Testua
sakralizatu duten teoria literarioen kaltetan izanik ere, onartu
behar da idazleaz irakurleak duen errepresentazioak obraren beraren
irakurketa baldintzatu egiten duela. Kontalariaren nortasunaren
arabera, hau da, kontalariaz dugun ideiaren arabera epaitu
eta ulertuko dugu testua. Aristotelesek, iada, zera zioskun bere
Erretorikan : « Erretorikaz aritu diren batzuek
diotenaren aurka, ez da egia hizlariaren zintzotasunak ez duela
eraginik bere hitzen komentzimendu indarraren gainean ; aitzitik,
aiurri moralean kausitzen du ia diskurtsoak, esan nezake, bere
komentzimendu indarrik gehiena. » Hizlariaren
edo idazlearen aiurri edo jitearen arazoa –ethosarena,
beraz, terminologia erretorikoan– berriro modan jarri zaigu, bereziki
literatura komunikazio gertaera gisa aztertzen hasi denez gero
(1).
Alabaina, zein da
hemen ikertu nahi den idazlearen irudi edo errepresentazioa ?
« Oso eskematikoki hitzegiteko, esan dezakegu aipatu nahi
dugun autorea ez dela literaturaren historiarena nahiz filologiarena,
bere segeretu zein intentzioekikoa. Ezta Freud eta psikoanalisiarena,
bere inkonszientearekikoa […]. Ez da bere obraren subjektua, edo
ez hori bakarrik bederen. [Aipatu nahi den autorea] biografiko
izenpean bil ditzakegun hainbat ekintza diskurtsibo nahiz ez-diskurtsiboren
objektua ere bada. » (Lavialle & Puech, 2000 : 10).
Esan dezakegu, beraz, dela, lehenik, idazle izateko modu bat.
« Idazle-pertsonaia bat onartzeak suposatzen du gizakia eta
bere obrari hirugarren termino bat gehitzen diegula, bien arteko
harreman tradizionala eta azken honi zegozkion galdera eskolarrak
aldatu egiten dituena […] Hortik aurrera, presentzia biografikoa
deritzonak (sasi-presentzia, nahi bada, baina xarma egiazkoz kargatua) Liburuaren
efektuan eta abstrakzioan esku har dezake. » (Ibid. : 12)
Baina arazoa da autore
guziek ez dutela idazle izateko manera bera. Idazle bakoitzaren
irudia berau osatzen duten biografema ezberdinak aztertuz
marraz dezakegu. Zein dira, bada, idazlearen biografemak ?
Honela zerrendatu genitzake, nahas-mahasean bada ere : obratik
kanpoko autorearen hitzarekin zerikusia duten biografemak (elkarrizketak,
entrebistak, korrespondentzia, lagunen bitartez dakizkigun erranaldi
gogoangarriak, etb.) ; janzkera edo irudi fisikoa osatzen
duten biografemak (bere txapela, bere bizarra edo bigotea, ibilera
distraitua, gabardina luze eta zikina, etb.) bere izena (edo ez-izen
literarioa), bere famili-kondaira (kokapen soziologikoa, psikoanalitikoa,
genealogikoa), bere bizilekua edo dekoratua (baserria, etxebizitza
burgesa, idazgela mahain gainean lotan datzan katuarekin, bizi
izandako azken egoitza, sortextea, bere liburuetan aipatzen diren
hiri edo naturgune enblematikoak, etb.), gertaera biografiko famatuak
(presondegiratzea, presondegitiko ihesaldia, Nobel Sariari uko
egin zionekoa, frankistek fusilatu zutenekoa, rock talde underground
bateko kantari izan zenekoa, HIES eritasunaren aitortza
publikoa egin zuenekoa, etb.), etabar luze bat. Finean, idazlearen
biografia benetako drama literario bat litzateke, hain zuzen aipatu
berri ditugun biografema guzti horien sintesiaren emaitza, zeinaren
zuzendari artistikoa bailitzateke autorea bera. « Izan ere,
bada zer esan "idazle imaginario" bihurtzeko behar horretaz.
Hots, bere buruarentzat fantasmatika pertsonal batean oinarritutako
nortasun propio bat sortzeko beharraz ; nortasun bat zeinak
aldi berean imaginario sozialean kokatzeko erraztasunak eskaini
behar dituen. » (José-Luis Diaz, 2000 : 61) Guzti
honen gibelean idazlearen benetako "estrategia identitario"
baten garapena soma daiteke.
