|
Hiru
urtez Eusko Jaurlaritzan egon ondoren, Joxerramon Bengoetxea Luxemburgera
itzultzen da. Hango lana eta bizimodua ederto ezagutzen ditu,
orain urte batzuk Europar Justizia Auzitegiko legegizona izan
baitzen. Oraingoan ere, horretan arituko da. Halere, ez da luzerakoa
izango, leku batetik bestera ibiltzea atsegin duelako. Dena den,
han edo hemen, bere helburua Europa izango da beti.
-Irakaslea, legegizona edo politikaria zara? Zuzenbidearen teorilaria
naiz, europar zuzenbidean aditua, edo hori atsegin dut, behintzat.
-Eta zergatik
ez zara lan zuzenbidean edota familia arazoetan aditua? Zuzenbidearen teoria
betidanik gustatu zait. Horrez gain, nazioarteko zuzenbideak erakartzen
nau, gehien bat, europar zuzenbidea, oso europarzalea bainaiz.
Europar Batasunean sinesten dut, eta arlo hori jorratu dut.
-Horretarako,
Euskal Herritik kanpo ikasi zenuen hainbat urtetan. Eskoziara joatea erabaki
nuen, gehien interesatzen zitzaidan aditua bertan baitzegoen.
Aniztasuna, Estatuen arazoak, Estatuak ez diren herrien betebeharra...
ikertu nituen. Europar gaia ardatza izanik, Alemanian eta Italian
ere ikasi nuen.
-Ikasketak
bukatu eta irakaslea izan zinen Euskal Herriko Unibertsitatean.
Halere, ez zen luzerakoa izan, Luxemburgera joan zinen eta.
Bai,
Europar Justizia Auzitegira. Han legegizona izan nintzen, epaile
batentzat egiten nuen lana, behar zituen txostenak eginez. Oso
lan interesgarria da. Epaileak erabakiak hartzeko, hainbat txosten
behar ditu, eta horretan ari nintzen ni.
-Zuzenbidearen
teorilaria izanik, nola suertatzen zaizu teoriatik praktikarako
ibilbidea? Esaterako, Auzitegian arrantza arazo bat baduzue, nola
erabiltzen duzue teoria praktikan? Hizkera da zuzenbidearen
ardatza. Azken finean, zuzenbidean agiriak ditugu. Alde bakoitzak
legearen hizkeran oinarritu behar ditu bere argudioak, eta horretarako,
hizkuntza landu behar dute.
-Hizkeraz ari
zarela, hiritarroi zuzenbidearen hizkera zaila suertatzen zaigu. Legegizonok hizkera
korapilatsua erabiltzen omen dugu. Horrekin bat nator, zuzenbidea
berez teknikoa delako. Gainera, batzuek den baino teknikoagoa
egiten dute, ezagutzaren jabetzari eusteko. Sendagileei, ekonomilariei...
ere hori gertatzen zaie, eta gauzak argiago azal daitezkeela pentsatzen
dut. Hori, ezbairik gabe, ez da ona.
-Bestalde,
inkestek diotenez, hiritarrok Europar Batasuneko instituzioak
urrun somatzen ditugu. Guztion errua da, eta
neurri handi batean, baita komunikabideena ere.
-Halere, Estatuek
Europan sinesten dute?
Batzuek
bai, eta beste batzuek ez. Bigarren gerrate mundiala amaitu zenean,
berriz horrelakorik ez gertatzeko oinarriak beharrezkotzat jo
zituzten agintari batzuek, eta hori da Europa. Orduan Europa eraikitzeko
gogoa sortu zen, nazionalismoak gainditu egin behar zirelako,
ordurarte adierazi ziren eran, behintzat. Nazionalismo horiek
suntsipena, zatiketa, gerratea, bortxakeria... ekartzen zituzten,
hau da, gaitz asko. Noski, nik hori nazionalismoa gaizki ulertuta
zela pentsatzen dut. Gaur egun, berriz, Europa sortzea ezinezkoa
izango litzateke. Orain norberak zenbat ateratzen duen europar
apostutik da agintari gehienen jokoa. Hori gaizki ulertuta dago,
horrela, ez baitzen jaio Europa.
-Teorian europar
proiektuak etorkizuna du, baina, praktikan, egunerokoan, agintarien
bilera garrantzitsuetan, Estatuek ez dutela indarra galdu nahi
antzematen da. Hortxe dago gakoa.
