Fabrikaren
ametsa
Zinea
ametsarekin alderatzea ez da oraingoa, ez da nik asmatua. "Ametsen
fabrika" aspaldi esaten zaio Hollywoodi. California, ordea,
Camerun bezain urrun dago Euskal Herritik. Gurea "fabrikaren
ametsa" da gehiago, industria bat behar eta lortu ezina.
Lan-talde oso baten
ametsetatik sortzen dira filmak. Guztiak jarri behar izaten dira
amets berberaren mesedetan, filma benetan biziko bada. Ametsa
ozen aurrenekoz kontatzen duena gidoigilea da. Haren ametsean
albainduko dira, amets horretatik bazkatuko dira, gupidarik gabe,
besteen ametsak. Diru-iturriak aurkitu behar dira, ametsaren zerbitzuan
jarri eta aldi berean errealitatearen hesiak ezarri. Irudietara
ekarri behar da gero, hilabeteetako lan lotuan. Eta osatu, eta
zarataz eta musikaz berriro kontatu. Eta saldu.
Talde sortzaile horren
ametsek bat egin beharko dute hiruzpalau urte lehenago abian jarritako
amets (zoroak) irudi bizi izatera hel dadin.
Fabrikaz eskas gabiltza
baina ametsez ez hain urri. Animaziozko zinean eta argazkietakoan
berdin, film bakoitza da abentura bat, amets bat, zoroa askotan,
amesgaiztoa bihurtzen dena maiz. (AURKIBIDEA)
Animazioak
Animazioan jardun
duten eta diharduten guztiek ez dute fabrikarekin amets egin.
Irudiaren eta denbora pasaren industriatik aparte dabiltza, halabeharrez
nola hala nahita, formatu komertzialetatik, itxura estandarretatik
eta arrunkeria narratiboetatik aparte.

Irudi biziek ez dute
marrazkiez eginak zertan izan beharrik. Plastilinaz, paperez,
hondarrez, edozein gai erabiliz egin daiteke animazioa, edozer
bizi arazi daiteke. Materia bera, gaia, soberan dago jada. Irudi
erreala ere "marraztu" eta "bizkortu" egiten
da. Garai batean animazioa eta "irudi errealeko" filmak
garbi bereizten ziren. Irudiak eta argazkiak, etzaneko mahaiak
eta zutikako kamerak, banan-banan hartutako irudiak ala jarraian,
etenik gabe. Guztiak bildu ditu ordenagailuak eta bateratu. Errealitatearen
eta irudi manipulatuen artean tarterik geratzen ez den garai honetan
"animazioez" hitz egin beharko genuke.
Euskal Herrian ere
industriaren arauetatik landa bada marrazki bizidunik, edo hobe
esan, animaziorik. Hasi ere, laborategian hasi zen animazioa,
fabrikatik urrun, margolarien langelan, artistaren amets libreen
esparruan. Ruiz Balerdi eta Sistiagarekin hasi zen Bego Vicariorengana
ekarri gaituen bidea.
Nik berriz, sare
komertzialetan zabaltzeko sortuak izan diren animazioez hitz egin
nahi nuke artikulu honetan. Film luzeez. Animazio komertzialaz,
hau da: lanaz, hau da: lantegiez.
Eta oso bestelakoa
da ametsa enkarguz, begiaren azokan, egin behar izaten dugunon
genealogia. Gu, kalabaza batetik gatoz. (AURKIBIDEA)
Kalabaza
Kalabaza
Tripontzia (1985) da euskal animazioan lehen film komertzial luzea,
euskaraz sortua, haurrentzat. Marrazkilari baten ametsa izan zen,
Juanba Berasategirena. Dena zuen ordea egiteko: ofizioa ikasi,
tramankuluak inguratu, lankideak trebatu, lantegia bera sortu.
Eta ordaindu, jakina. Marrazkilariak ekoizlearen ametsak egin
behar izan zituen.
"Kalabazak"
garbi erakutsi zuen film laburretatik luzeetarako jauziak industria
bat eskatzen zuela. Dirua biltzeko, lantaldeak antolatzeko, osagarri
guztiez hornitu ahal izateko, salmentak egiteko, artista edo marrazkilaria,
bere mahaian, bere ordenagailuan, bakarrik, ez da ezer. Lantegiak
behar dira. Eta industriek industrialdeak eskatzen dituzte.
Bidea luzea egin
du euskal animazioak, dudarik gabe. Ez du ordukoaren antzik baina,
hala ere, hogei urteren buruan, gure lantegitxoak oraindik ez
dira fabrikak, ez dira eraikin sendoak. Edozein otsoren pufadak
bota litzake airean. (AURKIBIDEA)

Kalabaza Tripontzia.