Haatik, hemen biografema
bakar bat hartu nahi genuke aintzat, sakondu asmoz : idazlearen
kokapen geografikoa idazten ari den unean. Nundik idazten ari
zaigu ? Ba al du garrantzirik Apokalipsia Patmos-ko
uhartean idatzia izanak obraren irakurketarako ? Ba al du
eraginik gure interpretazioan Sarrionaindiaren obra gehienak erbeste
kokagaitz batetik datozkigula jakiteak ? Baiki.
Izan
ere, eta hontara gentozen, idazle baten kokapen geografikoak,
bere tokiz aldatzeak edo ez-aldatzeak, bere obrak izanen duen
harreran (rezepzioan) badu eraginik. Bere irudia moldatzeko modu
bat da toki jakin batean bizitzea, toki hautatu edo inposatu batetik
idaztea. Autore batek tradizio literario jakin bati lotu nahi
izaten dio bere obra eta tradizio hori toki edo zentru literario
batean sortua izanki toki horretara bizitzera joatea da irakurlegoaren
baitan lotura hori segurtatzeko estrategiarik erabiliena. Joycek,
adibidez, ez zuen hautatu Londresa joatea Dublin gibelean utzi
zuelarik, nahiz eta ingelesa izan bere literatur hizkuntza. Joycek
Parise hautatu zuen (hastapen batean, bederen). Nola uler daiteke
hautu bitxi hau ? Gauza segurtzat jo dezakeguna da orohar
Joycen proiektu literarioa ulertzeko, eta partikularzki Ulises
obra ongi ulertzeko, baitezpadakoa dela datu geografiko hori aintzat
hartzea.Nondik idatzi, hala irakurri aforismoaren
bitartez laburbil dezakegu gogoeta honen funtsa. Bide batez, ohartzen
gara nola diharduen idazleak, obraren sorkuntzan aritzeaz gain,
bere sortzaile figuraren sorkuntzan murgildurik.
Amerikar kontinentean
edo kontinentetik idatzitako literatur lanak ez dira berriak euskal
literaturan, kongresu. Gerraurretik, iada, Amerikar toposa, edo
hobeto esatearren, euskaldun amerikartu edo indianoaren
toposa esistitzen zen gure eleberrigintzan (ikus, adibidez, XX.
mendearen hasieran Txomin Agirrek egiten duen erabilpena
Kresalan). Baina topos honek zerikusi handiagoa du testuen
edukiarekin testuen ekoizgunearekin baino. Han edo handik idatzitako
obrak aintzat har ditzagun beraz, guk aukeratutako biografemari
dagozkionak, eta ohartuko gara egon, badaudela, aspalditik gainera.
Eta, sinplifikazioa bada ere, esan dezakegu gerraurrea eta gerraondoa
bereiztuko lituzkeen erbesteratze ekonomikoa hartu ala politikoa,
hango euskal literaturan nagusituko den toposa herri galduarekiko
nostalgia idealizatzailea izango dela, herrimina alegia.
Azken
urteotan, haatik, Amerikak esanahi berri bat hartu du gure literaturan,
oraindik gutxi aztertu dena. Guk, azterketa mamituago baten ataria
baizik izan daitekeen honetan, Harkaitz Cano eta Joseba Gabilondok
egiten duten kokapen estatu-batuarraren erabilpena izango dugu
aztergai. Zergatik joan dira Kaliforniara edo New-Yorkera beraien
obrak idaztera ?
Gure gogoetaren euskarri
eta ardatza Gabilondo eta Canoren liburu bana dira : hurrenez
hurren Kaliforniatik bihotzez (Elkar, 1992) eta Piano
gainean gosaltzen, New-Yorkeko kronikak (Erein 2000). Zerk
batzen ditu lehen behakoan hain ezberdinak diruditen bi liburu
hauek ? Gabilondoren Kaliforniatik bihotzez gizarte
posmoderno amerikarraren inguruko gogoeta bilduma bezala aurkeztua
zaigu eta anbizio literario xumeko idazkera darabil autoreak.
Estiloa edo tonu orokorra giza-zientziena dela esango genuke,
hori bai giza-zientzia posmodernoena, alegia humorez zipriztindua.
Eta eredu bat egoztekotan Umberto Ecoren Apocalittici e integrati
gogoeta bilduma famatua litzateke aproposena, azken hau ere
EEBBtan idatzia. Canorena, berriz, hainbat eredu ospetsu izan
ditzakeen kronika literarioa da, eta esan daiteke estilo ariketa
bat bailitzan ekiten diola autore gazteak erronkari. Canorentzat
New York ezer baino lehen paisaia literario bat da (erreala baino
gehiago) eta iadanik literarioa den paisaia horrekin hiriaren
erretratu berri bat egiten du, egiazko palimpsestu artxi-literarioa
den liburua sortuz.
