|
Zaila
da ulertzen nekazalturismoa emakumerik gabe. Bera da arima eta
uneoro zerbitzu horren eztia egiten diharduen erletxo langilea.
Horregatik, gehienetan berehala nabarituko dugu emakumearen ikutua
zerbitzu hori eskeintzen duen edozein etxetara inguratu orduko.
Zeren zalantzarik
gabe, emakumea eta nekazalturismoaren artekoa elkar-aurkitze interesgarria
suertatzen da ia beti. Eta orohar, asko eta onuragarria da elkarrengandik
jaso dutena.

Eta zer jaso du aukera hori egin
duen baserriko emakumeak nekazalturismoarengandik?Batez ere etorkizunerako
argi bat piztu du. Hainbeste urtetan luzatutako nekazaritzaren
krisiaren erdian zerbait ilusionagarria. Betidanik emakumearen
ezaugarri izan den baserri dibertsifikazioaren harian,bide berri
bat. Baserriko ekimen eta etekinen arraultza guztiak otarra batean
jarri gabe,aktibitate lagungarri bat diru-sarrerak osatu eta baserriari
bizirik eusteko.
Eta jakina, askotan osagarri horrek
ez dauka zertan ostatu ematearekin gelditu beharrik. Aktibitate
honetan hasteak berak erakutsi dio emakumeari betidanik maitasun
eta askotan afizio hutsez edo etxerako eginiko hainbat lan-mota
etekingarriak izan daitezkeela, hala nola produktuen eraldaketa
eta salmenta, historikoki batipat emakumearen atalak izan direnak
eta baserri asko eta asko aurrera ateratzen lagundu dutenak, edota
artisautza eta bere salmenta edota beste zerbitzu batzuk eskeintzearena.
Zalantzarik gabe, nekazalturismoari lotuta eta emakumeak hala
hautatzen badu ( horretarako gogo eta ahalmenak baditu, baserriaren
kokapen edo berezitasunek laguntzen badute,...) hainbat lan-sorta
jorratu daitezke.
Bestalde(eta honetaz ikerketarik
egin gabe badago ere) orohar harturik, emakumearen egoera juridiko
eta sozial aldetik, aurrerapauso nabarmena. Ezaguna da eta oraindik
konpondu gabeko arazo historikoa da, baserriko emakumearen lana
oso gutxitan errekonozitzen dela langile estatus batekin, normalean
titularraren laguntzaile moduan hartzen delarik, ez baitago horretarako
legedi aproposik. Ondorioz, emakume gutxi dira baserriko titulartza
dutenak eta bere eskubide sozialak jasoak dituztenak.
Horrekin lotuta, emakume askok sarritan
izan duen kezka, baserrian bere lekua topatzearena da. Izan ere,
hainbeste aktibitateren barruan, eta ezertan espezialdu gabe,
bere nortasuna edo gutxienez egiten duenaren errekonozimentua
azukrea uretan bezela urtua gelditzen da.
Horregatik diot, ezagutzen ditudan
kasu askotan behintzat, nekazalturimo aktibitateak lagundu diola
emakumeari arazo horiek gainditzen; aukera baten ondorio izan
denean bederen, baserrian bere berezko tokia bilatu duelako, dagokion
onarpenarekin.
Nabaritzen den gauza bat da, emakumea
behingoz egiten duen lanarengatik saritua sentitzen dela (askotan
batipat berak daraman lana delako), bai diru aldetik, ( zoritxarrez
baserriko gainontzeko hainbat lanek oso ordainketa eskasa dutelako)
eta baita bezero edo bisitarien esker-onaren aldetik (oso garrantzitsua
norberaren autoestimu eta aurrera jarraitzeko ilusionagarri moduan,
batez ere nekazaritzan hainbeste urtetako gutxiespena jasan denean).
Beharbada nekazalturimoa izan daitekeelako
(baserriaren benetako osagarri denean, hau da, ondo eramatean),
askotan aipatu eta erreibindikatzen dugun nekazaritzaren gizartearekiko
aportazio multzo horren froga praktiko garbi bat: janariak eta
zerbitzuak sortzea, biztanleria elikatuz, ingurua mantendu eta
zaintzea eta nekazari inguruko kultura eta ezaugarriei eustea.
Hori guztiori bete dezake nekazalturismoak,
nekazaritzaren zati bezela, eta bertara hurbiltzen denak ikusteko
aukera duenez, sozialki errekonozitzeko beta ere ematen du, hala
gertatzen delarik makina bat bider. Eta ez dago nekazalturismoan
diharduten adineko emakume baserritarrekin hitzegitea baino hobeagorik,
esker horrek beraien buruarekiko poz eta itxaropenerako suposatzen
duenaz ohartzeko.
Eta ilusio giro horrek berorrek laguntzen
du gainera beste alderdi garrantzitsu bat jorratzen: formakuntzarena.
Zerbitzu hau egoki eta txukun eman nahiak berak bultzatzen baitu
emakumea hainbat arlotan gehiago sakontzera: ondarearen berreskuratzea,
restauraketa, dekorazioa, lorezaintza, paisaia-zaintza, elikadura,
sukaldaritza, hizkuntzak, gizabanakoen ezagutza eta harremanen
lanketa,... beraz, hasi etxearen txukunketatik eta psikolojiaren
adarretaraino. Eta ikaste honek, dudarik gabe, bere kosteak baditu
ere (denpora, joan-etorriak,dirua,...) emakumea berarentzat zeharo
aberasgarria da.