Fabrika
Bigarren film luzea
hurrengo hamarkadarekin iritsi zen (1991). Zinemaren aldetik lortutakoa
hobetu eta gainditu nahia zegoen, batetik, eta industriari egonkortasuna
emateko ahalegina, bestetik. Jendea trebatu eta jendeari lanbide
bat eskaini, iraunkorra.
Indarrak metatze
aldera, bi ekoizlek bat egin zuten amets berean. Fabrika sendoagoaren
beharra ikusten zen, lantegi handiagoa behar eta arnas luzeagokoa.
Kanpoan ere erakargarria gertatzeko modukoa behar zuen gure ametsak.
Euskal Herritik kanpora jauzi egin ahal izateak egingo zuen euskal
animazioaren ametsa bideragarri.
"Balearenak"
deitzen zen hasieran gero "Ipar Haizearen Erronka" bihurtuko
zena. Itzuli ere egin zen Ipar aldeko Haize hori, bigarren film
bat eman zuen eta telesail bat. Saga hura probaleku garrantzitsua
izan zen. Egun bizkortzaile edo storygile edo margoemaile edo
gidoigile edo argazkilari diren asko eta asko film haietako kreditoetan
agertu ziren, estreina.
Enpresen bateraketak
porrot egingo zuen, liskar bizian, filmaren zabalpena larriki
oztopatuz eta ofizioaren barruan tira-bira latzak eraginaz. Norteak
gogor jo zuen. Orduko saminak denborak leundu dituenon, ez dago
dudan jartzerik Ipar haizearen inguruko film horiek euskal animazioari
egin zioten ekarria. Profesionalak sortu zituen. (AURKIBIDEA)
Berrindustrializatzea
Industrializatzeak
berriz, ezusteko bidea hartu zuen. Indarrak bildu ordez, atomizatzea
ekarri zuen. Bildu nahi izan zuten bi enpresek nork bere bidetik
jo zuen, ordutik aurrera elkarren lehian. Eta marrazkilariak,
taldetan joan ziren antolatzen, bakarka lan egiten ikasi behar
izan zuten, enpresa berriak sortu zituzten, nagusi eta bezero
berriak bilatu izan behar zituzten. Fabrika handiaren ordez, lantegi
txikiak azaldu ziren. Indarrak metatu ordez, fabrika handitu ordez,
enpresaren zamak arintzea ekarri zuen errekonbertsio moduko hark.
Lantalde txiki horiek
Euskadi barrurako nahiz kanporako zerbitzuak egitetik bizi izan
dira, besteen ametsetarako lanean. Fabriketatik kanpo ere, norbanakoak,
idazle nahi marrazkilari, euskal profesionalak merkatua zabaltzen
joan dira, poliki-poliki beren amets propioei ekiteko indarrak
eta ahalbideak bildu dituzte. Nolabait esateko, kanporako telebistetarako
aritzen dira lanean, bizitzeko eta bertan filmak egin ahal izateko.

Megasonikoak.
Ekoizleei dagokienean
ere panorama aberastu egiten da. Telebistarako diharduten enpresek
gero eta garbiago egiten dute animazioarekiko apustua. Ekoizle-ametsak
ekarri ditu animaziora, telebisten eskaria gora zihoala ikusita.
Eskaintza zabalagoa egin beharrak bultzatuta, animaziora joan
dira hurbiltzen. Gure animazioaren aukerak ugariagoak dira orain.
Hamarkadaren erdian edo Megasonikoak filmarekin, marrazkiarekin
zer ikusirik ez duen amets bat ezagutu genuen, eta 3Dan egina
oso-osorik, ekoizle berri batzuren bultzadari eta, batez ere,
ordenagailuaren kamikaze talde baten kemenari esker. Fenomeno
berriak, Kalabazaren tripontzitik ez zetozenak. Azken urteotako
filmetatik erdiak edo marrazkilariz betetako fabriketan ekoitziak
izan dira, sortzaileen tailerretan eraikitako ametsak. Beste erdia
edo, bulegoetan ekoitziak izan dira, marrazkilaririk gabeko enpresetan,
inguruko industria erabiltzen eta baliatzen dakiten enpresetan.
Biharamunerako ate bat baino gehiago dugu orain.
Bistan da urte askotako
lanak eman duela 2000 urteko Goya sarien uzta. Uzta mediatikoa,
euskal animazioa existitzen dela aldarrikatzeko aukera eman diguna.
