|
Animazio
zine esperimentala errealitatea ezagutzeko modua izateaz gain,
espresabide ederra da non egileak esperimenta dezake bai elementu
objetualekin zein mugimenduak berak duen gaitasun espresiboarekin
ere.
Harritzekoa da zein
puntutaraino aipatutako azken hau ezezaguna den artegintza munduan.
Guztiok dakigunez, artegintzaren barruko atalen arteko lotura
ez da, zoritxarrez oso estua, eta gertatzen da artista asko ez
dutela ezagutzen mugimendua sortzeak dakarren aurkikuntza.
Hain zuzen ere, honetan
datza animazio tekniken erakargarritasuna, nahiz eta gehiengo
batek pentsatu pertsonaiek edo eurek sortutako egoerak direla
zine mota honen helburua. Ez, ez da horrela, ezagutzen dugun animazio
lanen kopuru handi batek halaxe erakusten diguten arren.
Kulturaren eta artegintzaren
arlo guztietan bezala, ildo ofizialetik ildo alternatiboa dago,
non aurrekoan sartzen ez den guztia kabitu litekeen. Tamalez,
eta gure kultur hedabideen erruz, guk, euskalerriko publikoak,
lehenengoa besterik ez dugu ezagutzen, eta bigarrenaren zatiren
bat ezaguna bazaigu, beti ere artegintzaren esparru murritzean
sartuta ikusiko dugu, arte galerien zein museoetan erakutsita.
Interesgarria da
oso, nola konpartitzen duen diziplina honek bai arte arloetako
zenbait kontzeptu, halaber, konposizioa, koloreen estudioa, erritmo
eta kadentzia (piktoriko zein musikalak), eta beste aldetik ere
zinearenak diren hainbat eta hainbat, esate baterako, oinarrizkoa
den teknologia eta euskarria, hain zuzen ere zeluloidea eta proiektorea,
eta beste zenbait kontzeptu, hots, planu eta sekuentzia, muntaiaren
erritmoa, eta abar. Animazioaren historiari erreparatuz, bi arlo
hauen artean ibili dela etengabe ikasten dugu, eta batzuek eta
besteek gaitzestuta, inork gutxik ikasi eta ikertu du bertan,
gaur egun oraindik ere alor ia ikasgabeko dagoelarik.
Geuk baina, animazio
zinegileok, ez dugu arestian planteatutako gurutzean arazorik
ikusten, are gehiago, gurutze izan beharrean asterisko moduan
irudikatuko genuke animazioa, non pintura, eskultura, musika eta
zinea ez ezik, dantza, grabatua, eta beste hainbat arlo ere elkartuko
liratekeen.
Baina
goazen harira. Egin dezagun animazioa burutzeko erabiltzen diren
teknika garrantzitsuen zerrendatxo eta deskripzioa, eta utz diezaiogun
irakurleari ebaluazioa, irakurketaren azkenerako utzita zenbait
galdera: hemen aipatzen diren teknika hauekin egindako zenbat
pelikula ikusi dituzu? Eta hauetatik, zenbat telebista publikoaren
bitartez?. Bestalde, agertzen ditugun egile zerrendatik zenbat
egiten zaizu ezagun?. Eta amaitzeko: ezagutzen duzu haurrentzako
marrazki bizidunen teknikaz egindako animazio komertzialaz aparte
beste ezer?. Galdera guzti hauen erantzuna ezkorra bada, ez larritu,
bizi zaren lurraren biztanleriaren pare zaude, guztiok bizi baikara
ditugun hedabide eta zine banatzaileek pairarazten diguten egoera
berean.
Egile independenteek
erabiltzen dituzten teknika gehienek ezaugarri amankomun bat dute;
teknika zuzenak dira, hau da, animazioa zine kameraren azpian
zuzenean lantzen da, eta lan egiten joan ahala, filmatzen joaten
da, fotogramaz fotograma, han sortzen ari garena. Lan egiteko
modu honek ez du atzera bueltarik eta ezin dira akatsak zuzendu,
mugimendua sortzean egiten den desegokitasunen bat, ez da pelikula
bisionatu arte ikusiko, eta konponbide bakarra planoa guztiz errepikatzea
da, hau da, egun askotako lana.
Ikusten denez sarerik
gabe egiten den arrisku lana da, hunkigarriagoa dena jakinda egileek
orokorrean aurrekontu zein dirulaguntzarik gabe lan egiten dutena.