Estatuko pentsamoldearekin jarraitzen dugu, ez dugu uste Estatuetatik
kanpo ezer egon daitekeenik, ez dugu horretan sinesten. Komunikabideek
ere zeresanik dute kontu horretan. Esaterako, kirolean. "Espainiarrek
ez dakit zenbat domina lortu dituzte Olinpiadetan" da eguneroko
titularra, eta ez, "Europak hainbeste domina lortu ditu". Azken
hori ez du inork esaten, ez dugulako europarrak bezala pentsatzen.
Zergatik ez? Europarrak gara! Komunikabideek lan hori egiten lagundu
behar dute.
-Agintarien
bilera handietaz ari nintzen. Zeuk, euskal hiritar bezala, zure
herriak bilera horietan hitza izatea eskatzen duzu? Noski. Nik nire hitza
bertan entzun nahi dut, ez beti irabazteko, baina bai,gainerakoek
euskaldunok gai ezberdinen inguruan zer iritzi dugun jakiteko,
eta are gehiago, nire interesen alde egin nahi dut bilera horietan.
Batzuetan, irabaziko dut, beste batzuetan, ordea, ez. Euskal Herria
ez da Espainia baino gutxiago, subiranotasun kontua da, laburbilduz.
-Gaurko egoera
juridiko-politikoan Europan hitza eta erabakia izatea posiblea
al da?
Gaur
egun zaila da. Dena den, Espainiak onartuko balu, posible izango
litzateke. Hala eta guztiz ere, nola ikusten dute Espainiako ordezkariek
Espainia? Beraientzako Espainia Madril da, eta noski, gobernua
bakarra da, euren iritziz. Alemaniarrentzat, berriz, Estatua ez
da hori. Haientzat, Alemania da gobernu zentrala gehi landerrak.
Hemen, aldiz, autonomia erkidegoak gobernu zentralaren etsaiak
direla pentsatzen dute. Landerrek ordezkaritza dute Bruselan,
guztien artean ordezkari bat izendatzen dute eta horrek bilera
erabakiorretan hartzen du parte. Hori formula bat baino ez da,
beste bat Eskoziakoa izan liteke. Erresuma Batuan gaiaren arabera
izaten da ordezkaritza, batzuetan, ministrari britainiarrarekin
batera eskoziarra doa, eta beste batzuetan, eskoziarra bakarrik
joan daiteke, britainiar guztien izenean. Adibide gehiago daude:
Austria, Belgika... Estatu zentralistak ere ditugu, baina, Espainia,
teorian, autonomia erkidegoak eta, ez da zentralista, portaeran,
berriz, erabat. Gainera, PP alderdia ez da errudun bakarra, PSOEk
ere berdin jokatzen baitu. Ez daude eroso autonomiekin. Hori aldatzeko
borondatea baino ez da behar. "Hemen ez dago ezer egiterik, egin
dezagun gure Estatu propioa" esaten dutenei argudioak ematen dizkiete.
Berriz, aipatzen dut, euskaldunok Europan ordezkaritza izateko,
ez da inolako legerik aldatu behar, borondatea baino ez da behar.
-Euroa gainean
dugun arren, Europako proiektuak atzera jo du azken urteotan? Estatuak berekoiak
izan daitezkeela gero eta onartuagoa dago. Hori da atzerapausoa.
Horrela pentsatuz gero, inork ez du ezer ematen. Halere, baikorra
izan nahi dut. Merkatu amankomuna lortzen ari gara, euroa, Europaren
barruan gure enpresek truke asko egiten dituzte... Hori guztia,
gure onurakoa da. Bestalde, Europan politika berri asko egiten
ari dira, eta horiek gero eta eragin handiagoa daukate guregan.
Europa errealitate bat da. Hori bai, ez dakit konturatzen garen
edo ez, eta zenbat dakiten horren inguruan gu informatzen gaituzten
kazetariek.
-Etorkizunari
begira, zein da Europaren desafioa? Hiritartasunari edukina
ematea. Europar hiritarrak gara, baina horrek zer esan nahi duen
azaldu beharra daukagu. Estatubatuarrek ederki dakite hori, eskubideak
zein betebeharrak, noski.
-Hori lortzeko
gidaririk dugu agintarien artean? Komunikabideek sortzen
dituzte gidariak, eta arazoa da Europan komunikabideak nola dauden
hedaturik. Estatuko komunikabideak dira, eta noski, interes handiak
dituzte. Ez zaie europar ikuspegia ematea interesatzen, ez baitute
menperatzen. Komunikabide alternatiboek ere ez dute lagundu, euren
iritziz, egindakoa merkatarien Europa baita. Euskal abertzaleok
ere eskema sinplegiak dauzkagu, Estatuari oso loturik daudenak.