Ez Goya eramateagatik, –hori gertatua da lehenago ere– lehen aldiz
lehian irabazi izanagatik baizik. Eta lau filmeren arteko lehian,
hiru euskal Herrikoak zirelako, batez ere. (Laugarrena, katalana,
hori ere ez dago ahazteko). Harrigarria gertatu zaio askori: egun,
euskal zinearen alderdirik biziena marrazki bizidunak dira. Euskal
gidoigileek badakite horretaz zerbait. Enkargua etxetik nola kanpotik
etorri, telebistako serieak edo marrazki bizidunak dira gure inguruko
gidoigile gehienentzat lan-iturri iraunkor bakarrak. (AURKIBIDEA)
Euskal
zinema eta luzemetraiak
Munduan
ez bezala, laburmetrai baino film luze gehiago egin da gurean.
Gure animazioan zinearen formatua izan da erabakigarria, telebistarena
baino gehiago. Nabarmena da Euskadi eta Katalunia izan direla
Espainiako animazioan emankorrenak, hizkuntza sustatzeko, kultura
berezi bat babesteko eta bultzatzeko, nork bere fikzio-tradizioa
landu eta ezagutzera emateko grina indarrean egon delako bertan.
Bete beharreko hutsunea antzemateak eman zien zinegilegai haiei
benetako guduetan sartzeko kemena. Euskal zinegintza posible ikusten
zen eta beharrezkotzat jotzen zen. Guk zinea bezala, marrazki
bizidunak behar zituzten gure haur edo niniek.
Euskal Zinema esan
zitzaiona, Telebista eta Autonomia eta erakundetzea baino lehenagokoa
da, izan. Geroztikako bidean, erakundeak (EITB barne) behar-beharrezko
sozioak izan dira, baina ez beti kide. Kontrario ere gertatu dira
askotan. Amets gutxi egin dute elkarrekin euskal telebistak eta
euskal zineak. Gutxiegi, askoren irudiko. Ez dago ukatzerik, hala
ere, sortzaileentzat eragile izan zen aldi berean, erakundeen
aurrean gure haurrei gure ipuinak kontatzearen eskubidea aldarrikatzea
aitzakia emankorra gertatu zela animazioaren ametsa aurrera atera
ahal izateko.
Egun, Andaluzia,
Extremadura, Galizia, Valentzia hasi dira bide hori jorratzen
–nens, nene eta nena, meniño, meniña, eta niniak–.
Ez da gure industriarako batere albiste txarra. Aspaldi ari gara
Espainiako ligan jolasten. Europakoetara agertzen hasiak gara,
tarteka oraindik. Horiek dira gure jokoaren arauak eta gure lehiarako
esparruak, nahi eta ez. (AURKIBIDEA)
Europako
liga
Europako klimatologia
ez da askoz leunagoa animazioari dagokionean. Estatu Batuek, eta
gero, neurri apalagoan, japoniarrek dute konkistapean hartua.
Ez gara konkista horren historia eta arrazoiak argitzen saiatuko.
"Garrantzitsuena", esaten zuen orain ia hamar urte Frantziako
zinegile batek, "ez da zergatik konkistatu gaituzten jakitea,
konkistatzen hain errazak zergatik garen aztertzea baizik".
Europako animazioak,
hasiera hasieran ez ezik, mende guztian zehar jasan behar izan
du itsas arandiko marrazki bizidunen oldea. Industria ahulez eta
sortzaile kamikazeez betea da Europako irudi bizien abentura.
Ez du ikusgarritasunean Disneyren ahaideekin alderatzerik izango,
ez du hango azpiproduktuekin lehia merkean egiterik. Amerikarrek
globalizatua dute produkzioa, langile merkeenen bila beti. Saldu,
multzo handietan saltzen dituzte beren marrazkiak munduko telebista
guztietara, EE.BB.ko merkatuak ordurako errentagarria egin duen
produktua. Preziorik merkeenean saldu dezakete beraz, stock izugarrien
baitan, telebisten etengabeko gosearentzat bazka.
 |  |
Egoera horri aurre
egiteko, sare itxi horretan bide zidorrak aurkitzeko, Europako
animazioak berezitasuna bilatu du bere une gogoangarrienetan.
Azken urteotan ere, berezitasunak hautsi ditu markak, kalitatearenak
nahiz salmentarenak. Europako luzemetraiek arrakasta komertzial
nabaria izan dute. Bata Estatu Batuekiko koprodukzioa da (Chicken
Run), beste biak sortzailearen esku-langintzatik daude gertuago,
(Kirikou, Antxeta eta Katua), baina hirurek bilatzen
dute berezitasuna, bestelako historia bat, berezia, modu
berezian kontatzekoa, merkatuan ohikoak ez diren moduak eta mezuak
landuaz. Ustekabeko arrakasta izan dute hirurek.