Ezberdintasun
horiek baztertzen baditugu, ordea, bi idazleon proiektuek antz
handia dute. Ikusi bestela : batak zein besteak Euskal Herriko
egunkari batentzat idatzitako artikuluak konpilatzen ditu (Canok
Euskaldunon Egunkariarentzat idazten du, Gabilondok El
Diario Vasco-ko Zabalik gehigarriarentzat), batak zein
besteak denboraldi luze bat han eman ondoren (edo bitartean) idazten
diete herrian geratutako euskaldunei munduko toki modernoenetakoak
eta bertako bizimoduak aurkezteko asmoz. Batarentzat zein bestearentzat
liburu hauek beren ohizko eginkizun literario
zein zientifiko nagusiei egindako gehigarri batzuk dira. Canoren
kasuan benetako proiektu literario bat, eleberri bat, idazten
ari zen bitartean hartutako oharren emaitza da (2);
Gabilondorenean hango bizitza unibertsitarioari eta anbizio literario
aitortuei arnasaldia edo prestakuntza eskaintzera datorren divertimentoa.
Azken datu hau txit
interesgarria da ezen erakusten baitigu obra hauen helburua zeharkakoa
dela, beste zerbaiti balorea ematera datozela testu hauek. Aitortuki
obra nagusietatik kanpo ekoizten diren testuak obra nagusiaren
atari edo gehigarri gisa irakurtzeko ohitura zabaldua da kritika
literarioan eta paratestu, peritestu zein epitestu hitzak erabili
ohi dira testu hauen berezitasuna azpimarratzeko. José-Luis
Diazen esanetan testu nagusiak laguntzera datozen testu hauek
«oso egokiak dira idazlearen sorrera kirikatzeko, bere burua nola
sortzen duen ikusteko.» (J.L.Diaz, 2000 : 65) « Testu,
peritestu nahiz epitestu berezien bitartez saiatzen da idazlea
postura bat definitzen, izaera bat » (Ibid. : 61). Ikus
ditzagun jarraian zer-nolakoak diren Gabilondo eta Canok liburu
hauen bitartez landu nahi dituzten idazlearen irudi edo figurak.

Zein eragin du, baina,
berauen kokapen estatubatuarrak gure irakurketan ? Horiek
dira gogoan ditugun galderak eta badirudi aktualitate kutsu bat
badutela. Izan ere, Jon Kortazarrek, bere azken liburuan, eta
erantzunik ematen saiatzen ez bada ere, galdera hauexek egiten
baititu bere modura : « Euskal Herrian kokatu behar
dira gaiak, edo New Yorkeko giroa ekarri behar da gure nobelara ?
Hemen idatzi ala New Yorkera joan behar da eleberriak idaztera ?
Bietatik ditugula esango nuke, Harkaitz Canok egin duen esperientziaren
ondoren. Hain zuzen ere New Yorken lan egin, ea zer gertatzen
den ikusteko. Ez da bakarra. » (Kortazar, 2000 : 305)
Fenomenoa, fenomeno hitza erabiltzea zilegi bazaigu, ez da mugatzen,
noski, aipatu bi idazleetara. Cano eta Gabilondoren izenez gain,
besteak beste Gotzon Garate, Joseba Zulaika, Andolin Eguzkitza,
Gorka Aulestia, Iñaki Zabaleta eta Atxaga beraren izenak
ere lot baikeniezaizkioke Amerikari. Edo, zehatzago izan nahi
badugu, Estatu Batuei. Ezen hau baita, azken urteotako moda honen
ezaugarri nabarmenetako bat : Amerikatik idatzi duten edo
idazten diharduten euskal idazle belaunaldi berri honetako kide
gehienek Estatu Batuak izan dituzte helburu eta ez gainontzeko
herri pobreak, aurreko belaunaldiekiko haustura garbian. Hego
Amerika aipatzen duten gaurko euskarazko liburu bakarrak bidai-liburuak
dira, eta salbuespenak salbuespen (aurreko belaunaldi literario
« zahar » bateko kide den Koldo Izagirre datorkit gogora),
ez
dute loturarik stricto sensu ulerturiko euskal literaturarekin.