Europa egiteko, hori gainditu behar dugu. Ez gara ohartzen, baina,
gero indarge sentitzen gara globalizazioaren aurrean. "Hori ez
dago gure kontrolpean", "Hori kanpoan, beste batzuek erabakitzen
dute", "Estatu handiek inposatu dute hori"... Eta gu zer? Benetan
libre izan nahi badugu, testuinguru zabalago batetan kokatu beharra
daukagu, bestela, akabo.
-Orain, urte
berriarekin batera, Euskal Herria utzi, eta bertara itzuliko zara.
Nola da bizitza Luxemburgen? Herri txikia duzu,
eta askoren iritziz, aspergarria da. Lasaia, oso berdea, gurea
bezala. Bizitza kalitate handia dute. Parranda egin nahi baduzu,
ez zaitez Luxemburgera joan. Horretarako, Euskal Herria ezinhobea
dugu. Gainera, Europako oso leku interesgarrian dago kokatuta,
eta gu baino aberatsagoak dira, bizitza kalitatea ere handiagoa
da, baina, nola neurtzen dugu kalitatea? Gurean, orohar, oso ondo
bizi baita. Hemen badakigu dibertitzen, bakardadea somatzen da
han. Hemengo alaitasuna ez duzu hango kaleetatik ikusten.
-Eta zenbat
urte emango dituzu han? Ez dakit, zaila da
esatea, baina, pare bat urte, edo. Gero ikusiko dugu, beti leku
batetik bestera ibili bainaiz. Nik bizitzari aniztasuna, ikuspegi
eta gauza ezberdinak izatea eta ikastea eskatzen dizkiot, lanpostu
ezberdinetan egonez.
-Azken hiru
urteotan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzaren sailburuordea
izan zara. Zer nolako esperientzia izan da?
Polita,
interesgarria eta gogorra. Ez da lan erraza, Sailak berak zailtasunak
ditu eta. Alde batetik, sindikatuak, bestetik, enpresariak...
Gobernua erdian dago, eta nolabaiteko orekari eutsi behar dio.
Langabezia ere dugu, nahiz eta urte hauetan behera egin.
-Une onak eta
txarrak izan dira? Niri Espainiako gobernuak
Hobetuz planarekin egin duena oso gogorra suertatu zait. Astakeria
hutsa iruditu zait. Gure langileek eta enpresek 6.000 milioi pezeta
inguru ordaintzen dituzte, eta haiek, aldiz, 1.500 milioi itzuli
dizkigute. Hori lapurketa! Nire ustez, jarrera horrek PPren benetako
aurpegia erakutsi du. Gainera, Estatuko sindikatu nagusiek zein
enpresariek ez dute deus esan, eta ados azaldu dira. Alde onean,
berriz, lan hezkuntza landu dugu, enplegu zerbitzua martxan daukagu,
orientazio zerbitzua, esaterako. Hemendik hobeto gestionatzen
ditugu gauzak, gure administrazioa eraginkorra baita.
-Ezker Batua
Jaurlaritzan egoterakoan, sindikatuen eta enpresarien arteko harremanak
errezagoak izango dira? Nik ez dut uste harremanak
derrigorrez hobeak izango direnik. Nik uste dut Ezker Batua sartzea
ona dela, eta kitto. Ona da guztiontzako, aberastuko gaituelako,
ekarpen aurrerakoiak eskainiko ditu... Ezkerreruntz joko du, eta
hori ez da gauza txarra.
-Politikaria
zarela esan genezake? Ez dut nire burua horrela
ikusten. Politikari guztiei errespetu handia diet, batzuek guztiak
berdinak direla dioten arren. Hori ez da egia. Baina, alderdiek
arauak dituzte, euren erabakiak alderdiko guztiontzat dira, eta
ez dute ezberdintasuna onartzen. Dirudienez, iritzi ezberdinak
izateak kalte egiten die, eta hain zuzen ere, nire ustez, kontrakoa
da. Beti militantea izango naiz, baina ez dut betirako politikaria
izan nahi. Nire burua oso independientea ikusten dut, nahiz eta
alderdi baten baitan egon. Egunen batean, nire gogoetak alderdiarekin
bat ez doazela ikusiko banu, utziko nuke.

-Eta noiz itzuliko
zara unibertsitatera? Unibertsitatea nire
benetako iparra da. Unibertsitatera ikertzeko itzuliko naiz, ni
lan ezberdinetan bizi izandako esperientzien inguruan ikerketa
egitea eta sakontzea gustatuko litzaidake. Europar gaiak asko
interesatzen zaizkit, beraz, edozein lekutan egonda ere, Europarekin
zerikusirik daukana egiten saiatuko naiz. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 139.zbk
(2001/10/11-19)
|