien
kasuan sortzen diren kontraesanak lantzera bideratua.
Irakasle honen aburuz,
Estatu txiki hauek dira, hain zuzen ere, beren ezaugarri intrintsekoak
direla-eta, modernitatearen exigentzia eta eskakizunei behar bezalako
erantzuna emateko egoerarik onenean daudenak, besteak beste honako
arrazoi hauengatik: desmilitarizatuak daude, eta, ondorioz, nazioartean
harreman onak izateko mekanismo diplomatikoak erabiltzeko joera
daukate; adostasunera iristeko estrategiei esker, oso aurreratuta
daukate negoziazioaren eta konpromisoaren kultura; erraztasun
handia daukate aldaketetara eta egoera ekonomiko-sozial berrietara
egokitzeko; esperimentatzeko eta berritzeko gogoz azaltzen dira
-belaunaldi honetako asmakizunik aipagarrienen egileak nahiko
nazio txikietan aritu dira lanean-, eta esperimentazioaren arloan
aitzindari bihurtu dira; kanpora atzeratzeko gaitasuna daukate;
etab., etab.
Globalizazioari egokitzeko
jarraitzen diren irizpideen aurrean, Estatu handiek eta beren
burokrazia indartsuek iraganeko inertzian errotuta darraite: paternalismoan,
kontserbadurismoan, hiritarrarengandik urrun, harropuzkerian eta
dinamika modernoen bazterrean. Estatu Batuak alde batera utzita,
gainerako Estatu nagusi guztiak gainbehera egiten ari dira, modernitatearen
exigentzien aurrean nola edo hala birlekutu nahian.
Testuingurua aipatutakoa
izanik, bitxia da autore batek esandakoa; alegia, "gerraoste hotzaren
garai honetan, txikia, inteligentearen sinonimo bihur daitekeela".
Beste hainbeste esan liteke, nahiz eta beste neurri batean, Estatu
europar deszentralizatuei buruz. Nolanahi ere, badirudi hau dela,
eta hau baino ez, modernitate eta globalizaziorako bide zuzena,
politikariek beste gauza hoberik pentsatu ezean, jakina.
José Manuel Castells
Arteche, Administrazio Zuzenbideko Katedraduna |