Iazko
azaroan, Estatu mailako egunkari baten azalean, hizki haundi eta
beltz lodietan irakur zitekeen "El magazine estrella de la
ETB en euskara..." . Hortik aurrera izenburu horrek zekarrena
ez dator harira. BERTATIK BERTARAri buruz ari zen, nolanahi ere.
Liskarra liskar –horretara bait zetorren informazioa- izenburuaren
lehen zati horrekin geratu ginen harrituenik: magazin-izarra gurea.
Hara non, kanpotik jakin behar kalifikatibo horren berri.
Egia
da egun batzuk lehenago milagarren atalaren ospakizuna izan genuela,
eta hori asko da telebistako saio batentzako. Egia da, baita ere,
aurreko ikasturtea, 1999-2000koa Madrilen sari bat jasoz hasi
eta Andoaingo Udalak ematen duen Rikardo Arregi kazetaritza sariarekin
bukatua genuela. Eraberean, askotxotan entzuna genuen "zuen
saioa onena ETB-1en". Edo poza dexente lausotzen duen beste
hori: "zuena ikus litekeen bakarra", on askoren artean
onena izatea baita meritua, eta ez aukera eskasa denean.
Kontua da seigarren
denboraldia osatzen ari dela BERTATIK BERTARA, bikoiztuta gainera,
gauekoaz gain eguerdiko edizioarekin, eta honek ETB-1eko klasikoen
artean sartzen du, orpoz orpo jarraitzen diola, bai iraupenean
eta baita ikusleen onarpenean ere, arrakastarik haundiena izan
duen beste tele ekoizpen bati, GOENKALEri.
BERTATIK BERTARAren
arrakasta, dena den, ez da izan ideia diztiratsu eta telebistan
ohizkoak diren bitarteko milionarioen emaitza. BERTATIK BERTARAren
istorioa ahatetxo itsusiarena da.
ZISNE BIHURTU
AURRETIK
1994-95 ikasturtean
Euskal Telebistako bi kateetan paraleloan egiten zen EUSKADI ZUZENEAN-EUSKADI
DIRECTO magazinean dauka aurrekaria BERTATIK BERTARAk. Denboraldi
oso batean lantalde zabalarekin eta bitarteko dexenterekin atera
zen airera eguerdiko albistegien osagarri zen informazio lokaleko
magazin hori. Denboraldi bakarreko lorea izan zen, ordea. Hurrengo
ikasturterako lantaldea banatu, ETB-2n CATORCE HORAS zeritzan
saioa sortu eta ETB-1erako agindu hau eman zigun Zuzendaritzak:
euskaldunentzako zerbait egiteko. Horretarako, erreus taldetxo
bat ginen nolabait. Elkartzen gintuen kapitala horixe: euskal
izatea eta sena bagenuela, eta eskarmentu apur bat telebistan.
Hasierako talde hartatik Andoni Aizpuru, Joxe Mari Gabiria eta
hirurok jarraitzen dugu saioan.
Izena, nahiko adierazgarria,
Andoni Aizpuruk aurkitu zuen. Izenari erantzunez, intuizio hutsez
hasi ginen saioa osatzen: feriak, festak, ohitura zaharrak, eguneroko
bizitzako gertaera arruntak, istorio xelebreak... eta albistegietan
beti sobera gertatzen diren kulturako ekitaldi eta ekoizpenak.
Gainerantzean saioa ez zegoen oso definitua. 1995eko irailetik
abendura bakarrik iraun zuen eguerdiko ordutegian, 1996ko urtarrilean
gauera pasa baitzuten ETBko programatzaileek, ILARGIPEra, prime-timetik
kanpora, jakina.
Garaitsu horretan
azterketa bat egin zuten soziologoek eta BERTATIK BERTARAren ikusleen
perfila hau zela esan ziguten: inguru ruraletan bizi ziren 65
urtetik gorako gizonezkoak. Horiei ezer kendu gabe, guk beste
pretentsio batzuk genituen, gure adin eta tankerako jendea, ez
derrigorrean rurala, erakartzea. Hala ere, HUERTATIK HUERTARA
bataiatu gintuzten lankide batzuek. Egia da txapela beti jantzita
izaten genuela, zentimetro batzuk gora behera. Albistegietako
inflakzio politikoari ihes egin nahian "lore eta txoriei"
buruz jarduten genuen apropos. Nolanahi ere, etnografiak eta naturak
ondo saltzen zuten.
LOKATZETIK ASFALTORA
Lantaldea osatuz
zihoan, eta Estepan Aldamiz-Etxebarria, ETB-ko kazetaririk berritzaile
eta ausartenetakoa, izendatu zuten zuzendari 1996ko irailean.
Estepanek bere eskola ekarri zuen: tokian, "in situ",
egindako erreportaiak, kazetaria aurpegia emanez eta zuzeneko
kontalari bihurtuta; gaietan giro urbanora ere hurbiltzea eta
pikardia pixka bat. Saioa nortasuna borobiltzen zihoan, ezaugarri
propioak finkatzen eta ikusleen artean ere sona eta onargarritasuna
irabazten. Hurrengo ikasturtean, 1997-98koan, gaueko prime-timerako
saltoa eman zuen.
