Derrigorrezkoa da nekazalturismoa
baserritarren ikuspegitik berdisenatzea
Argi
dago baserritarron eta administrazio desberdinen erronka nagusia
dela une hauetan, baldin eta ahalik eta baserri gehien bizirik
eutsi nahi baditugu, landa-ingurunean diru-sarrera egokiak eta
lan-baldintza duinak ziurtatuko dituzten lan-ekintza desberdinak
bultzatzea.Horrela baino ez baitugu lortuko jende anitz baserrietan
bizitzea.

Hainbestetan entzundako
nekazaritzaren funtzio aniztasuna errealitate bat da dagoeneko
bertako baserri askotan, izan ere, azken aldian gero eta baserritar
gehiagok ekin die aktibitate berriei(nekazal turismoko etxeen
kudeaketa eta mantentzea, baserriko produkzioei etekin handiagoa
ateratzeko artisau erako elaborazioa, ingurugiro gidatzaileak,
ehungintza edo beste gai batzutariko artisautza,...), eta guztiek
ere, turismoarekin nolabaiteko lotura bat daukatenez, gero eta
argiago dugu, lanpostuen sorrera bultzatzen duen turismoaren beharra,
beti ere ingurune iraunkorrean, etorkizunean ere biziko den horretan..
Nekazalturismoak, baserriaren
osagarri gisa zalantzarik gabe aukera batzuk eskeintzen ditu,
baina aukera horiek iraunkorrak izan daitezen, hau da, epe motzerako
irtenbidean gelditu ez daitezen, baldintza argi batzuk bete
beharra dago, ekonomiaz gain, ekolojia, gizartea eta kultura
uztartu (Willy Sieber,
austriar institutu ekolojikoko ordezkaria)
Eta argi dago, turismo iraunkor horretan
nekazaritzak izugarrizko garrantzia duela,naturaren aberastasunak
mendetan zehar zaindu dituen sektore ekonomikoa izanik, aberastasun
horri atera beharreko etekina beti errespetuan eta orekan oinarrituriko
ekintzen bidez eraman beharko baita, nahi badugu behintzat turismo
iraunkor hori epe luzean ekolojia aldetik jasankorra ,ekonomikoki
bideragarria eta tokiko biztanleentzat etiko nahiz sozialki zuzena
izatea.
Horregatik hain zuzen, da hain garrantzitsua
turismoaren inguruko kontzeptuak ongi zehaztea, bakoitzari dagokiona
ematea eta batik bat dauden errekurtsoak egoki bideratzea.Hori
dela eta, une hauetan nekazalturismoaren kontzeptua berriro diseinatzea
erabat beharrezkoa ikusten da, izen horren beraren muina , kontzeptuaren
nortasuna zeharo galtzeko arriskuan bagaude.
Alde batetik ezin da ezkutatu Euskal
Autonomi Erkidegoaren kasuan behinik behin, Nekazalturismo izenpean
dauden alojamendu asko eta askok ez dutela zerikusirik baserritarrekin,
edo hobeto esanda, baserri ekonomiarekin. Garbiago esanda, Nekazalturismo
izenpean dauden alojamendu gehiengoaren jabeek ez dutela nekazaritza
edota abeltzaintza beraien ekonomiaren oinarri.
Nekazalturismoari buruzko araudia
aztertuko bagenu, zera aurkituko genuke, nekazalturimoa baserritarra
jabe edo gestore duen alojamendu etxea dela. Eta jatorrizko
araudira joango bagina, ondorengo hau aintzakotzat hartu beharko
genuke: nekazalturismoa mendi guneetako baserritarren diru
sarrera eta errentak hobetzeko baliabide moduan sortzen dela.
Nekazalturismoa erabat
beharrezkoa dugun
aktibitatea da, bestela gure baserri
txikiaren
diru sarrerekin ez genuke bizimodua aterako
eta gure seme-alaben ikasketak ere ez lirateke
posible izango. FLORENTINO
IRIRARTE Lekunberriko baserritarra
eta Landa Etxe baten
Jabeak Nafarroako turismo arduradunarekin
EHNEk izandako bilera baten esandakoa.
Zer egin egoera honen
aurrean? Galdera zaila gaur egungo egoera kontutan hartuz, baina
EHNEk aspaldidanik arriskuz beteriko koherentziaz erantzun duena,
Nekazalturismoa baserritarrok beharrezkoak ditugun diru sarrera
osagarriak lortzeko iharduera izan behar baita, eta noski, baserritarrontzat
aktibitate interesgarria, ez bakarrik diru sarrera aldetik.

Eta planteamendu hauek aurrera ateratzeko
hainbat erabaki hartzea derrigorrezkoa da. Nire ustez garrantzitsuena
alojamenduen izaera eta eskaintzaren inguruko hausnarketa da.