Hondarrez, olio pintura
zein klarionen teknikak, guztiak ere, eta beren konbinazioak,
oso era antzekoan lantzen dira: Kameraren azpian mahai bat jartzen
da, kristalezkoa dena edo kristalezko xafla batzu, bata bestearen
gainean eta haien artean 20 zentimetroko distantzia minimoa utzita.
Mahai multiple hau argiztatu liteke bai gainetik eta baita azpitik
ere, kontraste gehiago edota koloreztapen gehiago lortu nahi denentz,
eta gainean jarriko dugu mugitu nahi dugun materiala, direla makarroiak,
indaba gorriak ala hondarra. Izan ere, azken hau ezagutzen ditudan
materiale malguen eta ederrenetakoa da, eta pitxi ederrak sortzaileak,
"Antzarrarekin ezkondu zen ontza" Caroline Leaf egile
estatubatuarra kasu, non kondaira inuit batean oinarrituta, zentzugabeko
maitasunaz hitz egiten digun teknika eder eta depuratuaz.
Kristalezko
mahaiaren gainean olioz pintatuko bagenu eskena bat eta pitinka
mugituz eta filmatuz joango bagina, berriz, koadro bat mugimenduan
lortuko genuke, eta teknika honek eskaintzen dituen nabardurak
eta istorio kostunbristekiko hurbiltasun sensiblea aprobetxatu
du bere "Behia" izenekoan Alexander Petrov errusiar
Oskarduna, eta ondoren sortu duen trilogia ederrean.
Klarionekin, berriz,
zein beste motako kolore barratxoekin ere kristalezko mahaia arbelaz
ordezkatu beharko genuke edo paper zuriaz, eta bertan marraztuz
eta borratuz lortzen da mugimendua errepresentatzea. Kasu guztietan,
hala ere, berdin tratatu behar da irudia, fotograma filmatzen
den bakoitzean diseinua apur bat aldatzen joan behar da. Zentzu
honetan ulertuko da Norman McLaren-ek esaten zuen hura, garrantzitsua
dela fotogramen artean gertatzen dela fotogrametan bertan ikusten
dena baino.
Iluminazioaren zein
materialen argiarekiko portaeraren arabera, pelikularen estetika
dramatikoagoa zein lirikoagoa izango da eta gure ideia eta gidoiaren
mesede zein kalterako izango da. Kasu guztietan ere animadoreak
oso argi eduki behar du filmatu behar duen planoaren nondik norakoak,
abiada, azelerazio zein ralentizazioak, hau da, pelikularen tenpoa.
Batzuetan, pelikularen oinarria musika bada, egileak partitura
zatikatzen joan behako du eta horren arabera mugimendua sortu.
Bestelakoetan soinua izango da irudia behin eginda, atsekitu eta
egokitu beharko dena.
Badira beste bi animazio
teknika oso erabiliak eta aipatu beharrekoak. Lehenik, paper zatien
teknika. Aurrekoak bezala teknika zuzena da, eta baita argiztapen
zenital zein azpikoa duelarik. Mahaiaren gainean, berriz, paper
zatiak ditugu figurak eratzen, eta batzuetan euren artean ardatz
moduan harizko zein metalezko lotura txikiak dituzte. Argia azpitik
badute, irudiak guztiz zuri-beltzezkoak izango dira, Lotte Reiniger
izeneko egile alemaniarraren lanak esate baterako, eta bat aipatu
arren "Ahmed printzearen abenturak" esango dugu. Aitzitik,
goitik zuzentzen bada argia, paperaren testura eta kolore guztia
geldituko dira agerian, eta egileek hau aprobetxatuz, adibidez
Michel Ocelot-ek "Hiru asmatzaile" bere filmean. Bigarrenik
askoz ezagunagoa den teknika aipatuko dugu, plastilinarena, haurrentzako
lanekin lotuta gehienetan baina baita nagusientzako lan ederrak
eskaini dituena bere bi aldakietan, hots, hiru dimentsioetako
formak eratzen dituenean, Aardman ekoiztetxe ezagunak erabiltzen
duena, zein erliebe moduan, azal baten gainean jarrita, oso koloretsu
eta bizia gertatzen delarik.
