|
Egindako
lanaren eta ekarpenen eragina dela eta, badira zenbait pertsona,
hil ondoren ere gure artean bizi direnak, betiko. Nolabait esatearren
ÒhilezinakÓ dira, eginiko lanen ereduan gure artean
baitaude oraindik ere. Horietakoa da, zalantzarik gabe, Leonardo
da Vinci (1452-1519).
Gizon polifazetikoa zela esateak
ez du inor harrituko, guztiz ezagunak baitira, pinturaren, arkitekturaren,
anatomiaren... arloetan eginiko lan miresgarriak. Ez gara, beraz,
lan horiez mintzatuko, gutxiago aipatu den beste arlo batez baizik.
Izan ere, besteren artean, Leonardo ingeniari handia izan zela
esan dezakegu, ingeniaritzaren zenbait arlotan lan harrigarriak
egin baitzituen. Hain zuzen, lan horiek kontuan izanik, duela
lau urte Bilboko Ingeniarien Goi Eskolak, bere sorreraren mendeurrenaren
kariaz, liburu bat argitaratu zuen Leonardo-ren izaera hori azpimarratuz:
Leonardo da Vinci, ingeniaria / el ingeniero, Bilboko Ingeniarien
Eskola Fundazioa, 1997, Bilbo. Edizio elebidunean argitaraturiko
liburu horretan, zenbait irakasleren artean eginikoa, Leonardok
diseinaturiko hainbat mekanismo aztertu ziren, bereziki Madril-I
eta Madril-II Kodizeetako diseinuak aztertuz. Artikulu labur honetan,
liburu horretan ageri den mekanismo bat aipatuko dugu, bere garrantziagatik
aparteko azterketa monografikoa egitea merezi duena: torloju amaigabeko
engranajea.
 | Torloju amaigabeko
engranajea
Madril-I Kodizea, 17. orria (atzealdea) |
Leonardok torlojuen bidezko sistema
anitz asmatu zituen, baina agian irudikorrenetakoa eta bere garairako
aurreratuenetakoa, torloju amaigabeko engranajearen ideia izan
zen, alboko irudian azaldurik dagoena, hain zuzen. Teknologia-liburuetan
esan ohi denez, engranaje-mota hau Ingalaterran XVIII. mendearen
bukaera aldean Henry Hindley izeneko erlojugile batek asmatu zuen;
baina Leonardoren irudia eta iruzkin zuzenak ikusi ondoren, data
hori berraztertu, eta asmakizuna berari esleitu beharko li-tzaioke.
Seguruenik, torloju modernoaren asmatzaileak ez zuen bere aitzindariaren
ideia ezertarako ezagutzen, baina aitzakia hori ez da nahikoa
Leonardoren aitatasuna ez aitortzeko. Nolanahi den, hurrengo irudian
gaur egungo tolorju amaigabeko engranaje moderno baten argazkia
jarri dugu, bi diseinuen arteko antzekotasun harrigarriaz kontura
gaitezen.
 | Torloju amaigabeko
engranaje modernoa |
Torloju amaigabeko engranajea mekanismo
oso interesgarri eta baliagarria da, gaur egun mota desberdinetako
makina-egileek eurrez erabiltzen dutena. Abantailarik aipagarrienen
artean, beraren transmisio-erlazio handia dugu (gurpil zirkularraren
ardatzak torlojuaren ardatzak baino askoz astiroago biratzen du),
eta erredukziorako beste prozedurekin konparatuz betetzen duen
toki txikia ere bai. Bestalde, sistemaren funtzionamendua itzulezina
da, ezin baita gurpilaren higiduraz torlojua birarazi, eta horrek
zenbait abantaila garrantzitsu ditu funtzionamenduaren segurtasunaren
ikuspuntutik, zeren, torlojua higiarazten duen motorearen geldialdia
gertatuz gero, ez baita mekanismoaren herrestadarik gertatzen
gurpilean aplikaturiko kargaren eraginez; adibidez, Leonardoren
irudiaren kasuan, non torlojuaren higidura eskuz eragindako biradera
batez burutzen den, ez da kargaren erorketarik gertatzen biradera
askatzean. Gainera, prozedura oso eraginkorra da, motorearen sistemaren
irteeraren norabide perpendikularrean higidura sorrarazteko.