Ondorengo kontzeptuen bitartez definituko nuke:
- Izena:
Baserritarron izena
erabiliaz kapitaleko inbertsore eta espekulatzaile aunitz
izugarrizko konpetentzia desleiala egiten aurkitzen dugu Nafarroako
alojamenduetan. JUAN
MARTIN ALEMAN,Amaiurko Baserritarra eta Landa Etxe
baten jabeak esandakoa.
Nekazalturismo hitza alojamendu turistiko
baten jabeak diren baserritar profesionalek baino ez lukete erabili
beharko. Gainontzeko guztiek Etxe rural, Landetxe edo bestelako
izenak erabili beharko lituzkete. Zentzu honetan oso garrantzitsua
da Nafarroako Gobernuari EHNEk egindako proposamena eta beronek
onartu zuena, indarrean jarriko zuela aginduz; Nafarroako Landa
Etxeekin alderatuz, Nekazalturismo izena arautuko duela, baserritar
profesionalak jabe diren Landa Etxeak bilduko dituelarik eskaintza
berezia sortuz.
Euskal Autonomi Erkidegoan aldiz,
ez da bide honetan aurrera pausorik ematen, azken urtean ere,
eta Landetxe izena ere araututa dagoen arren, hainbat Nekazalturismo
ireki baitira beraien jabeak baserritar profesionalak izan gabe.
- Kalitatea:
El gran error del agroturismo
es que se está diseñando desde un
punto de vista urbano.
JOAQUIN ARAUJOk, Eroskiren Consumer aldizkariak esanikoa.
Euskal Autonomi Erkidegoan Estatu
mailako Q kalitate sistema ezarri nahi da eta Nafarroan hiru hostoena.
Kalitate definizio hauek alojamenduen kalitate/luxu parametroak
baino ez dituzte kontutan hartzen. Parametro hauetan ,besteak
beste, bizirik dagoen baserri baten izan ohi diren zarata zein
usainek azken mailan egotera behartzen dituzte alojamendu turistiko
hauek.
Bestalde, nekazalturismoa baserritarren
diru sarrerak osatzeko tresna izango bada, baserritarrak inoiz
ezin izango du inbertsio hauek egiteko beharrezkoak diren diru
baliabideekin konpetitu.
Nekazalturismoek beste kalitate kontzeptu
bat izan beharko lukete:
baserri aktibitatea bera, baserriko
produktuen eskaintza, baserriko jardueraz jabetzeko aukera, baserritarron
kultura eta izaera ezagutzeko aukera,...
Alojamendu beraren baldintzei dagokienez,
Ipar Euskal Herriko hainbat baserritarrek egindako aukerari begiratu
beharko genioke, alojamendu duin zein sentziloak eskainiz, luxutik
urruti eta benetako baserritarren alojamentu eskeintzaren baldintzetara
egokituz.
Alde horretatik, baserri bakoitzak
dituen errekurtso bereziak, baliabide desberdinak, bai pertsonal
aldetik, bai ingurugiro, paisaia, bailadaren kokapena eta historia,baserriko
aktibitatea eta abarren aldetik, izan beharko lirateke bereziki
estimatuak, azken batean nekazalturismo bakoitzak baititu bere
erakargarritasunak, bere eskeintza berezituak eta aniztasun horretan
datza sistema honen aberastasuna.
- Kultura:
Kontuz Nekazalturismoak
baserritarrengan eta batez ere berauen seme
alabengan sortzen duen kultura ereduarekin.
MARIA VOGT, Austriako
baserritarrak EHNEko hainbat emakume baserritarrekin izandako
topaketan esandakoa.
Turismo jarduerak beti ekar dezake
akulturizazioa, edozein sektoretan, baina bereziki gizartean gutxiengoa
osatzen duten kultura ereduetan.Nekazalturismoa turismo eredu
bezela bereziki aukeratua izan behar da, bezeroei zer eskaintzen
zaien garbi uzten duena eta eskaintza hori nahi duen turistak
aukeratuko duena, nora doan jakinda.
Beraz, badira hainbat ezaugarri
bereiztekoak. Nekazalturismoak oraindik bide motza bete du , etorkizun
luzea dauka aurrean. Baina etorkizun hori oparoa eta batik bat
nekazaritza, nekazariak eta landa ingurunearentzako mesedegarria,
bizi eustailea egin nahi badugu, horrela gizarte osoarentzako
ere eskaintza eder bat egiten jarraituz, gauzak zehazten eta argitzen
joan beharko dugu. Erronka polita eta guztiz beharrezkoa.
Felix Ajuria, baserritarra.
EHNEko nekazalturismo arduraduna
Argazkiak: Joseba Olalde |