Baliteke
gehien erabiltzen den animazio teknika marrazketa izatea, eta
honen barruan industriak erabiltzen duen marrazki bizidunena,
orain gutxirarte paperetatik azetato gardenetara pasatzen zena,
bertan koloreztatzeko. Egun, bigarren parte hau ordenagailuz egiten
bada ere, oraindik ere jatorrizko marrazkiak paper eta arkatzaren
bidez egiten dira, eta aurrekontuaren arabera kontu gehiago edo
gutxiagoz. Dena den, marrazketa teknika hau, industriatik aparte
ere, artista askok erabiltzen du, gehienetan paperean marraztu
eta koloreztatzen dutelarik, koadernoak betez pelikularen hasieratik
amaieraino burutzen dute. Honetaz hitz egiten dudanean beti etortzen
zait burura Johanna Quinn-en lanak, eta zehazki "Girlīs night
out" pelikula, non marrazketaren estilo libreaz ematen dion
erritmo izugarria irudiari. Galeseko egile honek konbinatu du
Channel 4-ek ekoiztutako bere lan horretan oso gidoi sendo eta
erakargarria teknika ezin hobearekin. "Nesken parranda"z
itzul genezakeen titulupean zera kontatzen digu eta aldi berean
deskribatu: fabrika batean lan egiten duten berrogeien inguruan
dabiltzan emakumeen gau-pasa gizonen strip-tease erakustaldi batera
doazenean. Marrazkien erritmoa, aukeratutako pertsonaien aurpegien
arrunkeria eta xamurtasunaren konbinazioa, beren janzkera, portaera
eta nahien hurbiltasunak kutsatu egiten gaitu.
Animazioaren panoramaren
aurkako muturrean, berriz, zeluloidean bertan pintatutako pelikulen
kasua dugu. Teknika zaharra da, zinea bezain zaharra edo agian
zaharragoa, esaten baita zinearen aitzindarietakoa dela, garai
haietan zeluloidea ez zela eta, kristaletan pintatzen bazen ere.
Lan hauetarako nahikoa da zeluloidea izatea eta pintatzeko materiala,
norberaren gustura. Badira egileak olio zein tenperak erabiltzen
dituztenak eta etxeko produktu kimikoez, (lixiba, salfuman...)
nahasten dituztenak. Badira ere tinta txinarra erabiltzen dutenak,
koloreko zein beltza, eta beste batzuk, tinta komertzial iraunkorra
erabiltzen dute. Egia esan, arazo bakarra izaten da kolorea nola
atsekitu plastiko mota bat den zeluloide euskarrira, eta aurkitzen
bada modua, talentua izan behar dela.
Teknika
hau XX mendearen 20etan ere asko erabili zen, era abstraktu zein
figuratiboan, Egile ezagunenak Len Lye eta Norman McLaren direlarik
ere, ehundaka daude zine formatu haundi zein txikietan probatu
dutenak, eta bereziki teknika erakargarria izan da pintoreentzat,
bertan topatu baitute beren pinturari mugimendua emateko modu
ezin hobea. Honela ba, gure bi pintore garrantzitsuk probatutakoak
dira, hots, Rafa Ruiz Balerdi bere "Homenaje a Tarzan: Cap.
1, la cazadora inconsciente" film figuratiboarekin eta Sistiaga,
zeinek 4 filma amaituta ditu eta beste bat burutze prozesuan,
izan ere "Ere erera baleibu subu aruaren..." munduan
dagoen filma luze abstraktu bakarra da. Hala ere, bere "Impresiones
en la alta atmósfera" nire pelikula gogoenetakoa da,
non ileak harrotzeko moduko giro hipnotikoa sortzen duen .
Bi teknika hauek
guztiz kontrakoak iruditu arren, ez da hala, alde batetik gurutzatzen
direlako zenbait egileen lanetan non film abstraktuak egiten diren
paperaren gainean eta baita zeluloidearen gainean marrazki zehatzez
egin diren ere; baina batez ere bai teknika hauek eta gainontzeko
guztiak bat datoz mugimenduaz baliatzen direlako beste espresabide
eta materialen gainetik, eta mugimendua bizitzaren adierazle nagusiena
denez, bizitza bera da film hauen adierazle, ezerezari anima,
arima ematen diote: Ez genioke euskaraz arimazioa deitu
beharko?
Begoña Vicario, zinegile eta irakaslea |