|
Nafarroako
Arruazu herrixkan, Jose Maria Satrustegi etnologo eta antropologoa,
munduak 2001eko irailaren 11z geroztik bizi duen egoerari buruz
mintzatu zaigu. Egun horretan, aro modernoko atentaturik handien
eta odoltsuena izan zuten Estatu Batuetan. Azaroan 71 urte beteko
dituen apaiz honentzat, eraso hori gainbehera doan gizarte desorekatu
baten isla da; izan ere, jendea gero eta gauza gehiago edukitzeaz
arduratzen da, ez bere izaeraz, eta ekonomia bihurtu da balio
nagusi, norbanakoa azken maila batean utziz. Pertsona horrek,
gainera, ez du deus balio botere ekonomikoaren hariak maneiatzen
dituen gutxiengoarentzat.
-Nola
bizi zenuen Estatu Batuen aurkako erasoa? Komunikabideen bidez
izan nuen erasoaren berri, telebistaz. Ez zuen benetan gertatzen
ari zenik ematen; pelikula bateko efektu bereziak ziruditen. Sinestezina
zirudien hain eraikin handiak horrela eror zitezkeenik. Zientzia
fikzioa zirudien: hegazkinak eraikinen aurka lehertzen, jendea
dorreetatik bere burua botatzen... Gezurra dirudi astakeria horiek
egitera irits daitekeenik.
-Sarraski horren
ostean, une horrek iragana eta geroa bereiztuko zituenik pentsatu
zenuen, hots, egun horretatik aurrera gauzak aldatu egingo zirenik? Pentsatzeko modua behintzat
ez da aldatuko, zeren nola goazen ikusita, gauza asko gerta daitezke
oraindik. Atentatua oso ondo antolatuta zegoen, zehaztasun handiz,
atzean potentzia handi bat balego bezala. Eta, gizartea nola dagoen
ikusita, hondapen hori ez da azkena izango. Horrelako
besterik ez da izango, baina desegonkortasuna edozein alderditatik
etor daiteke. Gaur egun munduko botere ekonomiko guztia gehiengoaren
hariak maneiatzen dituzten gutxi batzuren esku dago. Diruak ez
ditu gauza guztiak konponduko. Munduak ezin du desoreka honekin
jarraitu. Inoiz baino gehiago ekoizten da, baina inoiz baino miseria
handiagoa dago. Ez dago horrela jarraitzerik. Baloreak krisian
daude. Zibilizazio jaiskor batean bizi gara; hor dago koska. Nahiago
nuke ezer gertatuko ez balitz, baina kontua da egunero milioika
pertsona hiltzen direla gosez, eta munduak ez du hori aldatzeko
ezer egiten. Egoera horren aurrean geldotasuna azaltzen dugu,
eta aldiz beste arlo batzuetara baliabide piloa bideratzen dugu;
esate baterako, estazio espazialera. Gastu neurrigabe horrek arazo
pila bat konpon litzake, gosea adibidez.
-Izugarrizko
ezkortasuna darie zure hitzei. Ez naiz ezkorra, errealista
naiz. Ni datuekin aritzen naiz lanean, ez iritziekin. Oso aldaketa
handiak etorriko zaizkigu. Dagoeneko hasiak gara batzuk ikusten,
eta gehiago ere ikusiko ditugu; horrek ez dauka atzerabueltarik.
Herrialdeak ez dira desagertu beste batzuek txikitu dituztelako,
baizik eta beste berri batzuk sortu direlako. Balorerik gabeko
gizarte beheranzko batean, dena interes ekonomikoen esku dagoenean,
pertsonak ez du ezer balio. Hori da gure patua. Bakoitzak, erein
duena jasoko du. Hekatonbea datorkigu. Hori duela hogei urte esaten
nuenean, jendeak barre egiten zidan. Jaiotze tasaren azpitik dagoen
gizarte batean hutsuneak sortzen dira. Etxeak egingo ditugu, bai,
baina hutsik geldituko dira. Europa kontinente dekadente bat da.
Bere kultura hondamendirantz doa, eta gutxi falta zaio bukatzeko. Adibide bat ipiniko dut. Duela
hilabete bat Armenian izan nintzen. Turkiak XVIII. eta XIX. mendeetan
inbaditu zuenean, Armeniak bere lurraldearen bi herenak galdu
zituen. Genozidioak erabateko triskantza eragin zuen. Turkiarrek
suntsitu egin dituzte hango antzinako monumentuak, batzuk milaka
urte zituztenak. Hori izugarrizko tragedia da. Guztiz desagerrarazten
ari dira aitzinako kultura hori, hilerriak eta guzti. Ez dute
kristautasunaren aztarnarik txikiena ere utzi nahi. Eta trukean
zein kultura ari dira aportatzen? Ezta bat ere. Europakoak ez
du zertan tragedia hau bezalakoa izan behar, baina martxan dago.
