25
urte igaro dira Juan Bautista Berasategi animaziozko zinearen
munduan murgildu zenetik. "Ekialdeko izarra" (1977)
marrazki bizidunen laburmetraiarekin eman zen ezagutzera. 1979an,
bere hurrengo lanarekin, "Fernando Amezketarra" Dokumental
eta Laburmetraien XXI. Nazioarteko Lehiaketan lehen saria irabazi
zuen. Ordutik ekoiztu dituen animaziozko pelikulak ugari izan
dira. Horien artean "Kalabaza tripontzia"(1985) "Balleneros"(1991)
eta "Ahmed, Alhambrako printzea"(1996-97) dira bere
lanik ezagunenetakoak. Jendeak hura euskal zinea ote zen galdetzen
zion baina Juanbaren iritziz,"esperimentazioa zen, euskal
zinerik ez baitzegoen garai hartan". Animaziozko zinearen
inguruan mugimendu berri bat sortzen ari dela eta Disney monopolioa
ikaratzen ari dela ziurtatzen du; Euskal Herrian ere, horren seinale,
azken Goya sarietan, animaziozko filmeen kategorian lau luzemetraietatik,
hiru euskaldunak zirela. Hala ere, euskal animaziozko zinearen
osasuna hobetzeko, zinea industri bezala onartua izan behar dela
aldarrikatzen du eta horretarako neurriak hartu beharko liratekeela.
-Nolakoa
da animaziozko filme baten ekoizpena? Berez lan astuna da,
nahiz eta azken urteotan teknologiarekin prozesua leuntzea lortu
den. Lehenengo zatian gidoia eta kontatu nahi dugun istorioa aukeratu
eta adostu behar da, istorioa ongi definitu; ondoren, "Story
board"a landu behar da, istorio hau paperean jaso. Pertsonaiak
eta dekoratuak finkatzeko egiten den definizio lana da, animaziozko
zinean ez baitugu aktorerik. Ondoren dialogoak grabatu behar dira,
pertsonaien hizkera eta elkarrizketen erritmoa ezagutzeko eta
honen arabera, pertsonaiei mugimendua eman ahal izateko. Gero pertsonaia eta dekoratuen
"Biblia" bezala ezagutzen dena egiten dugu. Pertsonaia
bakoitza lantzen da: Nola haserretzen den, nola egiten duen irripar,
nola mugitzen dituen eskuak, begiak; hizkera alaia duen.... Pertsonaiak egoera guztietan
izango lukeen portaera eta erreakzioa definitu behar dugu. Hau
da aurreprodukzio bezala ezagutzen dena.
Gero
produkzioa dator: guk ez dugu produkziorako gaitasunik, ez eta
behar diren tresna eta baliabideak; beraz, beste enpresa batek
egiten du lan hau. Enpresa hartan guk nahi dugun ideia hori behar
bezala ulertzea eta guk nahi ditugun pertsonaiak eta dekoratuak
egitea da lortu behar duguna. Horregatik, aurreprodukzioak garrantzi
handia du eta ematen diegun informazioa ahalik eta zehatzena izan
behar da. Produkzioa da lanik gogorrena, marrazki guztiak egin
eta orain konposizioa ordenagailuz egiten da. Produkzioaren fasea
amaitu ostean, postprodukzioa dator, musika jarri, ahotsak etab.
-Zenbat
denbora behar da honelako pelikula bat ekoizteko? Ni hasi nintzenean,
"Kalabaza tripontzia" egiteko hiru urte behar izan genituen.
Orain aldiz, teknologiarekin prozesua aldatuz doanez gero, urte
bat eta erdi iraun dezake ekoizpenak, gutxi gora behera.

-Nola lor daiteke
produktu hau errentagarri izatea? Produktu hau, beste
edozein produktu bezala, munduan saldu beharra dago. Produktua
saltzeko dela kontuan izanik, zure pelikula nora eta nori zuzendua
dagoen edo zuzendu behar diozun ezagutu behar duzu, merkatua ezagutu.
Adibidez, Lazkao Txiki edo Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak
euskaldunentzat izango dira baina hemendik kanpo saltzea ez da
erraza. Horregatik aurrekontua mugatua izango da, merkatua ere
mugatua delako. "Ahmed, principe de la Alhambra" bezalako
produktuak aldiz, dituen elementu eta pertsonaien arabera, merkatu
zabalago batetara irits daitezke eta horregatik, erabiltzen den
dirua gehiago izanik, eragin zuzena izango du marrazkien kalitatean. Istorioaren arabera produktua
unibertsalagoa izan daiteke edo mugatuagoa, eta horren arabera
saldu. Guzti horrek, egin nahi duzun pelikula mugatuko du, jai
baituzu produktua saldu ezinik geratzen bada. Horregatik posibleak
diren istorioak kontatu behar dituzu, eta ez zuk zerorrek nahi
zenituzkeenak. Finantza arloa, erabakigarria da.
-Eta finantza
mugarik ez bazenu zein pelikula egitea gustatuko litzaizuke? Egin nahiko nituzkeen
pelikula eta proiektu ugari gordeta ditut. Istorio bat baino gehiago
jarriko nuke nik pantailan, Euskal Herrian gai kopuru izugarria
baitugu. Momentuz ez dut aukera hori, beraz, ez dut kezka handirik.
