|
Lekuko
naizen aldetik, ez sektorearen partaide naizelako, ez horixe,
antzerkiaren ekoizpenak Euskal Herrian azken hogei urteotan izan
duen bilakaera azter dezadala eskatu didate. Ez dira ez gutxi
hogei urte, eta Euskal Herriko antzerkiaren ekoizpena ere
ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Traspasos,
"Pepe el romano".
Hirurogeita hamargarren hamarkadaren
bukaeran eta laurogeigarrenaren hasieran, demokrazia estreinatu
berria zela eta antzerki munduko jendeak -eta baita borroka horrekin
bat egiteko antzerkiaren mundura jo zutenek- hainbeste aldiz aldarrikatutako
askatasunen perspektiba zegoela, gaitasunaz baino gehiago asmoz
beteta zeuden antzerki talde ugari sortu ziren han-hemenka. Prestakuntza
eta baliabideen gabezia lanarekin eta sakrifizioarekin estaltzen
zuten. Neurri horiek, ostera, ez ziren beren prekarietate egoera
gainditzeko nahikoa, eta gutxi batzuk bakarrik lortu zuten aurrera
egitea. Nolanahi ere, gutxi horiek bederen lortu egin zuten, eta
Euskal Herriko antzerkiaren historian sartu ziren horrela, beren
atzetik etorri zirenentzat erreferente bihurtuz.
Garai hartako zailtasun nagusia,
zaletuen antzerkitik profesionaletara igarotzea zen, espezializazioa
edo antzerki ekoizpen batean parte hartzen duten sektoreen konkurrentzia
arrazionala geroago etorri baitzen. Urte haietan, denetarik egin
behar izaten zuten taldekideek. Batzuetan, euren arteko batek
gidaritza lanak beregain hartu (zuzendariak normalean), eta aktoreak
izaten ziren protagonista... kontuan izanik eurak izaten zirela,
halaber, argiaren eta soinuaren teknikariak, eszenografoak, karga
eta deskargarako langileak, ikuskizunaren saltzaileak, txoferrak
(baldin eta taldeak furgonetarik bazeukan)... Garajea bai izaten
zutela, horixe izaten baitzen beren egoitza, ekoizpen zentroa,
bulegoa... Ikus daitekeenez, beste leku guztietan bezalatsu geunden.
Baina egoera nagusia hori bazen ere, salbuespen positiborik ere
izan zela aitortu beharra dago.
Garai hartako salbuespenen artean,
Denok Antzerki Ekoizpen Kooperatiba dago. Vitoria-Gasteizen 1977an
sortua, gogotik aritu zen lanean hainbat montaje antolatzen. Besteak
beste, Vitoria-Gasteizko Antzerki Jaialdia sortu zuen, eta euskal
antzerkiaren panorama dezente animatu zuen hainbat urtez.
Laurogeigarren
hamarkadak aurrera egin ahala, antzerki talde gutxi batzuk kontsolidatzen
joan ziren. Egitura trinkoei eta lanaren kalitateari esker, eta
zailtasunak zailtasun, Euskal Herritik kanpo irteten hasi eta
prestigiozko Jaialdietan beren burua ezagutzera ematen hasi ziren.
Orduantxe hasi ziren lehenengo birak egiten ere; ez ziren oso
errentagarriak, baina itxaropentsuak behintzat bai. Eta 1983an,
Euskal Herriko antzerki ekoizpenean erreferente izango zen beste
gertakizun bat jazo zen, urte batzuk lehenago Denoken sorrera
izan zen bezala: Camilo José Celaren "Oficio de Tinieblas"
montajea, alegia. Ramón Barearen zuzendaritzapean, Cobaya,
Karraka, Kukubiltxo, Orain eta Teatro Estudio taldeek ekoizpena
egiteko bitartekoak ezarri zituzten. Bere estreinaldiak izugarrizko
jakinmina piztu zuen, eta arrakasta itzela lortu zuen. Horrek
"Oficio de Tinieblas" Madrileko Festival de Otoño-n
aurkezteko bidea eman zion, eta han ere harrera ona egin ziotenez,
ate berriak zabaldu zitzaizkion euskal antzerkiari.