Hortik aurrera eta
ETBko Zuzendaritza berriak lehen katea indartzeko ekarritako erizpideari
esker, lantalde zabalagoa eta bitarteko egokiagoak izan zituen
BERTATIK BERTARAk. Horrela beste bi denboraldi egin ondoren neure
ardurapean, ETBko eskaintza informatiboa aberastearren saioa bikoiztea
erabaki zuen Zuzendaritzak, gauekoaz gain eguerdiko edizioa sortuz.
Horretarako taldea birrantolatu egin behar; kazetari taldea bitan
banatu zen: gauekoa, Andoni Aizpuru aurkezlez gain zuzendari dela,
eta eguerdikoa berriz Nerea Iriarte aurkezle izanik eta neu zuzendari.
Horrela, bikoiztuta, bete genuen milagarren atala eta ari gara
osatzen seigarren denboraldia.
IZARRAREN PRINTZAK
Honenbestez, BERTATIK
BERTARAren bilakaeraren mugarriak finkatuta, eta apalkeria alde
batera utzita, ikuslegoaren faborea irabazi izanaren arrazoiak
aletzen has gintezke. Lehenengo eta behin hurbiltasuna.
*Hurbiltasuna
gaietan. Informazio lokalaren esparrutik abiatu zen BERTATIK
BERTARA eta hortxe eusten dio bere buruari, baina leku informazioa
unibertsalizatuz nolabait, askotarikoa den euskal hiztunen multzo
osoari interesatzeko ahaleginean.
*Hurbiltasuna
kontaeran. Aurkezleak nahiz kazetariak hurbileko eta zuzeneko
kontalari dira, nor bere estiloan. Gertutasun horrek erreportaien
protagonistak ere kutsatu egiten ditu, naturalidadez azaldu eta
mintzatzera eramanez.
*Hurbiltasuna
pertsonaietan. Edonor izan liteke protagonista, kontatzeko,
edo erakusteko edo hizpidea emateko zerbait daukan edonor, normalean
albistegi konbentzionaletatik kanpora geratzen den jendea.
Hurbiltasuna, beraz,
ezaugarri nagusi. Horrekin, gurean azken urteotan nabarmendu den
hurbileko informazioaren fenomenoan kokatzen da BERTATIK BERTARA.
Adituek iragarria zuten globalizazioaren garaian hurbileko informazioa
geroz eta garrantzi haundiagoa hartzen joango zela. Horren lekuko
ditugu toki hedabideak –herri aldizkari eta irratiak, eta berrikiago
telebistak-. Eta oso berrikitan beste gertakari bat: hedabide
talde haundiak esparru horretan sartzeko egiten ari diren ahalegina.
Informazio lokala gutxietsita egon izan da hedabide haundietan,
gehienaz ere senide txiki modura. Bukatu ziren garai horiek, eta
orain mokadu gozo modura begiratzen diote hedabide haundietako
arduradunek, bereziki telebistaren arloan.
HIZTUNEN KOMUNITATEAREN
ZERBITZURA
Hurbiltasunak konplizitatera
garamatza. BERTATIK BERTARAk euskal hiztunen komunitatea du informazio
iturri nagusi eta helburu. Horrek marrazten du bere mapa geografiko,
sozial eta kulturala. Euskal hiztunen komunitatea osatzen duten
gizatalde ezberdinak elkar ezagutu eta identifikatu nahian dabiltza
askotan, euskalki, muga administratibo eta beste edozein motatako
zatiketen gainetik. Hau, hain zuzen ere, euskal hiztunen komunitate
hori geroz eta zabal eta ezberdinagoa eta askotarikoa den garaian.
BERTATIK BERTARAk Guggenheimeko edozein erakusketatik Behe Nafarroara,
Bankako etxalde batera, salto egiten duen neurrian, euskaraz edozein
zoru klasetan ibili litekeela erakutsiz, euskal hiztunen sarea
bilbatzen ari da, mutur arras ezberdinei helduz.
Egia esan, hori
ez da zaila. Herri hau hain da dinamikoa, mila eratako ekimenez
betea, arazoa ez da izaten hizpideak eta gaiak bilatzea, telebistan
oihartzuna izan nahi luketen guztiei bidea ematea baizik. Nolanahi
ere, telebista publiko bateko zati denez saioa, horixe du eguneroko
erronka, ahalik eta interes zabalenei erantzutea, denekikoa egitea,
jakin arren hori erabat lortzea ezinezkoa dela.
Nolanahi ere, sei
denboralditan zehar BERTATIK BERTARAk markatutako bidea, bere
xumetasunean –izarrarena sinetsi gabe- erreferentzia puntu izatera
iritsi da, baita ETB-2rako ere. Esperientziak zerbaitetarako balio
baldin badezake, hauxe giltza: kanpoko modeloak inportatu beharrik
gabe, bertako jeneroarekin saio aski duin eta arrakastatsuak egin
daitezkeela, labeldunak. Kopurutan beti irabaziko du McDonalsek,
baina gustoan...
Elixabete Garmendia, "Bertatik
Bertara"ko eguerdiko edizioko zuzendaria
Argazkiak: saretxo.es webgunetik |