Baina zer espero daiteke hedonista egin den jendearengandik, diruan
eta gozamenean besterik pentsatzen ez dutenengandik? Ezer ez.

-Krisi honen
aurrean, Estatu Batuak terrorismoari aurka egiteko ekintza baketzaile
bat garatzearen alde agertu dira. Zenbaiten esanetan, gerra santuaren
aldeko sektore islamikoekiko mendekua izango litzateke. Hau guztia
ez al da azken batean globalizazioaren beste aurpegi bat? Gizakia misterio ulertezin
bat da. Nahiago dut iritzirik ez eman. Baina honen erdian bada
garrantzi handia daukan elementu bat: erlijioa. Gerraren arma
proselitista balitz bezala erabiltzen da. Egia esan, hau guztia
bigarren mailako elementuei buruz hitz egitea da, zeren eta bakegintzan
gerra erabiltzeak espirala handitu besterik ez du egiten. Bakea
lortzeko oinarria justizia da, baina agintariak ez dira justizia
lortzeaz kezkatzen, baizik eta helburu ekonomikoak betetzeaz.
-Zer irizten
duzu globalizazio termino berriaz? Termino hori ulertzeko
bi modu daude. Bata, nire ustez inposatu nahi digutena, desberdintasunak
desagerraraztera bideratua dago. Gutxiengoak gehiengoa dominatuko
duen ekonomia global baterantz doa. Baina nik nahiago dut beste
adiera: guztiok guztion anai-arrebak izango garen mundu global
bat, pertsona guztiak bata bestearen zerbitzura egongo direla.
Lehentasuna ez dute gauzek izango, baizik eta pertsonek. Mundu
global gizatiar bat izango litzateke, ez materialista.
-Gertaera hau
arriskutsua izan daiteke herrialdeek biziraun izateko, Euskal
Herriarentzat adibidez. Baina, existitzen al da euskal herria? Euskal herria existitzen
da, bai. Oraindik bai. Baina, zoritxarrez, inguratzen duenaren
ondorioa da. Lehen errotuta sentitzen ginen, pozik geunden gure
izateko erarekin. Legeen gainetik zegoen gure morala, baina gaur
egun ez da hain herri idealista, materialistagoa da. Diruak aldatu
egin gaitu.

-Herri bati
trinkotasuna ematen dion elementuetako bat hizkuntza da. Existi
al daiteke hizkuntza propiorik ez daukan herririk? Bai, noski. Norbait
leku edo herrialde batekoa senti daiteke, bertako hizkuntza ezagutu
gabe. Hala ere, garbi dago hizkuntza, gure kasuan euskara, herriaren
gorputza dela. Mendez mende joan da osatzen, esperientziez aberasten,
eta sentimendu oparo bat da. Baina hizkuntzalariek diote gaur
egun munduan dauden bost mila hizkuntzetatik bostehunek bakarrik
iraungo dutela. Honek behin zientzialari iparramerikar batek komentatu
zidana gogorarazten dit. Ez zeukan arbaso euskaldunik, eta beraz
ezin esan chauvinista zenik. Iraungo duten bostehun hizkuntza
horietako bat euskara izango zela esan zidan.
-Nolanahi ere,
inoiz desagertu egingo al da euskara? ... Ez nuke egun hori
ikusi nahi, baina ez dut uste.
-Bukatzeko,
esaiguzu desio bat. Globalizazioa gizakion
familia handi bat izan dadila.
|
Jose
Maria Satrustegi Nafarroako Arruazu herrixkan jaio zen,
1930eko azaroaren 15ean, "aspaldi", berak dioen bezala.
Iruñako Seminarioan egin zituen ikasketak. 1955ean
apaiztu zen. Euskaltzaina da, eta hamalau urtez bertako
idazkari nagusi izan zen. Buenos Airesko Instituto Americano
de Estudios Vascos-eko kide ere bada, eta Armeniako Nazioarteko
Hizkuntza Akademiako ohorezko akademikoa.
Etnologo
eta antropologo ezagun eta idazle jori honek hogeita lau
liburu eta mila ehun artikulu argitaratu ditu bere bizitzan
zehar. Bere liburuen artean, honakoak azpimarra genitzake:
"Mitos y creencias", "Comportamiento sexual de los vascos",
"Solsticio de invierno", "Euskal texto zaharra", "Ekaitza",
eta "Mattin Mottela". Era berean, "Fontes Linguae Vasconum"-en
eta "Cuadernos de Etnografía y Etnología de
Navarra"-ren sortzailea dugu. |
Argazkiak: Koldo Larrea. Txuri beltzezko argazkia
ARGIAn argitaraturik dago (1992ko hemeroteka: Jose Maria Satrustegiri elkarrizketa)
Euskonews & Media 138.zbk
(2001/10/5-11)
|