Iruditik ondoriozta daitekeenez,
Leonardok ez zuen zehaztasunez aztertu gurpilaren hortzek eduki
behar duten profilaren forma, ezta torlojuak berak eduki behar
duena ere, nahiz eta, dakigunez, forma horiek erabat baldintzatzen
duten mekanismo honen fun-tzionamendu zuzena. Berak iradokitzen
dituenen antzeko hortzen erabilpenak Ñhau da, profil ongi
aztertu gabeko gurpilaren irtenune hutsen erabilpenakÑ
funtzionamenduaren arazo kontaezinak sorrarazten ditu, batzuetan
funtzionamendua bera ezinezko bihur dezakeelarik; eta, edozein
kasutan, makina modernoetan ez litzateke erabilgarri izango. Nolanahi
dela, Leonardo ongi konturatu zen, torlojuak biraketa-hiperboloidearen
forma eduki behar zuela, eta beraren gainean helize-formako hortza
behar zuela. Diogun, bestalde, Leonardoren ideia aplikazio oso
errazak egitera zuzenduta zegoela, karga astunak eskuz jasotzera,
artisanalki eraikiko ziren mekanismoak erabiliz gainera; zer esanik
ez, horrelakoen helburua ez zen etekin eta abiadura handia lortzea,
eta orduan, artisau on batek hemen aipatzen direnen moduko mekanismoak
eraiki eta puntu-puntuan presta zitzakeen.
|
Torloju
amaigabeko engranajearen aurreko mekanismoak |
 |
|
| Madril-I Kodizea, 17. orria
(atzealdea) |
Kodize Atlantikoa,
6. orria (atzealdea) |
Azken irudietan Madrilgo Kodizean
eta Kodize Atlantikoan ageri diren beste bi diseinu jarri ditugu.
Dirudienez, mota honetako mekanismoak ohikoak ziren garai hartan.
Horien portaera, susmatzekoa denez, oso eskasa izango zen, sistema
oso korapila-tsua izateaz gainera. Izan ere, Leonardok ongi ezagutu
eta marraztu zuen mekanismo hori itzulgarria da; beraz, gurpileko
hortz baten apurketaren kasuan edota biradera askatzean mekanismoaren
erretentzioa bermatzeko, karraka-motako elementu osagarria jarri
behar zaio nahitaez, irudian ere ageri den moduan. Izan ere, Leonardok
iruzkin hau gehitu zuen: ÇGurpileko hortz bakarra engranatzen
duen torlojurik egiten duzunean, karraka bat gehitu behar diozu
uztaian, hortza apur badadi gurpil horzdunak atzerantz egin ez
dezanÈ. Edozein kasutan, badirudi ezkerreko irudia gaizki
eginda dagoela gurpilak funtziona dezan Ñhorretarako, biraderak
era erradialean egon beharko lukeÑ, eta diseinu zuzena
eskuineko aldean dagoena dela, zeinean torlojua gurpilarekiko
era erradialean jarrita dagoen. Ikus daitekeenez, torloju amaigabeko
engranajearen kasuan, gurpilaren zenbait hortzek aldi berean engranatzen
dute torlojuaren hortzarekin. Bestalde, gurpilaren kanpo-ertzak
bertan azaltzen diren zerra-hortzen formako koskak izan behar
ditu, blokeorako elementuak ongi ahoka dezan; gainera, azken honek
gurpilaren ertzaren aurka presionatzen egotea bermatu behar du.
J. R. Etxebarria, Udako Euskal
Unibertsitatea, Fisika Saila |