Nola ulertu orduan Estatu Batuekiko lotura hain hedatua gure literatur-egileen
artean ? Hara idaztera joaten diren idazle berri hauek ez
dira, itxura batez behintzat, erbesteratu ekonomiko edo politikoak
(3). Uste dut mintza
gaitezkeela erbesteratze literario edo zientifiko batez,
esaldiak potoloegia badirudi ere. Hots, ematen du idazle hauen
helburua edo motibazio sakona idazketari berari lotuta dagoela,
ez dela zirkunstantzia hutsa. Beste hitzetan esteko : idaztera
joan dira hara, hobeto idazteko asmoz jarri dira Estatu Batuetan
bizitzen, zerbait gehiago, plus bat, erakarriko dielakoan.
Hain zuzen, Harkaitz Canoren eta Joseba Gabilondoren esperientziak
alboratuz eta erkatuz saiatu gara frogatzen ez dela exageratua
gure hipotesia.
Bibliografia :
ARISTOTE, Rhétorique,
Paris, Livre de Poche, 1991. CANO, Harkaitz, Piano
gainean gosaltzen (New Yorkeko kronikak), Donostia,
Erein, 2000, 187 or. CANO, Harkaitz, Pasaia
blues, Zarautz, Susa, 1999, 217 or. CANO, Harkaitz, Beluna
Jazz, Zarautz, Susa, 1996. DIAZ, José-Luis,
« Le poète comme roman », in Lavialle &
Puech,
L’auteur comme œuvre, L’auteur, ses masques, son personnage,
sa légende, Orléans, Presses Universitaires
d’Orléans, 2000, 55-68. or. ECO, Umberto, Lector
in fabula, Paris, Livre de Poche, 1985. ECO, Umberto, Apocalittici
e integrati, Milan, Bompiani, 1964. GABILONDO, Joseba, Kaliforniatik
bihotzez, Donostia, Elkar, 1992, 171 or. JAUSS , Hans Robert,
Pour une esthétique de la réception, Paris,
Gallimard, 1978, 305 or. KORTAZAR, Jon, Euskal
literatura XX. mendean, Zaragoza, Prames-Las tres sorores,
2000, 334 or. LAVIALLE, Nathalie &
PUECH, Jean-Benoît, L’auteur comme œuvre, L’auteur,
ses masques, son personnage, sa légende, Orléans,
Presses Universitaires d’Orléans, 2000, 123 or. MAINGUENEAU, Dominique,
Le contexte de l’œuvre littéraire. Énonciation,
écrivain, société , Paris, Dunod,
1993, 196 or. MORETTI, Franco, Atlas
du roman européen 1800-1900, Paris, 2000, 235
or. ROJO, Javier, « New
Yorken zehar », El Correo, 2001-02-07. SIMONET-TENANT, Françoise,
« Paul Valéry secret », in Lavialle &
Puech, L’auteur comme œuvre, L’auteur, ses masques, son
personnage, sa légende, Orléans, Presses
Universitaires d’Orléans, 2000, 89-98. or. URKIZA, Ana, « Osoko
newyorkerra », Euskaldunon Egunkaria, 2001-1-13.
|
1.
Cf. Jauss-en harreraren estetika edo Eco-ren irakurlearen tokiari
buruzko gogoetak eta gogoeta hauei jarraiki zaizkien korronte teoriko
anitzak, zeintzuen artean aurkituko bait litzateke « autorearen
teoria » deritzona. (ITZULI)
2. Liburuaren aurkezpen ekitaldian Canok azaltzen
du bere bidaiaren lehen helburua Pasaia Blues eleberria bihurtuko
zena idazteko giro egoki bat aurkitzea izan zela eta kronika liburuarena
premeditatu gabeko zerbait izan zela : « Izan ere, New Yorkera
joan aurretik Martxelo Otamendik Egunkariarako hango kronikak egiteko
eskatu baitzion. Eta horrela hasi zen Harkaitz Cano, astero-astero
kronikak bidaltzen New Yorketik. Kronika literarioak idatzi zituen
baina. Hiriak hori eta gehiago egiteko ematen zuela, eta folio bakarreko
kronika haiek labur samarrak iruditzen zitzaizkiola adierazi zuen
Canok. Beraz, hutsune hori betetzeko [
] jarraitzen zuen idazten.
» in Egunkaria, 2000-11-24. (ITZULI)
3. Egia esan, erbeste politikoarenak azterketa geldoagoa
eta sakonagoa merezi luke. Ez dira, ez, noski, espainiar errepresioari
ihes egindako idazleak, baina zein neurritan ez dute alde egin euskal
gizartearen barne-giro usteldu edo nahasi bati ihes egitearren?
(ITZULI)
Ur Apalategi Idirin, UPPA
Argazkiak: webgune hauetatik: The James Joyce Centre, BBK eta Durango
2000 |