Ordurako sortua zen Antzerti, Euskal
Herriko Arte Dramatikoaren Zerbitzua. Alde batetik Arte Dramatikoko
Eskola zen, eta bestetik Antzerkien Ekoizpen Etxea, eta nahiko
konpainia ofizial egonkorra zeukan. Erakunde honek itxaropen handiak
eman zizkion antzerkiaren munduan zebilen jendeari, antzezle zein
teknikariak trebatzeko eta eremu lokaletik haratago joateko aukera
ematen zuelako, talde pribatuen ekimena zabalduz eta hobeto prestatutako
profesionalez hornituz. Hainbat urtetan lanean aritu ondoren,
eta tartean ezustekoak, norabide aldaketak, arrakastak eta porrotak
izan zirela, Antzerti desagertu egin zen. Bere baitan trebatu
ziren profesionalak, ostera, beste talde batzuetan sartu, eta
talde horien maila hobetzen lagundu zuten. Besterik da Antzertiren
sorkuntza, funtzionamendua eta desagerketaren inguruan azterketa
xehe bat egin behar izatea -izatez, dagoeneko aztertuta dago gai
hau-, eta dagokien estamentuek, antzerkiaren arloko etorkizuneko
politikak zehazteko orduan, kontuan izatea bertatik ateratako
ondorioak.
Bien
bitartean, euskal taldeen eboluzio-inboluzioak aurrera egin zuen,
nahiko modu ezegonkorrean oro har. Ekoizpena, aldiz, gero eta
oparoago eta arrakastatsuagoa zen. Antzerti sortu zenetik urte
batzuk igaroko ziren antzerkiaren ekoizpenean eragina izango zuen
beste ekimen "ofizial" bat sortu arte. Hala, 1992an, Gipuzkoako
Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesean, Arteszena osatu zen,
Gipuzkoako Antzerki Publikoa, antzerkia ekoiztu eta erakusteko
unitate gisa. Orain taldeko Maribel Belastegui eta Ttanttaka taldeko
Fernando Benués izan ziren zuzendari. Gipuzkoa, Bizkaia
eta, oker ez banago, Arabako ehun antzezle eta teknikari baino
gehiagok hartu zuten parte proiektu berezi honetan -ez dut beste
Antzerki Publiko Probintzialik ezagutzen-.
Bere hiru urteetan zehar -lehen urtean
laurogeita hamar milioiko aurrekontua izan zuela uste dut-, Arteszenak
Arthur Schnitzler-en "Kakatua berdea" ikuskizuna prestatu zuen,
Mario Gasen zuzendaritzapean, batik bat gazteei zuzenduta. Berrogeita
hamar emankizun baino gehiago eskaini zituzten, eta orotara hemezortzi
mila ikusle baino gehiago bertaratu zituen. Bigarren ekoizpena,
"Amets erotikoak" izeneko dantza ikuskizun bat izan zen, koreografiaren
egileak Marc Gómez, Toni Mira eta Josu Mujika izan zirela.
Berrogeita bost emankizun inguru eskaini zituzten, hamabi mila
ikusle baino gehiagorentzat. Ondoren, "Mephisto" etorriko zen,
hiru proiektuen artean anbiziosoena. Pere Planella izan zen zuzendaria,
eta berrogei emanalditik gora eskaini zituzten...
Arrakasta artistikoak alde batera
utzita -hor ere denetarik izan zen-, Arteszena oso proposamen
interesgarria zen. Inolako zalantzarik gabe, oso lagungarria izan
zen Euskal Herriko antzerki ekoizpenen maila igotzeko, teknikari
eta antzezleen lanari duintasun handiagoa emateko, antzerkia eta
dantza hedatzeko... desagertu egin zen arte.