-Zer
egin dezake Loturafilms bezalako enpresa batek Disneyren aurrean? Disney argi dago monopolioa
dela alderdi guztietan, aurrekontu aldetik duen nagusitasunarengatik,
eta honek, noski, kalitatean duen eraginarengatik. Bestalde, zine
pantaila guztiak okupatuak dituzte. Azken urteotan fenomeno polita
gertatzen ari da; adibidez "South Park" bezalako marrazki
arras itsusiek, arrakasta izugarria izan dute eta Disney beldurtu
egin da. Arazo nagusienetako bat zine aretoetara zure pelikula
eramatea izaten da, ez baita batere erraza. Hau politika kultural
administratiboarekin lotura zuzenean dago; frantsesek adibidez,
lehenengo eta behin Frantzian ekoizturiko filmak jartzen dituzte
zine aretoetan, bertan ekonomiaz gain, elementu kulturala ere
baitago. Askotan produktu onak izanda ere, erakusteko aukerarik
ez da izaten leku askotan.
-"Karramarroen
uhartearen" aurrekontua 130 milioietakoa izan zen eta "Dinosaurios"-ena
berriz 14 mila milioikoa.
Disney-k,
adibidez marketing-ean aurrekontuaren erdia gastatzen du, eta
beste erdia, pelikula egiteko. Bestalde, ekoizpen prozesuan, Disney-k
5 aldiz grabatzen ditu sekuentziak gero bakarrarekin, onenarekin
gelditzeko. Estatu Batuetan zinemak aereonautikak edo ejerzitoak
baino gehiago fakturatzen du. Ameriketan zineak ez du dirulaguntzarik
jasotzen, estatuarentzat industri estrategikoa baita. Euskal Herrian
ordea, zinea ez da industri bat, produktu kulturala da.
-Eta
hemen aurrekontuaren zenbatekoa gastatzen da publizitatean? Asko jota %30 gastatzen
da. Oso gutxi, minimoa da. Izugarrizko lana egiten duzu, adibidez,
"Kalabaza Tripontzia" pelikulan bezala, hiru urtetan
zehar, eta gero, ez duzu ezagutzera emateko dirurik, beraz, zure
lana ez da errentagarria. Animaziozko zinea, zerbitzu bat bezala
planteatzen ez baduzu, ez da errentagarria Euskal Herrian. Dirulaguntzarik
gabe, gaur egun ezin da animaziozko filmerik egin, fenomeno kulturala
bait gara eta ez industri bat. Elementu industriala izateko administrazioak
pauso bat eman beharra du eta ez genituzke dirulaguntzak jaso
beharko. Industri bat bihurtzeko behar dugu laguntza, eta ez ekoizpenak
egiteko.

Kalabaza
Tripontzia.
-Lortuko al du zure ustez Euskal
Herrian zineak industri bat izatea? Bai, nik uste dut baietz.
Gobernuak pauso bat eman du honezkero. Azken Goya Sarietan lautik
hiru pelikula animaziozko zinemaren kategorian euskaldunak izan
ziren. Eusko Jaurlaritzak hauxe ikusi du eta orain "jeinua"esnatu
beharra du, bertan dagoen harrobi potentzial hau explotatu. Lehen
mugimenduak ematen hasi dira. Gure arloan ez dugu orain izugarrizko
fakturaziorik baina kontuan izan behar da, zinearekin herria saltzen
dugula, eta mundu osoan sal dezakegula. Horregatik, sail berezi
edo institutu bat behar dugu; bertara turismokoak, kulturakoak,
industriakoak bildu beharko lirateke eta egoera aztertu. Zinearekin ere Euskal Herria
saltzen ari gara eta ez da kontuan hartzen.
-Eta
ez al du animaziozko zinemak inbertsio pribaturik? Errentagarria ez bada
jendeak ez du inbertituko. Gainera hainbeste denbora behar baduzu
produktua egiteko, eta gero ez baduzu zine aretorik erakusteko...
Irteerarik gabeko zuloa dirudi.
-Hala ere, esan
daiteke Euskal Herrian egoera pixka bat aldatzen ari dela?
Azken
Goyetan animaziozko zinearen kategorian, 4 aukeratuetatik, 3 euskaldunak
ziren. Euskal Herria arlo honetan erreferente garrantzitsu bat
bihurtzen ari da, ez soilik estatu mailan, Europa mailan ere bai.
Ez da azalpen logiko handirik, ez dakit zergatik gertatzen ari
den mugimendu hau Euskal Herrian. Esan daitekeen bakarra euskaldunak
oso langileak garela da, lana eta kalitatearen arteko erlazio
oso ona lortzen dugula.
-Profesional
mailan nola dago egoera?
Euskal Herrian dagoen jende guztia
lanean ari da, lanpostu ugari daude, baina ikasketak burutzeko
aukera gutxi daude. Lan egiteko aukera badago, baina hezkuntza
ez dago erregelaturik. Honek ere aldatu beharko luke, zeren lan
harrobi galanta izan daiteke.
Mondragon Unibertsitatearekin hizketan
ibili ginen eta eskola ofizial bat beharko
genuke. Hezkuntza eta ikasketen aldetik egoera aldatzea ere lortu
behar dugu, eskola publiko bat beharko genuke.
-Zertan
ari zarete orain? Orain andaluziar batzuekin
proiektu batean gabiltza. Aurrekontuaren %75a andaluziarrek jarri
dute eta gainerakoa guk."Ahmed, Alhambrako printzearen"
2. zatia izango da. Argazkiak: Ainara Iraeta Usabiaga
Euskonews & Media 135.zbk
(2001 / 9 / 14-21)
|