Hirien etorkizunari
buruzko eztabaida batetik ekarriko ditut animaziorako ere balio
lezaketen hitz hauek: "lehiakortasuna ez da besteek bezalako
produktuak merkeago ekoiztean bilatu behar, Europak Tailandiarekin
lehian sartu behar balu bezala, bestelako produktuak ekoiztetik
baizik". (AURKIBIDEA)
Hirugarren
bideak
Berezitasuna aurkitu,
garatu, landu egin behar da, erakargarria egin. Distira atera.
Non eta merkatu zorrotz, merke zale, atsedenik gabean. Telebistaren
eta ikus-entzunezkoen merkatua prototipoen salerosketa dela esaten
du Grassot jaunak, Frantziako gobernuarentzat iaz txosten sonatu
bat egin zuenaki. Gidoigileen lanari arreta handiagoa zor zaiola
esaten du txosten horrek, hainbat ekoizleri batere atsegina gertatu
ez zaiona. Esan egin beharko da Grassot jauna ere ekoizlea dela.
"Prototipoak etengabe sortu eta eskaini behar dira"
dio Grassot jaunak. "Hori hala izanik, funtsezkoa da idaztea,
behin eta berriz, ideia etengabe berriak. Ez dago beraz ulertzerik
gidoigileei ematen zaien tratu eskasa". Egileak zaintzetik
abiatu beharra dagoela esan du Grassot txostenak. Eta egileak
guztiok gara, taldean.
Amets bereziak eskaini
beharko ditugu, zerbaitetan bereziak izan beharko dute begien
azokan txoko bat lortu nahi badute. Irudimenak orekatu beharko
du indarren ahulezia. Ametsak, amets gero eta hobeak, bereziagoak
eta erakargarriagoak egiteko gai izan beharko dugu. Eta gainera,
Tailandian ez baina malkarreko lurretan hezi gaituzte ETBk eta.
Ez zaigu gaizki etorriko, aurrerantzean ere, izerdia zer den ikasi
izanak. (AURKIBIDEA)
Taldearen
ametsa
Baina
ez kate-lanaz, talde-lanaz nahi nuke mintzo. Esan, alegia, euskal
animazioaren etorkizuna lantzeko, ekoizleen jarduna babestu, sustatu
eta bultzatzeaz gain, sortzaileen, egileen, langileen jardunari
jarri behar zaiola arreta. Hogei urte pasatxo hauetan sortutako
profesionalak, ofizioko jendea, dira gure animazioaren altxorrik
handiena. Ekoizleek dezaketenaz gain, egileek, teknikoek, sortzaileek
egin, asma eta ikas lezaketena ere kontutan hartu beharko lukete
euskal animazioa bultzatzeko egitasmoek.
Azken Goya sariek
euskal animazioaren bizitasunaren froga eman dute. Aurrera egin
behar orain, gogor eta latz. Kalitatean hobetu beharko dugu, historien
erakargarritasuna eta sendotasuna landu, lankidetzan zaildu. Gidoigileak
story-a marraztea gidoi-lanaren barnean dagoela ulertu beharko
du eta marrazkilariarengana hurbildu, beraz. Eta marrazkilariak
gidoilariarekin ikasi beharko du narrazioaren osotasunari begiratzen.
Zuzendariaren begiarentzat ari dira lanean. Ekoizleek gidoigileekin
lanean ikasi beharko dute (eta ez kontra), gidoigileek ekoizleekin
batera (ez kontra).
Orain
arte helmugara iritsi izana nahikoa zen, ukatu ezineko balentria,
txaloak merezi zituena. Argi dago iristen badakigula, lasterketa
(zoroa) burutzeko ahalmena badugula eta ez dugula zertan lotsagarri
geraturik helmugan. Orain ikusleak liluratu egin beharko ditugu,
nork bere aldetik, banaka, bereiz. Taldetasunaren etiketa nazionalak
edo autonomikoak ez du ikuslearen ametsetan txertatzeko balio.
Ikuslearena da gure ametsaren osagarria eta burutzapena. Ikusleak
behar ditugu beraz, eta kritikak. Kritika ere beharko da eta.
Zorrotza eta –ahal bada, please, arren–, zentzuzkoa.
Itxaropenez begiratu
behar lioke euskal animazioak etorkizunari. Ametsak egiteko gai
gara. Amets zoroagoak egitea dagokigun honetan, ameslari gero
eta zuhurragoak izan beharko dugu. Taldean nabigatzen dakien jendea,
alegia. (AURKIBIDEA)
Joxean Muñoz, gidoigile eta zuzendaria |