Baina
euskal taldeak talde edo ekoiztetxe izena hartzen hasi zirenean,
beren egiturak malgutzen hasi ziren, profesionalak ere gero eta
maizago joaten ziren talde batetik bestera, eta ekoizpenerako
metodologia profesionalizatzen joan zen. Horrela, ekimena oraindik
ere talde bakoitzeko arduradun titularren esku bazegoen ere, antzezleak,
teknikariak eta zuzendariak kontratatzeari ekin zitzaion, proiektu
bakoitzaren beharren arabera. Joera hau, hala ere, ez zen orokorra
izan. Talde asko eta asko zeuden, eta gehienak estutasun larriekin
zebiltzan. Adibide modura, ikus ditzagun 1995eko datu batzuk:
ordurako hirurogei talde zeuden Euskadin, eta horietatik bostek
baino ez zituzten hogeita sei emanaldi baino gehiago eskaini;
gainerakoek, urtean batetik bostera bitartean eman zituzten.
1995ean, ekoizpenaren
mundua eragin zuen beste gertakizun bat jazo zen, hain zuzen ere
orduantxe sortu baitzen Eskena, Euskadiko Arte Eszenikoen Enpresa
Ekoizleen Elkartea. Helburu anitz zeuzkan: antzerkia promozionatzea,
bere garapena bultzatzea, irizpideak eta baliabideak bat egitea,
banaka aurrera eramateko zailak ziren proiektuak elkarrekin prestatzea,
eta erakundeekiko harremanak hobetzea (Eusko Jaurlaritza, Foru
Aldundiak, udalak, programatzaileak, titulartasun publikoko antzezlekuen
erabilera, euskal taldeak beste autonomia erkidego batzuekin trukatzea,
etab.).

Markeliñe, "Entre Tejas".
Gaur egun, honako talde hauek daude
Eskenaren barruan: Porpol, Traspasos, Teatro Paraíso, Emilio
Fdez. de Pinedo, Markeliñe, Kukubiltxo Antzerki Taldea,
Ttanttaka, Hika Antzerki Taldea, Maskarada, Taun Taun, Julio Perugorria
Producciones, Txalo, Ados Teatroa, La Tentación Producciones,
Hortzmuga eta Txamuskina.
Zerrenda horretan ez dira dauden
talde guztiak agertzen, baina aipaturiko guztiak behintzat Eskenaren
barruan daude. Hein handi batean horien guztien esku dago euskal
antzerki ekoizpenaren etorkizuna.
"Efemerideekin" aurrera jarraituz,
2001. urtera iritsi gara, zalantza izpirik gabe laurogeigarren
urteetan zegoena baino itxaropentsuagoa den egoera batera. Arrazoi
batengatik edo besteagatik, bidean gelditu dira Aquelarre, Bekereke,
Denok, Gazteiz, Geroa, Karraka eta Orain bezalako taldeak, batzuk
bakarrik aipatzearren. Gehiegitxo da desagertu egin zirela esatea;
egokiagoa da beren jarduera eten egin zutela esatea. Euskal Herriko
antzerkiaren historiaren zati dira, eta asko lagundu diote bere
izen onari. Lagundu diote, eta laguntzen jarraitzen dute, bertako
kide izan zirenek Euskadiko antzerkiaren alde lanean dihardute-eta...
Era
berean, Ur, Ttanttaka, Tentación, Txalo, Markeliñe,
Paraiso, Ados eta beste euskal talde batzuek etorkizun oparoago
batean pentsatzeko bide ematen digute.
Aipatu bezala, 2001. urtea Jaialdi
eta Zirkuitu ospetsuetan presente dauden montajez eta prestatze
bidean dauden ekoizpenez beteta dator -Eusko Jaurlaritzako Kultura
Sailaren aurtengo deialdian berrogeita bi proiektuk eskatu dute
dirulaguntza-. Hori guztia, oso antzezle, teknikari, zuzendari,
eszenografo, banatzaile eta gainerako profesional onak dauzkaten
ekoiztetxeek hartu duten indarrari esker.
Zer esan nahi du honek, Euskal Herriko
antzerki ekoizpenen egoera paregabea dela? Ez horixe. Baina mundu
horretan ahaleginak eta bi egiten ari direnek aintzatespen bat
merezi dute, itxaropenez betetako begirada bat, lortzeke dagoena
besterik ikusten ez duten kritiken aldean, lortu beharreko hori
asko bada ere...
Juan Ortega, Eibarko Nazioarteko
Antzerki Jardunaldien zuzendaria |