Eta espiritualki, kulturalki
aberaste horrekin lotuta,sortzen den harreman sarea legoke. Bata,
egunerokoa, bezero legez datozen bisitariak, euren esperientziak
eta sortzen den harremanarengandik ikasi edo jasotzen dena. Bestea,
nekazari munduan oso garrantzitsua lanbide honetan sarturiko nekazarien
artean sortzen dena. Elkartasun sareak, elkarri laguntzea, elkarrengandik
ikastea, antolatzen ikastea ezinbestekoak ditugu aurrera egiteko
eta gure artean arnasa hartzeko.
Eta zer jasotzen du nekazalturimo
zerbitzuak emakumearengandik? Hasteko, argi dago halako ekimen
baten inguruan familiak osaturiko etxalde bat dagoela normalean,
eta zerbitzuaren osotasunean seguru asko etxeko guztiek egingo
dutela zeozelako aportazioa. Eta batzutan gizonezkoa izango da
ardura nagusia izango duena eta hura ere bere onena eskeintzen
saiatuko da. Baina ezaguturik aukeratzen duten baserrien artean
batipat emakumearen ataltzat hartzen dela, horretaz arituko naiz,
inolako zientifikotasunik gabe jakina, esperientzia eta han eta
hemen ikusitakoaren arabera soilik.
Orohar, egonaldi
atsegina eta askotan ahaztezina egiteko dauden mila detaile horien
oinarria gehienetan bertako etxekoandrea da.

Izan ere, erranak erran, historian
zehar Euskal Herrian izan dugun abegikortasun edo kanpotarrak
geurean etxeko bezela hartze horri jarraituz,hasteko bezeroa ostatuan
baino bere etxean dagoela sentiaraziko du,eroso egon dadin, horren
inguruan tradizioaren tradizioz jasotakoa bisitariaren atseginerako
jartzen saiatuz.
Ia denok barneratua bait daukagu,
nekazalturismoa hotela baino zerbait gehiago dela edo gutxienez
desberdina. Geurea den onena erakutsi, irakatsi, ikusten lagundu,
zabaldu eta konpartitzea... (paisaia, inguru ederrak, gastronomia,
historia, ohiturak, interes artistiko, arkeolojiko edo aisigunerako
edozein gai, geure kultura eta nortasuna orohar.
Eta turistekiko harremanean, batzutan
gehixeago, besteetan gutxixeago, baina beti landu behar izaten
dira arlo horiek nola edo hala, askotan maixutasun handiz. Horregatik
esan liteke, nekazalturimo bakoitzeko erletxoa, funtzio hauek
garatzean, Euskal Herriko enbaxadore bihurtzen dela, etxetik atera
gabe.
Baina badira aipatu beharreko beste
funtsezko zeregin batzuk ere. Baserria bera eta inguruen atontze,
edertze eta zainketa esaterako. Eraikuntza eta tresneria aldetik
baserrietan izandako altxor preziatua zoritxarrez urte askotan
dexente galdu bada ere(formakuntza faltagatik, beste interes eraikitzaile
batzuk sartu direlako edota sentsibilizatze hutsuneagatik), ezaguna
da emakume askoren kezka horren inguruan, beraien arreta eta interesa
baloredun gai horiek mantendu eta ahal denean berreskuratzeko.
Nabaria da hainbat landa-etxetan eginiko ahalegina, euskal baserriaren
nortasuna eta historia erakusten duten tresnak errekuperatzen,
dekorazioan ahaleginak egiten, eraikuntza eta inguruen zainketan
esfortzu hori nabarmentzen. Horretan ere nabaritzen baita etxe,
inguru eta bizimodu batekiko maitasuna. Eta kariño handiz
zaindutako paraje, lorategi, balkoi eta inguruak nonahi ikus ditzakegu,
emakume askoren barne-edertasunaren ispilu.
Egingo du baita ahalegina askotan,
bezero aho goxoa janari gustokoenez irabazten. Gosaria dela, afari
edo bazkaria dela, hasteko baserritarrak garela gogoratuz, lur
eta ganaduetatik gizakia mantentzeko euskal elikagai goxoenak
eskeiniz, jatearen inguruko gure kultura zabala maitatzen lagunduz.
Beharbada norbaitek pentsatuko du,
hauek irakurrita,nekazalturismo edo landa-etxeen inguruko guztia
larrosa dela. Baina jakina, beti izaten dira arantzatxo batzuk;
aipatutako guztia ez baita beharbada martxan dauden guztien errealitatea
izanen, etxe horrek martxa bat duenean gertatuko dira bai, baina
badira nahi baino bezero gutxiago dituztenak eta bere garaian
ilusio handiz halako ekimen bat martxan jartzeko dirutza gastatu
zutenak; turismoaren eskeintza zabaltzea, paraje guztietan daudela
gauza ederrak eta bisita egiteko arrazoiak adierazi nahi lukete.
Eta badira baita emakumeak, beharbada
lan honen hautua eurak egina ez delako, edo baserria beste era
batera antolatu beharko luketelako, euren betiko lanaren jarraipen
soil bezela ikusten dutenak, askotan lehen dituzten zamez gain
beste karga bat gehiago.
Dudarik gabe, nekazalturismoa eta
emakumearen arteko harreman horrek aurpegi eta sentipen asko izan
ditzakeelako. Hemen nabarmenenak azpimarratzen saiatu gara baina
seguru nago baserri hauek bisitari bezela pasatu dituztenen esperientzi
eta sentipenekin beste liburu mardul bat idatz daitekeela. Hasi
besterik ez gara egin.
Maite Aristegi, Nekazalturismoa
Argazkiak: Joseba Olalde |